22. ALDIZKARIA - 2009ko otsailaren 20a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

LABIANO

Labianoko herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza

Labianoko Kontzejuak, 2009ko urtarrilaren 15eko bilkuran, behin betikoz onetsi zuen Labianoko herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza. Hona testua:

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honek arauak ezartzea du xede, Labianoko mugapeko herrilurretako ondasunen administrazioa, erabilera, zainketa, berreskuratzea eta aprobetxamendua erregulatzeko.

2. artikulua. Herrilurretako ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herrilurretako ondasunak besterenduezinak, preskribaezinak eta bahitezinak dira, eta ez dute tributurik ordainduko.

Haien izaerak eta tratamendu juridikoak ez dute aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko modua.

4. artikulua. Hauek dira herrilurretako ondasunen gaineko arauak: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea; Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; Herrilurren Ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren atalean xedatutakoa deusetan galarazi gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Herri ondasunen gaineko ahalmenak, dela haien erabileraz, dela administrazioaz, dela aprobetxamenduaren araubideaz, dela antolamenduaz den bezainbatean, Labianoko Kontzejuari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herrilurretako ondasunen inguruan Labianoko Kontzejuak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Herrilurrei buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Labianoko Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.

Herrilurretako ondasunak desafektatu ondotik beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Labianoko Kontzejuaren ondarera itzuliko lirateke herrilurretako ondasun gisa.

Herrilurrei buruzko Foru Legearen 6. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herrilurretako ondasunak defendatu eta berreskuratzea

7. artikulua. Labianoko Kontzejua herri ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da eta kontra eginen die haientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saiori edo bestelako ekintzei.

8. artikulua. Labianoko Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Labianoko Kontzejuak Nafarroako Gobernuari, lursailen inmatrikulazioa edo herrilurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Kontzejuak hartuko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. artikulua. Labianoko Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Labianoko Kontzejuak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo beste ezein tituluren kariaz herrilurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Labianoko Kontzejuak, herrilurrei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta haiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua. Labianoko Kontzejuak herri ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da zehaztuko den moduan. Ekintza horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie Kontzejuak herritarrei.

IV. TITULUA

Herrilurretako ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Ordenantza honek aprobetxamendu hauek arautzen ditu:

a) Laborantzako herrilurren aprobetxamenduak.

b) Herrilurretako bestelako aprobetxamenduak.

15. artikulua. 1. Orokorrean, herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea, edo bere kontu bizi den nahiz judizialki gaituta dagoen adingabea izatea.

b) Aranguren ibarreko Biztaleen Udal Erroldan Labianoko bizilagun gisa inskribatua izatea, hiru urteko antzinatasunaz gutxienez ere.

c) Labianon urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian bizitzea.

d) Aranguren ibarreko Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

2. Familia unitateko kideak etxe berean bizi diren guztiak izanen dira. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, familiakoekin bizi arren; betiere, haien diru-sarrerak lanbidearteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

3. Artikulu hau interpretatzerakoan sortzen ahal diren zalantzak Labianoko Kontzejuaren osoko bilkurak argituko ditu, banan-banan.

II. KAPITULUA

Laborantzako herrilurretako aprobetxamendua

16. artikulua. Labianoko laborantzako herrilurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:

a) Lehentasuna duten herritarren aprobetxamenduak.

b) Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoan esleitzea edo Labianoko Kontzejuak zuzenean ustiatzea.

Labianoko Kontzejuak laborantzako herrilurren aprobetxamendua esleitzeko hiru modu horiek erabiliko ditu, bata bestearen ondotik, emandako ordenaren arabera.

1. ATALA

Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak

17. artikulua. 1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia unitateen titular diren herritarrek 15. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia unitateko kide bakoitzarengatik, diru-sarrerek lanbidearteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo familia unitatearen diru-sarrerek guztira soldata eta erdiaren azpitik egon.

2. Familia unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak baldin badaude, agiri bidez egiaztatuta, lanbidearteko gutxieneko soldataren %60ren pareko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

3. Errenta mailak zehazteko jarraitu behar diren irizpideak datu objektiboetan oinarrituz finkatuko dira. Hartuko dira kontuan pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez edukitzea, landalurraren, aziendaren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergagarria, hirilurraren gaineko kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, baita horren gisako beste edozein datu ere.

18. artikulua. 1. Honako azalera hau ezarri da lote tipoarentzat modalitate honetan:

-Lehorreko alorrak: 25 erregu.

2. 16. artikuluan ezarritakoa betetzen duten onuradunei emanen zaizkien loteak zehazteko, koefiziente hauek aplikatuko zaizkio lote tipoari:

a) Hiru kide bitarteko familia unitateak, 1 koefizientea; hots, 50 erregu lehorreko lur.

b) Lau kidetik seira bitarteko familia unitateak, 2 koefizientea, hau da, 70 erregu lehorreko lur.

c) Zazpi kidetik bederatzira bitarteko familia unitateak, 3 koefizientea, hau da, 80 erregu lehorreko lur.

d) Bederatzi kide baino gehiagoko familia unitateak, 5 koefizientea; hots, 90 erregu lehorreko lur.

