25. ALDIZKARIA - 2009ko otsailaren 27a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.3. Nahitaezko desjabetzeak

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2009ko otsailaren 16an hartua, "NA-6631 errepidean saihesbidea egiteko (Funesko saihesbidea)" proiektuaren lanek ukituriko ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adierazten duena.

Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak apirilaren 20an emandako 57/2007 Foru Aginduaren bidez, "NA-6631 errepidean saihesbidea egiteko (Funesko saihesbidea)" proiektuari onespen teknikoa eman zion eta, Ingurumen eraginaren azterlanarekin batera, jendaurrean paratu zuen, proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideak jakinarazteko eta ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egiteko.

Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak azaroaren 15ean emandako 137/2007 Foru Aginduaren bidez "NA-6631 errepidean saihesbidea egiteko (Funesko saihesbidea)" proiektua jendaurrean egoteko epea bukatutzat eman eta proiektu hori behin betiko onetsi zen.

Ikusita hobetu nahi den errepideak zirkulazio handia duela eta bide tarte horiek lehenbailehen aldatu behar direla, istripuak saihestu eta zirkulazioa hobetuko bada, komenigarria da lanak ahalik eta lasterren egitea; beraz, behar diren lurrak eskuratzeko tramiteak arindu ahal izateko, beharrezkoa da ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakotzat jotzea, hori guztia Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak proposatuta,

ERABAKI DU:

1. "NA-6631 errepidean saihesbidea egiteko (Funesko saihesbidea)" proiektuko lanek ukituriko ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea.

2. Ukituriko ondasun eta eskubideak eskuratzeko kalkulatu den gastua 75.000 eurokoa da eta 2009ko aurrekontuko "Azpiegituretarako lurren desjabetzea" izeneko 610000 61340 6001453200 kontu-sailaren kargura ordainduko da.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, argitaratzen den egunetik ondorioak izateko, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bideari bukaera ematen diola, eta haren aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean edo, bestela, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan aurkaratu daitekeela, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aldez aurretik errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

4. Erabaki hau jakinaraztea Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Proiektu, Trenbide eta Lan Hidraulikoen Zerbitzuko Desjabetze Atalari, Idazkaritza Nagusi Teknikoko Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak departamentu horretan duen Kontu-Hartzailetza Delegatuari.

Iruñean, 2009ko otsailaren 16an.-Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0902477