22. ALDIZKARIA - 2009ko otsailaren 20a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

74/2009 FORU AGINDUA, urtarrilaren 30ekoa, Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunak emana, udalek eta irabazi-asmorik gabeko elkarteek toki sustapeneko ekintzak egiteko laguntzen 2009ko deialdia egiten duena.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kontura onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko ematen diren diru-laguntzei aplikatu beharreko araubide juridiko orokorra ezarri zuen. Diru-laguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko ditu, halako jarduerak egiten dituztenek eta deialdiaren xede den egoeran daudenek diru-laguntza eskuratzeko aukera izan dezaten.

Deialdiaren helburua udalei eta irabazi-asmorik gabeko elkarteei 2009an Nafarroako udalerrietako historia, tradizioak eta ohiturak sustatzeko diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea da.

Deialdiak bide ematen die entitate interesdun guztiei baldintza berberetan parte hartzeko eta bermatzen du, aldi berean, diru-laguntza irizpide objektiboei jarraikiz ematea.

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek eta kontu-hartzaile delegatuenek diru-laguntzen egokitasuna eta onura publikoa eta deialdiaren eta haren oinarri arautzaileen legezkotasuna adierazi dute, hurrenez hurren.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 120/2007 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Udalek eta irabazi-asmorik gabeko elkarteek toki sustapeneko ekintzak egiteko laguntzen 2009ko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarriak onestea. Foru agindu honen eranskinean daude.

3. Deialdiko konpromisoak betetzeko gastua baimentzea, zenbateko hauetan, eta 2009ko gastuen aurrekontuko kontu-sail hauen kargura:

a) "Udalek sustapen ekintzak egiteko laguntzak". Kontu-saila: B20000 B2100 4609 921100. Zenbatekoa: 130.000 euro (Id. 1491)

b) "Elkarteek toki sustapeneko ekintzak egiteko laguntzak". Kontu-saila: B20000 B2100 4819 921100. Zenbatekoa: 30.000 euro (Id. 1492)

"Udalek sustapen ekintzak egiteko laguntzak" modalitateko aurrekontuko kreditu osoa agortzen ez bada, gerakina "Elkarteek toki sustapeneko ekintzak egiteko laguntzak" modalitatean aurkeztutako eskaeretarako erabiltzen ahalko da.

4. Foru agindu hau igortzea Erakundeekiko Harremanetarako zuzendari nagusiari, Nafarroako Parlamentuarekiko eta beste Erakunde batzuekiko Harremanetarako Zerbitzuko zuzendariari, Autonomia Erkidegoetako eta Estatuko Erakundeekiko Harremanetarako Ataleko buruari, Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari eta kontu-hartzaile delegatuari, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Foru agindu honen aurka, interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzen ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Halaber, aldez aurretik, Nafarroako Gobernuaren aurrean errekerimendua egiten ahalko dute, Administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako modu eta epean.

Iruñean, 2009ko urtarrilaren 30ean. Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eleduna.-Alberto Catalán Higueras.

ERANSKINA

Deialdiaren oinarri arautzaileak

1. Xedea eta helburua.

Deialdiaren xedea da Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuak udalek eta irabazi-asmorik gabeko entitateek 2009an nafarren ondarearen aberastasuna, aniztasuna eta komuneko ezaugarriak nabarmentzeko bultzatzen dituzten ekintzak edo jarduerak sustatzeko diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea. Ekintza edo jarduera horien xedea da Nafarroako udalerrietako historia, tradizioak edo ohiturak, giza jarduera eta lana sustatzea.

Deialditik kanpo daude herriko jaiak, zaindariarenak edo antzekoak eta gizarte interes orekaturik ez dutenak direla-eta sustatzen ahal diren jarduerak.

2. Finantziazioa.

Deialdiaren xede diren diru-laguntzak Nafarroako 2009ko Aurrekontu Orokorreko kontu-sail hauen kargura finantzatuko dira: "Udalek sustapen ekintzak egiteko laguntzak" (130.000 euro) eta "Elkarteek toki sustapeneko ekintzak egiteko laguntzak" (30.000 euro).