19. artikulua. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamendurako finkatutako baldintzak betetzen dituzten familia unitate anitz badira, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Labianoko Kontzejuak, aldez aurretik Nafarroako Gobernuaren baimena jasota, Ordenantza honetako 17 eta 18. artikuluetan adierazitako faktoreak beheratu ahalko ditu proportzionalki eta arrazoituz, baina inoiz ez igo. Halakoetan, Labianoko Kontzejuak laborantzako herrilurren %50 erabiliko du, gutxienez, banaketa modu honetarako.

20. artikulua. Aprobetxamendua ez da zortzi urtetik beherakoa izanen. Urte anitzeko laboreen kasuan, eta Udalak baimendu ondoan, epe hori laborearen bizitzaren arabera luzatu ahalko da.

21. artikulua. Herrilurretako lurzatien onuradunek kanon hauek ordaindu beharko dituzte, aprobetxamendu modu honetan:

-Lehorreko lurrak: 2 euro erreguko, urtean.

Modalitate horiek 2009. urterako proposaturiko kanonari dagozkio eta urtero eguneratuko da, nekazaritzako KPIrekin, gehienez ere. Nolanahi ere, kanonak Labianoko Udalak ordaindu beharreko kostuak estali beharko ditu, gutxienez ere.

22. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herrilurretako lurzatiak eta ezin dituzte errentan eman edo ustiatu, lan pertsonala ez den beste moduren baten bidez.

Onuradunei esleitutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek 15. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

23. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, zuzeneko laborantza pertsonala izateko, esleipen hartzaileak edo bere familia unitateko kideek egin behar dituzte laborantza lanak, ordenantza honen 15. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik ezin izanen dute hartu, non ez duten urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek horretara behartzen. Alabaina, zuzeneko laborantza pertsonala egiteko ahalmenik ez da galduko, Labianoko Kontzejuaren iritzian, laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun edo aldi bateko beste arrazoirengatik soldatapekorik hartzen denean.

Horrelakoetan, hamabost eguneko epean jakinaraziko zaio Labianoko Kontzejuari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo besteren bat, Kontzejuaren iritzian, behin betikoa bada eta herrilurrak norberak zuzenean lantzen ahal ez baditu, 24. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

24. artikulua. Ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landatu, esleitzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epean, Labianoko Kontzejuak esleitu eginen ditu hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarren arteko esleipen zuzeneko aprobetxamenduaren bidez. Kontzejuak lurzatien titularrei esleipenetik ateratako diru-sarrerak ordainduko dizkie, kanona kendu ondotik.

Kontzejuak ezintasun fisikorik edo besteren bat noiz dagoen erabakitzeko eskumena du, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.

Beren laborantza apartzerian eman edo lagatzen duten onuradunei herrilurretako lurzatiak kenduko zaizkie esleipen aldia bukatu arte.

Herrilurrak kentzen zaizkien onuradunek apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte.

25. artikulua. Labianoko Kontzejuak egokiak iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahal ditu edozein unetan, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.

Honelakoetan ulertuko da lurrak ez dituela zuzenean norberak lantzen:

a) Nekazaritzako makineria izanik, berari esleitu herrilurrak lantzeko erabiltzen ez duenean.

b) Nekazaritza Batzordearen ustean, esleitutako lurzatiak, ordenantza honetako 22, 23 eta 24. artikuluetan xedatzen denaren arabera, norberak zuzenean lantzen ez baditu.

c) Ondoko alderdi hauen gaineko egiaztagiriak eskatu eta agindu epean aurkezten ez badira: lurra lantzea, lehengaiak erostea eta produktuak saltzeko lanak, beraiek edo Kontzejuak baimendutako pertsonek eginak.

d) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Aitorpenean nekazaritzako etekinik aitortzen ez duenean, horretara beharturik ez egonik ere.

e) Esleituriko lurzatiaren %80 bederen lantzen ez dutenak.

f) Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarrenei errentan emanak dituztenak.

2. ATALA

Herritarren arteko esleipen zuzeneko aprobetxamenduak

26. artikulua. Lurzatiak 1. sailean ezarritakoaren arabera banatu ondoren, geratzen diren laborantzako herrilurrak, baita onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean esleituko dira 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateko titularrak diren herritarren artean baldin Nekazaritzako Gizarte Segurantzan alta emanda badaude.

27. artikulua. Kontzejuak lehentasunezko esleipena egin ondoren zehaztuko du herritarren arteko zuzeneko esleipeneko loteen azalera, gelditzen den azalera eta eskatzaileen kopurua kontuan hartuta.

28. artikulua. Esleipenaren epea 20. artikuluan adierazitako berbera da.

29. artikulua. Aprobetxamendu modu honen bidez herrilurrak hartzen dituzten onuradunek kanon hau ordainduko dute:

-Lehorreko lurrak: 20 euro erreguko, urtean.

Zenbateko horiek 2009. urterako proposatutako kanonari dagozkio; urtero eguneratuko da, K.P.I.aren igoera gehituz gehienez ere.

