25. ALDIZKARIA - 2009ko otsailaren 27a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

3/2009 EBAZPENA, urtarrilaren 19koa, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana. Honen bidez onesten dira Hezkuntza Departamentuak sustaturiko irakaskuntza elebiduneko ingeleseko programak emanen dituzten maisu-maistra funtzionarioak egiaztatzeko deialdiaren oinarriak, bai eta halako programak dituzten ikastetxe publikoetako profil bereziko lanpostu hutsak zerbitzu eginkizunetan betetzeko egiaztatzen diren irakasleen lehentasunezko zerrenda egiteko deialdia ere.

Hezkuntza Departamentuak ingeleseko programa elebidunak sustatzen ditu zenbait ikastetxe publikotan. Ikastetxe horietako behin betiko plantilletan badira lanpostu huts batzuk, ezartzen diren prozedura arrunten bidez bete beharrekoak. Hala ere, eta ingeleseko programa elebidunak emateko irakasle profil berezia behar denez -ingelesean maila handia eta hizkuntza irakasgai gisa baino areago erabiltzeko metodologiak aplikatu ahal izateko gaitasuna eta prestasuna-, Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzuko zuzendariak proposatu du prozedura bat onestea maisu-maistra funtzionarioak programa elebidunetarako egiaztatzeko eta programa horietako lanpostu hutsak hautatu nahi dituzten irakasle egiaztatuen lehentasunezko zerrenda egiteko.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluko d) idatz-zatiak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Onestea Hezkuntza Departamentuak sustaturiko irakaskuntza elebiduneko ingeleseko programak emanen dituzten maisu-maistra funtzionarioak egiaztatzeko deialdiaren oinarriak, bai eta halako programak dituzten Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetako profil bereziko lanpostu hutsak zerbitzu eginkizunetan betetzeko egiaztatzen diren irakasleen lehentasunezko zerrenda egiteko deialdia ere. 1. eranskinean eta 2. eranskinean ageri dira.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzura, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura eta Hautapen Batzordeen kideei igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen hau eta beronen eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2009ko urtarrilaren 19an.-Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Teresa Aranaz Jiménez.

1. ERANSKINA

DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehena.-Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da Hezkuntza Departamentuak sustaturiko irakaskuntza elebiduneko ingeleseko programak emanen dituzten maisu-maistra funtzionarioak egiaztatzea, bai eta halako programak dituzten ikastetxe publikoetako profil bereziko lanpostu hutsak zerbitzu eginkizunetan betetzeko egiaztatzen diren irakasleen lehentasunezko zerrenda egitea ere.

Bigarrena.-Profil bereziko ingeleseko lanpostu hutsak.

Deialdi honen bidez egiaztatutako maisu-maistrek zerbitzu eginkizunetan beteko dituzten lanpostu hutsak deialdi hau ebaztean prozedura arrunten bidez bete gabe daudenak izanen dira, guztiak ondoren aipatzen diren ikastetxeetakoak, bai eta 2009-2010 ikasturtean ingeleseko programa elebidunak emateko baimentzen diren ikastetxeetakoak ere.

Tuterako "Elvira España" HLHI.

Iruñeko "Cardenal Ilundáin" HLHI.

Iruñeko "Azpilagaña" HLHI.

Iruñeko "Jose M.ª de Huarte" HLHI.

Atarrabiako "Lorenzo Goikoa" HLHI.

Añorbeko "Añorbe" HLHI.

Zizur Nagusiko "Catalina de Foix" HLHI.

Zizur Nagusiko "Camino de Santiago" HLHI.

Iruñeko "Doña Mayor" HLHI.

Burlatako "Hilarión Eslava" HLHI.

Beriaingo "Beriain" HLHI.

Noaingo "S. Miguel" HLHI.

Cintruenigoko "Otero Navascués" HLHI.

Lizarrako "Remontival" HLHI.

Prozesu hau gainditzen duten funtzionarioei destinoak esleitzeko jendaurreko ekitaldia egin baino lehen ezagutaraziko da lanpostu hutsen behin betiko zerrenda.

Hirugarrena.-Parte hartzeko baldintzak.

