25. ALDIZKARIA - 2009ko otsailaren 27a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

29/2009 FORU AGINDUA, otsailaren 24koa, Hezkuntzako kontseilariak emana. Horren bidez onesten dira diru publikoarekin ari diren Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Erdi Mailako eta Goi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleak 2009-2010 ikasturtean onartzeko prozedura arautzen duten oinarriak.

Apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuak Nafarroako Foru Komunitatean funts publikoekin sostengatutako unibertsitatez kanpoko ikastetxeetan ikasleak onartzeko prozedura arautzen du. Horren arabera, beharrezkoa da urtero jarduketa egutegia ezartzea eta aipatutako foru dekretuak behar dituen prozedurari buruzko alderdiak garatzea.

Apirilaren 23ko 35/2007 Foru Dekretuan aurreikusitako Eskolatze Batzorde Nagusia eta Tokian tokiko Eskolatze Batzordeak sortzen dituen apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuak ezartzen du aipatu dekretu horretan ezarritako lehentasunezko irizpideak gainbegiratu behar direla eta, hala behar denean, onarpen prozesuko oinarri arautzaileetan ezartzen diren irizpide osagarriak behar bezala ezartzen diren gainbegiratu behar dela.

Hori dena, Hezkuntza Departamentuaren barruan sortzen ari den Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusia deusetan galarazi gabe, ikasleak Nafarroako hezkuntza sisteman sartzen direla begiratuko duena, aukera berdintasunean eta indarra duen arautegiari lotuz Nafarroako Gobernuak aurrekontuetarako harturiko konpromisoekin bat. Huraxe arduratuko da prozesu honetan esku hartzen.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluaren 1. idatz-zatiko g) letran ematen zaizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Lehena.-Onestea Nafarroako Foru Komunitatean diru publikoarekin ari diren ikastetxeetan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Erdi Mailako eta Goi Mailako Heziketa Zikloetako irakaskuntzetan ikasleak 2009-2010 ikasturtean onartzeko prozeduraren oinarriak. Oinarriok foru agindu honetan zehazten dira.

Bigarrena.-Foru agindu hau eta beronen eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hirugarrena.-Foru agindu hau igortzea Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzura, Hezkuntza Ikuskapeneko Zerbitzura, Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzura, Kalitatearen eta Genero Berdintasunaren Zerbitzura, Euskara Atalera, Ikasketak Antolatzeko Atalera, Ikastetxeen Plangintza eta Garapenerako Atalera, Hezkuntza Garapenaren Atalera, Orientazio Atalera, Hezkuntza Premia Berezien Atalera eta Irakasleen Prestakuntzako Atalera, behar diren ondorioak sor ditzan.

Iruñean, 2009ko otsailaren 24an.-Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Pérez-Nievas López de Goicoechea.

DIRU PUBLIKOAREKIN ARI DIREN NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO IKASTETXEETAKO DERRIGORREZKO BIGARREN HEZKUNTZAKO, BATXILERGOKO ETA ERDI MAILAKO ETA GOI MAILAKO HEZIKETA ZIKLOETAKO IKASLEAK 2009-2010 IKASTURTEAN ONARTZEKO PROZEDURA ARAUTZEN DUTEN OINARRIAK

1. oinarria. Prozedura.

Ikasleak onartzeko prozedura apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuaren 4. artikuluaren 1., 2., 4. eta 5. idatz-zatietan ezarritakoaren arabera eginen da. Foru dekretu horren bitartez Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan ikasleak onartzeko arauak onesten dira.

2. oinarria. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan onartzeko irizpideak.

1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko Baremazioa aipatu foru dekretuaren 6. artikulutik 15. artikulura bitarte ezarritakoaren arabera eginen da, bai eta Eskolatze Batzorde Nagusia eta Tokian tokiko Eskolatze Batzordeak sortzen dituen apirilaren 23ko 35/2007 Foru Dekretuaren 3. artikuluan aipatzen diren irizpide osagarrien arabera ere.

2. Irizpide osagarri horiek erabiliko dira irizpide nagusiak nahikoa izan ez direnean ikastetxean ikasleak onartzeko lehentasunak ezartzeko.

3. Betiere, legez familia ugariko kidea izanez gero, irizpide bat izanen da ikasleak onartzeko, horregatik puntu bat emanen baita.

4. Ikastetxe bakoitzeko Eskola Kontseiluak gehienez ere puntu bat ematen ahalko du bestelako irizpideengatik. Horretarako, ikastetxeko organo eskudunak arrazoiak azaldurik kontuan hartu beharko ditu gorabehera nabarmen batzuk, ikastetxeek ikasleak onartzeko prozesua hasi baino lehen argitaratu beharko dituen irizpide objektiboei jarraituz.

5. Ikastetxeek irizpide horiek Eskolatze Batzorde Nagusira igorri beharko dituzte, horrek gainbegiratu ditzan, edo, bidezkoa bada, ikasleak Nafarroako hezkuntza sisteman egoki, aukera berdintasunean eta indarra duen arautegiari lotuz, sartzen direla begiratzeko osatuko den batzordera, izena aurretik emateko epea hasi baino lehen.

6. Lehentasunezko irizpideak eta, hala bada, irizpide osagarriak erabiliz gero, berdinketarik bada, apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuaren 15. artikuluaren 2. eta 3. ataletan ezarririko irizpideei jarraituz hautsiko da.

3. oinarria. Hezkuntza Sistemako Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoen eta Diseinuaren Irakaskuntzako Erdi Mailako Heziketa Zikloetan onartzeko irizpideak

1. Zuzeneko sarreraren bidezko orotariko modalitate arruntean erdi mailako heziketa zikloetan sartzeko, betebehar hauetako baten bat bete beharko da:

-Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gradudun titulua izatea.

-Teknikari laguntzaileen titulua izatea.

-Teknikarien titulua izatea.

-Batxilergo Balioaniztun Bateratuko bigarren maila gainditu izana.

Erdi Mailako Irakaskuntzaren Erreforma Esperimentaleko lehen zikloko 2. maila gainditu izana.

