25. ALDIZKARIA - 2009ko otsailaren 27a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

BERIAIN

Ordenantzak. Behin betiko onespena

Beriaingo Udalak 2008ko ekainaren 5ean egin bilkuran, bertzeak bertze erabaki zen hasiera batean onestea Udal ordenantza eta erabakietan aurreikusitako ikuskapenen tasak arautzen dituen ordenantza.

Iragarki hau 2008ko 116. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 22an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, jendaurreko aldia iragan ondoan, 2008ko azaroaren 6ko bilkuran aldi horretan aurkeztutako alegazioa ebatzi zen eta egintza horretan berean delako ordenantza behin betikoz onetsi. Beraz, osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Beriainen, 2009ko urtarrilaren 19an.-Alkatea, Rafael Blanco Pena.

UDAL ORDENANTZA ETA ERABAKIETAN AURREIKUSITAKO IKUSKAPENENGATIK ORDAINDU BEHARREKO TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen Lehenengo Tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera eta lege bereko 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Zergapeko egintza Udalak bere langileen bidez egiten duen ikuskapen jarduerak dakar, jarduera sailkatuen arloan ezarritako arauak eta gainerako udal ordenantza eta erabakietan agertzen direnak hertsiki betetzen direla frogatzeko, haiek urratu direla edo betetzen ez direla uste denean.

3. artikulua. Ikuskapenak bide hauei jarraikiz egin daitezke:

a) Ofizioz, arauek hala ezartzen dutenean.

b) Alderdi batek hala eskaturik, edo inork egindako salaketen ondorioz.

4. artikulua. Pertsona natural edo juridiko orok Alkatetzaren aurrean salatzen ahalko ditu, jarduera sailkatuen eta aipatu gainerako arauen arloan egindako arau-hausteak, arau horietan ezarritako betekizunei kontzen badie.

5. artikulua. Udal administrazioak ikustaldiak noiznahi egin ahal izanen ditu, kasuan kasuko arauak betetzen direla egiaztatzeko.

Tasaren sorrarazpena

6. artikulua. Tasaren sorrarazpena, kasuan kasuko espedienteari edo jarduerari dagokionez, udal langileek egindako ikustaldiarengatik eta egiaztapenarengatik gauzatuko da, honako arau hauekin osatuz:

a) Tasa ezartzeko, ikustalditzat joko da ikuskatzaileek egindako joan-etorria, ikuskatu beharreko lekura iristerik ez badute ere.

b) Irekitzeko lizentzia duten jarduerei dagokienean, lokalaren neurri zuzentzaileak eta segurtasunekoak betetzen diren egiaztatzeko egiten den lehenbiziko bisitaldiak ez du inolako tasarik sortuko.

Subjektu pasiboak

7. artikulua. Ordaintzera beharturik daudenak:

a) Ikuskapenaren xede den jardueraren pertsona natural edo juridiko titularrak.

b) Ikuskatzen diren eraikin, establezimendu, zentro, lokal eta gainerakoen jabeak, arau-haustearekin zerikusia baldin badute.

c) Arau-haustea egiten duten pertsonak.

d) Salaketa kasuetan, ausartegi justifikatu gabea edo argi eta garbi funtsik gabekoa dela jotzen bada, txosten teknikoaren arabera, salatzailearen gain geratuko dira ikuskapenak sortzen dituen tasak.

e) Halaber, higiezinaren jabeak ordaindu beharko ditu tasak, aurri espedienteen ondorioz egiten diren ikuskapenetan.

Tarifak

8. artikulua. Tarifak, beren karga-oinarriekin batean, ordenantzaren eranskinean agertzen dira.

Tasaren kudeaketa

9. artikulua. Ikuskatzaileek agertaldia egin izanaren berri emanen dio behar den departamentuari, likidazioa egiteko beharrezkoak diren datuekin eta salaketa, kasuan kasu, ausartegi edo arrazoitu gabetzat hartzen den adieraziz, eta horrek kasuari dagokion likidazioa eginen du, egokitzen denean zigorrarekin gehituz, eta behar den organoari onespena proposatuko dio.

Onetsitakoan, pertsona behartuari jakinaraziko zaio, kuota jakinarazpenaren ondoko hilabetearen barnean ordaindu beharko delarik. Ordaintzen ez bada, bertzelako oharrik gabe, premiamendu bidez kobratzeari ekinen zaio.

Arau-hausteak eta zehapenak

10. artikulua. Arau-hausteei eta zehapenei dagokien orotan, Ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek 2009ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra.

UDAL ORDENANTZA ETA ERABAKIETAN AURREIKUSITAKO IKUSKAPENENGATIK ORDAINDU BEHARREKO TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Tarifa

I. epigrafea

Ikustaldiak, jarduera sailkatuen arloan eta gainerako ordenantza eta erabakietan ezarritakoaren arabera, bai eta Udal Ondarean sortutako kalteengatik ere, egindakoak: ikustaldi bakoitzagatik, 120,00 euro.

II. epigrafea.

Eraikinen azterketa, segurtasun baldintzak eta aurri egoeretako espedienteak direla eta :

-Gutxieneko ikuskapena: arkitekto edo aparejadore baten 1,5 orduko lanagatik, 165,00 euro.

-Lan gehiago behar bada, ordu bakoitzagatik 90,00 euro.

Iragarkiaren kodea: L0900777