22. ALDIZKARIA - 2009ko otsailaren 20a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.1. Lurraldearen antolamendua eta hirigintza

8/2009 EBAZPENA, 2009ko urtarrilaren 13koa, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza zuzendari nagusiak emana, Iruñean dagoen Eroski - Iruña azalera handiko saltokia handitu eta berritzeko asmoz, "Azalera handiko saltoki bat ezartzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala" aldatzeko araudia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea xedatzen duena. Planaren aldaketaren sustatzailea Eroski Sociedad Cooperativa da.

Nafarroako Gobernuak 2008ko martxoaren 3an hartutako Erabakiaren bidez, "Azalera handiko saltoki bat ezartzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala" aldatzea onetsi zen, Iruñean dagoen Eroski-Iruña izeneko saltoki handia handitu eta berritzeko asmoz (2008ko 37. Nafarroako Aldizkari Ofizial a, martxoaren 21ekoa). Sustatzailea Eroski Sociedad Cooperativa izan zen.

Erabaki hartan sustatzaileari eskatu zitzaion aldaketaren testu bategina aurkezteko. 2008ko uztailaren 24an, Eroski Sociedad Cooperativak eskatu zitzaion testua aurkeztu zuen, paperean eta euskarri digitalean.

Testu bategin hori azterturik, ikusi da proposatutako hirigintza araudian ondotik azaltzen diren zuzenketak sartu behar direla.

A).-Nafarroako Gobernuak 2008ko martxoaren 3an hartutako Erabaki horren azalpen zatian, "B. 1.-Aparkalekuak" izeneko azpiepigrafean, adierazten da saltoki handiko erabiltzaileentzat behar diren 1.775 aparkatokiez gainera, 1.462 lurzatian langileentzako aparkaleku bat egitea proposatzen zela (176 aparkatoki). Lurzati hori U.I.-I/Z.N.-1 unitatean dago eta hango Plan Partziala Iruñeko Udalak behin betikoz onetsi zuen 2006ko urriaren 26an egindako osoko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez (2006ko 142. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 27koa). Hortaz, saltoki handiaren geroko exekuzio proiektuan justifikatu beharko da nola gauzatzen den aurreikuspen hori.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuaren erabaki horren 3. puntuan determinazio hau ezarri zen:

"e) Saltoki handiaren exekuzio proiektuan justifikatu beharko da langileentzako 176 aparkatoki egiteko aurreikuspena nola gauzatzen den".

Hortaz, aparkalekuei buruzko atal eta arauetan behar diren zuzenketak egin behar dira, erabakiaren edukiekin eta determinazioekin bat egieko.

Horrela, araudiaren 3. artikuluan, "Aldatutako UPSaren zenbakizko determinazioak" izenekoan, ondoko aldaketa hauek sartu beharko dira:

Hirugarren gidoiak testu hau izanen du:

"-Merkataritza-gunearen erabiltzaileentzat behar diren aparkatokiak, A-1 orubearen barrenean proiektatu beharrrekoak: 1.175 aparkatoki".

Horren ondotik, beste gidoi hau erantsiko da:

"-Merkataritza-gunearen erabiltzaileentzat behar diren 1.775 aparkatokiez gainera, haren exekuzio proiektuan justifikatu beharko da langileentzako 176 aparkatoki egiteko aurreikuspena nola gauzatuko den".

B).-Araudiaren 5. artikuluan, "Eraikuntzaren definizioa eta tipologia" izenekoan, sartu beharreko aldaketak UPSan finkatutako eraikigarritasunaren eta erabileren gainekoak dira. Haien abiapuntua da testu bategin honen xedeko espedientean ez dagoela inolako proposamenik sotoan aparkalekuz besteko erabilerak izateko. Horregatik, bidezkoa da 3., 4., 8. eta 9. puntuak aldatzea, eraikigarritasunari eta erabilerei dagokienez, eta haien edukia bi puntutan biltzea. Puntu horietan, sotoa merkataritza jardueretarako eta jarduera osagarrietarako erabiltzeko aukerabidea kenduko da eta, orobat, bereiziko da zein eremu dauden A-1 orubeari esleitutako eraikigarritasunaren barrenean eta zeintzuk ez. Hona hemen bi puntu horien testua:

"3. A-1 orubeari (40.000 m²) esleitutako eraikigarritasuna sestra gainean eraikitako sabai-azalerari dagokio, solairuarteak barne.

4. Orubeari esleitutako eraikigarritasun-koefizientea neurtzeko orduan, ez dira aintzat hartuko ataripe edo terraza irekiak, ez eta sotoetan eraikitako azalerak, horiek aparkalekuetarako eta behar diren beste instalazio teknikoetarako erabiliko baitira".

Bidezkotzat jotzen da, bestalde, 8. puntua kentzea, beheko solairuaren barrenean gehieneko altuera 7 metrotan finkatzeak interpretazio akatsak sor ditzakeelako (mall-ean esate baterako).