-Arte Aplikatuen eta Lanbide Artistikoen ikasketetan 1963ko Planeko hirugarren maila edo esperimentaleko guztiendako ikasgaietako bigarrena gainditua izatea.

-Ondorio akademikoetarako aurreko horietakoren baten baliokide diren beste ikasketa batzuk gaindituak izatea.

-Behar den titulu akademikoa ez dutenak kasuan kasuko sarrera proba gainditu ondoren sartzen ahalko dira erdi mailako heziketa zikloetan.

-Arte Plastikoetako eta Disenuko irakaskuntzen Heziketa Zikloetan sartzeko, arterako gaitasun proba ere gainditu beharko da, horri buruzko arauan xedatu bezala.

2. Zuzeneko sarreraren bidezko orotariko modalitate arruntean erdi mailako heziketa zikloetan sartzea eskatzen duten ikasleendako lehentasun hauek izanen dira, hurrenkera honetantxe:

-Lehenbizikoa: 2008-2009 ikasturtean Bigarren Hezkuntzako gradudun titulua lortzen dutenek.

-Bigarrena: Bigarren Hezkuntzako gradua aurreko ikasturteetan lortu dutenak.

-Hirugarrena: aurreko atalean aipatu diren ikasketen titulua dutenak.

-Laugarrena: hala ere berdinketa izanez gero, zozketa eginen da.

Zuzenean sartzeko eskabideak gehiago badira eskaintzen diren ikastokiak baino, aurreko taldeetako ikasleak onartuko dira, hurrenkera horretan, ikaslearen ikasketa espedienteko batez besteko nota handiena kontuan hartuta, foru agindu honen honen 10. oinarriko atalen arabera kalkulatuta. Hala, batez besteko nota kalkulaturik ez duten ikasleak azken geldituko diraa. hala ere berdinketa izanez gero, zozketa eginen da.

3. Proba baten bidez sartzea: ikastetxeek lau ikastoki gordeko dituzte eskaintzen duten talde eta erdi mailako heziketa ziklo bakoitzerako.

Eskatzaileen kopurua eskaintzen diren ikastokiena baino handiagoa bada, sarrera proban lortutako nota handienetik txikienera antolatutako ikasleak hurrenez hurren onartuko dira. Proban lortutako kalifikazioaren zenbakizko balioa jakiterik ez badago ziurtagirian "gai" hutsa jaso delako, 5 puntuko balioa emanen da.

Berdinketarik izanez gero, lehentasun hurrenkera hau ezarriko da:

-Lehenbizikoa: egin nahi duten heziketa zikloarekin lotura duen ekoizpen sektore batean urtebete baino gehiagoko lan esperientzia dutela frogatzen dutenak.

-Bigarrena: edozein ekoizpen sektoretan urtebetetik gorako lan esperientzia dutela frogatzen dutenak.

-Hirugarrena: behar adinako lan esperientzia dutela frogatzen ez dutenak.

-Laugarrena: Hala ere berdinketa izanez gero, zozketa eginen da.

4. Proba Nafarroako Foru Komunitatean 2009ko deialdian egin eta erdi mailako heziketa zikloetan sartzeko proba beste autonomia erkidego batean gainditzen duten ikasleek, edo proba aurreko deialdietan gainditu dutenek, izena eman duteneko ikastetxean aurkeztu beharko dute aukeratu duten probaren ziurtagiria, Nafarroako Foru Komunitateko 2009ko deialdiko heziketa zikloetan sartzeko probetako behin-behineko emaitzak argitaratzen direnetik behin betikoak argitaratzen direnera. Nafarroan 2009an egindakoa aukeratzen ez bada, bertan izaniko emaitzen ondoriozko eskubideei uko eginen zaie eta uko hori espresuki adierazi beharko da, kasuan-kasuan izena ematen deneko ikastetxean.

5. 25 urtetik gorakoak unibertsitatean sartzeko proba gainditu dutenak proba bidez sartuko dira, gainerako izangaien baldintza berberetan. Horretarako, 25 urtetik gorakoak unibertsitatean sartzeko proba gainditu izanaren frogagiria aurkeztu beharko dute, bai eta heziketa zikloetan sartzeko probatik salbuetsita daudela frogatzen duen agiria ere.

4. oinarria. Hezkuntza Sistemako Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoen eta Diseinuaren Irakaskuntzako Goi Mailako Heziketa Zikloetan onartzeko irizpideak

1. Zuzeneko sarreraren bidezko orotariko modalitate arruntean goi mailako heziketa zikloetan sartzeko, betebehar hauetako baten bat bete beharko da:

-Batxilergoko titulua izatea.

-Batxilergo Esperimentaleko edozein modalitatetako bigarren maila gainditu izana

-Unibertsitatera (edo unibertsitate baino lehenagokora) Bideratzeko Ikastaroa gainditu izana.

-Goi mailako teknikari edo espezialisten titulua edo ondorio akademikoetarako baliokidea dena edukitzea.

-1963ko Ikaketa Planeko edo Plan Esperimentaleko Arte Aplikatuetako eta Lanbide Artistikoetako gradua edukitzea.

-Unibertsitate bateko titulua edo antzekoa edukitzea.

-Behar den titulu akademikoa ez dutenak kasuan kasuko sarrera proba gainditu ondoren sartzen ahalko dira goi mailako heziketa zikloetan.

Arte Plastikoetako eta Disenuko irakaskuntzen Heziketa Zikloetan sartzeko, arterako gaitasun proba ere gainditu beharko da. Honako hauek salbuetsiak daude:

a) Arte Batxilergoaren edo Arte Batxilergo Esperimentalaren titulua dutenak.

b) Arte Plastikoen, Diseinuaren, Kultur Ondasunak Zaindu eta Zaharberritzeko titulua, edo baliokidetzat jotzen diren titulazioak, dituztenak, bere espezialitate ezberdinetan.

c) Arte Plastikoetako eta Diseinuko teknikari edo goi mailako teknikari titulua dutenak.

d) Arte batxilergoko Diseinuaren oinarriak izeneko irakasgaia gainditua dutenak.

e) Arte Ederretako, Arkitekturako edo Industri Diseinuko Ingeniaritza Teknikoko lizentzia dutenak.

f) Arte modalitateko goi mailako heziketa zikloetan sartzeko proba gainditu dutenak.