Eskaerak dagokien modalitatearen barnean baloratu eta ebatziko dira, bakoitza bere aldetik, kasuan kasuko finantzaketa kontu-saila kontuan hartuta.

3. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Laguntzen onuradun izanen dira, alde batetik, Nafarroako Foru Komunitateko udalerriak eta, beste alde batetik, legez eratuta dauden eta berezko nortasun juridikoa duten Nafarroako irabazi-asmorik gabeko elkarteak, betiere Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Elkarteen Erregistro Orokorrean izena emanik badaude eta, haien estatutuen arabera, deialdiko jarduketako esparru materialean esku hartzerik badute.

Ezin izanen dituzte deialdian ezarritako laguntzak jaso udalerri ez diren partzuergoek eta bestelako toki entitateek, hala nola kontzejuek, mankomunitateek, elkarte tradizionalek edo udal taldeek.

Edonola ere, ezin izanen dira onuradun izan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan aipatutako kasuren batean dauden entitateak.

4. Diru-laguntzak emateko prozedura.

Deialdian aipatzen diren laguntzak emateko prozedura norgehiagoka bidez tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak konparatuz, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluko 1. idatz-zatian xedaturikoarekin bat.

5. Sustapen ekintzen baldintzak

Diru-laguntzen xede diren sustapen ekintzek, haien modalitate, jarduketa, jarduera, programa edo proiektuetan, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Deialdiko xedearekin eta helburuarekin bat etortzea.

b) Nafarroako Foru Komunitatean egitea.

c) 2009ko urtarrilaren 1etik abenduaren 15era bitarte egitea.

6. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

Laguntzak deialdiaren lehenengo oinarrian adierazitako sustapen ekintzekin lotutako gastu arrunten eragiketak finantzatzeko erabiliko dira, betiere ekintzok Nafarroako Foru Komunitatean egiten badira, 2009ko urtarrilaren 1etik abenduaren 15era bitarte.

Ez dira inola ere diruz lagunduko gastu inbentariagarriak, ikus-entzunezko materialak, web guneen diseinua edo liburuen argitalpena.

7. Eskaeren aurkezpena.

7.1. Eskaera non eta noiz aurkeztu.

Laguntza eskaerak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean (Karlos III.aren etorbidea, 2, -31002, Iruña) aurkezten ahalko dira, 8:30etik 14:30era, baita ekainaren 24ko 137/2002 Foru Dekretuan aipatzen diren Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko gainerako bulegoetan eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren erregistro eta bulegoetan ere.

Eskaerak posta bulegoen bidez bidaltzen badira, gutun-azala zabalik aurkeztu beharko da, posta funtzionarioak egiaztatu baino lehen, eskaerari eguna eta zigilua jar diezazkion. Gainera, entitate interesdunak Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiari eskaera igorri duela jakinarazi beharko dio fax bidez (zenbakia: 848 42 53 20).

Edonola ere, eskaerak hogei egun naturaleko epean aurkezten ahalko dira, oinarriok Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera, eta Nafarroako Parlamentuarekiko eta beste Erakunde batzuekiko Harremanetarako Zerbitzura (Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritza Nagusia) igorriko dira, eta bertan hauxe adierazi beharko da: "Udalek eta irabazi-asmorik gabeko elkarteek toki sustapeneko ekintzak egiteko laguntzen 2009ko deialdia".

7.2. Aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaera, alkateak edo elkarteko ordezkariak sinatua, eskatzailea udal bat edo irabazi-asmorik gabeko entitate bat den kontuan hartuta, agiri hauekin batera aurkeztuko da:

a) Erantzukizuneko aitorpena, entitatearen ordezkariak emana (alkatea edo elkartearen ordezkaria), entitatea, administratzaileak eta ordezkariak diru-laguntzen onuradun izateko debekuetan ez daudela dioena. Debeku horiek Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ageri dira.

b) Dirua transferentzia bidez jasotzeko eskaera, Nafarroako Gobernuari diru-laguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia baldin bada edo aurreko urteetako diru-laguntzak jasotzeko bankuko kontua aldatu bada.

c) Datu hauen azalpen memoria edo proposamena:

-Eginen den jarduera. Zertan oinarritzen den.

-Zein biztanleria talderentzat edo herrigunerentzat den.