Bidezkoa da, orobat, 9. puntua kentzea, izan ere, kasu honetan Iruñean sotoetan egiten diren aparkalekuetarako indarra duten arau eta ordenantzetan ezarritako baldintzak aplikatu behar direla uste da, araudiaren 7. artikuluan ezarritakoarekin bat.

C).-Araudiaren 6. artikuluan, "Kudeaketa arloko determinazioak" izenekoan, 2. puntua kendu beharko litzateke, izan ere, Eroski beharturik egonda ere UPSan aurreikusitako obra guztiak egitera (besteak beste PA-34 ingurabideko desazelerazio bidea eta oinezkoendako pasabidea), obra lizentziak egintza arautuak dira, aurkezten diren proiektuen xede diren obretarako ematen direnak, bidezkoa denean. Hortaz, lizentzia horiek ezin dira beste administrazio egintza batzuen mendean edo baldintzapean jarri, are gutxiago beste entitate batzuen eskumeneko egintzak badira (hala desazelerazio bideak PA-34an nola oinezkoen pasabideak, obra lizentziaz gainera, Herri Lan Departamentuaren baimena ere beharko lukete).

D).-Azkenik, araudiaren 7. artikuluak, "azken xedapena" izenekoak, honelako testua behar duela erabaki da:

"Araudi honetan araututa ez dagoen orotan, Iruñeko Udal Planaren arau eta ordenantza indardunak aplikatuko dira".

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak egindako txostena ikusirik, bidezkoa da, Iruñean dagoen Eroski-Iruña azalera handiko saltokia handitu eta berritzeko asmoz, "Azalera handiko saltoki bat ezartzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala" aldatzeko hirigintza araudia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, azaldutako zuzenketak egin ondoren. Planaren aldaketaren sustatzailea Eroski Sociedad Cooperativa da. Araudia ebazpen honen eranskinean azaltzen da.

Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 127/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Iruñean dagoen Eroski-Iruña azalera handiko saltokia handitu eta berritzeko asmoz, "Azalera handiko saltoki bat ezartzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala" aldatzeko hirigintza araudia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, ebazpen honen azalpen zatian adierazitako zuzenketak egin ondoren. Planaren aldaketaren sustatzailea Eroski Sociedad Cooperativa da. Araudia ebazpen honen eranskinean azaltzen da.

2. Adieraztea ebazpen honek ez diola administrazio bideari bukaera ematen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela haren kontra, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko dira.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Iruñeko eta Berriozarko udalei eta Eroski, Sociedad Cooperativari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko urtarrilaren 13an.-Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza zuzendari nagusia, Jesús Javier Ascunce Elizaga.

ERANSKINA

A-1 orubeari dagozkion hirigintza arauak, Eroski-Iruña merkataritza-gunea, Iruñean kokatua

1. artikulua. Xedea:

Udalez gaindiko Plan Sektorialaren hirigintza arauen helburua A-1 orubearen antolaketaren, aprobetxamenduen, erabileren eta kudeaketaren gaineko determinazio guztiak arautzea da. Orube hori Iruñean dagoen Eroski-Iruña merkataritza-gunea handitu eta berritzeko beharrei lotuta dago.

2. artikulua. Eremua:

"Eroski" (90) UPSaren aldaketa honek, hirigintza antolamendu xehearen azkeneko katebegi gisa, ondoko hauek zehazten ditu:

-"Eraikinaren gehieneko lerrokadurak, "eraikinaren mugimendu eremua" finkatzen dutenak. Handitu edo berritu beharreko eraikina lerrokadura horien mugen barrenean sartuko da.

-A-1 orubearen gehieneko hirigintza aprobetxamendua.

-A-1 orubearen barrenean justifikatu beharreko aparkatokien gutxieneko kopurua.

-A-1 orubetik beretik kanpora dauden kudeaketa baldintzak eta hirigintza kargak.

3. artikulua. Aldatutako UPSaren zenbakizko determinazioak.

-A-1 orubeak 53.403 m² ditu.

-A-1 orubearen gehieneko eraikigarritasuna 40.000 m²-koa da, sestra gainean.

-Merkataritza-gunearen erabiltzaileentzat behar diren aparkatokiak, A-1 orubearen barrenean proiektatu beharrekoak: 1.175 aparkatoki.

-Merkataritza-gunearen erabiltzaileentzat behar diren 1.775 aparkatokiez gainera, haren exekuzio proiektuan justifikatu beharko da langileentzako 176 aparkatoki egiteko aurreikuspena nola gauzatuko den.

4. artikulua. A-1 orubearen kalifikazioaren gaineko determinazioak:

-Kalifikazio xehekatua: hirugarren sektorea.

