Iragarkia
21. ALDIZKARIA - 2009ko otsailaren 18a
I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.6. Beste batzuk
488/2008 EBAZPENA, abenduaren 23koa, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatean 2009-2010 ikasturterako osasun larrialdietako teknikariaren titulua lortzeko probak deitu eta arautzen dituena.
Hezkuntzari buruzko Lege Organikoak 69.4 artikuluan ezarri du Hezkuntza Administrazioek aldizka antolatuko dituztela, beren eskumenen esparruan, lanbide heziketako tituluak zuzenean lortzeko probak.
Xedapen horri dagokionez, hezkuntza sistemaren lanbide heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuak 19. artikuluan adierazten du lanbide heziketako tituluak horiek zuzenean lortzeko antolatutako probak gaindituz lor daitezkeela.
Era berean, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemaren esparruan lanbide heziketaren antolamendua eta garapena arautzen dituen maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuak bere funtsezko helburuen artean jasotzen du prestakuntza eta lanbide ibilbide malguen hautapena erraztea, pertsonek euren lan esperientziaren edo ikaskuntzako sistema informalen edo ez formalen bidez eskuratutako lanbide gaitasunak aintzatestea ahalbidetuz.
Osasun larrialdietako teknikariaren titulua lortzeko prozedurari dagokionez Lanbide Heziketako Zerbitzuak aurkeztu duen txostena aztertu ondoren, eta
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, hurrengo oinarrien arabera
EBATZI DUT:
1. Nafarroako Foru Komunitatean osasun larrialdietako teknikariaren titulua lortzeko probak deitu eta arautzea, hurrengo oinarrien arabera:
I.-Modalitateak eta parte hartzeko betebeharrak
1. Titulua lortzeko probek bi modalitate dituzte:
A. Modalitate librea.
Modalitate hori osasun larrialdietako teknikariaren titulua lortu edo tituluko moduluetako baten bat zuzenean egiaztatu nahi duten pertsonei zuzenduta dago eta titulu hori osatzen duten heziketa moduluei buruzko proba teoriko eta praktiko batzuk egitea dakar.
B. Heziketa laguntza duen modalitatea.
Modalitate hori osasun larrialdietako teknikariaren tituluari lotutako gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko prozesuan lanbide gaitasunak egiaztatu dituzten pertsonei zuzenduta dago. Modalitate horren barnean, Hezkuntza Departamentuak moduluen heziketa eskaintza eginen du, probak egin baino lehen hala nahi duten pertsonei osasun larrialdietako teknikariaren tituluari lotutako lanbide profila osatzeko aukera emanen diena
2. Proba horiek egin ahal izateko, eskatzaileek betebehar hauek bete beharko dituzte:
2.1. Modalitate librerako:
a) Probak egiten diren urtean 17 urte beteta izatea edo betetzea.
b) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua edo ondorio akademikoetarako horren baliokidea dena izatea. Bestela, 25 urtetik gorakoentzat antolatzen diren unibertsitatera sartzeko probak, erdi mailako heziketa zikloetara sartzeko probak edo ebazpen honen III. epigrafean aipatzen den proba gainditu izana.
2.2. Heziketa laguntza duen modalitaterako:
Aurreko idatz-zatian ezarritako betebeharrez gain, modalitate horren eskatzaileek lanbide gaitasuna egiaztatu beharko dute osasun larrialdietako teknikariaren titulua osatzen duten gaitasun unitateetako hirutan, gutxienez, lanbide gaitasuna ebaluatu eta egiaztatzeko prozeduraren bidez, osasun larrialdietako teknikariaren profilari dagozkion lanbide gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko fasearen deialdia arautzen duen abenduaren 2ko 432/2008 Ebazpenean, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak emandakoan, ezarritakoaren arabera; gaitasun horiek lan esperientziaren edota beste prozedura ez formal edo informal batzuen bidez eskuratu dira, lanbide heziketako teknikari eta goi mailako teknikariaren tituluak lortzeko proben araudiaren esparruan.
