25. ALDIZKARIA - 2009ko otsailaren 27a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.4. Ebazpenak

34/2009 EBAZPENA, otsailaren 13koa, Garraio zuzendari nagusiak emana, errepideko erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio erregular finkoko zerbitzu publikoetan kobratu beharreko gutxienekoa eguneratu eta errepideko bidaiari guztientzako hiriarteko zerbitzu publiko erregular eta iraunkorretako orotariko tarifa garestitzen duena.

Urtarrilaren 18ko 14/2008 Ebazpenaren bidez, errepideko erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio erregular finkoko zerbitzu publikoetan kobratu beharreko gutxienekoa onetsi zen. 1,05 euroan ezarri zen, Balio Erantsiaren gaineko Zerga barne.

Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko uztailaren 30eko 16/1987 Legearen 19. artikuluan tarifen behehalako berriskupena ezartzen da, kontsumorako prezioen indizearen eta linea erregularren ekoizpen-mailaren arabera.

Garraioen Antolamendu eta Kudeaketaren Zerbitzuak txosten bat aurkeztu du, non kobratu beharreko gutxienekoa eguneratzeari bidezko baiteritzo, Nafarroan azken eguneratzetik gertaturiko garestitzea kontuan hartuz, inguruko beste autonomia erkidegoetan aplikatzen denarekin bat etor dadin. 1,10 euroan ezartzea proposatu du.

Halaber, Sustapen Ministerioak, uztailaren 3ko FOM 2039/2008 Aginduaren bidez, errepideko bidaiari guztientzako hiriarteko zerbitzu publiko erregular eta iraunkorretako orotariko tarifa %3,27 garestitu zuen, behin-behinekoz, 2008ko lehen sei hilabeteetan kostuak gehitu direla kontuan hartuz. Aldaketa hori Nafarroan gertatu ez zenez, Garraioen Antolamendu eta Kudeaketaren Zerbitzuak %2,70 gehitzea proposatu du, KPIak Nafarroan eta Estatuan izaniko bilakaera aintzakotzat hartuz.

Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Babeserako ekainaren 20ko 7/2006 Legearen 20. artikuluan xedatutakoarekin bat, Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Elkarteei entzun ondoren.

Horrenbestez, Herri Lan, Garraio eta Komunikazioko kontseilariak martxoaren 1eko 230/2005 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz, Garraioen Antolamendu eta Kudeaketaren Zerbitzuak proposatu duenarekin bat.

EBATZI DUT:

1. Errepideko erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio erregular finkoko zerbitzu publikoetan kobratzeko gutxienekoa 1,10 eurotan ezartzea, Balio Erantsiaren gaineko Zerga barne.

2. Bidaiari guztientzako hiriarteko zerbitzu publiko erregular eta iraunkorretako orotariko tarifa %2,70 handitzea, Nafarroako Gobernuaren eskumena baita.

3. Adieraztea kontzesioa hartzen duten enpresek, tarifa berriak kobratzeko, Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuari eskatu behar diotela taula berriei ikus-onetsia eman diezaiela.

4. Tarifa taula horiek, behar bezala ikus-onetsi ondoren, txarteldegietan ikusgai agertu beharko dute.

5. Ebazpen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

6. Ebazpen honen berri ematea Garraioen Antolamendu eta Kudeaketaren Zerbitzuari eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Adieraztea ebazpen honek ez diola administrazio bideari bukaera ematen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezaketela ebazpen honen kontra, Nafarroako Gobernuan, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Administrazio Publikoek, espedientean interesatuak direnean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2009ko otsailaren 13an.-Garraio zuzendari nagusia, Susana Labiano Bastero.

Iragarkiaren kodea: F0902404