25. ALDIZKARIA - 2009ko otsailaren 27a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

173/2009 EBAZPENA, otsailaren 6koa, Herri Lan zuzendari nagusiak emana. Horren bidez onesten da 2009. eta 2010. urteetan ezponda harritsuak egonkortu eta neurri zuzentzaileak hartzeko Nafarroako Toki Entitateentzako diru-laguntzen deialdia.

Proiektu, Trenbide eta Lan Hidraulikoen Zerbitzuak aditzera eman du arautu behar dela Nafarroako Toki Entitateei hiri eremuetan erortzeko arriskuan diren ezponda harritsuak egonkortu eta neurri zuzentzaileak hartzeko diru-laguntzak nola eman, eta arautze lan hori Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak diru-laguntza gaietan ezarritakoarekin bat datorrela.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30.3 artikuluak ezartzen du diru-laguntzaren izaerak ondorengo ekitaldietarako eragiten baditu gastuak, horietarako baimena Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera emanen dela.

Nafarroako Gobernuak, 2008ko azaroaren 24ko Erabakiaren bidez, Herri Lan zuzendari nagusiari baimena eman zion 2009. eta 2010. urteetan "Ezponda harritsuak egonkortu eta neurri zuzentzaileak hartzeko" Nafarroako toki entitateentzako diru-laguntzen deialdia onesteko.

Horrenbestez, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 7. artikuluak, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko egitura organikoa ezarri zuen otsailaren 24ko 47/2005 Foru Dekretuaren 8. artikuluari dagokionez, esleitu dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako toki entitateei ezponda harritsuak egonkortu eta neurri zuzentzaileak hartzeko emanen zaizkien diru-laguntzen deialdia onestea, 2009. eta 2010. urteetarako, baita deialdiaren oinarriak ere, ebazpen honen eranskin gisa ageri direnak.

2. 2009rako eta 2010erako, 470.000,00 euroko gastua onestea "ezponda harritsuak egonkortu eta neurri zuzentzaileak hartzeko"; horretatik gehienez 220.000,00 euroko gastua izanen da 2009. urteko aurrekontukoa, "Ezponda harritsuak" izeneko 610002-61320-7609-456300 kontu-sailaren kargura, eta 250.000,00 euroko gastua 2010. urteko aurrekontukoa, kontu-sail berberekoa. Espedientearen zenbakia: RCSA 1394.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Proiektu, Trenbide eta Lan Hidraulikoen Zerbitzuari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoko Idazkaritza Tekniko Nagusiari eta Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuan Ekonomia eta Ogasun Departamentuak duen kontu-hartzaile eskuordetuari.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2009ko otsailaren 6an.-Herri Lan zuzendari nagusia, José Luis Echávarri Arraiza.

ERANSKINA

2009. ETA 2010. URTEETAN EZPONDA HARRITSUAK EGONKORTU ETA NEURRI ZUZENTZAILEAK HARTZEKO NAFARROAKO TOKI ENTITATEENTZAKO DIRU-LAGUNTZEN DEIALDIKO OINARRIAK

1. Xedea.

Deialdi honen helburua da Nafarroako toki entitateei diru-laguntzak ematea hiri eremuetan erortzeko arriskuan dauden ezponda harritsuak egonkortu eta neurri zuzentzaileak hartzeko.

Laguntza hauen xedea da jendearentzako arriskugarriak diren lubiziak gutxitzea, alegia, pertsonak, etxebizitzak eta azpiegiturak ukitzen ahal dituzten lur erorketa eta mugimenduak. Hirigintza hobetzeko jarduketak ez dira laguntza hauen xede.

Diru-laguntzak honako ekintzak edo horietako batzuk hartuko ditu: proiektua prestatzea, laguntzapeko obrak zuzentzea eta burutzea.

2. Onuradunak.

Nafarroako toki entitateek izanen dute eskubidea deialdi honetan parte hartzeko, laguntzaren helburu diren jardueretan interesa badute.

