25. ALDIZKARIA - 2009ko otsailaren 27a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

78/2009 FORU AGINDUA, otsailaren 12koa, Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunak emana, nafar emigratzaileei eta Nafarroako Foru Komunitatera itzultzen direnei laguntzak emateko 2009ko deialdia onesten duena.

Nafarroako Foru Komunitateak, Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuaren bitartez, lankidetza harremanak ditu nafar emigratzaileek osatutako elkarteekin, atzerrian dauden nafar etxeekin, besteak beste, eta haien jarduerak sustatzen ditu laguntza ekonomikoen bidez. Hala, egun batean gure lurraldetik alde egin behar izan zutenekiko harreman eta loturei eusten die.

Laguntza hauez gain, Nafarroako Foru Komunitateak, bere herritarren gizarte kontzientziari kasu eginez, 2009ko Aurrekontu Orokorretan funtsak jarri ditu atzerrian dauden nafarrei eta itzuli direnei laguntzak emateko.

Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuak interes sozialekotzat jotzen du beren lurrera itzuli nahi baina arrazoi ekonomikoengatik oztopoak dituzten nafar emigratzaileei itzulera erraztea. Bidezkoa da, beraz, helburu horietarako laguntzak emateko araubidea ezartzea.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kontura onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko ematen diren diru-laguntzei aplikatu beharreko araubide juridiko orokorra ezarri zuen. Diru-laguntzak eman aitzin, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko ditu, deialdiaren xede den egoeran daudenek diru-laguntza eskuratzeko aukera izan dezaten.

Deialdi honen xedea da Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetan bizi diren nafar emigratzaileei eta haien ahaideei laguntzak ematea beren sorterrira behin betiko itzultzeko edo Foru Komunitatean egonaldiak egiteko. Gainera, deialdiak interesdun guztiei aukera ematen die baldintza berberetan parte hartzeko eta bermatzen du, aldi berean, diru-laguntzak irizpide objektiboei jarraikiz ematea.

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek eta kontu-hartzailetza delegatuaren txostenak adierazi dute, hurrenez hurren, laguntza hauek egokiak eta onura publikokoak direla eta deialdia eta haren oinarriak legezkoak direla.

Nafarroako Gobernuak 2009ko otsailaren 2an egindako bilkuran hartutako Erabakiak deialdi hau banakako ebaluazioaren araubidean tramitatzeko baimena eman du.

Horrenbestez, Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 120/2007 Foru Dekretuan aitorturiko ahalmenak erabiliz eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearekin bat,

AGINDU DUT:

1. Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetan bizi diren nafar emigratzaileei eta haien ahaideei Nafarroako Foru Komunitatera behin betiko itzultzeko edo aldi baterako etortzeko laguntzak emateko 2009ko deialdia onestea (ID 1553).

2. Deialdiaren oinarriak onestea. Foru agindu honen eranskinean daude.

3. Baimena ematea 50.000 euroko gastua egin dadin foru agindu honetatik sortutako konpromisoetarako, 2009ko Gastuen Aurrekontuko "Laguntzak atzerrian dauden nafarrentzat eta itzuli direnentzat" izeneko B20003 B2220 4809 144100 kontu-sailaren kargura.

4. Foru agindu hau igortzea Nafar Biltokien, Erkidegoen Etxeen eta Elkarteen Atalari, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuari, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Foru agindu honen kontra bidezko da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedaturikoarekin bat.

Iruñean, 2009ko otsailaren 12an.-Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eleduna, Alberto Catalán Higueras.

ERANSKINA

Nafar emigratzaileei eta Nafarroako Foru Komunitatera itzultzen direnei laguntzak emateko 2009ko deialdiaren oinarri arautzaileak

1. Xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetan bizi diren nafar emigratzaileei eta haien ahaideei beren sorterrira behin betiko itzultzeko edo Foru Komunitatean egonaldiak egiteko Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuak ematen dituen laguntzen araubidea ezartzea.

2. Finantziazioa.

Foru agindu honen xede diren laguntzak 2009rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretatik finantzatuko dira, "Laguntzak atzerrian dauden nafarrentzat eta itzuli direnentzat" izeneko kontu-sailaren kargura. 25.000 euro jarri dira behin betiko itzultzeko eta 25.000 euro Foru Komunitatean aldi baterako egonaldiak egiteko.

