22. ALDIZKARIA - 2009ko otsailaren 20a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

IRUÑA

ARS-3/Lezkairuko plan partzialeko hirigintza arauen aldaketa

Iruñeko Udalak, 2009ko urtarrilaren 16an egin osoko bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen:

PLE 16-ene-09 (6/CU).

"ARS-3/Lezkairuko plan partzialeko aldaketari buruzko dokumentua hasiera batez onetsi ondoren (2008-10-21eko JOB) jendaurrean egon da eta epe horretan alegaziorik jaso ez denez,

Honako hau erabaki da:

1. Behin betikoz onestea ARS-3/Lezkairuko plan partzialeko hirigintza arauak aldatzeko dokumentua, Udalaren Hirigintza Gerentziako zerbitzu teknikoek prestatua.

2. Igor bekio erabaki hau Nafarroako Gobernuari, onetsitako proiektuaren ale batekin batera, eta argitara bedi Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki oholean."

Ebazpen honen kontra, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

-Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita; edo bestela,

-Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Justizia Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita.

TESTU ARAU-EMAILEA

1.-Aurrekariak:

Iruñeko Udalak 2006ko urtarrilaren 19an onetsi zuen behin betikoz Lezkairuko plan partziala (ARS-3 banaketa eremuko plan partziala).

Orduz geroztik, eremu hori garatzen duten birzatiketaren eta urbanizazio proiektuaren agiriak onetsi dira. Eta, era berean, hasiak dira urbanizazio lanak.

Une honetan, hainbat sustatzaile eta arkitekto hasiak dira jada auzo berriko eraikinak nolakoak izanen diren aztertzen eta proiektatzen. Hirigintza Gerentziak ere plan partzialeko zenbait alderdi aztertu ditu berriz. Aurreproiektu horien eta zenbait eragileren hausnarketen ondorioz, plan partzialeko hirigintza arauak aldatzeko eskaerak etorri dira. Udalaren Hirigintza Gerentziak, hala barneko bileretan nola Lezkairun interesak dituzten sustapen enpresa pribatuen teknikariekin izandako bestelakoetan, aztertu egin ditu bai aipatu alderdi horiek bai kanpotik heldu diren eskaerak. Lan horrek erakutsi du araudiaren zenbait artikulu osatu, argitu edo aldatu beharra dagoela, planeamenduaren funtsezko helburuak ahalik eta egokien beteko badira.

2.-Proposaturiko aldaketaren eremua eta nondik norakoak:

Aldaketa honek ARS-3 banaketa eremuko hirigintza arau orokorrak eta bertako plan partziala osatzen duten unitate oinarrizkoen araudi partikularra baizik ez ditu ukitzen.

Esan beharra dago ezen aldatu gogo diren guztiak alderdi xehakatuak direla eta, hortaz, bere horretan mantenduko direla antolamenduko oinarrizko gai guztiak, hau da, egiturazko alderdi guztiak.

3.-Argitu edo aldatu beharreko hirigintzako determinazioak:

1. Hegalkinak: Gerentziak uste du zorrotzegia dela hegalkinetarako baimendu den luzera; horrenbestez, kasuan kasuko eraikineko fatxadaren luzeraren %50 arte handitzea erabaki da, eta zilegi izanen da hegalkin horiek fatxadaren edozein puntutan metatzea. 30. artikuluko testu berrira bildu dira aldaketa horiek guztiak.

2. Etxebizitza bakoitzeko egin beharreko aparkatokien kopurua: Udalaren Hirigintza Batzordeak erabaki zuen plan hori aplikatzeko zer estandar finkatu, eta Udal Planak finkatu zuen estandarra, 1,3 toki etxebizitzako, baino handiagoa izan zedin nahi izan zuen. Erabaki horrek plan partzialeko hirigintza arauetako 41. artikulua du arau. Baina araudi bereko 25. artikuluak iradokitzen duen interpretazioa, besteak beste, kontraesanean dago 41. artikuluan ezarritakoarekin. 25. artikuluak proposatzen duenez, aparkatoki kopuru hori ez da eskatuko eraikitzen den etxebizitza bakoitzeko, baizik eta bizitegitarako eraikitako 110 m² bakoitzeko. Kontuan hartuz Udalaren eskaerak argi eta garbi zioela etxebitza bakoitzeko 1,5 aparkatoki behar zirela, 25. artikulua aldatu eginen da etxebizitza bakoitzeko behar diren aparkatoki kopuruaren kalkuluari dagokionez.

Aldaketa horiek guztiak 25. artikuluko testu berrira bildu dira, eta bertatik kendu da behar diren aparkatoki kopuruaren kalkuluari dagokion aipamena, 41. artikuluan behar bezala bildu baita alderdi hori.

