22. ALDIZKARIA - 2009ko otsailaren 20a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

IRUÑA

Agurren eta beste egintza zibil batzuen aretoa erabiltzeko arauak

Lehendakaritza, Hezkuntza eta Gazteriako zinegotzi delegatuak, 2009ko urtarrilaren 23an, honako ebazpen hau eman zuen:

(1/PR)

"Osoko Bilkuraren mozioa kontuan izanik eta Lehendakaritza Batzordeak 2008ko azaroaren 10ean hartu erabakia ikusirik,

Ebatzi dut:

1. "Erraldoien Txokoa" deitutako udal aretoa, Descalzos kaleko 72an dagoena, gaitzea hiri honetan erroldaturiko bizilagunek egintza zibilak egin ditzaten; eskariaren arabera gaitzea, etorkizunean hartzen ahal diren erabakiak ukatu gabe.

Arau hauetan egintza zibiltzat joko dira Erregistro Zibilean edo izatezko bikoteen udal erregistroan inskribatzen ahal direnak, ezkontza zibilak izan ezik.

2. Egintza egin baino 48 ordu lehenago eskatuko da aretoa erreserbatzeko; horretarako, hiru bide daude: Merkatuko kaleko 7-9ra joan, Udalaren web orrian sartu edo 010 telefonora deitu.

Agur zibila baldin bada, pertsona hil eta gehienez ere 10 eguneko epean eginen da eskaera. Tramitazioa erraztearren, gutxienez ere 24 ordu lehenago ere erreserbatzen ahalko da agurren aretoa; baina horrek ez du ukatzen ondoren arauzko eskaera formalizatzea eta arau honetan ezarritako gainerako eskakizunak betetzea. Kasu honetan, 010 telefonoaren bidez eginen da erreserba.

Eskaera formala Erregistroan aurkeztuko da eta Lehendakaritzako Alorrak tramitatuko du erreserba. Oro har, egintza hobeki egin ahal izateko, egun bakoitzeko ez dira bi erreserba baino gehiago eginen.

3. Lehendakaritzako Alorreko organo eskudunak emandako ebazpenaren bidez emanen da egintza zibiletarako baimena, eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatu eta tasak ordaindu ondoren, .

4. "Erraldoien Txokoa" deitutako aretoak hainbat erabilera dituenez gero, ordutegia hau izanen da egintza zibilak ospatzeko: astelehenetik ostiralera, lanegunetan, 18:30etik 21:30era.

5. Duen izaera dela-eta, egintza zibilen aretoa ezin izanen da utzi egintza erlijiosoetarako edo, organo eskudunaren ustez, areto horren helburua desitxuratu dezaketen beste erabilera batzuetarako. Organo horrek begiratuko du aipatutako aretoaren xede zehatza bete dadin, eta "agur zibiletan" hilotza ez da inoiz bertan egonen.

6. Dagokion udal organoak onetsitako baimenean zehaztuko dira lagapenaren baldintzak. Lagapenaren eskatzailea izanen da, ondorio guztietarako, utzitako instalazioaren erabilera egokiaren erantzulea.

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea".

Iruñean, 2009ko urtarrilaren 23an.-Lehendakaritza, Hezkuntza eta Gazteriako zinegotzi delegatua, José Iribas Sánchez de Boado.

Iragarkiaren kodea: L0901420