-Kalifikazio zehaztua: ezarri beharreko erabilera eta jarduerak Nafarroako Foru Komunitateko Saltoki Handien Lurralde Ereduaren araberakoak izan beharko dira, zehazki, Nafarroako Gobernuko Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiak 2006ko uztailaren 17an egindako txostenaren araberakoak, hartan finkatzen baitira Iruñerrian baimentzen ahal diren gehieneko neurriak. Neurri horiek dira, hain zuzen, Nafarroako Gobernuak 2008ko martxoaren 3an hartutako Erabakiaren 2. puntuarentzako erreferentziak, izan ere, erabaki horren bidez Eroski, S.Cooperativari merkataritza lizentzia berariazkoa eman zitzaion Eroski Iruña saltoki handia handitu eta berritzeko eta UPSa aldatzeko espedientea onetsi zen (2008ko 37. Nafarroako Aldizkari Ofizial a, martxoaren 21ekoa). Erabaki horretan finkatu zen ekipamendu pertsonalerako gauzen salmentarako (FO3 eta F06) eta Eredutik kanpoko gauza ohikoen eta ohiz kanpokoen salmentarako gehieneko azalerak, hurrenez hurren, 4.216 eta 509 m²-koak izan daitezela.

UPSaren aldaketa honetan bildu den erabileren banaketarako proposamena determinazio horien araberakoa da eta geroko exekuzio proiektuetarako erreferentzia da, horien bidez saltokien eta erabileren definizio formal eta funtzional zehatza finkatuko baita.

5. artikulua. Eraikinaren definizioa eta tipologia:

1. UPSaren aldaketa honen antolaketa planoetan garatu beharreko jarduketaren oinarrizko ezaugarriak bildu dira, baina bertan orientabide batzuk besterik ez da ematen, izan ere, kasuan kasuko eraikinen behin betiko ezaugarriak exekuzio proiektuetan finkatuko dira, hirigintza arau hauetan ezarritako hirigintza parametroekin bat.

2. Eraikina gehieneko lerrokadurek ezarritako mugen barrenean bilduko da (ikus erantsi den dokumentazio grafikoa). Kalkulua egiteko, ez dira hegalkinak eta ataripeak aintzat hartuko, betiere espaloietarako eskatzen diren gehieneko neurriak errespetatzen badira.

3. A-1 orubeari (40.000 m²) esleitutako eraikigarritasuna sestra gainean eraikitako sabai-azalerari dagokio, solairuarteak barne.

4. A-1 orubeari esleitutako eraikigarritasuna neurtzeko orduan, ez dira aintzat hartuko ataripe edo terraza irekiak, ez eta sotoetan eraikitako azalerak, horiek aparkalekuetarako eta behar diren beste instalazio teknikoetarako erabiliko baitira.

5. Beheko solairua gehi solairuartea gisako eraikuntzetan, erlaitzera arteko gehieneko altuera 10,60 metrokoa izanen da. Bi solairuko eraikuntzetan, berriz, erlaitzera arteko gehieneko altuera 16,20 metrokoa izanen da.

6. Eraikinaren ezaugarri funtzionalak direla-eta beharrezkoa bada altuagoa izatea (bigarren solairuan zine-aretoak badira, etab.), exekuzio proiektuan behar bezala justifikatu beharko da aukeratzen den bidea.

7. Erreferentziazko altuera horren gainetik instalazioei loturiko laguntza elementuak onartuko dira (berotzeko ponpak, erauzgailuak, tximiniak, haizagailuak, etab.), hala nola elementu jakin batzuk, sabai-leihoak, arkitektura mugarriak, errotuluak, etab., esate baterako. Horrelakoak 20 metrotik gora jarriz gero, zergatikoa justifikatu beharko da.

8. Arkitekturari dagokionez, merkataritzako eraikin handi baten diseinu berariazkoa izanen du, kokatzen den inguruarekin egoki integratuta, kontuan hartuz hiriko sarbideen irudiak izan ohi duen oihartzuna. Erabiltzen diren materialak kalitatezkoak izanen dira, multzo osoaren kalitateari jarraikiz.

6. artikulua. Kudeaketa arloko determinazioak:

Eroski-Iruña merkataritza-gunea handitu eta berritzeko lanek zortasun eta karga hauek izanen dituzte:

a) Eremuko bide nagusia A-1 orubearen mugakidea da hegoaldetik (Aizoaingo Zalduko kalea). Bidea Eroski, S. Cooperativarena da gaur egun, eta aldaketa honen ondorioz dohainik lagako du, eraikuntza lizentzia ematearekin batera.

b) A-1 orubearen barrenean dagoen Ekialdeko bidearen erabilera publikoa izanen da, nahiz eta titulartasuna eta mantentze-lanen ardura pribatuak izan.

c) PA-34tik "Eroski-Iruña" saltoki handian sartzeko dagoen desazelerazio bidea luzatuko da, 200 metro lineal egin arte, Eroski S. Cooperativaren kontura. Obrak egiten hasi aurretik, behar den proiektua aurkeztu beharko du Herri Lan Departamentuan, onetsia izan dadin.

d) Saltoki handia handitu eta berritzeko proiektuan oinezkoendako eta txirrindulariendako pasabide bat aurreikusiko da PA-34 Iruñeko ingurabidearen gainetik, Berriozarko udal mugapearen eta saltoki handia kokatzen den Plan Sektorialaren eremuaren artean.

7. artikulua. Azken xedapena.

Araudi honetan araututa ez dagoen orotan, Iruñeko Udal Planaren ordenantza indardunak aplikatuko dira.

Iragarkiaren kodea: F0900496