25. ALDIZKARIA - 2009ko otsailaren 27a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

28/2009 FORU AGINDUA, otsailaren 24koa, Hezkuntzako kontseilariak emana. Horren bidez onetsi egiten dira diru publikoarekin ari diren Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikasleak 2009-2010 ikasturtean onartzeko prozedura arautzen duten oinarriak.

Apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuak Nafarroako Foru Komunitatean funts publikoekin sostengatutako unibertsitatez kanpoko ikastetxeetan ikasleak onartzeko prozedura arautzen du. Horren arabera, beharrezkoa da urtero jarduketa egutegia ezartzea eta aipatutako foru dekretuak behar dituen prozedurari buruzko alderdiak garatzea.

Apirilaren 23ko 35/2007 Foru Dekretuan aurreikusitako Eskolatze Batzorde Nagusia eta Tokian tokiko Eskolatze Batzordeak sortzen dituen apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuak ezartzen du aipatu dekretu horretan ezarritako lehentasunezko irizpideak gainbegiratu behar direla eta, hala behar denean, onarpen prozesuko arauetan ezartzen diren irizpide osagarriak behar bezala ezartzen diren gainbegiratu behar dela.

Hori dena, Hezkuntza Departamentuaren barruan sortzen ari den Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusia deusetan galarazi gabe, ikasleak Nafarroako hezkuntza sisteman sartzen direla begiratuko duena, aukera berdintasunean eta indarra duen arautegiari lotuz Nafarroako Gobernuak aurrekontuetarako harturiko konpromisoekin bat. Huraxe arduratuko da prozesu honetan esku hartzen.

Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluko 1. idatz-zatiko g) letran ematen zaizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Lehena.-Onestea diru publikoarekin ari diren Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetako Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikasleak 2009-2010 ikasturtean onartzeko prozedura arautzen duten oinarriak. Oinarriok foru agindu honetan zehazten dira.

Bigarrena.-Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hirugarrena.-Foru agindu hau igortzea Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzura, Hezkuntza Ikuskapeneko Zerbitzura, Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzura, Kalitatearen eta Genero Berdintasunaren Zerbitzura, Euskara Atalera, Ikasketak Antolatzeko Atalera, Ikastetxeen Plangintza eta Garapenerako Atalera, Hezkuntza Garapenaren Atalera, Orientazio Atalera, Hezkuntza Premia Berezien Atalera eta Irakasleen Prestakuntzako Atalera, behar diren ondorioak sor ditzan.

Iruñean, 2009ko otsailaren 24an.-Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Pérez-Nievas López de Goicoechea.

DIRU PUBLIKOAREKIN ARI DIREN NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO IKASTETXEETAKO HAUR HEZKUNTZAKO BIGARREN ZIKLOKO ETA LEHEN HEZKUNTZAKO IKASLEAK 2009-2010 IKASTURTEAN ONARTZEKO PROZEDURA ARAUTZEN DUTEN OINARRIAK

1. oinarria. Prozedura

Ikasleak onartzeko prozedura apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuaren 4. artikuluaren 1., 2., 4. eta 5. ataletan ezarritakoaren arabera eginen da. Foru dekretu horren bitartez Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan ikasleak onartzeko arauak onesten dira.

2. oinarria. Onartzeko irizpideak

1. Baremazioa aipatu foru dekretuaren 6. artikulutik 13. artikulura bitarte eta 15. artikuluan ezarritakoaren arabera eginen da, bai eta Eskolatze Batzorde Nagusia eta Tokian tokiko Eskolatze Batzordeak sortzen dituen apirilaren 23ko 35/2007 Foru Dekretuaren 3. artikuluan aipatzen diren irizpide osagarrien arabera ere.

2. Irizpide osagarri hauek erabiliko dira irizpide nagusiak nahikoa izan ez direnean ikastetxean ikasleak onartzeko lehentasunak ezartzeko.

3. Betiere, legez familia ugariko kidea izanez gero, irizpide bat izanen da ikasleak onartzeko, horregatik puntu bat emanen baita.

4. Ikastetxe bakoitzeko Eskola Kontseiluak gehienez ere puntu bat ematen ahalko du bestelako irizpideengatik. Horretarako ikastetxeko organo eskudunak arrazoiak azaldurik kontuan hartu beharko ditu gorabehera nabarmen batzuk, ikastetxeek ikasleak onartzeko prozesua hasi baino lehen argitaratu beharko dituen irizpide objektiboei jarraituz.

5. Ikastetxeek irizpide horiek Eskolatze Batzorde Nagusira igorri beharko dituzte, horrek gainbegiratu ditzan, edo, bidezkoa bada, ikasleak Nafarroako hezkuntza sisteman egoki, aukera berdintasunean eta indarra duen arautegiari lotuz, sartzen direla begiratzeko osatuko den batzordera, izena aurretik emateko epea hasi baino lehen.

6. Lehentasunezko irizpideak eta, hala bada, irizpide osagarriak erabiliz gero, berdinketarik bada, apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuaren 15.2 artikuluan ezarririko irizpideei jarraituz hautsiko da.