1. Baldintza orokorra.

Deialdi honetan parte hartzen ahalko dute Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko maisu-maistra funtzionarioek, edo eskabidea aurkeztean praktikaldian daudenek, jardunean edo zerbitzu berezietan badaude.

2. Beharrezkoa den ingeles maila.

Hezkuntza Departamentuak sustatzen dituen ingeleseko programa elebidunak emateko C1 maila beharko da gutxienez. Horregatik izangaiek, maila hori dutela frogatzeko, ondokoak aurkez ditzakete: Hizkuntza Eskola Ofizialetako ingeleseko gaitasun titulua, Cambridgeko Unibertsitatearen Certificate in Advanced English agiria, edo goragokoa, edo ingeleseko lizentziatura bat.

C1 mailaren jabe direla frogatzen ez duten irakasleen kasuan, kontuan harturik hautapen probak, ahozkoa eta idatzia, ingelesez eginen direla, hautapen batzordeak hizkuntzaren ezagutza baloratuko du eta izangaia gai edo ez gai den adieraziko. Batzordearen balorazio positiboa beharko da prozesua gainditzeko.

Laugarrena.-Agiriak.

1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten irakasle funtzionarioek edo praktiketakoek 2. eranskineko ereduaren araberako eskabide orria eta agiri hauek aurkeztuko dituzte:

-Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua. Agiri hau DIN-A4 paperean aurkeztuko da.

-Zerbitzu orria, ziurtatua eta eskaerak aurkezteko azken egun baliodunean itxia, ofizioz emanen dena, lanposturen bat zerbitzu eginkizunetan lortu nahi dutenentzat soilik.

-Alegatutako merezimenduen justifikazioa, baremoan (zortzigarren oinarrian) ezarritakoaren arabera, lanposturen bat zerbitzu eginkizunetan lortu nahi dutenentzat soilik.

2. Deialdi honetan betekizun diren baldintza guztiek eta lehiatzaileek alegatzen dituzten merezimenduek beterik edo onarturik behar dute egon eskaerak aurkezteko epearen azken egunerako.

Bosgarrena.-Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

1. Lanpostuak lortzeko eskabideak Hezkuntza Departamentuko Erregistroan aurkeztu beharko dira (Santo Domingo aldapa, zk.g., 31001 Iruña), Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzuko zuzendariari igorrita.

Eskabideak aurkezten ahalko dira, halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluak aipatzen dituen gainerako egoitzetan. Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian eginen da, posta funtzionarioak, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzan.

2. Eskabideak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Seigarrena.-Onartuen zerrenda eta proben deialdia.

1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan eta www.pnte.cfnavarra.es orrian.

2. Zerrenda horren kontra erreklamazioak egiten ahalko dira idatziz eta, behar denean, akatsak zuzendu, jendaurrean jarri eta bi egun balioduneko epean.

3. Epe hori bukatu eta gero, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan eta www.pnte.cfnavarra.es orrian. Zerrendarekin batera izangaiei dei eginen zaie zazpigarren oinarrian azaltzen diren probak egin ditzaten.

Zazpigarrena.-Batzordea eta hautapen probak.

1. Hautapen batzordea.

1.1. Hautapen batzordeak kide hauek izanen ditu:

-Batzordeburua: Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzuko zuzendaria edo haren ordezkoa.

-Batzordekideak: Atzerriko Hizkuntzen Ataleko burua, Hezkuntza Departamentuko bi hizkuntza teknikari, Mahai Sektorialeko ordezkari sindikal bat, ahal dela ingelesez dakiena, eta ingeleseko programa elebidun bat ematen duen ikastetxe bateko ikasketaburu alboko bat.

1.2. Hauek izanen dira batzordearen eginkizunak:

-Ingeleseko programa elebidunak emateko gaitasun probak prestatu eta ebaztea.

-Aurkeztutako merezimenduak baloratzea, zortzigarren oinarriko baremoari jarraikiz.

-2009-10 ikasturtean lanpostuak zerbitzu eginkizunetan bete nahiko lituzketen izangaien lehentasunezko zerrenda prestatzea.