Eskaerak dagokien modalitatearen barnean baloratu eta ebatziko dira, bakoitza bere aldetik.

"Itzulerarako laguntzak" modalitatean aurrekontuko kreditua agortzen bada, foru agindu baten bidez, "aldi baterako egonaldietarako laguntzak" modalitateko kreditu osoa edo zati bat hartuta handitu liteke, gastua konprometitua ez badago, eta alderantziz.

3. Laguntza motak.

Deialdi honen babesean, laguntza hauek eskatzen ahalko dira:

Nafarroara behin betiko itzultzeko laguntzak.

Nafarroan aldi baterako egonaldiak egiteko laguntzak.

4. Diru-laguntzen xede izan daitezkeen gastuak eta laguntzen zenbatekoak.

Behin betiko itzultzeko laguntzen kasuan, diru-laguntzaren xedeko gastutzat hartuko dira itzultzeko txartelen kostua eta norberaren altzariak eta gauzak Nafarroara ekartzekoa.

Modalitate honetan, laguntza justifikatzen diren gastu guztien %100ekoa izanen da, onartzen den diru-laguntza berdindu arte. Nolanahi ere, onuradun bakoitzari 15.000 euroko laguntza emanen zaio gehienez.

Nafarroan aldi baterako egonaldiak egiteko laguntzen kasuan, diru-laguntzaren xedeko gastutzat hartuko da, bakar-bakarrik, Nafarroara etorri eta emigrazioko herrialdera itzultzeko bidaia-txartelen kostua. Nafarroan dagoen bitartean ostatu eta mantenu gastuak onuradunaren kontura izanen dira.

Modalitate honetan, laguntza justifikatzen diren gastu guztien %90ekoa izanen da, onartzen den diru-laguntza berdindu arte.

Bi modalitateetan, turista motako abioi txartelak baizik ez dira onartuko.

5. Eskatzaileen betebeharrak.

5.1. Behin betiko itzultzeko laguntzak.

Behin betiko itzultzeko laguntzak, betebehar hauek betetzen dituzten nafar emigratzaileek eskatzen ahalko dituzte:

-Nafarroako Foru Komunitatean jaioa izatea.

-Europar Batasunetik kanpoko herrialde batean bizi izana 20 urtez bederen.

-Bizitoki iraunkorra Nafarroan finkatzeko asmoa izatea edo azkeneko bi urteotan bertan finkatua izatea.

-Behar ekonomikoa izatea, 6. oinarrian adierazitako errentak ez gainditzeagatik.

Eskatzaileak bere familia unitateko gainerako kideekin itzuli nahi badu Nafarroara, bere kargura dauden ahaide guztientzat ere emanen da laguntza, hots, ezkontidearentzat edo ezkontzaren parekoa den harreman egonkorra duen pertsonarentzat eta, orobat, odol, ezkontza edo adopzio bidez eskatzailearekin lehen mailako ahaidetasuna dutenentzat, betiere harekin bizi eta ekonomikoki haren mende baldin badaude. Kasu horietan, familia unitateko kideen per capita errenta ezin da 6. oinarrian finkatutakotik gorakoa izan.

Laguntza eskatzeko eskubidea duen pertsona Nafarroara itzuli eta laguntzak eskatu aurretik hiltzen bada, aurreko idatz-zatian adierazitako pertsonek laguntza eskatzen ahalko dute, hura hil eta hurrengo sei hilabeteetan.

5.2. Aldi baterako egonaldiak egiteko laguntza.

Nafarroan aldi baterako egonaldiak egiteko laguntzak, betebehar hauek betetzen dituzten nafar emigratzaileek eskatzen ahalko dituzte:

-Nafarroako Foru Komunitatean jaioa izatea.

-Europar Batasunetik kanpoko herrialde batean bizi izana 20 urtez bederen.

-Azkeneko 7 urteetan Nafarroan egon gabea izatea.

-Behar ekonomikoa izatea, 6. oinarrian adierazitako errentak ez gainditzeagatik.