3. Aurreko idatz-zatian ezarritako betebeharrak agiri hauen bidez egiaztatuko dira:
a) Indarreko Nortasun Agiri Nazionalaren edo pasaportearen fotokopia konpultsatua.
b) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua edo ondorio akademikoetarako baliokidea dena. Bestela, ebazpen honen 2.1.b) puntuak aipatzen dituen probetako baten bat gainditu duela adierazten duen ziurtagiria.
c) Heziketa laguntza duen modalitateari dagokionez, osasun larrialdietako teknikariaren titulua osatzen duten gaitasun unitateetako hiru, gutxienez, egiaztatu dituela adierazten duen ziurtagiri akademiko ofiziala.
II.-Betebehar akademikoak betetzen ez dituzten izangaientzako sarbide proba
4. Zuzeneko sarbiderako behar diren betebehar akademikoak betetzen ez badituzte ere, 2. idatz-zatian aipatutako gainerako betebeharrak biltzen dituzten izangaiek proba bat gainditu beharko dute, bidezko heziketa ziklora sartzeko aukera emanen duena. Proba hori Iruñeko "Sanitaria" BHIn eginen da, 2009ko iraileko lehenengo astean. Abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera, proba horrek egiaztatu beharko du ikasleak osasun larrialdietako heziketa zikloko ikasketak aprobetxamendu onez ikasteko ezagupen eta gaitasun nahikoak dituela.
5. Berariazko lanbide heziketako tituluak lortzeko probetan izena ematen den unean bertan emanen da izena proba horretan, 1.B) eranskineko ereduaren arabera.
6. Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak proba horretarako ebaluazio batzordea hautatuko du. Batzorde hori Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuko kide batek (batzordeko lehendakaria), "Sanitaria" BHIko zuzendariak (batzordeko idazkaria) eta Bigarren Hezkuntzako irakasleen eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoetako irakasleetako bik (batzordekideak) osatuko dute. Batzordeak probaren emaitzak jasoko ditu akta batean; akta horren eredua 2. eranskinean agertzen da.
7. Egiturari, edukiei, ebaluazio irizpideei, emaitzen egiaztapenari eta salbuespenei dagokienez probaren ezaugarriak Hezkuntza Departamentuaren araudian agertzen direnak izanen dira. Departamentu horrek urtero deitu eta arautzen ditu berariazko lanbide heziketako heziketa zikloetara sartzeko probak. Aurrekoa gorabehera, berariazko zatia salbuestea ahalbidetzen duen lan esperientzia egiaztatzeko, nahikoa izanen da pertsonak kontratudun edo boluntario gisa lan esperientzia hori eskuratu duen enpresaren ziurtagiria, datu hauek berariaz adierazten dituena: kontratuaren edo borondatezko lanen iraupena, egindako lana eta zenbat denbora egin duen lan horretan.
8. Proba hori gainditzeak Nafarroako Foru Komunitatean osasun larrialdietako teknikariaren heziketa ziklora sartzeko baino ez du balio.
III.-Berariazko lanbide heziketako tituluak lortzeko probetan izena ematea eta matrikulatzea
9. 2. idatz-zatian ezarritako betebeharrak betetzen dituzten pertsonek deialdi honetan parte hartu nahi badute, aldez aurretik izena eman beharko dute Iruñeko "Sanitaria" BHIn, 1.A). eranskinean ageri den eredua erabiliz, 2009ko ekainaren 29tik uztailaren 3ra bitartean, biak barne.
10. Ziklo osoan izena eman nahi duten pertsonek egiaztatu beharko dute, haien lan esperientzia justifikatzen duten agirien bidez, esperientzia horrek behar besteko iraupena duela eta osasun larrialdietako teknikariaren tituluaren lanbide profilari egokitzen zaiola. Horrela, Lantokietako prestakuntzaren moduluaren salbuespen osoa egiaztatu ahal izanen zaie, ebazpen honen IX. epigrafean agertzen diren irizpideen arabera.
11. Ebazpen honen 2. idatz-zatian ezarritako betebehar guztiak betetzen dituzten pertsonek matrikula egin ahal izanen dute lanbide moduluko edo heziketa ziklo osoko, 3. eranskinean agertzen den ereduaren arabera. Nolanahi ere, izangaiek aurretik egiaztatu dituzten gaitasun unitateei lotutako lanbide moduluak baliozkotzeko eskatu ahal izanen dute. Matrikula egiteko epea 2009ko irailaren 21etik 23ra bitartekoa izanen da, biak barne.