2. Zuzeneko sarreraren bidezko orotariko modalitate arruntean goi mailako heziketa zikloetan sartzea eskatzen duten ikasleendako lehentasun hauek izanen dira, hurrenkera honetantxe:

-Lehenbizikoa: Batxilergoko titulua 2008-2009 ikasturtean lortzen dutenak.

-Bigarrena: LOGSEko Batxilergoko titulua aurreko urteetan lortu dutenak edo Batxilergo Esperimentaleko edozein modalitatetako bigarren maila edo Unibertsitatera Bideratzeko Ikasturtea (UBI) gainditu dutela frogatzen dutenak, betiere goi mailako teknikari, teknikari espezialista edo unibertsitateko titulurik ez badute.

-Hirugarrena: goi mailako teknikarien edo teknikari espezialisten titulua edo unibertsitate bateko titulua edo baliokidetzat jotzen den titulu bat daukatenak.

Izena aldez aurretik ematerakoan dauzkan ikasketa titulu guztiak adierazi beharko dira; bestela, galdu egin lezake erdietsi duen ikastokia.

Zuzeneko sarrera eskatzen duten ikasleen kopurua eskainitako ikastokiena baino handiagoa baldin bada, hurrenez hurren onartuko dira lehenbiziko, bigarren eta hirugarren taldeetako ikasleak, honako irizpide hauei jarraikiz:

-Lehenbizikoa: Batxilergo modalitateren bat egina izatea, edo, bestela, Unibertsitatera Bideratzeko Ikasturteko aukeretako bat, hain zuzen ere, foru agindu honen I eta II. eranskinetan Heziketa Ziklo bakoitzerako ezarritakoa.

-Bigarrena: ikaslearen ikasketa espedienteko batez besteko nota foru agindu honen honen 10. oinarriko atalen arabera kalkulatuko da. Espedientearen balorazioa titulu bakoitzari lotutako modalitate eta irakasgaiei dagokie. Hala, batez besteko nota kalkulaturik ez duten ikasleak azken geldituko dira.

-Hirugarrena: Batxilergoko irakasgaiak ikasi izana. Heziketa Ziklo bakoitzari zein dagozkion I. eranskinean ageri da.

-Laugarrena: hala ere berdinketa izanez gero, zozketa eginen da.

3. Proba baten bidez sartzea: ikastetxeek sei ikastoki gordeko dituzte eskaintzen duen goi mailako talde eta heziketa ziklo bakoitzerako. Haietariko lau Nafarroako Foru Komunitatean 2007-2008 eta 2008-2009 ikasturteetan prestakuntza ikastaroan sartzeko probetarako prestatzeko ikastaroa egin duten ikasleendako.

Eskaitzaileen kopurua eskaintzen diren ikastokiena baino handiagoa bada, sarrera proban lortutako nota handienetik txikienera antolatutako ikasleak hurrenez hurren onartuko dira. Proban lortutako kalifikazioaren zenbakizko balioa jakiterik ez badago ziurtagirian "gai" hutsa jaso delako, 5 puntuko balioa emanen da.

Berdinketarik izanez gero, ondoko irizpideei jarraikiz hautsiko da:

-Lehenbizikoa: Lanbide Heziketako Goi Mailako Zikloetan sartzeko proba prestatzeko ikastaroan izandako batez besteko nota handienetik txikienera.

-Bigarrena: egin nahi duten heziketa zikloarekin lotura duen ekoizpen sektore batean urtebete baino gehiagoko lan esperientzia dutela frogatzen dutenak.

-Hirugarrena: Edozein ekoizpen sektoretan urtebetetik gorako lan esperientzia dutela frogatzen dutenak.

-Laugarrena: Hala ere berdinketa izanez gero, zozketa eginen da.

4. Proba Nafarroako Foru Komunitatean 2009ko deialdian egin eta goi mailako heziketa zikloetan sartzeko proba beste autonomia erkidego batean gainditzen duten ikasleek, edo proba aurreko deialdietan gainditu dutenek, izena eman duteneko ikastetxean aurkeztu beharko dute ziurtagiria, Nafarroako Foru Komunitateko 2009ko deialdiko heziketa zikloetan sartzeko probetako behin-behineko emaitzak argitaratzen direnetik behin betikoak argitaratzen direnera. Nafarroan 2009an egindakoa aukeratzen ez bada, bertan izaniko emaitzen ondoriozko eskubideei uko eginen zaie eta uko hori espresuki adierazi beharko da, kasuan-kasuan izena ematen dueneko ikastetxean.

5. 25 urtetik gorakoak unibertsitatean sartzeko proba gainditu dutenak proba bidez sartuko dira, gainerako izangaien baldintza berberetan. Horretarako, 25 urtetik gorakoak unibertsitatean sartzeko proba gainditu izanaren frogagiria aurkeztu beharko dute, bai eta heziketa zikloetan sartzeko probatik salbuetsita daudela frogatzen duen agiria ere.

5. oinarria. DBH, Batxilergo eta Lanbide Heziketarako epeak.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan ikasleak onartzeko prozesuaren epeak egutegi honen arabera ezarri dira:

1. Epe arrunta:

a) Izena aldez aurretik emateko eskabideak aurkeztea: martxoaren 23tik martxoaren 30era bitarte, biak barne.

b) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan onartuen behin-behineko zerrenda argitaratzea: apirilaren 3an.

c) Heziketa zikloetan izena eman duten guztien zerrenda: apirilaren 3an.

d) Heziketa zikloetarako zuzeneko sarreraren bidez onartuen behin-behineko zerrenda: ekainaren 29an argitaratuko da, ikasleek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko espediente akademikoko batez besteko nota aurkeztu ondoren (aurkezteko mugaeguna: ekainaren 26a). Agiri horiek aurkezten ez dituzten ikasleak baztertuko dira. Bestaldetik, irailerako gairen bat gainditu gabe duten ikasleak onarpenaren zain geldituko dira.

e) Proba bidezko sarreran onartuen behin-behineko zerrenda: sarrerako probako emaitzak jakin eta gero argitaratuko dira, ekainaren 15ean, erdi mailako heziketa zikloetarako, eta ekainaren 26an goi mailako heziketa zikloetarako.

f) Erreklamazioak aurkeztea:

-Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan onartuen behin-behineko zerrendaren kontra: apirilaren 3tik 6ra bitarte, biak barne.