3. Lurzatiketa: planak gutxieneko lurzatia zein den zehazten du, planak horrelakoak proposatzen baititu, hirigintzako araudi partikularraren fitxetan jaso den bezala. Lurzati horietako bakoitzari dagokion gehieneko eraikigarritasuna eta lerrokaduretarako baldintzak finkatu dira, baina zorrotzak ez direnez, bada aukera espazio libre pribatuetara ematen duten fatxadetako bolumenekin jolasteko. Araudia aztertzeko prozesuan honako zalantza agertu da: ea nola jokatu behar den gutxieneko lurzatiak bateratzen direnean lurzati handiago bat, zenbait kasutan are etxesail osoa har dezakeen lurzati bat, osatzeko. Gure iritziz, lurzatiak bateratu eta berri bat osatu ondoren, baimena egon beharko da aprobetxamendu osoa -bateraturiko lurzati guztien batura izanen baita, jakina- osatzen den lurzati berrian nahi bezala banatzeko, araudi partikularrak zehazturiko gehieneko lerrokadurei eta garaierei aurreikusitako mugen barnean betiere.

25. artikuluko testu berrira bildu dira aldaketa horiek guztiak.

4. Eraikinaren garaiera: plan partzialak gehieneko altuera jakin batzuk ezartzen ditu bizitegitarako edo hirugarren sektorerako diren unitate guztietarako eta ezartzen du, halaber, eraikin bakartu ororen gailurrak garaiera berbera izan beharko duela, axolarik ez sustapen bat baino gehiagok eraikia den. Bestalde, finkatu egiten du, orobat, zein izanen den ataripeen ezinbesteko garaiera halakoak izanen dituzten kaleetan. Zentzuzkoa eta ohikoa da arauketa hori guztia. Baina hala Lezkairuko nola Arrosadiako zenbait kaletako sestran dauden diferentziak direla-eta, konponbide zaileko hainbat puntu agertu dira. Talde prestatzailea horretaz ohartu, eta eraikin mailakatuak egitea proposatu zuen urbanizazio kotetan diferentziarik handiena duten bi puntuetan. Guztiarekin ere, halako toki jakin batzuetan 7 m-koak baino garaiagoak izan daitezkeen beheko solairuak egin beharko lirateke, non eta 3 m-ko garaiera librea nekez hartuko luketen beste batzuen aurre-aurrean, eta hori guztia eraikinaren gailurraren lerroa berbera izan dadin. Arazo hori are gehiago korapilatzen da ataripeak proposatu diren zenbait etxesailetan, eta horren ondorioz gerta daiteke Udal Planeko Eraikuntzari buruzko ordenantza orokorrean baimendutako gutxieneko garaiera baino txikiagoa duten beheko solairuak agertzea.

Horregatik guztiagatik, erabaki da eraikinaren errematearen garaiera finkatzeko irizpidea aldatzea. Araudian aurreikusitakoari eutsiko zaio urbanizazio sestren arteko diferentzia txikia den tokietan, indarra duen araudia aplikatzeak ez baitakar arazo larririk. Sestren arteko diferentzia 1.5 m-tik gorakoa denean, berriz, eraikinak mailakatu eta kaleko desnibelei egokituko zaizkie. Halakoetan, xehetasun azterlana prestatzeko eskatuko da, bertan jaso beharko baita zein den eraikinen mailaketa horretarako konponbidea eraikin-gorputz bakartu baten gaineko jarduketak bateratuak ez direnean.

Bestetik ere, handitu egin dira bizitegitarako eta hirugarren sektorerako diren eraikinetarako aurreikusiak ziren gehieneko garaierak, kontuan hartu baita ezen, sabai izun eta zoru teknikoetan instalazioak sartzeko ohitura dela-eta, hasieran aurreikusi baino guztirako garaiera handiagoak behar direla. Gainera, Etxegintzaren Kode Teknikoaren zenbait atal indarrean jartzen direnean, batez ere isolamendu akustikoaren arazoei dagozkionak, orain artekoak baino zoru lodiagoak paratu beharko dira ezinbestean.

33 eta 42. artikuluetako testu berrietan jaso dira aldaketa horiek guztiak. Horrez gain, esan beharra dago ezen aldatu eginen direla plan partzialaren aldaketa honek solairu, eraikin eta ataripeetarako baimenduko dituen gehieneko garaierak baino txikiagoak proposatzen dituzten araudi partikularreko artikuluak.

