22. ALDIZKARIA - 2009ko otsailaren 20a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

2516/2008 EBAZPENA, abenduaren 24koa, ingurumen zuzendari nagusiak emana, Ingurumen eraginaren adierazpena egin eta udal ebazpenaren aurreko txostena ematen duena, Mendabiako (Nafarroa) "Los Corralillos" legar hobiaren ustiapen, lehengoratze eta eragin proiektuari buruz. Sustatzailea Aridos Gorsam, S.L. da.

Martxoaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuak, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duenak, bere eranskinetan ageri diren obra, instalazio edo jarduerak egin edo baimentzeko administrazio ebazpena eman aurretik Ingurumen eraginaren adierazpena egin behar dela dio. Kasu honetan, proposatu den jarduera 4B eranskinaren barruan sartzen da. Hortaz, tramitatzeko jarduera sailkatuaren udal lizentzia lortu behar da, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio eta guzti.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariaren 2007ko urriaren 30eko idazkiaren bidez aurretiazko kontsulten tramitea egin zen. 17 entitateri egin zitzaien kontsulta, eta 4k erantzun zuten. Adierazpen honen I. eranskinean daude kontsultatuen zerrenda eta jasotako erantzunen laburpena.

2007ko abenduaren 27an, aurretiazko kontsulten erantzunak sustatzaileari bidali zitzaizkion, Ingurumen eraginaren azterlana egiterakoan kontuan har zitezen. Gainera, Ingurumen eraginaren azterlanaren derrigorrezko edukiari erantsi beharreko alderdi batzuk aipatu zitzaizkion.

Egin zen aurretiazko kontsulten tramitea kontuan izanik, eta sustatzaileak aurretiazko kontsulten tramitean aurkeztu zitzaizkion oharrei eman zien erantzunarekin batera igorri zen Ingurumen eraginaren azterlana ikusi eta aztertu ondoren, Departamentu honek nahikotzat jo zuen azterlana, eta 2008ko urtarrilaren 31n idatziz jakinarazi zuen espedientea proiektuarekin batera jendaurrean jartzeko tramitea egin zitekeela, prozedura substantiboaren barnean (jarduera sailkatuaren udal lizentzia).

Txosten honen II. eranskinean jaso dira proiektuaren laburpena eta ingurumenean eragina izanen duten lanak. Ingurumen eraginaren azterlanean (III. eranskinean laburturik ageri da) proiektuak ingurumenaren gainean izanen dituen eraginik nabarienak egoki aztertzen dira eta neurri zuzentzaile batzuk ezartzen, ingurumenean eragin nabarmenik ez eragiteko.

Nafarroako Aldizkari Ofizial ean argitaratutako iragarki baten bidez (2008ko 38. zenbakia, martxoaren 24koa) proiektua jendaurrean jarri zen hogeita hamar egunez, jarduera sailkatuaren udal lizentziaren ondorioetarako.

Jendaurreko aldian ez zen alegaziorik jaso.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, kontuan izanik Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren prozedura osorik bete dela, eta Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioko eginkizunak esleitzeko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emandako urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduari jarraituz, eta Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 53.1 artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen eraginaren adierazpena egitea, aldekoa, "Los Corralillos" legar hobiaren ustiapen, lehengoratze eta eragin proiektuari buruz. Mendabian izanen da, eta Aridos Gorsam, S.L.k sustatu du.

2. Goiburuan aipatutako espedienteko agiri teknikoetan ezarritako baldintzak bete behar dira jarduera horretan, baita funtzionamenduko baldintza hauek ere:

-Lur mugimenduak hasi aurretik, eta landare-lurreko geruza kentzen den bitartean, langile espezializatuek prospekzio arkeologikoa egin beharko dute ustiatzekoak diren lurretan, zerbitzu osagarrietan eta beharrezkoak diren azpiegituretan. Hori guztia Nafarroako Gobernuko Ondare Historikoaren Zerbitzuak 2007ko abenduaren 14an egindako txostenarekin bat.

-Legarra atera, eta horrekin loturiko beste edozein jarduketa, proiektuan proposaturiko lurzatian soilik egiten ahalko da: Mendabiako Los Corralillos alderdiko 1. poligonoan dagoen 1307. lurzatian, alegia.