-Heziketa zikloetan izena eman duten guztien zerrendaren kontra: apirilaren 3tik 6ra bitarte, biak barne.

-Zuzeneko sarreraren bidez erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloetako onartuen behin-behineko zerrendaren kontra: ekainaren 29an eta 30ean.

-Proba bidez erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloetako onartuen behin-behineko zerrendaren kontra: ekainaren 15etik 17ra bitarte erdi mailakoendako eta ekainaren 26tik 29ra bitarte goi mailakoendako.

g) Behin betiko zerrendak argitaratzea:

-Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan onartuen behin betiko zerrenda: apirilaren 7an.

-Heziketa zikloetan izena eman duten guztien zerrenda: apirilaren 7an.

-Heziketa zikloetarako zuzeneko sarreraren bidez onartuen behin betiko zerrenda: uztailaren 1ean

-Heziketa zikloetarako proba bidez onartuen behin betiko zerrenda: ekainaren 19an erdi mailakoendako eta uztailaren 2an goi mailakoendako.

h) DBHn eta Batxilergoan lehen hautuan onartu ez diren ikasleei ikastokiak esleitzea: apirilaren 20tik 30era bitarte.

i) DBHn eta Batxilergoan onarturiko ikasleen matrikulazioa: ekainaren 24tik uztailaren 6ra, biak barne, eta bi heziketa zikloetarako: uztailaren 1etik 20ra, biak barne.

j) Hezikleta zikloetako ikasleak, ikastokirik lortzen ez badute, onartuen iraileko zerrendan sartuko dira. Epe berezian beren hautuak aldatzen ahalko dituzte.

2) Epe berezia:

a) Izena aldez aurretik emateko eskabideak aurkeztea:

-DBHn eta Batxilergoan, irailaren 1ean eta 2an.

-Heziketa zikloetan, irailaren 4an eta 7an.

Heziketa zikloetan epe arruntean izena eman zutenek, ekainean gai batzuk gainditzeke edukitzeagatik onarpenaren zain badaude, irailean lorturiko kalifikazioak frogatzen dituzten agiriak aurreko lerroaldean aipatzen diren datetan aurkeztu beharko dituzte. Halaber, epe arruntean izena ematean adieraziriko hautuak aldatzen ahalko dituzte.

b) Onartuen behin-behineko zerrendak jendaurrean jartzeko eguna:

-DBHn eta Batxilergoan, irailaren 3an.

-Heziketa zikloetan, irailaren 8an.

Heziketa zikloetan espediente akademikoko nota kontuan hartuz antolatuko dira, lehentasun hurrenkera honi jarraituz:

Lehena: epe arruntean ikastokirik gabe onartuak.

Bigarrena: epe arruntean izena eman eta onarpenaren zain daudenak.

Hirugarrena: epe berezian izena eman dutenak.

c) Erreklamazioak aurkeztea:

-DBHn eta Batxilergoan, irailaren 3an eta 4an.

-Heziketa zikloetan, irailaren 8an eta 9an.

d) Onartuen behin betiko zerrendak jendaurrean jartzeko eguna:

-DBHn eta Batxilergoan, irailaren 4an.

-Heziketa zikloetan, irailaren 9an.

e) Matrikulazioa:

-DBHn eta Batxilergoan, irailaren 7an eta 8an.

-Heziketa zikloetan, irailaren 10ean eta 11n.

f) DBHn eta Batxilergoan lehen hautuan onartu ez diren ikasleei ikastoki hutsak esleitzea: irailaren 8tik 11ra.

g) Heziketa zikloetan onartu ez diren ikasleei ikastoki hutsak jendaurreko ekitaldian esleitzeko epeak:

-Erdi mailan: irailaren 14tik 16ra bitarte.

-Goi mailan: irailaren 16tik 22ra bitarte.

Jendaurreko ekitaldi horretan ikastokia lortu dutenek bi eguneko epean egin beharko dute matrikula, ekitaldi hori egin eta biharamunetik aurrera.

6. oinarria. LHPko Lanbide Lantegietarako, HLKPrako eta prestakuntza ikastarorako.

Lanbide Hastapeneko Programetan eta/edo Hasierako Lanbide Kualifikaziorako Programetan eta goi mailako heziketa zikloetan sartzeko probetarako prestakuntza ikastaroan onartzeko epeak hauexek izanen dira:

a) Izena aldez aurretik emateko epea: ekainaren 9tik 25era bitarte, biak barne.

b) HLKP eta/edo LHPetan onartuen behin-behineko zerrendak: ekainaren 26an.

c) Prestakuntza ikastaroan izena eman duten guztien zerrenda: ekainaren 26an.

d) Erreklamazioak aurkeztea: ekainaren 29an eta 30ean.

e) HLKP eta/edo LHPetan onartuen behin betiko zerrendak: ekainaren 30ean.

Prestakuntza ikastaroan onarturiko ikasleen behin-behineko zerrendak: irailaren 8an. Irailaren 9a arte aurkezten ahalko dira erreklamazioak.

Prestakuntza ikastaroan onarturiko ikasleen behin betiko zerrendak: irailaren 10ean.

h) Matrikula:

-HLKPn eta/edo LHPen: uztailaren 1etik 17ra bitarte, biak barne.

-Prestakuntza ikastaroan: irailaren 11tik 14ra bitarte.

i) Lanbide Hastapeneko Programetan eta/edo Hasierako Lanbide Kualifikaziorako Programetan onartu ez diren ikastoki hutsak jendaurreko ekitaldian esleitzeko epea: irailaren 14tik 16ra bitarte.

j) Prestakuntza ikastaroan onartu ez diren ikasleei ikastoki hutsak jendaurreko ekitaldian esleitzeko epeak: irailaren 16tik 22ra bitarte.