5. Atarietako sarbidea: Lezkairuko etxesailetako barnealdeen egituraketa berezia denez, espazio libre pribatuak izanen dira-eta, beharrezkoa da bizilagunek aise sartzeko moduko espazioak izatea. Atariak alderik aldekoak izan daitezen proposatzen da gaur egungo araudian, hau da, bai kaletik bai barneko espazio horretatik sartzerik egotea. Araudi hori aztertu ondoren, eta kontuan hartuz Lezkairuri buruz lanean ari diren sustatzaileen eta proiektugileen iradokizunak, zera ondorioztatu da, atarietara barneko espaziotik sartzeko modua egotea dela funtsezkoena, bizilagunek espazio hori erabiltzen ahal dutela bermatzearren. Hauxe da proiektugile batek Gerentziari aurkeztu dion proiektuaren asmoa, guri ere aproposa iruditu zaiguna: etxesail bakoitza jabarikidetza baten gisan antolatzea eta bizilagunen espazio libre horretara sartzeko kontrolgune bat egotea. Jendea espazio horretan barna sartzen ahalko da atarietara. Eta, jakina, kaletik ere atarietarako beste sarbide bat egiten ahalko da, baina ez ezinbestean. 40. artikulua aldatu da hori guztia jasotzeko.

6. Eraikinen azpiko aparkalekua: espedientearen 1. puntuan azaldu da zer erabaki hartu zen barnealdeko aparkatokien estandarrari buruz Lezkairuko etxebizitzetan eta hirugarren sektoreko eraikinetan. Eskakizuna handiagotu denez, aparkatokitarako diren sotoetan hainbeste toki nola sartu arazo bihurtu da orain. Zenbait kasutan sotoan bi solairu baino gehiago egin beharko lirateke, sotoan kokatu beharreko elementu guztiak sartzeko (aparkatokiak, trastegela eta eraikineko instalazio komun batzuk). Sotoan bi solairu baino gehiago eraiki behar izate horrek zailtasun tekniko berezia dakar, Udal Planeko Hirigintza Araudi Orokorrak, beste kasu batzuei buruz diharduela, ongi adierazten duen bezala. Ildo horretatik, plan partzialaren araudia aldatu beharra dagoela uste da, halako moldez non soto bateko bi solairutan gehienez sar daitezkeen aparkatoki kopururik handiena eskatuko baita, baina Udal Planean aurreikusitako gutxieneko estandarra beteta betiere. Xede hori bera buruan, 42. artikulua aldatu da, hau da, etxesailaren barneko espazio libre pribatuaren antolamendua arautzen duena, zertarako eta lehen sotoko okupazio osoa ahalbidetzeko, tamaina ertaineko zuhaitzak landatzeko moduko espazio bat egonen dela bermatuta betiere.

41 eta 42. artikuluetako testu berrira bildu dira aldaketa horiek guztiak.

7. Espazio libre pribatuaren antolamendua: posible izanen da beheko solairuko etxebizitzei atxikitako espazio libre pribatuen sestrak aldatzea etxesailetako patioetan, eraikinerako kasuan kasuan baimentzen den mailakatzearekin bat etorrita betiere. Era berean, lerrokadurak finkatzeko nolabaiteko askatasuna egonen da etxesailen erdialdean zuhaitzak landatu behar diren eremuetarako. Espazio guztia hartzen duen proiektu bateratu bat aurkeztu beharko denez nahitaez, egoki dirudi espazio libre hori antolatzeko askatasun handiagoa ematea.

4.-Aldaturiko artikuluen eduki berria:

4.a) 25. artikulua. Edukia eta interpretazioa.

Antolamenduan aurreikusitako unitateen araudi partikularreko fitxetan ezartzen diren determinazio partikularrak unitate eta lurzati bakoitza garatzen duten arau zehatzak eta, batzuetan, diseinu baldintzak dira, baita determinazio funtzional nahiz formalak eta kudeaketari eta garapenari buruzko aurreikuspenak ere.

1. Parametro horiek azalera, erabilera, eraikigarritasun eta aprobetxamenduen koadroan ezartzen dira, unitate eta lurzati bakoitzeko ezarri ere.

Aipatu koadro horretan unitate osorako bakarrik ezartzen da zein izanen den ereduko etxebizitzen kopurua, eta kontuan hartu behar da 110 m² eraikiak direla ereduko etxebizitza beste etxebizitza txikiagoetara aldatzeko erreferentzia; hortaz, lurzati bakoitzari zenbat ereduko etxebizitza dagozkion zehazteko hauxe egin beharko da: lurzatian bizitegitarako dagoen eraikigarritasuna zati 110.

Zatiketa horren zatidura, are zenbaki zehatza ez bada ere, bider lau gela egin, eta biderketa horren emaitzak finkatuko du lurzati bakoitzean gehienez ere egon daitekeen gela kopurua. Emaitza beherantz biribilduko da, zenbakia zehatza ez bada.

Bizitegitarako unitateetan hirugarren sektoreko lokalak (merkataritzakoak edo bulegoak) baldin badaude lehen solairuetan, goiko solairuen eraikigarritasunak 1. solairua eta ereduko goiko solairuak bereizten ditu, azken horiek gainerako goiko solairuak baitira.

