25. ALDIZKARIA - 2009ko otsailaren 27a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

174/2009 EBAZPENA, otsailaren 6koa, Herri Lan zuzendari nagusiak emana, 2009ko ekitaldian zientzia helburuko espeleologia eta geologia jarduerak egiteko diru-laguntzen deialdia onesten duena.

Proiektu, Trenbide eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak aditzera eman du Nafarroako Foru Komunitatean zientzia helburuarekin egiten diren espeleologia eta geologia jarduerak sustatu eta hobetu beharrean direla. Horretarako, arau batzuk eratu dira 2009ko ekitaldian jarduera horiek partez finantzatzeko diru-laguntzen deialdia arautzeko, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak gai horretan ezarri duen lege esparruaren barrenean.

Horrenbestez, Proiektu, Trenbide eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak jakinarazi duenarekin bat, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 7. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, otsailaren 24ko 47/2005 Foru Dekretuaren 8. artikuluari dagokionez,

EBATZI DUT:

1. Zientzia helburuekin espeleologia eta geologia arloko jarduerak egiteko 2009. urteko diru-laguntzen deialdia onestea, ebazpen honen eranskinean jasotako oinarriek arautuko dutena.

2. 20.000,00 euroko gastua baimentzea 2009ko aurrekontuko "Espeleologia" 610002 61320 4819 456300 kontu-sailaren kargura. Espediente zenbakia: RCSA 1333.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Proiektu, Trenbide eta Lan Hidraulikoen Zerbitzuari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoko Idazkaritza Tekniko Nagusiari eta Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuan Ekonomia eta Ogasun Departamentuak duen kontu-hartzaile delegatuari.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2009ko otsailaren 6an.-Herri Lan zuzendari nagusia, José Luis Echávarri Arraiza.

ERANSKINA

ESPELEOLOGIA ETA GEOLOGIA ARLOKO JARDUERETAN ZIENTZIA HELBURUEKIN ARITZEKO 2009KO DIRU-LAGUNTZEN DEIALDIAREN OINARRIAK

1. Xedea.

Deialdiaren xedea da guztiz edo zati batean finantzatzea Nafarroako Foru Komunitateko espeleologia eta geologia esplorazioekin lotutako lanak, betiere Nafarroako lurraldea hobeki ezagutzen laguntzen dutenak, bai eta bi espezialialitate horiei buruzko ezagutzak zabaltzeko ekintzak ere, hala nola erakusketak, edo jardunaldi teknikoen edo biltzarren antolaketa. Espeleologia taldeen esplorazioek eta geologiako lanek xede zehatz hauek izanen dituzte:

-Eremu interesgarrietan leize jakin batzuk esploratzea.

-Zenbait mendigunetako leizeak esploratzea, inbentariatzea eta katalogatzea.

-Haitzulo jakin baten gaineko ikerketa, haren sorrera, morfologia, tektonika eta estratigrafia ikertuz eta kokaleku duen mendigunean nola dagoen moldatuta zehaztuz.

-Lur azpiko sarearen klima ikertzea, aire-ur-harri osagaiei dagokienez, eta kanpoko aldaketek nolako eragina duten aztertuz.

-Lur azpiko hidrologia ikertzea, urak karst batean duen jarioa arautzen duten gertakari fisiko-kimikoak ikertuz.

-Hidrokimika, geologia eta abarren gaineko ikerketak.

-Lur azpiko leizeen topografia, tamaina eta formen gaineko ikerketak, Nazioarteko Espeleologia Elkartearen sinboloak erabiliz eta haren garapen espezifikoaren gai diren lan eta ikerketa guztiak sartuz.

-Geologiako edozein espezialitaterekin lotutako ikerketak eta lanak, lurraldea eta hura osatzen duten materialak hobeki ezagutzen laguntzen dutenak.

-Geologiari eta espeleologiari buruzko ezagutzak zabaltzeko ekintzak antolatzea, hala nola erakusketak, jardunaldi teknikoak edo biltzarrak.

Diru-laguntza horien xedea zientzia helburuekin Nafarroako Foru Komunitatean egiten diren espeleologia eta geologia jarduerak sustatzea eta hobetzea da.

Diru-laguntzaren xede diren jarduerak 2009an egin beharko dira; beraz, ez dira diruz lagunduko deialdiaren aurretik edo ondotik egindakoak.