2. Probak.

2.1. Probak ikastetxe eleaniztunetako lanaren oinarrizko prozesuei buruzkoak izanen dira, esate baterako, hizkuntza eta edukiak lotzeko moduak, hizkuntzen tratamendu integratua, eta ikasleen gaitasunak, bereziki hizkuntza gaitasuna, kurtso, arlo eta egoera desberdinetan garatzeko behar den metodologia.

Halaber, eta probak bururatu bitarte, izangaiek ingeleseko gaitasuna frogatu beharko dute, lan honetarako ezinbestekoa baita.

Departamentuko programa elebidunak ematen dituzten irakasleen hizkuntza gaitasunaren garrantzia kontuan harturik, hautapen batzordeak erabaki dezake izangai batek zein kasutan landu behar dituen gehiago ingeleseko gaitasunaren alderdi batzuk eta, beraz, noiz hartu behar duen parte, lehentasunez, Hezkuntza Departamentuak zehazten duen prestakuntza jardueraren batean. Izangaiek berek behar hori buruz egiten dituzten proposamenak ere aztertuko dira, betiere C1 hizkuntza maila izateko helburuarekin bat.

2.2. Proba idatzia.

Praktikoa izanen da, hau da, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko edo Lehen Hezkuntzako lehen zikloko haurrentzat planteatzen den kasu didaktiko bati buruzko proposamen bat egin beharko da. Kasu horretan, ikastetxe mota, gela, kurtsoaren unea, arloaren edukia, etab. zehaztuko dira.

Proposamean edukiak, jarduerak eta metodologia sartuko dira, ingelesez (H2) garatu beharrekoak H1-i (gaztelania / euskara) dagokionez.

Probaren balorazioan kontuan izanen da ea izangaiek baduten prestakuntzarik eta gaitasunik hizkuntzen tratamendu integratuan eta hizkuntzaren eta edukiaren loturan oinarritutako ingeleseko programa elebidun bat emateko. Era honetako alderdiak izanen dira kontuan:

-Hizkuntzak integratzeko estrategiak.

-Hizkuntza eta curriculumeko edukiak lotzeko estrategiak.

-Proposatutako jardueren askotarikotasun, egokitasun, eraginkortasun eta aberastasuna.

-Irakasle taldearen estrategiak: metodologia komuna, koordinazioa, ikastetxeko eta gelako antolaketa neurriak.

Proba egiteko bi ordu eta erdi izanen dira eta 0 puntutik 10era bitarte puntuatuko da.

2.3. Ahozko proba.

Ahozko proban proba idatziaren edukia ingelesez azalduko da, ahoz, eta izangaiaren proposameneko alderdirik garrantzitsuenak nabarmenduko dira. Aldez aurretik, 20 minutuz, izangai bakoitzaren proba idatzia emanen da.

Balorazio batzordeak proba luza dezake izangaiarekin eztabaidan aritzeko, izangaiak berak azaldu duenaren edo programa elebidunetako lanaren oinarrizko arloen gainean.

Probak 20-30 minutu iraunen du eta 0 puntutik 10era bitarte puntuatuko da.

3. Proben balorazioa.

Gutxienez ere 5 puntu lortu beharko dira bi probetan.

Lanpostuak zerbitzu eginkizunetan eskuratu nahi dituzten izangaien kasuan, proba bakoitzaren nota egiaztatze prozesuaren puntuazio orokorraren herena izanen da, eta merezimenduen baremoko puntuazioa, berriz, gainerako herena.

Aldez aurretik eta behar diren agirien bitartez C1 ingeles maila dutela frogatzen ez duten izangaiek hautapen batzordearen GAI kalifikazioa lortu beharko dute.

Zortzigarrena.-Merezimenduen baremoa.

1.-Irakaskuntzako esperientzia (gehienez ere 10 puntu).

a) Hizkuntza programak ematen ari diren ikastetxe publikoetan irakasle funtzionario gisa lortutako esperientzia: urteko puntu 1; hilabete osoko 0,0833 puntu.

b) Lortu nahi den espezialitatean ikastetxe publikoetan irakasle funtzionario gisa lortutako esperientzia: urteko 0,5 puntu; hilabete osoko 0,0416 puntu.

c) Ikastetxe publikoetako programa eleaniztunetan koordinatzaile karguetan aritu izana: urteko puntu 1; hilabete osoko 0,0833 puntu.