Halakoetan, eraikinaren garaieraren grafikoak ere bereiziko ditu lehen solairua eta gainerakoak.

Eraikinetako beheko solairuetan eta, halakorik bada, 1. solairuetan kokaturiko atarien eta komunikazio guneen azalera, solairu horietako erabilerak bizitegitarakoak ez badira, solairu horri edo horiei esleituriko erabilera orokorrerako azaleratzat hartuko da aprobetxamenduaren zenbaketari dagokionez, A13.A lurzatian aurreikusitako bi gune exentuetan izan ezik, bizitegitarako erabiliko baitira berariaz eta, hortaz, etxebizitza libre gisa zenbatuko dira.

Plan partzial honen araudiaren ondorioetarako, ulertu egin behar da hirugarren sektoreak merkataritzako erabilerak eta bulegoak baizik ez dituela hartzen, Udal Planean definitu bezala. Udal Plan horretan ezarritakoak izanen dira merkataritzarako edo bulegotarako erabilerari dagozkion erabileren bateragarritasuna eta baliokidetasuna. Antolamenduan definituriko oinarrizko unitate bakoitzaren plan partzialaren eta araudi partikularraren agiri grafikoetan zehazten da erabilera haien kokalekua eta kopurua.

Determinazio orokorrei buruzko atalean zehazten da kasuan kasuko oinarrizko unitatea zer jarduketa unitatetan kokatzen den (Udal Planak definiturikoa), baita haren izena eta azalera ere.

2. Determinazio funtzionalei buruzko atalean eraikinari esleituriko erabilera eta tipologiak azaltzen dira.

3. Determinazio formalei buruzko atalean eraikinaren egituraketa fisikoa arautzen duten parametroak zehazten dira.

Eraikinaren garaiera honela zehazten da: solairu kopurua eta espaloiaren sestratik erlaitzeko nahiz gailurreko lerroetara dagoen gehieneko tartea. Azken solairuko forjatu-teilatuaren beheko maila da erlaitzeko lerroa -atikoa kanpo utzita, halakorik bada-, eta azken solairu horri dagokion fatxadaren erremate-lerroa da gailurreko lerroa.

Lurzatiaren gehieneko okupazioak mugatzen du eraikinak lurzatian okupatzen ahal duen azalera eta, oro har, eraikinaren lerrokadurek definitzen dute grafikoetan azalera hori, ekipamendutarako unitate jakin batzuetan izan ezik, zeinetan lurzatitutako azalera osoaren araberako portzentajetan zehazten baita.

Lurzatiaren eta sotoaren gehieneko okupazioari dagokionez, ekipamendutarako unitate bai publiko bai pribatuetan, adiera horrekin grafiatzen den azalera lur azpian okupatu daitekeen eremuari dagokio, eta ez inolaz ere gehieneko azalera eraikigarriari; izan ere, azalera hori lurzatitutako azaleraren araberako portzentajetan ematen da edo, bestela, Udal Planaren Araudi Orokorreko 79. artikuluan oro har ezarritakoaren arabera.

Lurzatiketa grafikoetan definitzen da. Horri buruz esan beharra dago ezen definituriko lurzatiak gutxieneko lurzatiak direla eta, hortaz, banaezinak direla non ez den banantzea berariaz baimentzen ekipamendutarako lurzati publiko guztietan gertatzen den bezala.

Oraingo lurzatiak erantsi eta lurzati berria sortzen denean, erantsitako lurzati guztien batura izanen da hango eraikigarritasuna, jakina, eta eraikigarritasun hori nahi bezala banatzen ahalko da lurzati berri horretan, araudiak zehazten dituen gehieneko lerrokaduren eta garaieren mugen barnean betiere.

4. Unitatea kudeatu eta garatzeari buruzko determinazioen atalean finkatzen dira unitatearen eraikuntza eta urbanizazioa garatzeko baldintza partikularrak.

Hainbat lurzatitarako garaje mankomunatua dagoenean, jarduera sailkatuaren proiektua beharko du, eta, garajea non dagoen, unitate horren lehen proiektuari lotua egonen da proiektu hori.

4.b) 30. artikulua. Hegalkinak.

Gehieneko lerrokaduren gainean inposta, erlaitz, teilatu-hegal eta gisako osagaien hegalkina baizik ezin daiteke jarri, eta berariaz debekatuta dago hala balkoien nola gorputz itxien hegalkina.

Ezinbesteko lerrokadura duten fatxadetan, aurreko osagaiez gain balkoi eta begiratokien hegalkina ere onartzen da. Balkoietan ezin da ikusmira babesteko osagairik jarri balkoia arropa zabaltzeko tokitako erabiltzearren.