Eskatzaileak egonaldi bat egin nahi baldin badu Nafarroan bere ezkontidearekin edo ezkontzaren parekoa den harreman egonkorra duen pertsonarekin, harentzat ere izanen da laguntza, betiere c) eta d) letretan ezarritako betebeharrak betetzen baditu.

Era berean, nafar emigratzaileen lehenengo eta bigarren mailako odol bidezko ondorengoek eskatzen ahalko dute laguntza (seme-alabak eta bilobak), betiere b), c) eta d) letretan ezarritako betebeharrak betetzen badituzte.

Nolanahi ere, deialdi honen babesean Nafarroan aldi baterako egonaldi bat egiteko laguntza jasotzen dutenek ezin izanen dute beste bat eskatu hurrengo hamar urteetan.

6. Behar ekonomikoaren egoera.

Laguntza hauek jasotzen ahalko dituzte, bakar-bakarrik, laguntza mota bakoitzerako 5. oinarrian ezarritako betebeharrak bete eta behar ekonomikoa duten pertsonek.

Eskatzailearen egoera ekonomikoa baloratzeko, kontuan hartuko da eskaera egin aurreko urteko errentaren zenbatekoa. Horretarako, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zerga-oinarria kalkulatzeko erabiltzen diren antzeko irizpideak erabiliko dira.

Deialdi honen ondorioetarako, behar ekonomikoaren egoeran dagoela ulertuko da eskatzailearen urteko errenta, edo kasua bada, familia unitateko kideen per capita errenta (laneko errentak, pentsioak, kapital-etekinak edo enpresa jardueretako kapitalak hartuta), aurreko idatz-zatian ezarri bezala kalkulatuak, kasuan kasuko urteko IPREM-Ondorio Askotarako Errenta-Adierazle Publikoaren zenbatekoa halako bi edo baxuagoa baldin bada. 2009. urtean adierazle hori 6.326,86 eurokoa da urtean.

7. Eskaera non eta noiz aurkeztu.

Deialdi honetan ezarritako laguntzak jaso nahi dituzten pertsonek dagokion eskaera biltzen duen eskabidea aurkeztuko dute Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38. artikuluko 4. idatz-zatian ezarritako lekuetako batean.

Eskabidea Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuko Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritza Nagusira igorriko da, hurrengo puntuan ezartzen den dokumentazioarekin batera, eta bertan adierazi beharko da zein laguntza mota eskatzen den.

Eskaerak aurkezteko epea 2009ko urriaren 15era arte egonen da irekita. Hortaz, egun horretatik aurrera aurkezten diren eskaerak ez dira onartuko.

8. Aurkeztu beharreko agiriak.

8.1. Kasu guztietan aurkeztu beharreko agiriak.

Laguntza eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira kasu guztietan:

-Eskatzailearen NANa edo pasaportea, eta hala badagokio. harekin Nafarroara itzuli edo aldi baterako etorri diren familia unitateko kide guztiena.

-Europar Batasunetik kanpoko herrialde batean 20 urtez bederen bizi izana egiaztatzen duen agiria.

-Errentetatik datozen diru-sarrera guztien egiaztagiriak (jarduneko lanekoak, pentsioetakoak, kapitalekoak edo enpresa jardueretakoak, 2008. urtekoak), bai eskatzailearenak, baita harekin Nafarroara itzuli edo aldi baterako etorri diren familia unitateko kide guztienak ere.

-Nafarroara itzultzeko edo aldi baterako etortzeko gastuen aurekontua.

-Joan-etorria noiz egin gogo den.

-Eskatzailearen erantzukizuneko aitorpena, ez bera ez eta harekin etorriko diren familia unitateko kideak ere diru-laguntzen onuradun izateko debekuetan ez daudela adierazten duena. Debeku horiek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen

13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ageri dira.

-Diru-laguntza banku-transferentzia bidez edo atzerriko kontuetan ordainduz kobratzeko eskaera, Nafar Biltokien, Erkidegoen Etxeen eta Elkarteen Atalak, laguntzen organo kudeatzaile gisa, emanen dituen ereduen araberakoa.