Betiere, alde hauek utzi beharko dira:

-Hondeatze gunearen kanpo ertzetik lurzati mugakideetara 2 m-ko zabalerako zerrenda mantenduko da ustiatu gabe.

.Gehienez ere 150.000 m³ aterako dira, eta horretarako 10 urteko epea dago gehienez ere, lehengoratzeko denbora barne. Ez da inola ere 352 kotatik behera lan eginen, horixe izanen baita harrobiko plazaren azken kota.

.Lurraren azaletik gutxienez 40 cm-ko geruza kenduko da. Lur pilak ustiapenaren hirugarren faseari dagokion gunean jarriko dira 2 m baino gutxiagoko altuera duten metetan. Horrela iraunarazi eginen da material baliotsu hori eta azkenean, legar hobia lehengoratzean berriro bere lekuan jarri beharko da.

.Proiektuan aurreikusten den bezala, lehengoratze lanean hondeatze zuloa osorik beteko da, eta gunearen jatorrizko erliebea lehengoratuko da. Behar bezala erauzi eta metatu den landare lurra berriro jarriko da eta gainazala berdinduko da. Amaierako plataforma gutxi gorabehera ondoko lurzoruen maila berean geratuko da. Azkenik lurra landu eginen da, landatzeko prest uzteko.

.Ustiapen gunetik datozen urak, lur gaineko isurketa ubide naturaletaraino eramanen duten babes-areka, zorroten eta areka perimetralen sistema baten bitartez ebakuatuko dira. Hipotesi gisa, ura pilatzen bada, ubide horietara bideratu baino lehen ur hori helburu horretarako eraikitako dekantazio putzuetan metatuko da. Putzu horiek kubeta iragazgaitz edo iragazgaiztuetan jarri beharko dira.

.Ondoko laborantza lurretan hautsarengatik arazoak sor ez daitezen, makinak igaro behar diren gainazal guztiak ureztatu eginen dira, bereziki legar hobiraino heltzen den Los Corralillos bidearen gainazala.

.Legar hobiaren ustiapen zuloa betetzeko, hondeaketetan ateratako lur eta harri garbiak erabiliko dira, besterik ez.

.Proiektuko jarduketen kronograman agertzen den bezala, lehengoratzeari faseka ekinen zaio, eta lehengoratzeko epea luzatu ahal izanen da, horretarako aurretiaz eskabidea eginez, baldin eta erauzketa zuloa betetzeko lurren eskaria ebazpen honetan ezarri den gehieneko epean betetzen ez bada (10 urte, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatuta. Aldi horren barruan legar hobiaren ustiapen eta lehengoratzea sartzen dira).

.Mendabiako udalak adierazi duenez, lehengoratze lana ezin bada bermatu, hondeatze lanak ez dira helduko proiektuan adierazita dagoen oinarrizko ustiapen mailaraino. Orduan, kota hori igo eginen da, eta ondorioz, erauzi beharreko materialaren bolumena murriztu eginen da.

.Zainketa plana. Ingurumen eraginaren azterlanean adierazitakoez gain, hona hemen beste zehaztapen batzuk:

.Urtero, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari aurkeztuko zaizkio Ingurumen jarraipeneko txostenak. Txosten horiek sustatzaileak urtez urte prestatzen duen lanen planean bilduko dira. Bertan modu berezian kontrolatuko dira ustiapen lanen eta lehengoratze lanen aldiberekotasuna, proiektatutako bukaerako morfologiaren lorpena eta ustiapen zuloa betetzeko isuri diren materialen izaera.

-Atmosferarako isuriak:

Hautsaren kontrako babes neurri hauek jarriko dira:

.Kamioiak kargatu ondoren olanaz estaliko dira.

.Hauts handia bada, sarbidea eta kamioiak urez garbituko dira upel-kamioiaren bidez.

-Hondakinak:

.Edukiontzi bat jarriko da, legarra ateratzeko makinetatik hondakin arriskugarriak isurtzen badira isurkinak lurrera iritsi ez daitezen. Instalazioek material xurgatzaile egokiak izanen dituzte, eta edukiontzi bat ere bai, isur litezkeen gaiak eta gainerako material kutsatuak biltzeko.

