27. ALDIZKARIA - 2009ko martxoaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

2/2009 EBAZPENA, urtarrilaren 27koa, Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroko zuzendari kudeatzaileak emana, sarrera-irteeren eta botilatzeen erregistro liburuak baliabide informatikoak erabiliz kudeatzeko bete behar diren baldintzak ezartzen dituena.

Otsailaren 10eko 34/1997 Foru Dekretuaren eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariak 1998ko urtarrilaren 26an emandako Foru Aginduaren bidez, Nafarroan hasten diren mahastizaintza eta ardogintzako produktuak Batasunaren barnean garraiatzeko eraman beharreko agiriei buruzko arauak eman ziren, bai eta sektore horretan izan behar diren erregistroei buruzkoak ere, (EEE) 2238/93 Erregelamendua aplikatzeko.

Batzordeak 2001eko apirilaren 24an emandako (EE) 884/2001 Erregelamenduaren bidez, mahastizaintza eta ardogintzako produktuen garraioan eraman beharreko agiriei eta sektore horretan izan behar diren erregistroei aplikatu beharreko arauak eman ziren.

12. artikuluak ezartzen du erregistroak hurrenez hurren zenbakitutako orri finkoz osatuta egonen direla edo, bestela, agintari eskudunek ontzat emandako kontabilitate modernoko elementuz, betiere erregistroetan eman beharreko datu guztiak elementu horietan ere jasotzen badira.

Mahastizaintza eta ardogintza merkatuaren antolaketa komuna ezartzeko Kontseiluak apirilaren 29an emandako 479/2008 (EE) Erregelamenduaren 112.2 artikuluak ezartzen duenez, erregelamendu horretan aipatzen diren produktuak erabiltzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoek eta pertsona elkarteek erregistroak izan beharko dituzte, produktu horien sarrera-irteerak jasotzeko.

Apirilaren 30eko 196/2008 Foru Aginduak ezartzen du ardoaren mugimenduen erregistro liburuak sistema informatikoz bete nahi dituzten mahastizaintza eta ardogintzako establezimenduek eskaera egin beharko diotela, idatziz, Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroari (EVENA). Liburuak behar bezala betetzeko behar adinako bitartekoak badituzten azterturik, indarrean diren arauen arabera, EVENAko zuzendari kudeatzaileak espresuki emandako ebazpenaren bidez baimendu edo ukatuko zaie proposatutako sistema informatikoa erabiltzea.

Mahastizaintza eta ardogintzako produktuen zirkulazioaren eta erregistroen arloan Europar Batasuneko, Estatuko eta Foru Komunitateko arauak aplikatuz, Nafarroako upategiek mahastizaintza eta ardogintzako produktuen garraiorako zenbait dokumentu bete behar dituzte eta erregistro liburuak izan.

Hasiera batean dokumentu eta liburu horietan eskuz idazten zen eta horrek, upategiei zama administratiboa eransteaz gainera, zorroztasun falta ere bazuen askotan, datuak oker idazteagatik, etab.

Garraiorako dokumentuak informatizatuta betetzeko, zenbait neurri ezarri dira pixkanaka eta Nafarroako upategi askok hartu dituzte, eta hala asko erraztu dira lan burokratikoak.

Dena dela, erregistro liburuak oraindik ere eskuz betetzen dira lege estaldurarik ez izateagatik, zeren eta, Europar Batasunaren araudiak sistema informatikoak ezartzeko aukera irekita utzi arren, gure ordenamendu juridikoan ez zaio lege zehaztapenik eman.

Horren guztiaren ondorioz, Nafarroako upategi batzuek egindako eskaria eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko teknikariek arazo horri buruz ikusi dutena kontuan hartuz, beharrezkoa da sistema bat garatzea Nafarroako upategien eta operadoreen erregistro liburuak modu informatizatuan bete ahal izateko.

Proposatutako neurrien bidez upategiak teknologia berriak aplikatzen hasiko dira pixkanaka eta hala ez dute liburuak eskuz betetzen jarraitu beharko, baina, betiere, ebazpen honetan ezartzen diren funtzionamendurako baldintza batzuk bete beharko dituzte.