2. Onuradunak.

Laguntzen onuradun izaten ahalko dira deialdiaren xedearekin lotutako jardueraren bat egiten duten pertsona fisiko eta juridikoak, betiere Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako inguruabarretako bakar batean ere ez badaude.

3. Eskaerak.

Eskaerak, Proiektu, Trenbide eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuari zuzenduta, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren Erregistro Orokorrean (San Ignazio etorbidea, 3, beheko solairua, Iruña) aurkeztuko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, edo Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak 2008ko 14. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 30ekoan, argitaratu iragarkian zerrendatzen diren Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren gainerako bulegoetako edozeinetan edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako erregistro edo bulegoetan.

Eskabideei honako dokumentazio hau erantsiko zaie:

a) Diru-laguntzaren xede den jarduera edo proiektua deskribatzen duen txostena, lanen kostu xehetua espresuki adieraziz, bai eta lanok non eta noiz egin behar diren ere.

b) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera. Onuradunaren NANa edo IFZ adieraziko dira.

c) Eranskineko ereduaren araberako eskabidea.

d) Zilegi izanen da agiriekin batera beharrezkotzat jotzen diren beste osagai guztiak ere aurkeztea, merezimenduak hobeki frogatzeko eta eskaerak hobeki ebaluatzeko.

Eskaerak ez baditu adierazitako baldintzak betetzen, organo instruktoreak interesdunari eskatuko dio horiek 10 egun naturaleko epean zuzen ditzala eta, halaber, ohartaraziko dio, hala egin ezik, eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko agindu, eta dagokionari jakinaraziko zaio.

4. Prozedura antolatu, tramitatu eta ebazteko ahalmena duten organoak.

Deialdian ezarritako ondorioetarako, diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak Proiektu, Trenbide eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuari dagozkio, batzorde tekniko baten bidez. Batzordeko burua zerbitzu horretako zuzendaria izanen da, eta gainerako kideak Geologia eta Geoteknia atalburua, Kontrol Administratiboaren bulegoburua, idazkari lanetan arituko dena, eta Azpiegitura Geologikoaren bulegoburua dira. Oinarri arrautzaileotan "organo instruktorea" aipatzen delarik, ulertzen da batzorde tekniko horretaz ari dela.

Diru-laguntzak emateko prozedura bukatutzat emateko eskumena Herri Lan zuzendari nagusiari dagokio.

5. Diru-laguntzak emateko prozedura eta baloratzeko arau orokorrak.

Deialdian aipatzen diren laguntzak emateko prozedura norgehiagoka bidez tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak konparatuz, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17. artikuluko 1. idatz-zatian xedatutakoarekin bat.

Organo instruktoreak baloratuko ditu aurkezten diren eskaerak.

Balorazioa egiteko, hauxe hartuko da aintzat: aurkeztu den proiektua nolakoa den, zenbat partaide dituen eta zer kualifikazio duten, eta Foru Komunitatearentzat zenbateko interesa eta errentagarritasun soziala duen.

Batzorde teknikoak aurkeztutako agiriei buruz argibideak emateko eta eskatzailea agertzeko eskatzen ahalko du, bere erabakia hobeki oinarritzeko. Gaur egun departamentuaren jarduera eta helburuetarako interesik ez duten lanetarako diru-laguntzen eskaerak ezesten ahalko ditu.

6. Kontzesioa.

Herri Lan zuzendari nagusiaren ebazpen batek emanen edo ukatuko ditu diru-laguntzak, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluak agintzen duenez. Ebazpen hori hiru hilabeteko epean emanen da eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik aurrera. Epe hori ezer espresuki ebatzi gabe iragaten bada, diru-laguntza eskaera ukatutzat joko da. Ematen diren diru-laguntzak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, eta bertan hauek azalduko: deialdia, programa, diru-laguntzak finantzatzeko aurrekontuko dirua, onuraduna, onartutako zenbatekoa eta diru-laguntzaren helburua.

7. Bateragarritasuna.

Deialdian aipatzen diren diru-laguntzak jarduera gauzatzeko jasotzen diren bestelako diru-laguntzekin batzen ahal dira.

Hala ere, zenbatekoak, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo berezko baliabide batzuekin baturik, ez du behin ere gaindituko onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

8. Zenbatekoa eta finantzabidea.

Ebazpenean finkatu eginen da diru-laguntza zenbatekoa izanen den.

Espeologia jardueretarako diru-laguntza eskatzen duten proiektuek gehienez 2.000,00 euroko diru-laguntza jasotzen ahalko dute.

