I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.1. Lurraldearen antolamendua eta hirigintza
91/2009 EBAZPENA, urtarrilaren 23koa, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza zuzendari nagusiak emana, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak emandako 380/2008 Foru Agindua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila xedatzen duena. Foru agindu horren bidez behin betikoz onetsi zen Anueko Udal Plana Burutaingo 8. poligonoko 479. lurzatian aldatzeko espedientea, Marta eta Laura Rípodas Baraibar andreek sustatua.
Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak, 380/2008 Foru Aginduaren bidez, behin betikoz onetsi zuen goian aipatu espedientea, Anueko Udal Plana Burutaingo 8. poligonoko 479. lurzatian aldatzeko, Marta eta Laura Rípodas Baraibar andreek sustatua, baina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko baldintza bat ezarri zuen, hots, foru agindu hartan berean adierazitako zuzenketak biltzen dituen aldaketaren testu bategin bat aurkeztea.
Eskatutako testu bategina aurkeztu denez, eta kontuan hartuz Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren aldeko txostena, bidezko da behin betiko onespenari buruzko foru agindu hori argitaratzea.
Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 127/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak emandako 380/2008 Foru Agindua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea. Horren bidez, behin betikoz onetsi zen Anueko Udal Plana Burutaingo 8. poligonoko 479. lurzatian aldatzeko espedientea, Marta eta Laura Rípodas Baraibar andreek sustatua. Foru aginduaren testu osoa ebazpen honen eranskinean ageri da.
2. Adieraztea ebazpen honek ez diola administrazio bideari bukaera ematen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela haren kontra, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko dira.
3. Ebazpen hau Anueko Udalari, Burutaingo Kontzejuari eta Marta eta Laura Rípodas Baraibar andreei igortzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2009ko urtarrilaren 23an.-Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza zuzendari nagusia, Jesús Javier Ascunce Elizaga.
ERANSKINA
380/2008 FORU AGINDUA, abenduaren 19koa, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak emana, Anueko Udal Plana Burutaingo 8. poligonoko 479. lurzatian aldatzeko espedientea, Marta eta Laura Rípodas Baraibar andreek sustatua, behin betikoz onesten duena.
Anueko Udalak idazpuruan azaltzen den espedientea aurkeztu du Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan, behin betikoz onets dadin.
Ikusirik aurkezturiko agiriak eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren txostena, bidezkoa da behin betiko onestea.
Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 127/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. Behin betikoz onestea Anueko Udal Plana Burutaingo 8. poligonoko 479. lurzatian aldatzeko espedientea, Marta eta Laura Rípodas Baraibar andreek sustatua, determinazio hauek eginda:
-Lurzoru urbanizagarritik lurzoru urbanizaezinera igarotzeko trantsiziogunea paisajean integratu beharko da, ezponda etzanak eginez, landareztatzeko modukoak.
-Proiektatutako etxebizitzetako ur hornidura sareak emari eta presio nahikoa duela bermatuko da, udalaren obra lizentzia eman aurretik.
2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko bada, Anueko Udalak ziurtagiri bat aurkeztu beharko du, etxebizitza babestuak eraiki beharra salbuesteko eskaera justifikatzeko, edo bestela, horrelako etxebizitzak Ibarrean egiteko azken proposamenak izan zuen arrakasta eskasari buruz espedientearen memorian agertzen diren adierazpenak berresteko.
3. Adieraztea foru agindu honek ez diola administrazio bideari bukaera ematen. Interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, legezkotasun kontrola onesteko egintza honen kontra, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean. Halaber, onetsitako hirigintza araudiaren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epe horiek foru agindu honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.
4. Foru agindu hau Anueko Udalari, Burutaingo Kontzejuari eta Marta eta Laura Rípodas Baraibar andreei jakinaraztea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2008ko abenduaren 19an.-Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilaria, José Carlos Esparza Sáez.
Iragarkiaren kodea: F0901195