Araudi honi dagokionez, itxituraren azaleraren gutxienez %70 kristalez estalia duen gorputz itxia da begiratokia. Erakinaren espazio baten edo hainbaten zabalerakoak izan daitezke.

Ez da hegalkinik onartzen ez beheko solairuetan, ezta bestelako solairu edo fatxadako eremuetan ere, baldin eta kasuan kasuko unitateari edo eremuari buruzko arau partikularrak hala debekatzen badu.

Fatxadetan dauden hegalkinen luzera metatua ezin da izan kasuan kasuko fatxadaren forjatuek guztira duten luzeraren %50 baino luzeagoa.

Hegalkina ez da inolaz ere izanen 1,00 m-tik gorakoa.

4.c) 33. artikulua. Eraikuntzaren garaiera.

Araudi honen ondorioetarako, ondoko kontzeptuak erabiliko dira:

Eraikuntzaren garaiera edo erlaitzeko lerroa: erreferentziako sestratik eraikuntzaren azken solairuko sabaiko forjatuaren azpiko mailarainoko distantzia. Azken forjatu hori horizontala ez bada, bertako azpiko planoak eta fatxadako lerrokadurak bat egiten duten punturaino neurtuko da garaiera.

Oro har, eraikuntzen gutxieneko eta gehieneko garaierak zehaztuko dira, eta determinazio horrek lehentasuna izanen du unitatearen araudi bai grafikoan bai partikularrean adierazten denaren aldean.

Bizitegitarako unitateak:

-Beheko solairuaren garaiera librea: 3.50 m - H - 5.00 m.

-Goiko solairu bakoitzaren garaiera, guztira: H - 3.10 m.

Hirugarren sektorerako unitateak:

-Beheko solairuaren garaiera librea: 3.50 m - H - 5.00 m.

-Goiko solairu bakoitzaren garaiera, guztira: H - 3.50 m.

Eraikuntzak guztira duen garaiera neurtzeko plan honetako araudiak eraikin bakoitzerako aurreikusi dituen solairuen batuketa egin behar da. Horri begira, atikoa beste solairuen gisan neurtzen da.

Unitate bakoitzean aurrikusitako eraikuntzak dituen eraikin exentu edo gorputz bereizi guztiek eraikuntza-garaiera komuna izanen dute, eta fatxada bakoitzak duen sestrarik gorenetik neurtuko da garaiera hori.

Aurreko araudia malda duten kaleetan ere aplikatzeko modukoa izan dadin, bolumen eraikigarria mailakatuko da. Hala egin behar denean, unitate osoa hartuko duen xehetasun azterlana prestatu beharko da, eta eraikitako gorputz ororen gutxieneko nahiz gehieneko garaierak betetzen direla jasoko da bertan, baita mailaketa puntuak non dauden ere. Xehetasun azterlan horrek indarrean beharko du egon unitatea osatzen duten edozein lurzatitarako eraikuntzako lizentzia eman aurretik. Unitatearen gainean jarduketa bakarra egiten denean, ez da zertan xehetasun azterlanik prestatu, eraikuntza proiektuak berak proposatuko baitu mailaketa.

Ataripea eta araudi grafiko zehatza dituzten unitateei ere aplikatu beharko zaie araudi hori. Halakoetan, 3.00 m-koa izanen da ataripearen gutxieneko altura librea, ateburutik neurtuta. Betebehar horrek lehentasuna izanen du hirigintza araudi partikularrean aurreikusitakoaren aldean.

Gailurraren garaiera: erreferentziako sestratik fatxadako errematearen lerroraino edo estalkiaren kareleraino dagoen distantzia da.

Garaiera horri dagokionez, esan beharra dago ezen unitate bakoitzean aurreikusitako eraikin exentu bakoitzaren fatxaden gailurraren garaiera komuna izanen dela, eta eraikuntzaren garaieraren edo erlaitzeko lerroaren gainetik 1,50 m-ra egonen dela, eraikina mailakatu beharra dagoen kasuetan izan ezik, aurreko puntuan zehaztu den bezala.

Atikoko solairuari dagozkion eraikuntzaren garaiera eta gailurraren garaiera ez dira izanen eraikinaren azken solairuari dagozkion eraikuntzaren garaiera eta goialdearen garaiera baino 3.00 metro altuago.

Lurzatiketaren ondorioz gerta daiteke erlaitzerako eta gailurrerako garaiera komuna esleitua duen eraikinen bat lurzati bat baino gehiagotan kokatua egotea eta, hortaz, proiektu bat baino gehiagoren xede izatea. Halakoetan, garatzen den lehenbiziko proiektuan finkatuko da zein den multzo bateratuaren garaiera eta proiektu horretako grafikoen bidez erakutsi beharko da gainerako lurzatien eraikinetan ere antolamenduan aurreikusitako solairu kopuruak eta garaierak bete daitezkeela.