IV. Osasun larrialdietako teknikariaren titulua lortzeko probetarako ebaluazio batzordea.
12. Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak proba horretarako ebaluazio batzorde bakarra hautatuko du. Batzorde hori bost kidek, gutxienez, osatuko dute: horietako batek lehendakari jardunen du eta beste batek, berriz, idazkari, eta biak, irakasleak ez ezik, Hezkuntza Departamentuko funtzionario publikoak ere izanen dira. Dena den, batzorde horretan ebaluatu beharreko lanbide modulu bakoitzean irakaslanean aritzen den kide bat, gutxienez, egotea bermatuko da. Hezkuntza Departamentuak profesional adituak baimendu, eta, hala badagokio, hautatu ahal izanen ditu, ebaluazio batzordean parte har dezaten edo batzordearen aholkulari jardun dezaten.
13. Honako hauek dira ebaluazio batzordeak garatu beharreko eginkizunak:
a) Probak egin, zuzendu eta kalifikatzea.
b) Probak egin bitartean han egotea eta horien garapena kontrolatzea.
c) Izangaien nortasuna frogatzea.
d) Proben emaitza aktak idatzi eta argitaratzea.
e) Lanbide moduluak baliozkotzeko edo Lantokietako prestakuntzaren modulutik osorik salbuesteko eskabideak ebaztea.
f) Izangaiek aurkez ditzaketen erreklamazioak ebaztea.
V.-Proben egutegia eta ezaugarriak eta ebaluazio irizpideak.
14. Ebazpen honetan arautu beharreko probak 2009-2010 ikasturtearen azken hiruhilekoan eginen dira, behar bezala argitaratuko den egunean.
15. Proben edukiak osasun larrialdietako teknikariaren heziketa zikloaren indarreko curriculumari eta haren lanbide gaitasunei buruzkoak izanen dira. Probek eduki teorikoak zein praktikoak barne hartu beharko dituzte, ikaskuntza emaitzen eta ebaluazio irizpideen bidez izangaiak behar diren gaitasunak dituela nabarmentzen dutenak. Proba bakarra eginen da heziketa modulu bakoitzerako, Lantokietako prestakuntzaren modulurako izan ezik.
16. B modalitatean izena eman duten pertsonei dagokienez, izangaiak ebazpen honen VI. epigrafean deskribatzen den laguntza prozesuan ebaluazio positiboa jaso duten moduluen probak egitetik salbuetsi ahal izanen dira, prestakuntza faseko irakasle taldearekin ados egonda ebaluazio batzordeak horrela erabakitzen badu.
17. Modulu bakoitzaren ebaluazioari buruzko adierazpena eta, hala badagokio, heziketa zikloaren azken kalifikazioa berariazko lanbide heziketan ebaluazioaren arloan indarrean dagoen araudian ezarri bezala eginen dira.
VI.-Heziketa laguntzaren fasea.
18. Aurretik adierazi bezala, B modalitateko izangaiek heziketa laguntza jasoko dute, moduluetan egituratuta egonen dena eta osasun larrialdietako teknikariaren zikloaren curriculumak adierazten duen lanbide profila osatzeko aukera emanen diena.
19. Heziketa laguntza lanbide moduluak irakasteko irakaslanean aritzen diren irakasleek osatutako irakasle talde bati dagokio. Lanean dauden profesional adituek talde horretan parte har dezakete eta taldeak honako eginkizun hauek izanen ditu:
-Taldearen jarraipen plana eta izangai bakoitzaren banakako heziketa plana diseinatzea.
-Izangaien prestakuntzaz arduratzea, ikasgeletan eta urrutiko modalitatean ematen denaz.
-Izangaien etengabeko ebaluazioa egitea.