30. artikulua. Esleipen hartzaileak berak zuzenean eginen du laborantza eta, horretarako, 22, 23, 24 eta 25. artikuluetan xedatutakoa bete beharko da.

31. artikulua. Labianoko Kontzejuak beretzat gordeko du herrilurretako laborantza lurren %5, onuradun berriei esleitzeko.

32. artikulua. Aurkeztutako eskaerak lurrak baino gehiago badira, lehentasuna duten herritarrendako esleipena egin ondotik, diru-sarrera handiagoak dituzten familia unitateetako titularren eskaerak kenduko dira.

3. ATALA

Labianoko Kontzejuaren ustiapen zuzena edo enkante publikoa

33. artikulua. Labianoko Kontzejuak, lehen eta bigarren ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondoren, laborantzako lurra sobran baldin badago, enkante irekian eginen du esleipena, eta hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko epea emanen du.

Kontzejuak finkatuko du erreguaren hasierako prezioa; inguruko antzeko lurrak errentan hartzeko prezioaren antzekoa izanen da. Zenbateko horiek K.P.I.aren arabera eguneratuko dira, urtero.

Enkantea egin ondoan laborantzako lurra sobran gelditzen bada, Labianoko Kontzejuak zuzenean ustiatzen ahalko du.

4. ATALA

Esleitzeko prozedura

34. artikulua. Kontzejuaren iragarki oholean ediktua agertuta, hamabost egun balioduneko epea irekiko du, eskubidea dutela uste dutenek herrilurren esleipena eska dezaten.

35. artikulua. Eskaerei zinpeko aitorpena erantsiko zaie:

a) Labianoko biztanle izatea, gutxienez hiru urteko antzinatasunez, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.

b) Udal honekiko betebehar fiskalak ordainduta izatea.

c) Familia unitatea osatzen duten kideak. Lehentasuna duten herritarrek haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen aipatuko dute.

d) Familia unitateko kide bakoitzak zenbat erregu dituen jabetzan, bai udalerri honetan bai besteetan, lehorreko lurrak diren edo ureztatzekoak zehaztuta.

e) Familia unitateko kide bakoitzak errentan edo jabetzaz besteko tituluren baten bidez lantzen dituen lurrak, bai udal mugape honetan bai besteetan, lehorreko lurrak diren edo ureztatzekoak zehaztuta.

f) Familia unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, gizarte segurantzako pentsioen bidezkoak edo bestelako errentatakoak.

Zinpeko aitorpena egiaztatzeko, Labianoko Kontzejuak ahalmena izanen du beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko, errenta mailak egiaztatzearren; haiek agirietan eta datu objektiboetan oinarrituko dira, 17.3 artikuluan zehazten den bezala.

g) Nekazaritzako Gizarte Segurantzan alta emanda egotea, herritarren arteko zuzeneko esleipena eskatzen dutenentzat.

36. artikulua. Herrilurren Batzordeak proposaturik, Labianoko Kontzejuak onartuen zerrenda onetsiko du esleitzeko era bakoitzean, lehentasunekoan edo zuzenekoan. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

37. artikulua. Aprobetxamendu mota bakoitzeko behin-behineko zerrenda Kontzeju honen iragarki oholean jarriko da hamabost egun balioduneko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da, besterik gabe.

38. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, horien gaineko ebazpena emanen du Kontzejuak, eta mota bakoitzean herrilurretako lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda onetsiko du.

39. artikulua. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduaz baliatzeko eskubidea duten familia unitatearen titularren behin betiko zerrenda ikusita, Labianoko Kontzejuak, ordenantza honen 18. artikuluan ezarritako ezaugarriak betetzen dituzten loteak esleituko ditu.

Loteak banatzean, haietaz baliatzeko eskubidea duten bizilagunekin ados jartzen ahaleginduko da; desadostasunik bada, zozketa eginen da.

Lurzatiak esleituta, onuradunen eta dagozkien herrilurretako lurzatien zerrenda jarriko da jendaurrean 15 egunean, Kontzejuaren iragarki oholean. Kontzejuak onetsi beharko ditu zerrendak.

40. artikulua. Argitaratutako zerrenden aurkako alegazioak, halakorik bada, behin ebatzita eta akatsak zuzenduta, Kontzejuak behin betikotzat joko du laborantzarako herrilurren aprobetxamenduen esleipena.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

44. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Erabilera zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanonak Kontzejuak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.

c) Aprobetxamendua nabarmen gaizki edo osorik ez egitea.

d) Zertarako esleitzen den herrilurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

e) Udalak esleitu gabe, herrilurrak lantzea, nahiz eta landu gabeko lurrak, hots, larre utziak, izan.

f) Landaketa iraunkorrak egitea Udalaren baimenik izan gabe.

g) Esleipenetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.

h) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion beste edozein egintza.

45. artikulua. Adierazitako arau-hausteetan, kontzesioa kenduta zehatuko da.

Labianon, 2009ko urtarrilaren 21ean.-Kontzejuko burua, Eneko Idareta Olagüe.

Iragarkiaren kodea: L0901188