-Lortu nahi diren helburuak.

-Erabiliko den metodologia eta jarduera egutegia.

-Diruz lagunduko diren gastuen aurrekontuaren xehetasunak.

Gainera, irabazi-asmorik gabeko elkarteek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, eskaerarekin batera:

a) Elkartearen estatutuak.

b) Helbidea Nafarroan duela frogatzen duen agiria.

c) Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Elkarteen Erregistro Orokorrean izena emanik dagoela frogatzen duen agiria.

d) Identifikazio fiskaleko txartela.

Aurreko lerroaldeei jarraikiz aurkezten diren eskaerak osatzeko, entitate interesdunak interesagarritzat jotzen dituen agiriak aurkezten ahalko ditu, bere eskaeraren indargarri.

Nolanahi ere, aurkeztu beharreko agiriak jatorrizkoak izanen dira edo bestela notario batek edo administrazioak berak kautoturiko fotokopiak.

8. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Eskabideak ez baditu eskatzen diren baldintzak betetzen edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezten ez badira, organo instruktoreak entitate interesdunari gehienez ere hamar egun balioduneko epean akatsak zuzentzeko eskatuko dio, eta ohartaraziko dio, horrela egin ezean, eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko agindu eta horren berri emanen da.

9. Tramitazio eta balorazio organoak.

Eskaera Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiak eginen du, eta Autonomia Erkidegoetako eta Estatuko Erakundeekiko Harremanetarako Atala izendatuko da organo instruktore.

Eskaerak hauen bidez osatutako batzordeak baloratu ditu: Erakundeekiko Harremanetarako zuzendari nagusia, Nafarroako Parlamentuarekiko eta beste Erakunde batzuekiko Harremanetarako Zerbitzuko zuzendaria eta Autonomia Erkidegoetako eta Estatuko Erakundeekiko Harremanetarako Ataleko burua. Batzorde horrek laguntzak emateko prozedura proposatuko du.

10. Balorazio irizpideak.

Irizpide hauei jarraikiz eginen da balorazioa:

a) Proiektuaren izaera: gehienez ere 40 puntu. Kontuan hartuko dira garatu beharreko ekintzaren kalitatea eta bideragarritasuna, eta programatutako jardueraren oinarriak, helburuak eta metodologia bat etorri eta koherenteak izatea, eta proposatutako helburuak betetzen direla bermatzeko baliabideen eskuragarritasuna.

b) Programatutako ekintzaren interesa: gehienez ere 40 puntu. Aintzat hartuko da zein herrigunerentzat den (zenbatespen kuantitatiboa, kualitatiboa) eta haren eragina udalerrian.

c) Sustapen ekintzaren berezitasuna: gehienez ere 20 puntu.

Sustapen ekintzak kontuan hartuak izateko, gutxienez ere 60 puntu lortu beharko dituzte.

11. Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Diru-laguntzaren zenbatekoa aurrekontuko diru-izendapenaren araberakoa izanen da, eta baremo eta aplikazio irizpide hauei jarraikiko die:

a) Zenbatekoak ezin izanen du diru-laguntzaren xede den jardueraren aurrekontuaren %75 gainditu.

b) Mailarik txikienean, hamargarren oinarriari jarraikiz 60 punturekin baloratutako ekintza edo jardueretarako emanen den zenbatekoak diru-laguntzaren xede den jardueraren aurrekontuaren %35 joko du.

c) 60 puntutik gorako ekintzei dagokienez, balorazio batzordeak ekintza zehatz bati ematen dion puntu bakoitzeko (gehienez ere 40 puntu), aurreko atalean ezarritako mailarik txikienari %1 gehituko zaio.

Emandako diru-laguntzaren zenbatekoak ez du sekula gaindituko, bakarrik edo beste erakunde edo entitate pribatu zein publikoen laguntzekin batuta, egin beharreko sustapen ekintzaren kostua.

12. Ebazpena.

Aurkezten diren eskaerak baloratu eta gero, batzordeak Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunari proposamena eginen dio, foru agindu bidezko ebazpena eman dezan, eskaerak aurkezteko epea amaitu eta gehienez ere bi hilabetean.

Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertuko da. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Edonola ere, interesdunei eskaeren ebazpena jakinaraziko zaie, deialdiaren emaitza Nafarroako Gobernuaren web atarian argitaratuz.

13. Gastuen justifikazioa eta diru-laguntzaren ordainketa.

Gastu justifikatutzat joko da, diru-laguntza ordaintzeari begira, diruz lagundutako ekintza edo jarduerarako gastua, betiere 2009ko urtarrilaren 1etik abenduaren 15era bitarte egin eta ordaindu bada.

Diru-laguntza jasotzeko, onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dizkiote organo instruktoreari, 2009ko abenduaren 15a baino lehen:

a) Diru-laguntzaren bidez finantzatutako ekintzen edo jardueren azalpen txosten laburra.

b) Diru-laguntzaren xede den proiekturako lortutako bestelako laguntzak eta diru-sarreren adierazpena. Horrelakoetan, zenbatekoa, jatorria eta diruz lagundutako jardueran funts horiek nola erabili diren justifikatu beharko da.

c) Gastua justifikatzeko kontua. Kontua I. eranskineko ereduaren araberakoa izanen da, eta egindako gastuak agertu eta hartzekoduna, zenbateko osoa eta ordainketaren data zehaztuko dira.

d) Aurreko kontuarekin batera, horrekin lotutako gastuak justifikatzen dituzten fakturak edo bestelako frogagiriak, jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak, aurkeztuko dira, bai eta ordainketa egin dela frogatzen duten agiriak ere.

Laguntzak frogagiriak onartu ondoren ordainduko dira, horiek aurkeztu eta 30 eguneko epean.

14. Diru-laguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarekin batera helburu bera duten beste batzuk ere jaso daitezke, Foru Komunitateko Administrazioarenak izan edo beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo pertsona partikularrenak. Diru-laguntzen zenbatekoa ezinen da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo berezko baliabide batzuekin baturik, egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa. Halakoetan, deialdiko laguntza murriztuko da.

15. Onuradunen betebeharrak.

a) Diru-laguntza ematearen oinarrian dauden jarduerak oinarri arautzaileei jarraikiz egitea.

b) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiari.

c) Zenbatekoa osorik edo zati batean itzultzea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. eta 37. artikuluetan aipatzen diren kasuetan eta horietan ezartzen diren baldintzetan.

d) Jasotako laguntza aipatzea, diruz lagundutako ekintza zabaltzeko euskarrietan "Laguntzailea:" hitza eta horren ondoan Nafarroako Gobernuaren logotipoa jarriz. Aipamen hori Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiaren oharrei jarraikiz eginen da.

e) Organo emaileak egiten ahal dituen egiaztapenak onartzea.

f) Entitatearen ezaugarriak direla-eta eskatzen ahal zaizkion kontabilitate arloko baldintzak betetzea.

g) Jasotako diruaren erabilpenari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

h) Diru-laguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako eginbeharrak.

Diru-laguntza jaso dezakeen kostua 12.000 eurotik gorakoa bada, ekipamendu ondasunen horniduraren edo aholkularitza eta laguntza enpresen zerbitzuen kasuan, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eragimen eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu duela. Kontratazioak irizpide horiek betetzen dituela uste izanen da, baldin eta kontratisten hautapen prozedurak Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legean zenbateko eta kalifikazio bereko kontratuetarako eskatzen diren publizitate irizpideak betetzen baditu.

Onuradunak diru-laguntzaren xede den gastuaren %100 erabiltzen ahalko du azpikontratazioetarako.

16. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenen arloan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiko zaio.

17. Diru-laguntzen araubide orokorra.

Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa eta aplikatu beharreko gainerako arauak aplikatuko dira.

18. Errekurtsoak.

Deialdiaren eta oinarri arautzaileen aurka, interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzen ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Halaber, aldez aurretik, Nafarroako Gobernuaren aurrean errekerimendua egiten ahalko dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako modu eta epean.

I. ERANSKINA

Gastua justifikatzeko kontua

Diruz lagundutako ekintza:

AGIRI ZK. HARTZEKODUNA ZENBATEKOA ORDAINKETA DATA

1

2

3

4

5

6

...

KOSTU OSOA

Iragarkiaren kodea: F0901881