20. Heziketa planak bi heziketa eremu izanen ditu:
a) Modulu zehatz bakoitzean matrikulatuta dagoen talderako heziketa eremua, nahitaez "Sanitaria" BHIn edo egokitzat jotzen den beste leku batean garatu beharrekoa. Aurretik aipatu den irakasle taldea arduratuko da eremu horretaz, ikasleen lan jarduerarekin bateragarria den ordutegian eta arratsaldeetan, ahal dela. Eremuaren helburua irakasle taldeak izangaiak orientatzea eta ikasleek heziketa eta ebaluazio jarduerak egitea da. Eremuan izangaien lanbide profila osatzeko heziketa ekintzak garatuko dira eta horretarako irakasleen edo profesional adituen zuzeneko irakaslana eskatzen duten lanbide moduluen funtsezko aldeei helduko zaie.
b) Banakako lana, izangaiak bere kabuz lor ditzakeen heziketa helburuak erdiesteari begira dagoena. Jarduera hori urrutiko modalitatean eginen da batez ere, dela postaz, dela telefonoz edo dela prozedura telematikoz, eta irakasle talde bat arduratuko da horretaz, tutoretza pertsonalaren bitartez, aurrez ezarritako ordutegian. Zilegi da, halaber, ikastetxera bertara joatea aipatu taldearen laguntza hartzeko, eta ikastetxeko prestakuntza instalazioak erabiltzea, egoerak hala eskatzen duenean.
21. Ikastetxeko Zuzendaritzak ikasgelan egon beharreko tutoretza edo saio kolektiboen ordutegia zehaztuko du, izangaien, erabil daitezkeen giza baliabideen eta baliabide materialen arabera. Oro har, heziketa moduluen egituraketa eta sekuentziazioa izangaiei zuzeneko heziketa eremuen aprobetxamendurik handiena eskaintzen dieten irizpide pedagogikoak aplikatuz eginen dira, ahal den neurrian.
22. Laguntzaren fasean aztertutako moduluen ebaluazioa etengabea izanen da, orientazio eta prestakuntza balioa izan dezan. Etengabeko ebaluazioaren prozesuan kalifikazio positiboa eskuratzen duten izangaiak salbuetsita egonen dira fase horretan gainditu dituzten moduluei dagozkien amaierako probak egitetik. Bestela, A modalitatean matrikulatuta dauden izangaientzat aurreikusi diren probak egin ahal izanen dituzte.
VII.-Baliozkotzeak eta salbuespenak.
23. Baliozkotzeen eta Lantokietako prestakuntzaren modulutik salbuestearen arloan indarra duen araudia aplikatuko zaie ebazpen honek arautzen dituen probetan matrikulatuta daudenei.
24. Baliozkotzeei eta Lantokietako prestakuntzaren modulutik salbuesteari buruzko eskabidea matrikula egiten den unean bertan egin beharko da. Lantokietako prestakuntzaren modulutik salbuesteko eskatzen bada, gainerako lanbide moduluak gainditu ondoren agiri bidezko justifikazioa aurkeztu ahal izanen da eta alde hori adierazi beharko da salbuespenari buruzko eskabidean.
25. Lanbide moduluak baliozkotzeko edo Lantokietako prestakuntzatik salbuesteko eskabideak ebazpen honen 12. puntuan aipatu den ebaluazio batzordeak ebatziko ditu.
VIII.-Erreklamazioak.
26. Ebaluazio prozesuen kalifikazioei buruzko erreklamazioak idatziz aurkeztuko zaizkio, lehenengo instantzian, bidezko ebaluazio batzordeko lehendakariari. Batzordea ebazpenaren 6. puntuan zehaztutakoa izanen da sarbide probetarako edo 12. puntuan zehaztutakoa, osasun larrialdietako teknikariaren titulua lortzeko probetarako.
27. B modalitatean heziketa laguntzaren faseaz arduratzen den irakasle taldeak egin kalifikazioei buruzko erreklamazioak maila ez-unibertsitarioko ikastetxeetako ikasleen eskubideen eta betebeharren inguruan ezarri diren arauen arabera eginen dira.
28. Lehenengo instantziako erreklamazio prozesua agortu duten pertsonek hura tramitatzen jarraitu ahal izanen dute Lanbide Heziketako Zerbitzuaren aurrean. Horretarako, Zerbitzu horretako zuzendariak jaso beharreko erreklamazioa aurkeztu beharko dute Hezkuntza Departamentuko Erregistro Orokorrean edota Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan jasotako edozein bide erabiliz.