Eraikinak babes edo itxitura opaku batekin errematatuko dira, fatxadaren gainerakoarekin bat etorriko dena bai konposizioari bai materialei dagokienez. Atikoko solairuei dagozkien fatxadetan ere erabiliko da konponbide hori, baita eraikinaren gainerakoan ez bezalako bolumenak dituzten beheko solairuetan ere, halakorik bada.

Nolanahi ere, eraikin edo eraikitako bolumen bakoitzaren gailurraren lerroa jarraia eta horizontala izanen da perimetro osoan, arestian azaldutako salbuespenekin.

Aginduzko lerrokadura duten fatxadetan, goiko babesa edo errematea lerrokadurak definituriko planoan kokatuko da, atzeraemanguneei buruzko araudiak ezarri bezala.

Ezin da inolako hegalkinik egon ereduko azken solairuaren forjatu-sabaiaren goiko kotaren eta eraikinaren gailurraren lerroaren artean.

4.d) 40. artikulua. Lokalak eta atariak.

Bizitegitarako eraikin baten atzeko edo barneko fatxadak espazio libre pribatu batera ematen badu, atariek patio-lorategitik sartzeko bidea izanen dute gutxienez ere, eraikin horretan lokalak egon ala ez.

Suteei buruzko araudia betetze aldera, beharrezkoa bada suhiltzaileen ibilgailuekin etxesaileko patiora sartzeko bidea egotea, araudi horretan eta udal xedapenetan horri buruz ezarritakoa beteko da bai sarbidearen azalerari bai egiturari, baita barneko ibilbideei ere dagokienez.

4.e) 41. artikulua. Barneko aparkalekuak. Garajeak.

Antolamenduan mugaturiko unitate guztietan -ekipamendu publikotarako direnetan izan ezik- barneko aparkatokiak egin beharko dira ezinbestean, honenbeste egin ere:

a) Merkataritzarako edo bulegotarako diren unitateetan, Udal Planaren araudi orokorra aplikatuko da, hau da, aparkatoki bat eraikitako 75 m² -ko.

b) Gainerako unitateetan, 1,5 aparkatoki eraikitako etxebizitza bakoitzeko, eta aparkatoki bat eraikitako 100 m² -ko bizitegitarako ez badira.

Teknikoki ezinezkoa balitz b) atalean aurreikusitakoa betetzea, hau da, kopuru hori erdiesteko bi solairu baino gehiago eraiki beharko balira sotoan, beste konponbide hau erabili beharko litzateke aparkatokien beharra asetzeko:

Sotoan bi solairu eginen dira eta bertan behar diren trastegelak sartuko dira (gehienez ere bat etxebizitza bakoitzeko; azalera: 7 m² , batez beste) eta teknikak ahalbidetzen dituen aparkatoki guztiak, Udal Planaren Hirigintzako Araudi Orokorrean aurreikusitakoak bezainbeste gutxienez ere, hau da, 1,3 aparkatoki etxebizitza bakoitzeko, eta beste aparkatoki bat bizitegitarako ez diren 100 m²-ko.

Parametro horiek aplikatzearen ondorioz egin beharreko aparkatokiak eraiki ahal izateko, lurzati jakin batzuetan sotoak eraikitzen ahalko dira barnealdean aurreikusitako espazio libre pribatuen azpian, baita erabilera publikoko espazioen azpian ere, hala behar bada. Halakoetan erabilera publikoko zortasuna ezarriko da lurzati pribatuaren behar den zatiaren gainean, eta baldintza hau bete beharko da: aparkalekuaren forjatu-sabaiaren goiko kota kanpoko sestrak baino metro bat sakonago egonen da gutxienez ere, ataripeak egiteko espazioen azpian izan ezik.

Araudi partikularreko fitxetako grafikoetan definitzen da zein den sotoaren gehieneko okupazioa antolamenduak mugaturiko unitate eta lurzati bakoitzerako.

Determinazio horri dagokionez, esan beharra dago sotoaren gehieneko okupazioa sotoaren lehen mailari dagokiola eta, hortaz, unitatearen azalera guztia okupatzen ahal dela azpiko mailetan Horrez gain, eta plan partzialaren arabera egin beharreko aparkatoki kopurua eraikitzeko beharrezkoa denean, sotoaren lehen solairu osoa okupatzeko aukera egonen da, tamaina ertaineko zuhaitzak landatzeko moduko gainazala egonen dela bermatuta betiere. Gainazal horrek, 42-3 artikuluan arautzen baita, 400 m²-ko azalera izanen du gutxienez ere. Lerrokadurak libreak izanen dira, eta espazio horren barnean 12 m-ko diametroa duen zirkulua osatzeko modua beharko du egon. 150 cm-ko lodiera duen lur geruza izan beharko du zuhaitzak landatzeko.