3. Eskabideak.

Eskabideak, Proiektu, Trenbide eta Lan Hidraulikoen Zerbitzuari zuzenduta, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, 2009ko maiatzaren 15a baino lehen, Iruñeko San Ignazio etorbideko 3ko beheko solairuan, edo Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak eman eta 2008ko 14. :bon,ean, urtarrilaren 30ean, argitaraturiko iragarkiko zerrendako Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren gainerako bulegoetako edozeinetan edo bestela Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan adierazitako erregistro edo bulegoetan.

Aurkezten diren proiektuek arrazoiak eman beharko dituzte kasu bakoitzean proposatzen den konponbiderako, kontuan hartuz obren helburu bakarra lur erorketa eta mugimendu arriskutsuak saihestu edo gutxitzea dela. Zehaztu eginen da zer arrisku dagoen, zergatik den arriskutsua eta zer neurri hartuko diren arrisku hori saihesteko, behar bezala baloratu eta justifikatuak.

2009an aurkeztu bai, baina aintzakotzat hartu ez ziren eskabideak ez dira onartutzat emanen eta, beraz, berriro eskatu beharko dira diru-laguntzak, deialdi honetako baldintzen arabera.

4. Hautaketa.

Proiektu, Trenbide eta Lan Hidraulikoen Zerbitzuak baloratuko ditu eskabideak, batzorde tekniko baten bidez. Batzordeko burua zerbitzu horretako zuzendaria izanen da, eta gainerako kideak Geologia eta Geoteknia Ataleko burua, Kontrol Administratiboaren Bulegoko burua, idazkari lanetan arituko dena, eta Proiektu Ataleko burua. Batzordea diru-laguntzak emateko prozeduraren instrukzio organoa izanen da.

Diru-laguntzak emateko prozedura lehia bidez tramitatuko da. Eskabideak baloratzeko, kontuan hartuko da Nafarroako Foru Komunitatearentzat kasu bakoitzak duen interesa eta gizarte onura, eta, bereziki, eskatzen den ekintzak zenbateko presa eta arriskua duen. Batzorde Teknikoak eskatu diren diru-laguntza guztien zerrenda eginen du, non lehentasunak ezarriko baititu, arriskuaren arabera. Horrela, Batzordearen iritziz arrisku eta presa gehien duten eskabideak lehenengo egonen dira zerrendan eta arrisku gutxiago dutenak ondoren, arrisku gehien dutenetatik gutxien dutenetara antolatuak. Proiektu, Trenbide eta Lan Hidraulikoen Zerbitzuak zilegi izanen du informazio osagarria eskatzea deialdian eskatzen denaz gainera.

Kasu bakoitzeko arriskuaren balorazioa egitean ez da kontuan hartuko aurreko urteetan diru-laguntza eskatu den ala ez.

Konponbideetarako behar adina arrazoi ematen ez duten eskabideak edo lurra egonkortzeko aurrekontu desorekatua dutenak ezetsiko dira, baita proiektuetan hasiak edo bukatuak diren obrak biltzen dituztenak ere. Ez da behin ere diru-laguntzarik emanen eginak dauden obretarako.

5. Kontzesioa.

Diru-laguntza eman edo ukatzeko, ebazpen arrazoitu bat emanen du Herri Lan zuzendari nagusiak, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta bi hilabeteko epean. Epe horretan ebazpenik eman ezean diru-laguntzaren eskabidea ezetsitzat jo behar da. Ematen diren diru-laguntzak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, eta bertan ondokoak azalduko: deialdia, programa, diru-laguntzak finantzatzeko aurrekontuko dirua, onuraduna, onarturiko zenbatekoa eta diru-laguntzaren helburua.

Diru-laguntzak emateko baldintza izanen da aurrekontuetan behar adina diru egotea. Batzorde Teknikoak prestaturiko zerrendan arrisku hurrenkeraren arabera lehenengo daudenei emanen zaizkie.