-Zarata:

.Lanak egunez eginen dira eta ibilgailuen eta ekipo mugikorren ihes-hodietan isilgailuak jarriko dira.

.Hirigintzari dagokionez, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuaren, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren eta Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren txostenean ezarritako baldintzak bete behar dira.

3. Legar-hobia lehengoratzeko plana gauzatuko dela bermatuko da honako arau hauek aplikatuz: urriaren 15eko 2994/1982 Errege Dekretua eta abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretua, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duena (109. artikulua). Bestela eskudiruzko fidantza aurkeztuko da Nafarroako Gobernuaren Ekonomia eta Ogasun Departamentuan, 67.364 euro guztira, alegia, lehengoratze planaren aurrekontuko zenbateko bera, eta hori egin izana Udalari adierazi beharko zaio, hark irekitzeko baimena eman baino lehen. Bermea bost urtean behin eguneratu beharko da, kontsumorako prezioen indizearen bilakaeraren arabera. Era bereabm berme horren zati bat itzuli ahal izanen da lehengoratze planaren fase bakoitza burutu ondoren.

4. Ingurumen eraginaren adierazpen honek ez du loturarik jarduera sailkaturako lizentzia lortzeko egin behar den tramitazioarekin.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Ingurumen zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2066 Foru Dekretuaren 53. artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

7. Ebazpen hau jakinaraztea Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Basozaintzari, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalari, Mendabiako Udalari eta sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko abenduaren 24an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

I. ERANSKINA

Aurretiazko kontsultak

2007ko urriaren 30ean hasi zen aurretiazko kontsulten tramitea, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak eskatuta, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuan (Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duena) xedatutakoarekin bat. 17 entitateri egin zitzaien kontsulta, eta 4k erantzun zuten.

Kontsulta egin zaienen zerrenda:

AYUNTAMIENTO DE MENDAVIA

INSTITUCIÓN PRÍNCIPE DE VIANA

SERVICIO DE ORDENACIÓN DEL TERRITORIO Y URBANISMO

SERVICIO DE CONSERVACIÓN DE LA BIODIVERSIDAD

DIRECIÓN GENERAL DE OBRAS PÚBLICAS

CONFEDERACIÓN HIDROGRÁFICA DEL EBRO

L.A.B. (LANGILE ABERTZALEAK BATZORDEA)

U.G.T.

UNIVERSIDAD DE NAVARRA

E.L.A. (EUSKO LANGILEEN ALKARTSUNA)

ECOLOGISTAS EN ACCIÓN

UNIVERSIDAD PÚBLICA DE NAVARRA

E.H.N.E. (EUSKAL HERRIKO NEKAZARIEN ELKARTEA)

FEDERACIÓN NAVARRA DE MUNICIPIOS Y CONCEJOS

FEDERACIÓN NAVARRA DE CAZA

ASOCIACION DE CAZADORES NAVARROS "ADECANA"

CC.OO.

Hona hemen erantzunen laburpena:

-Ebroko Ur Konfederazioa.

Uren Ikuskatzailetzako Ingurumena Kudeatzeko Arloak bere irizpenean honako hau adierazi du, besteak beste:

.Ustiapen eremutik isurtzen den ura behar bezala hustu behar da, babes arekek, beherako hodiek eta perimetroko arekek osatutako sistemaren bitartez, dekantazio putzuraino, biltegira bideratu baino lehen edo errekara zuzenean nahiz zehar bidez isuri baino lehen. Ura dekantatu eta biltzeko putzu horiek iragazgaitzak edo iragazgaiztuak izanen dira. Errekara isurketak egin behar badira, zuzenean nahiz zeharka, arroko erakundeak emandako baimen administratiboa aurkeztuko da.

.Landare lurra (zoruaren geruza organikoa) eta B geruzaren zati bat kentzea. Lur hori bi metrotik beherako altuera duten metetan pilatuko da.

.Ingurumen inbentarioa egiteko eta eraginak identifikatu eta baloratzeko jarraibideak ematen dira.

.Ur jabari publikotik eta horren zortasun eremutik kanpo eginen dira bideak. Bideek zeharkako drainatze egokia izanen dute.