7. oinarria. Eskabideak.

1. Eskabideak epe arruntean: Eskolatze Batzorde Nagusiak ikastokiak esleituko dizkie ezarritako epeetan aurrenik eskatutako ikastetxean ikastokirik lortu ez duten Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleei.

2. Eskabideak epe berezian. Epe arruntean herrialdez edo bizilekuz aldatu direlako edo beste bidezko arrazoiren bategatik eskabidea egin ez duten ikasleek izanen dute eskabidea epe berezian aurkezteko aukera, betiere Eskolatze Batzorde Nagusiaren arabera. Eskolatze Batzorde Nagusiak, dauden ikastoki hutsak kontuan hartuz, ikastokiak esleituko dizkie ezarritako epeetan aurrenik eskatutako ikastetxean ikastokirik lortu ez duten ikasleei.

3. Hezkuntza maila bakoitzerako ezarri diren epeetan matrikula egiteko baldintza guztiak bete arren matrikula egiten ez duten ikasleek galdu eginen dute dagokien ikastokirako eskubidea.

4. Matrikula heziketa zikloetan edo prestakuntza ikastaroan egin duten ikasleak, arrazoirik azaldu gabe, 15 eguneko epean klaseetan hasten ez badira, ikastaroa hasten denetik, ikastetxeak ofizioz baztertuko ditu eta matrikularen ondoriozko eskubide guztiak galduko dituzte.

5. Epe arruntetik eta berezitik kanpo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan edo Batxilergoan ikastokia eskatzen duten ikasleak: ikasturteak dirauen bitartean, ikastetetxeek aurkezten diren eskabideak hartuko dituzte, ikastoki hutsik izan edo ez, eta Eskolatze Batzorde Nagusira igorriko. Eskolatzearen fase horretan, Batzordea arduratuko da ikasturte horretarako beste herri batera aldatu direla frogatzen duten eta/edo Nafarroako hezkuntza sisteman lehenbizikoz sartzen diren ikasle berrien eskabideak baimentzeaz (berandu sartu direnentzat).

Eskolatze Batzorde Nagusiak baimendutako ikasleak gehienez ere astebeteko epean sartuko dira dagokien gelan. Ikastetxeak matrikulatu eginen du ikaslea eta hark, orduz geroz, utzi beharko du bere jatorriko ikastetxea. Ikaslea ezarritako epean ikastetxe berrian hasten ez bada, gordetako ikastokia galduko du.

Ikastoki hutsik ez duten ikastetxeek eskualde hartako beste ikastetxeen gaineko informazioa emanen diete eskatzaileei, eta egun berean bidaliko diote eskabidea Eskolatze Batzorde Nagusiari, ereduaren araberakoa eta behar bezala betea.

6. Tokiko Eskolatze Batzordea eratua duten herrietan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza egiteko epe arruntetik eta berezitik kanpo ikastokia eskatzen duten ikasleak batzorde horietara joaten ahalko dira; bertan argibideak eta orientazioa eman eta eskolatzeko proposamen bat eginen zaie, haien lehentasunen eta ikastetxeetan dauden tokien arabera. Tokian tokiko Eskolatze Batzordeek ikastokiaren esleipenaren berri emanen diote dagokion ikastetxeari. Ikastetxeek, era berean, Eskolatze Batzorde Nagusiari ikastetxean sartzen diren ikasle berriei buruzko informazioa emanen diete, matrikula egite aldera.

7. Eskolatze Batzorde Nagusiak baimena eman dezake bukatu ez den ikasturtean ikastetxez aldatzeko, behar bezala frogatutako arrazoi bereziak daudenean.

8. Ikastetxeek eta departamentuko zerbitzuek beren eginkizunei buruzko txostenak emanen dizkiote Eskolatze Batzorde Nagusiari, eskatzen dizkienean.

8. oinarria. Onarpena.

Ikasle bat, epe arruntean, eskolatuta dagoen ikastetxean ez baizik eta beste batean onartzen badute, jatorrizko ikastetxeko ikastokia galdu eginen du. Ikastoki hori galtzearen ondorio akademikoak ikasturtearen amaieratik aurrera hasiko dira. Ondorio horietarako, ulertuko da ikasle bat ikastetxe batean onartu dela, edozein ikastetxetan onartutako ikasleen behin betiko zerrendetan ageri denean edo Eskolatze Batzorde Nagusiak matrikulatzeko epea baino lehen ikastoki bat ematen dionean.

9. oinarria. Hezkuntza Sistemako Lanbide Heziketako zikloetarako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko ikasketetarako:

1. Sarrera modalitate bakoitzean betetzen ez diren ikastokiak beste modalitatekoei erantsiko zaizkie irailaren 5ean.

2. Heziketa ziklorako izen-ematea aurtengo sarrera probetarako izena emateko epean egin dutenek ez dute izena aldez aurretik emateko epe arruntean egin beharko.

3. Heziketa zikloetan sartzeko probetan izena eman dutenek, proba bidez sartu beharrean zuzeneko sarreraren bidez sartu nahi badute, lehen hautuan izena eman zuten ikastetxeari espresuki jakinarazi beharko diote, martxoaren 30a baino lehen, egun horretantxe bukatzen baita izena aldez aurretik emateko epea.

10. oinarria. Espedienteko batez besteko nota.

1. Ikasketa espedienteko batez besteko nota frogatzeko, ikaslearen historial akademikoa, Kalifikazio Liburua edo,besterik ezean, ikasketen ziurtagiri pertsonala aurkeztuko da.

2. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako batez besteko nota DBHko laugarren maila bitarte lorturiko kalifikazioen batez besteko aritmetikoaren bidez kalkulatuko da. Beharrezkoa bada, oinarri honetako 4. puntuan ageri den baliokidetza taula erabiliko da.

3. Batxilergoan, batez besteko nota Batxilergoko lehen mailako eta Batxilergoko bigarren mailako arlo bakoitzean lorturiko kalifikazioen batez besteko aritmetikoaren bidez kalkulatuko da. Abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuko 29.3 artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio beti, titulu bakoitzari lotutako irakasgaiei eta modalitateei dagokienean.