Diru-laguntzaren eskabidea ontzat hartzen duen ebazpen horrek berak finkatuko du laguntza zenbatekoa izanen den, deialdi honetako 1. puntuak ezartzen dituen mugen barrenean eta eskatzaileak eskatu duenaren arabera.

6. Bateragarritasuna.

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak jarduera garatzeko jasotzen diren bestelako diru-laguntzekin batzen ahal dira.

Hala ere, zenbatekoak, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo berezko baliabide batzuekin baturik, ez du behin ere gaindituko entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

7. Zenbatekoa eta finantzabidea.

Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak, aurrekontuan dauden baliabideen arabera, osorik finantzatuko ditu lanak burutzeko kontratuetako ziurtagirien eta likidazioen zenbatekoak, eta bai, hala tokatzen bada, proiektua prestatu eta lanak zuzentzearenak ere.

Esleitutako diru-laguntzetatik gehienez 220.000,00 euroko gastua izanen da 2009. urteko aurrekontukoa, "Ezponda harritsuak" izeneko 610002 61320 7609 456300 kontu-sailaren kargura, eta 250.000,00 euroko gastua 2010. urteko aurrekontukoa, kontu-sail berberekoa.

8. Ordainketa.

Ebazpenean pagatzeko bestelako modurik ezartzen ez bada, obrak buruturiko obraren ziurtagiria aurkeztearekin batera pagatuko dira.

Proiektua egitea eta lanak zuzentzea beren kontura ari diren teknikari profesionalen gain baizik ez badago, lanbide elkargoen bidez benetan ordaindutako zerbitzu-sariak hartuko dira aintzat, baldin eta haien tarifa orientatiboei lotzen bazaizkie eta ikus-onetsien fakturen bidez justifikatzen badira.

Proiektua eta lanak hartzaileenak diren bitartekoekin egin eta zuzentzen direnean, hartzaileek entitateko organo eskudunek emandako ziurtagirien bidez frogatuko dituzte diru zenbatekoak.

9. Onuradunen betebeharrak.

Laguntzak hartzen dituztenek honako betebeharrak izanen dituzte:

1. Diru-laguntzapeko jarduera burutzea eta Proiektu, Trenbide eta Lan Hidraulikoen Zerbitzuak egin nahi duen edozein kontrol eta jarraipen lani trabarik ez jartzea.

2. Diru-laguntzen xede diren obrak gehienez ere hiru (3) hilabeteko epean hasi beharko dira, laguntzak emateko ebazpenaren jakinarazpena hartzen denetik hasita. Proiektu, Trenbide eta Lan Hidraulikoen Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio noiz hasiko diren obrak, 2010eko aurrekontuaren bidez pagatzen diren obra eta lanak izan ezik.

3. Proiektuaren garapenean edukia edo kostua aldatzea ekar dezakeen gorabeherarik izaten bada, haren berri ematea Proiektu, Trenbide eta Lan Hidraulikoen Zerbitzuari. Aldaketa horrek ez dio konpromisorik sortuko Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari, berariaz onartzen ez badu behintzat.

4. Diru-laguntza ordaintzeko behar den dokumentazioa aurkeztea, deialdi honetako 8. oinarrian ezartzen den moduan.

5. Diruz lagundutako jardueraren finantziazioa publikoa dela jakinaraztea, publizitate egokiaren bidez.

6. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritako ondorioetarako, diru-laguntzaren xede diren jarduerak egiteko hornitzaileak eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu direla frogatzeko adierazpena aurkeztea.

10. Ez-betetzea.

Oinarri hauetan aipatzen diren betebeharrak ez betetzeak diru-laguntza galtzea ekarriko du, eta, hala tokatzen bada, jasotako dirua itzuli beharra, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluak agintzen duen moduan.

Era berean, onuradunak lege horren IV. tituluak xedatzen duenari lotuko zaizkio.

11. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri hauen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Herri Lan, Garraio eta Komunikazioko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F0902214