Sotoko garajeak mankomunatuak izanen dira oinarrizko unitate bakoitzerako eta, beraz, proiektu bateratu baten xede izanen dira, unitatean garatzen den lehenbiziko eraikuntza proiektuarekin batera prestatu beharko dena. Garaje osorako jarduera sailkatuaren proiektua ere aurkeztu beharko da, lehenbiziko eraikuntza proiektu horri lotuta orobat.

Jabari eta erabilera publikoko pasabideetan eginen dira garajeetarako ibilgailuen sarbideak, hau da, eraikinaren azpian edo gorputz eraikigarrien arteko tarteetan, 5 m-koak edo txikiagoak badira, edo eraikinean barna joanen dira, lurzatiaren fronteetako edozeinetan eta, hala delarik, ibilgailuendako trafikoa duten kaleetara ematen duten horietan.

4.f) 42. artikulua. Espazio libre pribatua(k).

Antolamenduko planoetako grafikoetan definitzen dira unitate eta lurzati bakoitzari loturiko espazio libre pribatuak, eta, halako unitate jakin batzuetan eraikinaren gehieneko lerrokadurek mugatuak daudenez, gutxieneko neurria da haien azalera. Espazio horiei eraikinak okupatu gabeko lurzati eraikigarriaren azalera gehitu behar zaizkie.

Araudi honen ondorioetarako, honako espazio libre pribatu hauek bereizten dira:

1. Beheko solairuko etxebizitzei loturiko espazio libre pribatuak.

2. Espazio libre pribatu mankomunatuak, kanpokoak, kalera ematen dutenak.

3. Espazio libre pribatu mankomunatuak, etxesailen barnekoak.

Jabari eta erabilera pribatuko espazio horiez gain, antolamenduko unitate batzuetan erabilera publikoko zortasuna duten espazio libre pribatuak definitu dira zertarako eta aparkatzeko barneko tokiei dagozkien eskakizunak betetzeko.

1. Beheko solairuko etxebizitzei loturiko espazio libre pribatuak.

Beheko solairuko etxebizitzen barneko fatxadaren eta etxesailaren (unitatea) barneko lorategi mankomunatuaren artean daude. Antolamenduko planoetako grafikoetan azaltzen da haien kanpoko lerrokadura, hau da, lorategi mankomunatuarekin duen muga.

Espazio horien sestra etxesailaren barneko lorategi mankomunatuari dagokion sestra berean edo goragoko batean egon beharko da, eta bat bera eta aldaketarik gabea izanen da unitate bakoitzean, kaleen desnibelaren ondorioz gorputz eraikiak mailakatu beharra dakarten unitateetan izan ezik, 33. artikuluan arautzen den bezala. Halakoetan, espazio horien sestra mailaketa horri egokituko zaio eta hala adieraziko da egin beharko den xehetasun azterlanean.

Mailaketarik ez dagoen tokietan, gerta daiteke ezen, lurzatiketaren ondorioz, beheko solairuko etxebizitzetarako diren eraikinak aldi berean ez egitea; bada, halakoetan, garatzen den lehenbiziko proiektuan finkatuko da lorategi pribatu horien sestra, eta proiektu horretan grafikoen bidez aurreikusi eta justifikatu beharko da aurreko araudia betetzeko modua egonen dela, hau da, etxebizitzetako lorategien sestrari eta barneko lorategi mankomunatuei dagokien araudia betetzen ahalko dela ondotik etorriko diren proiektuetan ere.

Espazio horien azaleraren %50 lorategitarako izanen da eta haietan ezin da inolako eraikuntzarik, estalperik edo eranskinik egin; izan ere, instalazioetako armairuen gorputz linealak baizik ez dira baimenduko, mugakideen arteko itxiturarekin bat egiten badute betiere. Lorategietako itxitura horretarako, baita gainerakoetarako ere, heskaiak erabiliko dira, metalezko sare edo saretekin osatu ahalko direnak. 1,80 m-ko garaiera izanen dute gehienez ere, barneko sestratik neurtuta.

Arropa zabaltzeko tokiak egokitzen badira, albo batean kokatuko dira eta itxitura berdina izan beharko dute. Itxitura berdina izanen da unitate osoan eta, hortaz, berdina izanen da hainbat lurzatitan. Lehenbiziko jarduketan erabakiko da itxituraren diseinua, Udalak onartu ondotik. Espazio horren barnean, hala ere, oinezkoak eta bizikletak atari eta garajeetara sartzeko bideak egiten ahal dira.