4. Gainerako ikasketetan: Batxilergo Esperimentalean, BBB-UBIn, Lanbide Heziketan, unibertsitateko ikasketetan eta balio bereko ikasketetan, batez besteko nota kalkulatzeko, ikasketen ziurtagiri pertsonalean agertzen diren azken bi mailetako irakasgaietan izandako kalifikazioen batez besteko aritmetikoa eginen da, honako baremoaren arabera ponderatua:

Oso gutxi: 2.

Gutxiegi: 4.

Nahiko: 5,5.

Ongi: 6,5.

Oso ongi: 7,5.

Bikain: 9.

Ohorezko matrikula: 10.

5. Batxilergoan izena emateko epean, sarrerari begira lehentasuna zehazteko behar den etapako edo mailako mailetako kalifikazioak aurkezten ez dituzten ikasleei ez zaie batez besteko nota zenbatuko.

11. oinarria. Lan esperientziaren ziurtagiria.

3.3 eta 4.3 oinarrietan aipatzen den lan esperientzia agiri hauen bidez frogatuko da:

a) Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorraren edo Lan Mutualitatearen ziurtagiria, non enpresa, lanbide kategoria (kotizazio taldea) eta kontratazioaldia, edo, betiere, Langile Autonomoen Araubide Bereziko kotizazioaldia adieraziko baitira.

b) Lantoki izandako enpresaren ziurtagiria, datu hauekin: kontratuaren iraupena, egindako lana eta zenbat denbora egin duen lan horretan. Beren kontura ari diren langileen kasuan, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan inskribaturik daudela frogatzen duen ziurtagiria eta zerga hori ordaindu izanaren frogagiriak.

12. oinarria. Lanbidearen ezaugarriak.

1. Jakiteko ekoizpen sektore bat noiz den 3. eta 4. oinarrietan aipatzen direnen eite berekoa edo loturaduna, kontuan hartuko da heziketa zikloko curriculumean azaltzen diren lanbidearen ezaugarriak, "ekoizpen prozesuko kokagunea" delako puntuaren arabera, ekoizpen sistemaren erreferentzian aipatua.

2. Arte Plastikoetako eta Diseinuko heziketa zikloetan, 3. eta 4. oinarrietan aipatu sektore loturadunaren erreferentzia "lanbide ezaugarrien azalpena" delako atalean dago, heziketa zikloko curriculumean.

13. oinarria. Matrikulazioa.

1. Ikasle berriek ikastetxe batean matrikula egiteko honako dokumentazioa aurkeztu beharko dute, bai epe arruntean eta berezian, bai ikasturtea hasita:

A) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza

a) Ikasleen guraso nahiz tutoreen idazkia, non adieraziko baitute beren seme-alabek Espainiako Estatuarekin hitzarmena duten konfesioen Erlijio ikasketak hartzea nahi duten edo, bestela, hezkuntza-arreta.

b) Guraso nahiz tutoreen adierazpen espresua, ikastetxeak agindu bezalako modu formalean egina, zein hizkuntza hautatzen duten esateko, ikastetxeak hizkuntza bat baino gehiago emateko baimena baldin badu.

c) Familia Liburuaren edo jaiotza agiriaren fotokopia eta, ikastetxeak erka ditzan, jatorrizko agiriak.

d) Txertaketa ziurtagiria edo zein txerto dosi hartu den edo zein osasun azterketa egin den adierazten duen beste agiri mediko bat.

e) Gizarte Segurantzako txartelaren fotokopia.

f) Egindako osasun azterketen txostenak, ikasleak minusbaliorik, eritasunik edo beste osasun arazorik baldin badu ikastetxeak jakin beharrekoa (txosten audiometrikoak, otorrinolaringologikoak, oftalmologikoak eta abar).

g) Erroldaren ziurtagiria aldez aurretik izena emateko orriarekin batera aurkeztuko da ikastetxean, horretarako ezarritako epeetan.

B) Batxilergorako, Hezkuntza Sistemako Lanbide Heziketako zikloetarako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko ikasketetarako:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia (NAN edo AIZ).

b) Ikasketa espedientea: ikaslearen historiala eta/edo Oinarrizko Hezkuntzaren Eskolatze Liburuaren 25. eta 27. orrialdeen, Batxilergoko Kalifikazio Liburuaren 12. eta 13. orrialdeen fotokopia konpultsatua edo Lanbide Heziketako Kalifikazio Liburuaren 7. edo 8. orrialdeena, dagokionaren arabera.

2. Eskabidea eta matrikulazio izapideei dagozkien prozesu eta dokumentazio guztietan, ikaslearen izen-deiturak bat etorriko dira NANean edo AIZn agertzen direnekin.

14. oinarria. Agiriak.

1. 3. eta 4. oinarrietan aipatu dokumentazioaz gain, ikastetxeek zilegi dute dokumentazio osagarria eskatzea.

2. Ikastetxearen iragarki oholean irakaskuntza bakoitzerako eskatu behar den dokumentazioa agertuko da.

15. oinarria. Bestelako ikasketak egiteko onarpena.

Berariazko arautegiak agintzen duena hartuko da aintzat honako hauetarako: irakaskuntza arautu gabeak egiteko ikasleak nola onartu, arte ikasketak egiteko, salbu eta Lanbide Heziketako Arte Plastikoetako eta Diseinuko ikasketak; Araubide Orokorreko ikasketak eta Araubide Bereziko dantza edo musika ikasketak egiteko, ikastetxe integratuetan, edo Hizkuntza Eskola Ofizialetan ikasketak egiteko.

16. oinarria. Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak onartzea.

1. Hezkuntza sostengurako berariazko premiak dituzten ikasleak foru agindu honetan eta Hezkuntzako kontseilariak ekainaren 13an eman 93/2008 Foru Aginduan xedaturikoarekin bat onartuko dira. Foru agindu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan aniztasunari nola erantzun arautzen da.

2. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 75.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Lanbide Heziketako irakaskuntzako ikastokien %5 gordeko da ezgaitasuna duten ikasleentzat.