2.-Prestakuntza akademikoa (10 puntu gehienez ere).

a) Lortu nahi den profileko hizkuntzaren Filologiako Lizentziatura edo Itzulpena eta Interpretetza izateagatik: 3 puntu.

Lizentziatura, ingeniaritza edo arkitekturako bigarren zikloari dagozkion ikasketak edo legez balio berekotzat emandako tituluak izateagatik: puntu 1 bakoitzeko.

Frogagiriak: tituluaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, titulua emateko eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiria.

b) Espezialitate berria eskuratzea edo gaikuntza, bakoitzeko: 0,7 puntu.

c) Deialdiaren xede ez diren hizkuntzetako berariazko titulazioak:

Oinarrizko zikloa: 0,3 puntu. Goi mailako zikloa edo baliokidea den titulua: puntu 1.

Oinarrizko zikloko titulua ez da baloratuko izangaiak goi zikloko titulua ere aurkezten badu. Hizkuntza bereko titulu bat baino gehiago aurkeztuz gero, baliokideak badira haietako bat bakarra hartuko da kontuan.

Frogagiriak: tituluaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, titulua emateko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

3.-Beste merezimendu batzuk (gehienez ere 5 puntu).

a) Ingelesez mintzatzen den herrialdeetan egindako egonaldiak, egonaldi horietan ikasketa programak garatu edo irakaskuntza lana egiteko: 0,75 puntu hiruhileko bakoitzeko (azpiatal honetan 3 puntu lortuko dira gehienez).

b) Amaitutako prestakuntza jarduerak, Hezkuntza administrazioek, unibertsitateek edo Hezkuntza administrazioekin lankidetza hitzarmenak sinaturik dituzten irabazi asmorik gabeko erakundeek deitutakoak:

Azpiatal honen ondorioetarako kurtso guztietako orduak batuko dira.

b. 1) Irakaskuntzarekin edo/eta ingelesarekin eta haren metodologiarekin lotutako prestakuntza jardueretan parte hartzeagatik: 0,05 puntu frogatutako 10 orduko (azpiatal honetan puntu 1 lortuko da gehienez).

b. 2) Ingelesarekin eta haren metodologiarekin lotutako prestakuntza ikastaroak edo jarduerak emateagatik: 0,1 puntu orduko (azpiatal honetan puntu 1 lortuko da gehienez).

Frogagiriak: egiaztagiriaren fotokopia konpultsatua.

Ez dira baloratuko ordu kopurua espresuki agertzen ez duten agiriak.

Egiaztagiriak kreditutan emanak direnean 10 orduk kreditu 1 osatuko dute.

c) Hizkuntzarekin eta haren metodologiarekin lotutako argitalpenengatik: puntu 1 gehienez.

Frogagiriak: argitalpenaren alea. ISBN, ISSN edo Legezko Gordailua agertarazten duten argitalpenak soilik baloratuko dira.

Bederatzigarrena.-Deialdia ebaztea eta emaitzak argitaratzea.

Balorazio prozesuaren behin-behineko emaitzak Hezkuntza Departamentuko iragarki oholean jarriko dira. Puntuazioaren arabera emanen dira, ataletako nota zehaztuta, hau da, ahozko probaren eta proba idatziaren eta baremoaren notak.

Ingeleseko C1 maila agiri bidez frogatzen ez denean, izangaia hizkuntza gaitasunean gai ala ez gai den adieraziko da.

Bi eskatzaileren edo gehiagoren artean berdinketa izanez gero, zapigarren oinarrian aipatzen diren ahozko proban eta proba idatzian puntu gehien eskuratzen duenak izanen du lehentasuna.

Emaitza horien kontra erreklamazioa aurkez daiteke, argitara eman eta biharamunetik hasita hiru egun naturaleko epean.

Aurkeztutako erreklamazioak ebatzirik, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak prozesua gainditu dutenen zerrenda ordenatuen behin betiko ebazpena emanen du.

Hamargarrena.-Destinoa esleitzea eta horrek dakartzan betebeharrak.