.Laneko istripuei eta erregai, olio edo bestelako substantzien jarioei aurrea hartzeko makinak berrikusi behar dira. Uretan izaten den eragina neurtzeko kalitate estandarren adierazleak erabiliko dira, urei buruz indarrean den araudiaren arabera.

.Ez da erauzketarik eginen maila freatikoaren azpitik.

.Lurpeko urei dagokienez, proiektuaren eremuko plano hidrogeologikoa erantsiko da, baita aurretiazko faseei dagozkien lurpeko uren maila piezometrikoen mapa ere. Ingurumena Zaintzeko Planak lurpeko uren mailaren eta kalitatearen segimendua barne hartuko du.

-Ondare Historikoaren Zerbitzua.

Zerbitzuak jakinarazten du jarduera lekuan ez dagoela katalogatutako aztarnategirik, ezta inguruan ere. Beraz, ondareari dagokionez ez dago eragozpenik baimena emateko. Hala ere, adierazi dute ustiapena martxan jarriz gero katalogatu gabeko ondare arkeologikoa babesteko eta ikertzeko neurriak hartu beharko dituela sustatzaileak: lanetan eta landare-lurra kentzen denean arkeologiaren gaineko segimendua egitea, obran bertan. Egitura edo hondakin arkeologikoak agertzen badira mugatu eta balizatuko dira, kontrol faltaren ondorioz kalterik izan ez dadin.

-Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzua.

Zerbitzu honek jakinarazi du ingurumen ikuspuntutik eta oihan arloko ikuspuntutik ez dagoela eragozpenik eskatu dena egiteko.

-Mendabiako Udala. Lizarrerriko EZABU.

Lizarrerriko EEZB hirigintza zerbitzuak, Medabiako Udalak eskatuta, zera jakinarazi du: indarreko udal planaren arabera, jarduera lurzoru urbanizaezin gisa sailkatuta dagoen lurzati batean dago, lurzoruaren kategoria G1 dela: Natura aldetik ustiatzeko eta jarduera berezietarako balioa daukan gorde beharreko lurzorua. Kalifikazio horrek behartuta, ustiapena amaitu ondoren lurzoruaren jatorrizko topografia lehengoratu beharko da, zuloa osorik betez. Baldintza horregatik, sustatzaileak betelanerako materiala eskuragarri duela bermatu beharko da, eta material mota eta horren jatorria zehaztu beharko ditu. Lehengoratze proiektuan planoak sartu beharko dira aurreikusita dagoen amaierako egoera modu argian eta behar bezalako eskalan definitzeko. Mendabiako udalak eskatu duenez, lehengoratze lana ezin bada bermatu, oinarrizko ustiapen maila murriztuko da, eta ondorioz erauzi beharreko materialaren bolumena ere murriztu eginen da.

-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzua.

Zerbitzu horrek ingurumen eraginaren azterlana idazterakoan kontuan hartu beharko diren alderdi hauen berri eman du:

.Agregatuen ustiapen berri hori irekitzeagatik ingurumenean sortu ahal den eragin metakorra, bertatik 60m-tara beste erauzketa jarduera bat dagoela kontuan hartuta.

.Ingurumen eraginaren azterlanean, sortu ahal diren eraginak arintzeko beharrezkoak diren zuzenketa, lehengoratze eta babes neurriak bilduko dira. Zehazki aztertuko dira maila freatikoaren gaineko eragina, ikusizko eragina eta landare lurraren lehengoratzea.

.Lehengoratze planean ekintzak eta aurrekontua bilduko dira.

II. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapena

Proiektua Mendabia udalerrian kokatzen da, ipar-mendebaldeko muturrean, lehendik dagoen beste ustiapen batetik hurbil. Eraginpean dagoen lurzatia udalerri horretako 1. poligonoko 1307. zenbakiduna da.

Legarra aire zabalean aterako da, ezponda eginda, gutxi gora behera 120 metroko luzera eta 3,5 + 3,5 metroko altuera izanen duten mailetan. Erauzketa lanek iparraldetik hegoaldera eginen dute aurrera.

Uharriak 0,5 eta 1m bitarteko sakonera duen landa lur geruza baten azpian daude. Lurzatiaren azalera 27.793 m² da, eta babeserako perimetroaren 2 m-ak kenduta eraginpean dagoen azalera 26.508,58 m² izanen da.