-Eskatzailearen posta helbidea, telefono zenbakia eta helbide elektronikoa, eskaera aurkeztu ondoren dagokion administrazio unitateak etengabeko harremana izan dezan eskatzailearekin.

8.2. Aldi baterako egonaldiak 2009. urtean, deialdi hau argitaratu ondoren, egin behar izanez gero, aurkeztu beharreko dokumentazio osagarria.

Nafarroan aldi baterako egonaldiak egiteko laguntzen kasuan, egonaldia deialdi hau argitaratu ondoren egin behar baldin badira, eskatzaileak, aurrekoez gainera, agiri hauek aurkeztu beharko ditu.

-Erantzukizuneko aitorpena, Espainian egin zuen azkeneko bisita edo egonaldia noiz izan zen adierazten duena.

-Hala badagokio, eskatzaileak laguntza jasotzeko eskubidea ematen dion pertsonarekin duen ahaidetasuna egiaztatzeko agiri ofiziala (familia liburua, jaiotze-agiria, etab.).

8.3. Aldi baterako egonaldiak 2009. urtean, deialdi hau argitaratu baino lehen egin baldin badira, aurkeztu beharreko dokumentazio osogarria.

Nafarroan aldi baterako egonaldiak egiteko laguntzen kasuan, egonaldia deialdi hau argitaratu ondoren egin behar baldin badira, eskatzaileak, aurrekoez gainera, agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

-Erantzukizuneko aitorpena, Espainian egin zuen azkeneko bisita edo egonaldia noiz izan zen adierazten duena.

-Hala badagokio, eskatzaileak laguntza jasotzeko eskubidea ematen dion pertsonarekin duen ahaidetasuna egiaztatzeko agiri ofiziala (familia liburua, jaiotze-agiria, etab.).

-Aldi baterako egonaldiak sortutako gastuen jatorrizko fakturak edo froga gisa erabil daitezkeen beste agiri batzuk, hala nola haiek benetan ordaindu direla egiaztatzeko agiriak.

8.4. Behin betiko itzulera laguntzen deialdi hau argitaratu aurreko bi urteetan egin dutenen kasuan, aurkeztu beharreko dokumentazio osagarria.

Behin betiko itzultzeko laguntzen kasuan, itzulera deialdi hau argitaratu aurreko bi urteetan egin baldin bada, eskatzaileak, aurrekoez gainera, agiri hauek ere aurkeztu beharko ditu:

a) Itzultzeko izandako gastuen jatorrizko fakturak edo froga gisa erabil daitezkeen beste agiri batzuk, hala nola haiek benetan ordaindu direla egiaztatzeko agiriak.

b) Itzulitako emigratzaileen ziurtagirien kopia konpultsatuak, itzuli diren familia unitateko kide guztienak, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzaren Lan eta Gizarte Gaietarako Arloak edo Bulego Probintzialak luzatuak.

c) Itzuli diren familia unitateko kide guztiak Nafarroako udalerri batean bizi direla egiaztatzeko erroldatze-agiriak.

9. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Eskaerak eskatzen diren baldintzak betetzen ez baditu edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezten ez badira, organo instruktoreak entitate interesdunari gehienez ere hamar egun balioduneko epean akatsak zuzentzeko eskatuko dio, eta ohartaraziko dio, horrela egin ezean, eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko agindu eta horren berri emanen da.

10. Prozeduraren instrukzioa.

Eskaeraren tramitazioa Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiak eginen du, eta Nafar Biltokien, Erkidegoen Etxeen eta Elkarteen Atala izendatuko da organo instruktore.

11. Eskaerak baloratzeko irizpideak eta laguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak banakako ebaluazioaren araubidearen bidez tramitatuko dira. Hortaz, eskatzaileek betebehar guztiak betez gero, deialdian aurreikusitako laguntza jasoko dute, 4. oinarrian ezartzen dena adinakoa.

Horregatik, espedienteak eskaerak aurkeztu ahala ebatziko dira, aurrekontuetan horretarako diru dagoeino.