1. Departamentuak jendaurrean jarriko ditu prozedura honen bidez bete beharreko lanpostu hutsak, eta parte-hartzaileei dei eginen die, puntuazio hurrenkerari jarraikiz, destinoa esleitzeko jendaurreko ekitaldira ager daitezen. Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak interesdunei zerbitzu eginkizunak emateko proposamena eginen dio Giza Baliabideen Zerbitzuari.

2. Jendaurreko ekitaldian lanpostua lortzen ez dutenak erreserban geldituko dira, aurrerago izaten diren beharretarako.

3. Lanpostua onartzeak betebehar hauek dakartza:

3.1. Egokitzen zaion ikastetxeko zuzendaritza taldeak emandako irakaslana onartzea, eta lan horien artean, besteak beste: tutoretza eta koordinazio lanak, eta arlo desberdinetako edukiak ematea. Indarra duen araudian eta Hezkuntza Departamentuak ikastetxe horietarako proposatzen dituen orientabideetan ezarritako jarraibideen arabera eginen da lana.

3.2. Hezkuntza Departamentuak proposatzen dituen prestakuntza jardueretan parte hartzea; hots, nahitaezko prestakuntzako 35 ordu irakasle guztientzat.

Hamaikagarrena.-Jabetza hartzea eta berritzeak.

Lanpostuak zerbitzu eginkizunen bidez beteko dira, ikasturte baterako, eta berritzeko aukera emanen da, destinoko ikastetxeetako zuzendaritzek proposaturik, baldin eta lanpostua izateko baldintzek bere horretan irauten badute eta lanpostua prozedura arrunten bidez bete ez bada.

Hamabigarrena.-Errekurtsoak.

Deialdi honen, bere oinarrien eta arauak aplikatzeko egintzen kontra zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

2. ERANSKINA

HEZKUNTZA DEPARTAMENTUAREN INGELESEKO PROGRAMA ELEBIDUNAK EMATEKO EGIAZTATZE PROZESUAN PARTE HARTZEKO ESKABIDEA

Izen-deiturak ......................................... NANa:

Helbidea:

Gaur egungo lantokia

Norberaren telefonoa: .............................. Helbide elektronikoa:

Profil bereziko lanpostu hutsa lortu nahi dut zerbitzu berezietan: BAI/EZ

(lanpostuak zerbitzu eginkizunetan lortu ahal izateko)

Irakaskuntzako esperientzia (gehienez ere 10 puntu).

1. Ingeleseko programak ematen ari diren ikastetxe publikoetan irakasle funtzionario gisa lortutako esperientzia: urteko puntu 1; hilabete osoko 0,0833 puntu.

2. Lortu nahi den espezialitatean ikastetxe publikoetan irakasle funtzionario gisa lortutako esperientzia: urteko 0,5 puntu; hilabete osoko 0,0416 puntu.

3. Ikastetxe publikoetako programa eleaniztunetan koordinatzaile karguetan aritu izana: urteko puntu 1; hilabete osoko 0,0833 puntu.

Prestakuntza akademikoa (10 puntu gehienez ere).

Ingeleseko Filologiako lizentziatura edo Itzulpegintza eta Interpretetzakoa izatea: 3 puntu.

Lizentziatura, ingeniaritza edo arkitekturako bigarren zikloari dagozkion ikasketak edo legez balio berekotzat emandako tituluak izateagatik: puntu 1 bakoitzeko.

Espezialitate berria eskuratzea edo gaikuntza, bakoitzeko: 0,7 puntu (parte hartzeko baldintza ez denean).

Deialdikoak ez diren hizkuntzen ezagutza frogatzen duen titulu bakoitzeko: oinarrizko zikloa, 0,3 puntu; goi mailako zikloa: puntu 1. -edo titulu baliokideak-

Beste merezimendu batzuk (gehienez ere 5 puntu).

Ingelesez mintzatzen den herrialdeetan egindako egonaldiak, egonaldi horietan ikasketa programak garatu edo irakaskuntza lana egiteko: 0,75 puntu hiruhileko bakoitzeko (azpiatal honetan 3 puntu lortuko dira gehienez).

Prestakuntza jarduerak: entzule gisa (puntu 1 gehienez) eta txostengile gisa (puntu 1 gehienez).

Argitalpenak (puntu 1 gehienez).

Eguna Sinatua

Iragarkiaren kodea: F0902409