3. oinarria. Epeak

Haur Hezkuntzako Bigarren Zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikasleak onartzeko prozeduraren epeak egutegi honen arabera eginen dira:

1. Epe arrunta:

Izena aldez aurretik emateko eskabideak aurkeztea: martxoaren 9tik 16ra, biak barne.

Onartuen behin-behineko zerrenda jendaurrean jartzeko eguna: martxoaren 23an.

Erreklamazioak aurkeztea: martxoaren 23an eta 24an, biak barne.

Onartuen behin betiko zerrenda jendaurrean jartzeko eguna: martxoaren 26an.

Lehen hautuan onartu ez diren ikasleei ikastokiak esleitzea: martxoaren 27tik apirilaren 8ra.

Matrikulazioa: ekainaren 23tik 26ra.

2. Epe berezia:

Eskabideen aurkezpena: irailaren 1ean eta 2an.

Onartuen behin-behineko zerrenda jendaurrean jartzeko eguna: irailaren 2an.

Erreklamazioak aurkeztea: irailaren 2an eta 3an.

Onartuen behin betiko zerrenda jendaurrean jartzeko eguna: irailaren 4an.

Matrikulazioa: irailaren 7an.

3. Hezkuntza maila bakoitzerako ezarritako epean matrikula egiten ez badu, ikasleak esleitu zaion ikastokia hartzeko eskubidea galduko du.

4. oinarria. Eskabideak.

1. Eskabideak epe arruntean. Eskolatze Batzorde Nagusiak ikastoki bat esleituko die ezarritako epeetan aurrenik eskatu ikastetxean ikastokirik lortu ez duten ikasleei.

2. Eskabideak epe berezian. Epe arruntean herrialdez edo bizilekuz aldatu direlako edo beste bidezko arrazoiren bategatik eskabidea egin ez duten ikasleek izanen dute eskabidea epe berezian aurkezteko aukera, betiere Eskolatze Batzorde Nagusiaren arabera. Eskolatze Batzorde Nagusiak, dauden ikastoki hutsak kontuan hartuz, ikastoki bat esleituko die ezarritako epeetan aurrenik eskatutako ikastetxean ikastokirik lortu ez duten ikasleei.

3. Epe arruntetik eta berezitik kanpo ikastokia eskatzen duten ikasleak: ikasturteak dirauen bitartean, ikastetetxeek aurkezten diren eskabideak hartuko dituzte, ikastoki hutsik izan edo ez, eta Eskolatze Batzorde Nagusira igorriko. Eskolatzearen fase horretan, batzordeak baimenduko ditu helbidea beste herri batera aldatzen duten edo/eta Nafarroako hezkuntza sisteman lehenbizikoz sartzen diren (berandu sartzen direnak) ikasle berriek ikasturte horretarako aurkeztutako eskabideak.

Eskolatze Batzorde Nagusiak baimendutako ikasleak gehienez ere astebeteko epean sartuko dira dagokien gelan. Ikaslea ezarritako epean ikastetxe berrian hasten ez bada, gordetako ikastokia galduko du.

Ikastoki hutsik ez duten ikastetxeek eskualde hartako beste ikastetxeen gaineko informazioa emanen diete eskatzaileei eta egun berean bidaliko diote Eskolatze Batzorde Nagusiari eskabidea, batzordeak ezarritako ereduaren araberakoa eta behar bezala betea.

4. Tokian tokiko Eskolatze Batzordea eratua duten herrietan, epe arruntetik eta berezitik kanpo ikastokia eskatzen duten ikasleak batzorde horietara joaten ahalko dira; haietan, argibideak eta orientabideak eman eta familiak eskatutako ikastetxean ikastoki bat esleituko zaie behin-behinekoz, ikastoki hutsik baldin badago, eta hala jakinaraziko zaio dagokion ikastetxeari. Ikastetxeek Eskolatze Batzorde Nagusiari ikastetxean sartzen diren ikasle berriei buruzko informazioa emanen diete, matrikula egite aldera.

5. Eskolatze Batzorde Nagusiak baimena eman dezake bukatu ez den ikasturtean ikastetxez aldatzeko, behar bezala frogatutako arrazoi bereziak daudenean.

6. Ikastetxeek eta departamentuko zerbitzuek beren eginkizunei buruzko txostenak emanen dizkiote Eskolatze Batzorde Nagusiari, eskatzen dizkienean.

5. oinarria. Onarpena.

Ikasle bat, epe arruntean, eskolatuta dagoen ikastetxean ez baizik eta beste batean onartzen badute, jatorrizko ikastetxeko ikastokia galdu eginen du. Ikastoki hori galtzearen ondorio akademikoak ikasturtearen amaieratik aurrera hasiko dira. Ondorio horietarako, ulertuko da ikasle bat ikastetxe batean onartu dela, edozein ikastetxetan onartutako ikasleen behin betiko zerrendetan ageri denean edo Eskolatze Batzorde Nagusiak matrikulatzeko epea baino lehen ikastoki bat ematen dionean.