Geologia jardueretarako diru-laguntza eskatzen duten proiektuek gehienez 5.000,00 euroko diru-laguntza jasotzen ahalko dute.

Geologiari eta espeleologiari buruzko ezagutzak zabaltzeko ekintzak antolatzeko (erakusketak, jardunaldi teknikoak edo biltzarrak), 13.000,00 euroko diru-laguntza jasotzen ahalko dute.

2009ko ekitaldiko aurrekontuetako "Espeleologia" izeneko 610002 61320 4819 456300 kontu-sailetik emanen dira laguntzok, bertan dagoen saldoaren zenbatekoa egin arte.

9. Ordainketa.

Diru-laguntzak lanak bukatzean emanen dira, gastuak fakturen bitartez edo frogatzeko balio duten bestelako agiri baliokideen bidez justifikatu eta kasuan kasuko memoria aurkeztu ondoren.

10. Onuradunen betebeharrak.

Laguntzak hartzen dituztenek honako betebehar hauek izanen dituzte:

1. Diru-laguntzaren xede den jarduera burutzea eta Proiektu, Trenbide eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak egin nahi duen edozein kontrol eta jarraipen lani trabarik ez jartzea.

2. Proiektu, Trenbide eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuari aditzera ematea jarduera bererako beste laguntzarik eskatu edo jaso ote den, bai eta proiektua kostuz edo edukiz aldatzen duen gorabeherarik izan ote den ere proiektuaren garapenean. Aldaketa horri buruz Foru Komunitateko Administrazioak ez du konpromisorik hartuko, non eta ez duen espresuki bere egiten.

3. 2009ko azaroaren 20a baino lehen egindako jardueraren gainean txosten bat eta gastuen azalpenak aurkeztea. Txosten horretan esploratu diren leizeen plano topografikoak ere egonen dira, leizean dauden ekipamenduen fitxa teknikoa, bai eta testuak ere, eta harekin batera testuok Word 97 edo berriagoko batean dituen disketean ere aurkeztuko dira; leizeen planoak Autocad 2.000 edo Micro Station-erako egokiak diren fitxategietan aurkeztuko dira; eta leizeen oinarrizko datuen laburpena (Excel 97 orrietan edo horietatik goitikoetan edo Access 97 fitxategietan edo horietatiko goitikoetan). Argazki lanak negatiboekin edo argazki paperean eginiko horien kopiekin batera aurkeztuko dira; argazki digitalen kasuan, RAW formatoan edo antzekoan aurkeztuko dira argazkiak. Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak eman zaizkion material eta agiriak nahi bezala erabiltzen ahalko ditu, betiere autorea nor den aipatuz.

4. Diruz lagundutako jardueraren finantzazioa publikoa dela jakinaraztea, publizitate egokiaren bidez.

11. Ez-betetzea.

Oinarriotan aipatzen diren betebeharrak ez betetzeak diru-laguntza galtzea ekarriko du, eta, hala tokatzen bada, jasotako dirua itzuli beharra, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluak agintzen duen moduan.

Era berean, onuradunak lege horren IV. tituluak xedatzen duenari lotuko zaizkio.

12. Errekurtsoak.

Deialdiaren eta oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuko Herri Lan, Garraio eta Komunikazioko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

ESKABIDE EREDUA

Izena: ............., helbidea: ............ , kalea edo plaza: ................, zenbakia: ..............., telefonoa:................., NANa/IFZ: ........................, nire izenean edo honako hau ordezkatuz: ...................,

Honako hau azaltzen dut:

Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak bultzatuta, 2009ko ......garren Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ........aren ........(e)koan, argitaratu den espeleologia eta geologia jarduerentzako diru-laguntzen deialdiak eskatzen dituen baldintza guztiak betetzen ditudala, deialdiaren oinarriak bere hartantxe onartzen ditudala eta ez nagoela onuradun izateko Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako ezein debekutan. Horren frogagarri, eskatzen diren agiriak aurkezten ditut eta diru-laguntza horietako bat emateko eskatzen, ............ eurokoa (eskatzen den diru kopurua letraz eta zifraz jarri), .................... izeneko jarduera finantzatzeko. Eta beraz,

Eskatzen dut:

Eskabide hau onartu eta erantsi diren agiri guztiak hautapen bidean jar daitezela.

(Eguna eta sinadura)

Iragarkiaren kodea: F0902215