26. ALDIZKARIA - 2009ko martxoaren 2a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

20/2009 EBAZPENA, urtarrilaren 19koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, Lantzen plubiometriako ekipo batzuk instalatzeko, Ebroko Ur Konfederazioak sustaturik.

2008ko urriaren 8an, Lantzen plubiometriako ekipo batzuk instalatzeko baimenaren eskaera sartu da Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan, Ebroko Ur Konfederazioak sustaturik.

Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko M) letran sartuta dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Plubiometriako ekipoa Lantzeko katastroko 6. poligonoko 87. lurzatian instalatuko da, hesitu batean. Sarbideko atea 6x4 metrokoa izanen da. Plubiometro edo plubionibometro bat jarriko da 1,5 metroko zutoin baten gainean, eta horrez gain, 9 metroko antena bat komunikaziorako, eguzki-energiako panelak eta tximistorratzak, gehi ekipo elektronikoetarako behar diren armairuak.

Instalazio hori azpiegitura hidrauliko berriak Ebro arroko informazio hidrologikorako sarean sartzeko bigarren proiektuaren 1. aldaketaren barrenean kokatzen da, Informazio Hidrologikoa emateko Sistema Autonomikoaren barrenean, eta hari esker Ebro arroko prezipitazio guztiak neurtzeko gaur egun dagoen sarea osatuko da eta bilakaera hidrologiko-hidraulikoen aurreikuspenak hobetuko dira.

Proiektua onura publikokoa da eta Urei buruzko Legearen Testu Bateginaren 127. artikuluan aurreikusitako ondorioak izanen diitu. Testu bategin hori uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen.

Eskaerarekin batera Lantzeko Udalaren eskabide-orria aurkeztu da, bai eta Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren baldintzapeko aldeko txostena ere, 2008ko abenduaren 23an emana.

Aukeratutako katastroko lurzatian eta ekipoen kokagunean ez dago ez landarerik, ez zuhaitz edo zuhaixka heldurik, ez eta intereseko habitat garaturik ere.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere bilduko duela. Horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Foru dekretu horren 36. artikuluan ezarrita dago Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz, eskaera aurkezten denetik lau hilabeteko epean.

Osoa eta nahikoa den espedientean dauden txostenak ikusita eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, baldintzapean, Lantzen plubiometriako ekipo batzuk instalatzeko, Ebroko Ur Konfederazioak sustaturik.

2. Baimena izateko, sustatzaileak proposatu dituen neurriak bete beharko dira, baita neurri zuzentzaile hauek ere:-Obrak egiten hasi baino lehen, sustatzaileak behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, egin nahi diren jarduerek uki ditzaketen azpiegiturei dagozkienak.

-Lurzati horretan eginen diren lur mugimendu eta hondeaketak direla eta, Lantzeko ondare arkeologikoari egiten ahal zaizkion kalteak baztertu beharko dira bereziki.

-Lurzatiaren ondoko zuhaitzak ez dira ukituko eta, obra bukatutakoan, zaborra eta hondakinak garbituko dira.

3. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez dio administrazio bideari bukaera ematen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

6. Ebazpen hau sustatzaileari, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Basozaintzari eta Lantzeko Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko urtarrilaren 19an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0910013