Erakundeekiko Harremanetarako zuzendari nagusiak, Protokolo Zerbitzuko zuzendariak eta Nafar Etxeen, Erkidegoen Etxeen eta Elkarteen Ataleko buruak osatutako batzordeak baloratuko ditu eskaerak, eta gero, laguntzak emateko proposamena eginen du.

12. Ebazpena.

Aurkezten diren eskaerak baloratu eta gero, batzordeak Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunari proposamena eginen dio, foru agindu bidez behin betiko ebazpena eman dezan, gehienez ere hilabeteko epean.

Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertuko da. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Diru-laguntzak aurrekontuan dagoen diruaren arabera emanen dira, eta ukatu eginen dira araudia betetzen ez dutenak.

Nolanahi ere, eskaeren ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian deialdi honen babesean emandako diru-laguntzen zerrenda eta haien onuradunen zerrenda argitaratuko dira.

13. Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Dealdi honen babesean ematen diren laguntzak bateragarriak dira beste administrazio pubiko batzuek helburu berberetarako ematen dituzten beste laguntza guztiekin.

Hala ere, emandako laguntzak, bakarrik edo beste diru-laguntzekin baturik, ez du behin ere gaindituko onuradunak egin beharreko jardueraren kostua. Halakoetan, deialdiko laguntza murriztuko da.

14. Gastuen justifikazioa eta diru-laguntzaren ordainketa.

Diru-laguntza jasotzeko, onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dizkiote organo instruktoreari, 2009ko abenduaren 15a baino lehen:

a) Nafarroara itzultzeko edo bertan aldi baterako egonaldia egiteko jasotako beste laguntzen aitorpena, ondokoak justifikatuz: haien diru-zenbatekoa, jatorria eta funts horiek nola aplikatu diren diruz lagundutako jardueran.

b) Itzulterak edo aldi baterako egonaldiak sortutako gastuen jatorrizko fakturak edo froga gisa erabil daitezkeen beste agiri batzuk, hala nola haiek benetan ordaindu direla egiaztatzeko agiriak.

Laguntzak frogagiriak onartu ondoren ordainduko dira, haiek aurkeztu eta 30 eguneko epean.

Aurrekoa gorabehera, behin betiko itzulera edo aldi baterako egonaldia deialdi hau argitaratu aurretik egin baldin bada, laguntza eskaerarekin batera gastuen frogagiriak aurkeztu beharko dira, hots, egindako gastuen jatorrizko fakturak edo froga gisa balio bera duten beste agiri batzuk, hala nola ordainketa horiek benetan egin direla egiaztatzeko agiriak, deialdiko 8.3 eta 8.4 oinarrietan ezarrita dagoen bezala.

15. Onuradunen betebeharrak.

Deialdi honetako laguntzen onuradunek beste administrazio publikoren batetik xede bererako beste edozein diru-laguntza edo laguntza jasotzen badute, horren berri eman beharko diote Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiari.

Onuradunek laguntzaren zenbatekoa osorik edo zati batean itzuli beharko dute, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. eta 37. artikuluetan aipatzen diren kasuetan eta horietan ezartzen diren baldintzetan.

Era berean, onuradunak laguntza hauek erabiltzeari uko eginez gero, behartuak daude hori jakinaraztera, behar den aurrerapenaz, idatziz azalduz bertan behera uzteko arrazoiak, horrela laguntzak berriz erabiltzeko aukera egon dadin.

16. Aplikatzekoak diren arauak.

Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan Diru-laguntzei buruzko ekainaren 9ko 11/2005 Foru Legean oro har xedatutakoa aplikatuko da.

17. Errekurtsoak.

Deialdiaren oinarrien kontra eta hori aplikatzeko egintzen kontra zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, aurkatu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik kontatuta.

18. Informazioa eta harremana.

Deialdi honen gaineko informazio gehiago nahi izanez gero, hona jo: Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuko Nafar Biltokien, Erkidegoen Etxeen eta Elkarteen Atala. Helbidea: Karlos III.aren etorbidea, 2, behea, 31002, Iruña (Nafarroa). Telefonoa: 848.42.71.13. Posta elektronikoa: ji.ausin.inigo@cfnavarra.es.

Iragarkiaren kodea: F0902410