17. oinarria. DBHn eta Batxilergoan onartzeko lehentasuna.

Ikastetxeren batek bere ikastoki eskabideari edo berari atxikitako ikastetxeetako ikastoki eskabideari erantzuteko adina ikastoki ez duenean, DBHn eta Batxilergoan, eskatzaileen artean onarpen prozesua egin beharko da, eta bertako ikasleak lehenetsiko dira beste ikastetxe batzuetako ikasleen aldean.

18. oinarria. Ikastokiak gordetzea.

1. Guztientzako hezkuntza kalitatea, gizarte kohesioa eta aukera berdintasuna ziurtatzeko eta hezkuntzako laguntzaren arloan berariazko premiak dituzten ikasleen eskolatze egoki eta orekatua bermatzeko, ikastetxe publikoek zein itunpekoek 2 ikastoki gordeko dituzte talde bakoitzeko, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako maila guztietan, izena aldez aurretik emateko epea amaitu arte, giro zein diru aldetik egoera ahulean dauden ikasleentzat.

2. Ikasleak onartzeko epe arruntean, egoera sozial eta kultural ahulean dauden familiek izanen dute aukera ikastoki horiek eskatzeko, espainolak edo Europar Batasuneko herritarrak izan nahiz etorkinak izan. Ikastoki horiek lortu nahi dituzten eskatzaileek hala eman beharko dute aditzera izena aldez aurretik emateko inprimakian, eta harekin batera beren herriko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko txostena ere aurkeztu.

3. Eskabideak dauden ikastoki hutsak baino gehiago badira, apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuaren 6. artikulutik 15.era bitartekoetan finkatutako irizpideen araberako lehentasun hurrenkera ezarriko da.

19. oinarria. Eskolatze partekatua.

Eskolatze partekatuko matrikulazioa foru agindu honetan eta Hezkuntzako kontseilariak ekainaren 13an eman 93/2008 Foru Aginduaren 32. artikuluan xedaturikoarekin bat onartuko da. Foru agindu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan aniztasunari nola erantzun arautzen da.

20. oinarria. Hizkuntza ereduaren aldaketa.

1. Hizkuntza ereduz aldatzeko eskabideak aurkezteko epeak (apirilaren 30eko 233/1991 Foru Aginduan arautua dago aldaketa hori; ekainaren 29ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala), irakaskuntza bakoitzean onarpen eskabideak aurkezteko jarri diren epe arrunt berberak izanen dira, foru agindu hau garatzeko arau osagarrietan eta jarraibideetan agintzen diren zehaztapenak eginik.

2. Irakaskuntza maila bat (Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza) osorik bukatu ondoren hizkuntza ereduz aldatzeko eskabideak ikaslearen oraingo ikastetxean aurkeztuko ditu eskatzaileak, eta ikastetxeko zuzendariak, aurkezteko epea amaiturik, eskabide zerrenda bidaliko du Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusira, eskabideen kopiarekin eta ikasle bakoitzak egin duen mailaren frogagiriarekin batera.

3. Foru agindu honetan aurreikusitako kasuetan, ikaslea ikastetxe batetik ordu arte egindako hizkuntza eredua ez duen beste herri batera aldatzeak, Eskolatze Batzorde Nagusiak baimena eman ondoren, ikaslearen hizkuntza ereduz aldatzea izanen du ondorio.

4. Ikastetxea aldatu gabe hizkuntza eredua aldatzeko eskabideei dagokienez, hutsik dauden ikastokien arabera onartuko dira, irakaskuntza maila bakoitzerako ezarrita dagoen gehieneko ratioaren arabera.

21. oinarria. Argitalpena.

Foru agindu hau eta hark ekar ditzakeen jarraibide osagarriak ere, ikastetxe guztietako iragarki oholean jarriko dira jendaurrean, agindua argitaratzen den egunetik onarpen eta matrikulazio prozesua bukatzen den arte, interesdun guztiek jakin dezaten.

I. ERANSKINA

Ikasleak Goi Mailako Heziketa Zikloetan onartzeko irizpideak

-Nekazaritza jarduerak

*Nekazaritza (LOE)

Nekazaritzako eta abeltzaintzako enpresen kudeaketa eta antolaketa

-Teknologia / Natur eta Osasun Zientziak

-A/ B/ aukera

-Lurraren eta Ingurumenaren Zientziak

Natur eta paisaia baliabideen kudeaketa eta antolaketa

-Teknologia / Natur eta Osasun Zientziak

-A/ B/ aukera

-Lurraren eta Ingurumenaren Zientziak

Gorputz eta kirol jarduerak

Gorputz eta kirol jarduerak gidatzea

-Batxilergoko edozein modalitate

-A/ B/ C/ D/ aukera

-Administrazioa

*Administrazioa eta Kudeaketa (LOE)

Administrazioa eta finantzak

-Giza eta Gizarte Zientziak / Natur eta Osasun Zientziak

-A/ B/ C/ D/ aukera

Ekonomia eta Enpresen Antolaketa

Idazkaritza

-Giza eta Gizarte Zientziak / Natur eta Osasun Zientziak

-A/ B/ C/ D/ aukera

Ekonomia eta Enpresen Antolaketa

Arte Grafikoak

Arte grafikoen industrietako produkzioa

-Teknologia / Natur eta Osasun Zientziak

-A/ B/ aukera

-Arteak

Teknologia industriala II

Merkataritza eta marketina

Nazioarteko merkataritza

-Giza eta Gizarte Zientziak / Natur eta Osasun Zientziak

-A/ B/ C/ D/ aukera

Ekonomia eta Enpresen Antolaketa

Merkataritzako kudeaketa eta marketina

-Giza eta Gizarte Zientziak / Natur eta Osasun Zientziak

-A/ B/ C/ D/ aukera

Ekonomia eta Enpresen Antolaketa

Garraioaren kudeaketa

-Giza eta Gizarte Zientziak / Natur eta Osasun Zientziak

-A/ B/ C/ D/ aukera

Ekonomia eta Enpresen Antolaketa

Kontsumitzailearentzako zerbitzuak

-Giza eta Gizarte Zientziak / Natur eta Osasun Zientziak

-A/ B/ C/ D/ aukera

Ekonomia eta Enpresen Antolaketa

Eraikuntza eta obra zibila

Eraikuntza proiektuen garapena eta aplikazioa

-Teknologia / Natur eta Osasun Zientziak

-A/ B/ aukera

-Marrazketa teknikoa

-Mekanika

-Elektrizitatea-Elektronika

*Elektrizitatea eta elektronika (LOE)

