22. ALDIZKARIA - 2009ko otsailaren 20a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

BERRIOBEITI

Akats zuzenketa, APAJGAPLren 105. artikuluaren babesean

2007ko 110. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 4an, argitaratu zen Añezkarko AÑ-1 sektoreko plan partzialeko aldaketa puntualaren testua. Berriobeitiko Udalak aldaketa onetsi zuen 2007ko abuztuaren 7ko osoko bilkuran, Udala bera sustatzaile zela eta Silvia Barbarin arkitektoa haren prestatzaile; hori guztia 35/2002 LAHFLren 134. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

APAJGAPLren 105. artikuluaren babesean, argitara ematen da aldaketaren testu osoa; izan ere, akats material bat dela medio, lerroalde bat ez zen agertu 2007ko abuztuaren 7ko osoko bilkuran behar bezala onetsitako erabakiaren testutik.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 70.2 artikuluan eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 79.2 eta 81.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, aldaketaren testu osoa ematen da argitara, 2007ko 110. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 4an, argitaratu gabeko lerroaldea barne dela, APAJGAPLren 105. artikuluaren babesean.

21. artikulua. Lurzatietako itxituren gaineko araua.

Lurzatietako itxitura, ate, garajeetako sarbide, obrako ostiko, arotz lan, eta abarrendako proposamenak berak izanen dira plan partzial osorako.

Lurzatietako itxiturak lerrokadura ofizialaren gainean eginen dira, lurzati pribatuaren barrenean. Itxitura mailakatua denean, maila bakoitzaren erdiko puntuan neurtuko da altuera. Mailatik mailara arteko koska ez da 20 cm baino txikiagoa izanen. Adierazitako gehieneko altuerak tokirik desegokienetan neurtuko dira.

Lurzatietako itxitura, eremu publikora jotzen duenean, ez da 2,10 m altu baino gehiago izanen. Haren osagaia zokalo jarraitu bat izanen da, gehienez ere 100 cm altu izanen dena, mortero geruzabakarrean bi aldeetan jantzia Ral 1015 kolorean eta hormigoizko teilatuxka zapal aurrefabrikatu zurian akabatua; delako teilatuxka 22 cm zabal eta 2 cm lodi izanen da.

Horren gainean eta gehienez ere 2,00 m-ko altueraraino, metalezko hesia paratuko da, barrote bertikal zuriz osatua; horiek 2 cm ingurukoak izanen dira, 15 cm-ko tartea dutela beren artean. Oinez nahiz autoz lurzatian sartzeko ateetan eredu bera erabiliko da. Sarbidea 4,5 m zabal izanen da etxebizitza bikietan eta 3,0 m atxikietan. Fronteen neurriak, bolumen erantsiaren abiotik mugakidearekiko mugaraino, ikusita zehaztu dira zabalera horiek.

Lurzatietako itxituretan urbanizazioan erabilitako mota berari eutsiko zaio. Ez da inolako elementu mugagarri itsu gehigarririk eginen.

Debeku da arras bihurdurazko hesi metalezkoak, plastikoak edo bestelako material opakoak jartzea, hala nola metalezko xaflak, keretak edo txilarrak, nahiz eta behin-behinekoz izan, eremu publikotik lurzatia ikustea eragozten badute. Landareak baizik ez dira erabiltzen ahal, eta horiek ez dira itxituraren gehieneko atuera baino luzeagoak izanen.

Landarezko itxitura hori nahitaezkoa izanen da Gipuzkoako etorbidera ematen duen lerrokadura ofizialean, eta guztietan landare bera erabiliko da.

Berriobeitin, 2009ko urtarrilaren 26an.-Alkatea, José María Irisarri Ollacarizqueta.

Iragarkiaren kodea: L0901326