2. Espazio libre pribatu mankomunatuak, kalera ematen dutenak.

Lurzatiaren edo lurzatien lerrokadura ofizialaren eta eraikuntzaren aginduzko lerrokaduraren artean kokatzen dira, antolamenduko planoetako grafikoetan definitu bezala.

Lurzatiaren edo unitatearen espazio mankomunatua osatzen dute. Lorategiak izanen dira oso-osorik, atarietarako eta, halakorik bada, garajeetarako sarbideak dituzten esparruetan izan ezik. Zer kaletara ematen duten, kale hartako sestretara egokituko dira espazio horien sestrak.

Halako lorategietan debekatuak daude eraikuntza, barneko banaketa eta kanpoko itxitura guztiak, heskaiak barne, baina atari zein garajeetarako sarbideak egiten ahalko dira esparru horien barnean.

3. Etxesailetako espazio mankomunatuak.

Antolamenduko etxesail edo unitate jakin batzuen barnealdean daude, eta eraikuntzaren barnealdeko gehieneko lerrokadurek eta beheko solairuko etxebizitzei loturiko lorategien kanpoko lerrokadurak mugatzen dute haien esparrua, grafikoetan definitua dagoena.

Zein unitatetan dauden, haren zerbitzuko espazio mankomunatua dira eta azaleraren %50, gutxienez ere, lorategitarako izanen dute. Horrez gain, zuhaitzak landatuko dira sotoan okupatzerik ez dagoen zatian, oro har etxesailaren erdian egonen den hartan.

Zuhaitzak landatzeko espazio horrek 400 m²-ko azalera izanen du gutxienez ere. Lerrokadurak libreak izanen dira, eta espazio horren barnean 12 m-ko diametroa duen zirkulua osatzeko modua beharko du egon. (Determinazio horrek lehentasuna izanen du hirigintzako araudi partikularrean ezarritakoaren aldean). Bertan zuhaitz ertainak landatzeko aukera dagoela bermatu beharko da. Horretarako, gutxienez ere 150 cm-ko lodiera duen lur geruza egon beharko du zuhaitzak landatzeko. Espazio horretan igerilekuak, instalazio komunak eta eremu zolatuak kokatuko balira, haien azalerak ez luke hartu beharko azalera osoaren %25 baino gehiago.

Espazio mankomunatu edo etxesaileko patio-lorategi hauetako bakoitzak batasun bat osatuko du bai funtzioari bai diseinuari dagokienez. Horretarako, urbanizazio proiektu bateratu bat izanen dute, unitatearen esparruan prestatzen den lehenbiziko eraikuntza proiektuari lotuko zaiona. Unitatean garatzen den azken eraikineko etxebizitzak lehen aldiz erabiltzeko lizentzia eman aurretik betearazi beharko da proiektu hori.

Etxesailaren barneko lorategiko sestrak etxesaila osatzen duten eraikinaren sestrei egokituko zaizkie, atari guztiek haietan barna izan behar duten bigarren sarbidea errazteko. Etxesaileko lorategiaren sestrak ondoko kaleari dagozkion horiexek izanen dira haren lerrokaduran edo muga irekian, oinezkoek eta bizikletek bai eta, ohiz kanpoko egoeretan, ibilgailuek ere etxebizitzetaraino sartzerik izan dezaten.

Oinezkoak eta bizikletak bai eta larrialdietako ibilgailuek ere lorategian barna etxebizitzetaraino sar daitezkeela bermatzearren, ibilbide perimetralak egokituko dira haien barnean. Ibilbide horien sekzioa 3 m-koa izanen da gutxienez ere. Suteei buruzko araudia betetze aldera, beharrezkoa bada suhiltzaileen ibilgailuekin etxesaileko patiora sartzeko bidea egotea, araudi horretan eta udal xedapenetan horri buruz ezarritakoa beteko da bai sarbidearen neurriei bai egiturari bai eta barneko ibilbideei ere dagokienez.

Etxesaileko lorategien barnean ezin da inolako eraikuntzarik eraiki sestra gainean, ezta espazioa zatitzen duen banaketarik egin ere, arrazoi funtzionalengatik ezinbestekoak direnak izan ezik, hau da, igerilekuak, kirol pistak eta gisako espazioak mugatzeko erabiltzen direnak. Halakoetan heskaiak eta metalezko sarea erabiliko dira.

Lorategiaren eta espazio publikoaren arteko mugan, heskaia eta sarea edo sareta erabiliko dira itxitura egiteko. Itxitura hori ez da izanen 2,00 m baino garaiagoa, eta 0,50 metroko zokaloak onartuko dira, fatxadarako konponbide orokorrean txertaturik betiere.

Iruñean, 2009ko urtarrilaren 21ean.-Alkatea, María Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: L0901115