Ustiapenaren bolumena 150.000 m³-koa izanen dela aurreikusi da. Ustiapenaren erritmoa gutxi gorabehera urtean 15.000 m³ izanen dela kontuan hartuta, ustiapenaren bizitza erabilgarria 10 urtekoa izanen da.

Ustiapena hiru fasetan eginen da; lehenengoa, lehenengo hiru urteetan, eta ustiapenaren bolumena 45.000 m³ izanen da; bigarrena, hurrengo 3 urteetan, eta ustiapenaren bolumena berdina izanen da; azken fasea, azken lau urteetan, eta legarren ustiapena 60.000 m³-koa izanen da.

Ustiapen planean ondoko eragiketa hauek aurreikusiko dira:

1. Ustiapen gunea mugatu.

2. Landare lurreko geruza kendu

3. Landare lurreko geruza metatu

4. Baliagarria ez den materiala kendu

5. Material horrekin perimetroko lur zerrenda bat eratu, kanpotik ez ikusteko moduan

6. Legarra erauzi eta kargatu

7. Lurrekin eta gai inerteekin bete

8. Ukitutako naturgunea lehengoratu

III. ERANSKINA

Ingurumen eraginaren azterlanaren laburpena

Proiektuari buruzko Ingurumen eraginaren azterlanak ondokoak biltzen ditu: kokalekuaren eta haren ingurunearen deskribapena eta balorazioa; eraginen identifikazioa, ezaugarriak eta balorazioa; alternatiben azterketa; prebentzio eta zuzenketa neurriak, horien aurrekontua eta ingurumena zaintzeko programa.

Ingurumen inbentarioa osoa eta nahikoa da. Historia eta kultura ondarearen gaineko eraginari dagokionez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak aldeko txostena eman du, dagozkion zuzenketa neurriekin.

Hauek dira balio nabarmenenak, labur azaldurik:

Ebro ibaiaren altuera ertaineko terraza batean dago legar hobia, zehazki 5. mailan, Ebro ibaia baino 20-30 bat metro gorago, Kuaternarioko lurzoru batzuetan.

Legar ustiapenak uki ditzakeen lurzoruak, gutxi garatutako lurra dutenak (Entisol, Inceptisol eta Alfisol motetakoak), zereal soroak dira. Eraginpean dagoen espazioan ez dago fauna babesturik.

Paisaia kalitate apalekoa da, homogeneoa delako eta gizakiaren eragin handia duelako.

Inguruan ez dago naturgune babesturik. Proiektuak uki dezakeen abelbiderik ere ez dago.

Eraginak ebaluatzeko, eragin handia izan dezaketen jarduerak identifikatu dira: erauzketa eta karga, materialen garraioa eta zuloak egitea. Jarduera horiek atmosferaren kalitateari, ezaugarri edafikoei, lurzoruaren erabilerei, landare estalkiari, faunari eta paisaiari eragiten diete.

Eraginak baloratzean, guztiak bateragarritzat jo dira. Dena dela, eraginen hierarkia ezarri da. Larrienetako bat orografiaren eta paisaiaren gainerako eragina da, eta horren atzetik doaz lurzoruen, landarediaren eta faunaren gaineko eraginak.

Ingurumenaren gaineko eragina gutxitzeko neurri zuzentzaileak hartuko dira, legar hobiaren ustiapena eta natur baliabideen babesa bateragarriak izan daitezen, ahal den neurrian: gainazaletan seinaleak eta balizak jarri, landare lurra kendu, ustiapenean zerrendaz zerrenda aurrera egin aldi bereko lehengoratzea egin ahal izateko, zuloa lur ekarpen bidez bete, gainazalei lehengo malda bera eman gerora landu ahal izateko, landare lurreko geruza hedatu eta, azkenean, egokitu.

Ingurumena zaintzeko programan aurreikusita dago aldez aurretiko egokitze, seinaleztatze eta mugatze obrak betetzea, jardueraren garapen ordenatua eta ustiapen eta lehengoratze lanen aldiberekotasuna kontrolatzea, erauzketa zuloaren betelanak zaintzea eta azkenean lurzatia egoki dadila zaintzea.

Iragarkiaren kodea: F0900563