6. oinarria. Matrikulazioa

1. Ikasle berriek ikastetxe batean matrikula egiteko honako dokumentazioa aurkeztu beharko dute, bai epe arruntean eta berezian, bai ikasturtea hasita:

a) Ikasleen guraso nahiz tutoreen idazkia, non adieraziko baitute beren seme-alabek Espainiako Estatuarekin hitzarmena duten konfesioen Erlijio ikasketak hartzea nahi duten edo, bestela, hezkuntza-arreta.

b) Guraso nahiz tutoreen adierazpen espresua, ikastetxeak agindu bezalako modu formalean egina, zein hizkuntza hautatzen duten esateko, ikastetxeak hizkuntza bat baino gehiago emateko baimena baldin badu.

c) Familia Liburuaren edo jaiotza agiriaren fotokopia eta, ikastetxeak erka ditzan, jatorrizko agiriak.

d) Txerto txartela edo zein txerto dosi hartu diren edo zein osasun azterketa egin zaion adierazten duen beste agiri mediko bat.

e) Gizarte Segurantzako txartelaren fotokopia.

f) Egindako osasun azterketen txostenak, ikasleak minusbaliotasunik, eritasunik edo beste osasun arazorik baldin badu ikastetxeak jakin beharrekoa (txosten audiometrikoak, otorrinolaringologikoak, oftalmologikoak eta abar).

g) Erroldaren ziurtagiria aldez aurretik izena emateko orriarekin batera aurkeztuko da ikastetxean, horretarako ezarritako epeetan.

2. Eskabidea eta matrikulazio izapideei dagozkien prozesu eta dokumentazio guztietan, ikaslearen izen-deiturak bat etorriko dira Familia Liburuan agertzen direnekin.

7. oinarria. Dokumentazioa

1. 6. arauan aipatu dokumentazioaz gain, ikastetxeek zilegi dute dokumentazio osagarria eskatzea.

2. Ikastetxearen iragarki oholean irakaskuntza bakoitzerako eskatu behar den dokumentazioa agertuko da.

8. oinarria. Toki erreserba

1. Guztientzako hezkuntza kalitatea, gizarte kohesioa eta aukera berdintasuna ziurtatzeko eta hezkuntzako laguntzaren arloan berariazko premiak dituzten ikasleen eskolatze egoki eta orekatua bermatzeko, ikastetxe publikoek zein itunduek 2 ikastoki gordeko dituzte talde bakoitzeko, Haur Hezkuntzako bigarren zikloan eta Lehen Hezkuntzako lehendabiziko bost ikasturteetan, izena aldez aurretik emateko epea bukatu arte, gizarte eta diru kontuetan egoera ahulean dauden ikasleentzat.

2. Ikasleak onartzeko epe arruntean, egoera sozial eta kultural ahulean dauden familiek izanen dute aukera ikastoki horiek eskatzeko, espainolak edo Europar Batasuneko herritarrak izan nahiz etorkinak izan.

3. Ikastoki horiek lortu nahi dituzten eskatzaileek hala eman beharko dute aditzera izena aldez aurretik emateko inprimakian, eta harekin batera beren herriko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko txostena ere aurkeztu.

4. Eskabideak dauden toki hutsak baino gehiago izaten badira, apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuaren II. kapituluan finkatutako irizpideen arabera lehenetsiko dira.

9. oinarria. Hizkuntza ereduaren aldaketa

1. Hizkuntza ereduz aldatzeko eskabideak aurkezteko epeak (apirilaren 30eko 233/1991 Foru Aginduan arautua dago aldaketa hori; ekainaren 29ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala), irakaskuntza bakoitzean onarpen eskabideak aurkezteko jarri diren epe arrunt berberak izanen dira, foru agindu hau garatzeko arau osagarrietan eta jarraibideetan agintzen diren zehaztapenak eginik.

2. Irakaskuntza maila bat osorik bukatu ondoren hizkuntza ereduz aldatzeko eskabideak ikaslearen oraingo ikastetxean aurkeztuko ditu eskatzaileak, eta ikastetxeko zuzendariak, aurkezteko epea amaiturik, eskabidea zerrenda bidaliko du Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusira, ikasle bakoitzak egin duen ikasturtearen frogagiriarekin batera.

3. Foru agindu honetako 4. oinarrian aipatu kasuetan, ikaslea ikastetxe batetik ordu arte egindako hizkuntza eredua ez duen beste batera aldatzeak, Eskolatze Batzorde Nagusiak baimena eman ondoren, ikaslearen hizkuntza ereduz aldatzea izanen du ondorio.

4. Ikastetxea aldatu gabe hizkuntza eredua aldatzeko eskabideei dagokienez, hutsik dauden ikastokien arabera onartuko dira, irakaskuntza maila bakoitzerako ezarrita dagoen gehieneko ratioaren arabera.

10. oinarria. Argitalpena

Foru agindu hau eta hark ekar ditzakeen jarraibide osagarriak ere, ikastetxe guztietako iragarki oholean jarriko dira jendaurrean, agindua argitaratzen den egunetik onarpen eta matrikulazio prozesua bukatzen den arte, interesdun guztiek jakin dezaten.

Iragarkiaren kodea: F0902447