Kontuan hartuz zenbait irizpide zehaztu behar direla operadoreek liburuak sistema informatizatuaren bidez betetzeko baliabide aski baduten ala ez jakiteko, eta Nafarroako Mahastizaintzari eta Enologiari buruzko 16/2005 Foru Legearen 29. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ardoaren mugimenduei buruzko erregistro liburuak sistema informatikoaren bidez bete nahi dituzten mahastizaintza eta ardogintzako establezimenduek idatziz egin beharko diote eskaera Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroari (EVENA). Liburuak behar bezala betetzeko behar adinako bitartekoak badituzten azterturik, indarrean diren arauen arabera, EVENAko zuzendari kudeatzaileak espresuki emandako ebazpenaren bidez baimendu edo ukatuko zaie proposatutako sistema informatikoa erabiltzea.

2. Behar adinako bitartekoak dituztela esanen da baldintza hauek betetzen badituzte:

1. Liburu fisiko bakoitzeko fitxategi bat sortuko da sarrera-irteerak jasotzeko.

2. Artxiboek ezaugarri hauek izanen dituzte:

2.1. Testu formatuan egonen dira, tabuladorez bereizita, lerro bat idazpen bakoitzeko.

2.2. Lehenengo datua zenbaki korrelatibo bat izanen da.

2.3. Bigarren datua E edo S letra, mugimendua sarrerakoa edo irteerakoa den.

2.4. Gainerako datuak erregistro liburu ofizialetan dauden datu berberak izanen dira eta hurrenkera berberean egonen dira, baina uzta urtearen eta barietatearen datuak gehitu beharko dira oharren aurre-aurrean.

2.5. Ez da lerro hutsik utziko.

2.6. Datak adierazten dituzten datuek ee/hh/uu edo ee/hh/uuuu formatua izanen dute.

2.7. Litroak adierazten dituzten datuak zenbakizkoak izanen dira eta bi hamartar ere onartuko dira. Hamartarren bereizlea koma izanen da.

2.8. Alkohol gradua adierazten duten datuak zenbakizkoak izanen dira eta hamartar bat onartuko da. Hamartarren bereizlea koma izanen da.

3. Liburuen edo horien azpimultzo bat ikustea eta/edo inprimatzea eskatzen ahalko da edozein unetan.

3.1. Inprimatzerakoan, zutabeak erregistro liburu ofizialetako posizio berean inprimatzeko aukera izan beharko da, uzta urteari eta barietateari buruzko 2-4 puntuan ezarritakoa kontuan hartuta, eta botilatuen liburuko sarreren sailean lote zenbakia jarri behar dela ere kontuan hartuta.

3.2. Inprimaketaren hurrenkera daten bidez emanen da, eta orrialdeak zenbakidunak izanen dira.

3.3. Orrialde guztietan goiburu bat jarriko da eta bertan azalduko dira inprimatzen ari diren zutabeen titularra, liburuaren izena eta inprimatze data.

3.4. Orrialde guztiek orri-oina beharko dute, izaten diren sarrera eta irteera guztien "batu eta segi"a adierazita.

4. Ekitaldi bakoitzeko lehenengo idazpena aurreko urteko abenduaren 31ko izakinak sarrera gisa adieraztea izanen da.

5. Aplikazioa kudeatzen duen ordenagailuak UPS (etenik gabeko elikadura) bati lotuta egon behar du, ustekabean gertatzen diren itzalaldiak saihesteko. Aplikazioa sarean instalatuz gero, datuak gordetzen dituen ekipoari ere aplikatuko zaio betebehar hori. Datuak gal ez daitezen, liburuen bi segurtasun kopia ere eginen dira, eta horietako bat bulegotik kanpo gordeko da.

6. Liburuak betetzeko sistema informatizatua abian jarri aurretik, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Elikagaien Kalitatearen Ataleko langileek edo EVENAko langileek liburu bakoitza ixteko eginbidea eginen dute.

7. Liburu informatizatu berrien hasierako idazpenak liburu zaharrak ixteko eginbidearen datako izakinak jasoko ditu.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko zuzendari nagusiari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Erriberrin, 2009ko urtarrilaren 27an.-Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroko zuzendari kudeatzailea, Emilio Gurrea Asensio.

Iragarkiaren kodea: F0901635