Produktu elektronikoen garapena

-Teknologia / Natur eta Osasun Zientziak

-A/ B/ aukera

Elektroteknia

Instalazio elektroteknikoak

-Teknologia / Natur eta Osasun Zientziak

-A/ B/ aukera

Erregulazio eta kontrol sistema automatikoak

-Teknologia / Natur eta Osasun Zientziak

-A/ B/ aukera

Telekomunikazio eta informatika sistemak

-Teknologia / Natur eta Osasun Zientziak

-A/ B/ aukera

Energia eta Ura (LOE)

Energiaren Eragimena eta Eguzki Energia Termikoa (LOE)

Zientziak eta Teknologia (LOE)

Fabrikazio mekanikoa

Metalezko eraikuntzak

-Teknologia / Natur eta Osasun Zientziak

-A/ B/ aukera

-Marrazketa teknikoa

-Mekanika

-Zientziak eta Teknologia (LOE)

Proiektu mekanikoen garapena

-Teknologia / Natur eta Osasun Zientziak

-A/ B/ aukera

-Marrazketa teknikoa

-Teknologia industriala II

Mekanizazio bidezko produkzioa

*Fabrikazio Mekanikoko Produkzioaren Programazioa (LOE)

-Teknologia / Natur eta Osasun Zientziak

-A/ B/ aukera

Teknologia industriala II

Zientziak eta Teknologia (LOE)

Ostalaritza eta turismoa

Jatetxeak

-Natur eta Osasun Zientziak / Giza eta Gizarte Zientziak

-A/ B/ C/ D/ aukera

Irudi pertsonala

Estetika

-Natur eta Osasun Zientziak / Giza eta Gizarte Zientziak

-A/ B/ C/ D/ aukera

Biologia

Elikagaien industriak

Elikagaien industria

-Teknologia / Natur eta Osasun Zientziak

-A/ B/ aukera

Kimika

-Informatika

*Informatika eta Komunikazioak (LOE)

Informatika sistemen administrazioa

-Teknologia / Natur eta Osasun Zientziak / Giza eta Gizarte Zientziak

-A/ B/ C/ aukera

Informatika aplikazioen garapena

-Teknologia / Natur eta Osasun Zientziak / Giza eta Gizarte Zientziak

-A/ B/ C/ aukera

-Zurgintza eta altzarigintza

*Zura, Altzariak eta Artelazkiak (LOE)

Zurgintza eta altzarigintza

-Teknologia / Natur eta Osasun Zientziak

-A/ B/ aukera

Teknologia industriala II

-Ibilgailu autopropultsatuen mantentze-lanak.

*Garraioa eta Ibilgailuen mantentze-lanak (LOE)

Automozioa

-Teknologia / Natur eta Osasun Zientziak

-A/ B/ aukera

-Elektroteknia

-Mekanika

-Produkzioaren zerbitzuak eta mantentze-lanak

*Instalazioa eta Mantentze-lanak (LOE)

Industria ekipoen mantentze-lanak

-Teknologia / Natur eta Osasun Zientziak

-A/ B/ aukera

Teknologia industriala II

Eraikineko eta prozesuko instalazioak mantendu eta muntatzea

-Teknologia / Natur eta Osasun Zientziak

-A/ B/ aukera

Teknologia industriala II

Lanbide arriskuen prebentzioa

-Teknologia / Natur eta Osasun Zientziak / Giza eta Gizarte Zientziak

-A/ B/ C/ D/ aukera

-Teknologia industriala I

-Biologia

Kimika

Analisia eta kontrola

Analisien eta Kalitate Kontrolaren Laborategia (LOE)

-Natur eta Osasun Zientziak / Teknologia

-A/ B/ aukera

-Zientziak eta Teknologia (LOE)

Kimika

Osasuna

Anatomia patologikoa eta zitologia

-Natur eta Osasun Zientziak

-A/ B/ aukera

Biologia

Aho-hortzetako higienea

-Natur eta Osasun Zientziak / Teknologia

-A/ B/ aukera

Biologia

Diagnostikorako irudia

-Natur eta Osasun Zientziak / Teknologia

-A/ B/ aukera

Diagnosi klinikoen laborategia

-Natur eta Osasun Zientziak / Teknologia

-A/ B/ aukera

Biologia

Hortz protesiak

-Natur eta Osasun Zientziak / Teknologia

-A/ B/ aukera

Ingurumen-osasuna

-Natur eta Osasun Zientziak / Teknologia

-A/ B/ aukera

Lurraren eta Ingurumenaren Zientziak

Gizarte eta kultur zerbitzuak

Gizarte eta kultur jardueren sustapena

-Natur eta Osasun Zientziak / Giza eta Gizarte Zientziak / Teknologia

-A/ B/ C/ D/ aukera

Haur Hezkuntza (LOE)

-Batxilergoko edozein modalitate

-A/ B/ C/ D/ aukera

-Giza eta Gizarte Zientziak (LOE)

Gizarte integrazioa

-Natur eta Osasun Zientziak / Giza eta Gizarte Zientziak / Teknologia

-A/ B/ C/ D/ aukera

II. ERANSKINA

Batxilergo Esperimentaleko, LOGSE Batxilergoko eta LOE Batxilergoko modalitateen arteko loturak

-Artistikoa

-Arteak

-Arteak

-Natur Zientziak

-Natura eta Osasun Zientziak

-Zientziak eta Teknologia.

-Tekniko Industriala

-Teknologia

-Administrazioa eta Kudeaketa

-Giza eta Gizarte Zientziak

-Hizkuntzalaritza

-Giza eta Gizarte Zientziak

-Giza eta Gizarte Zientziak

Iragarkiaren kodea: F0902631