IX.-Lantokietako prestakuntzaren modulua.
29. Lantokietako prestakuntzaren modulua egitetik salbuestea nahi duten A modalitateko (librea) izangaiek urtebeteko lanaldi osoko lan esperientzia egiaztatu beharko dute, osasun larrialdietako teknikariaren lanbide eremuari lotuta egonen dena. Horretarako, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorraren, Itsasoko Gizarte Institutuaren edo izangaia afiliatuta dagoen lan mutualitatearen ziurtagiria. Ziurtagiri horrek enpresa, lan kategoria (kotizazio taldea) eta kontratazio aldia jaso behar ditu.
b) Lan esperientzia hartu duen enpresaren edo enpresen ziurtagiria. Ziurtagiri horretan, berariaz agertu behar dira kontratazio aldiak, eginiko jarduerak eta horiek zein alditan egin diren.
c) Norberaren konturako langileak badira, Langile Autonomoen Araubide Bereziko kotizazio aldiak egiaztatu beharko dituzte, eta eginiko jardueren deskribapena erantsi beharko dute, bai eta horiek zein alditan egin dituzten azaldu ere.
d) Euren esperientzia boluntariotza zereginetan garatu duten pertsonen kasuan, lan esperientzia hori bereganatu duten erakundearen ziurtagiria aurkeztu beharko dute. Ziurtagiri horretan, berariaz jaso beharko da informazio hau: boluntario gisa eginiko lankidetzaren iraupena, eginiko jarduerak eta horien aldia, jarduera horiei eskainitako orduen zenbatespenarekin.
30. Lantokietako prestakuntzaren modulua izan ezik, osasun larrialdietako heziketa zikloko moduluak gainditu dituztenek izena eman ahal izanen dute matrikulatzeko epe arruntetan, "Sanitaria" BHIn. Institutuak modulu hori egiteko baldintzak erraztuko ditu.
X.-Titulazioa, egiaztapena eta erregistroa.
31. Ebaluazio prozesu horiek gainditzen dituzten izangaiek bidezko lanbide moduluak egiaztatzeko eskubidea izanen dute.
32. Nafarroako Foru Komunitatean berariazko lanbide heziketan ari diren ikasleen ebaluazio prozesua eta akreditazio akademikoa arautzen dituen araudian xedatutakoaz gain, "Sanitaria" BHIk ebazpen honetan adierazitako ebaluazio prozeduran egiaztatu diren moduluen erregistroa eginen du.
33. Osasun larrialdietako teknikariaren heziketa zikloaren curriculuma osatzen duten lanbide modulu guztiak gainditzen dituztenek eskubidea izanen dute titulu hori emateko eskatzeko.
2. Ebazpen hau igortzea Lanbide Heziketako Zerbitzuari, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari, Ikastetxeen, Ikasketetarako Laguntzen eta Azterlan Ekonomikoen Zerbitzuari, Giza Baliabideen Zerbitzuari, Antolamendu eta Berrikuntza Zerbitzuari, Lanbiderako Prestakuntzen Atala-Nafarroako Prestakuntzen Institutuari eta Ikastetxeen Plangintza eta Garapenerako Atalari.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2008ko abenduaren 23an.-Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusia, Pedro González Felipe.
1.A) ERANSKINA
Berariazko lanbide heziketako tituluak lortzeko probetan izena emateko eskabidea
I.-Eskatzailearen datuak:
Deiturak eta izena:
NAN:
Jaioteguna:
Helbidea: Herria:
Kalea/Plaza: ............................ zk.:
Posta kodea: ...................... Probintzia:
Telefono zk.:
II.-Izena emateko datuak:
Osasun larrialdietako teknikariaren titulua lortzeko proba libreetan izena eman nahi du, hurrengo modalitatean:
f A (librea)
f B (heziketa laguntza duena)
Ondoko egiaztagiriak eransten ditu (fotokopia):
f Nortasun Agiri Nazionala edo pasaportea.
f Sarbiderako betebehar akademikoei buruzko ziurtagiri akademikoa.
f Sarbide proban izena emateko eskabidea.
B modalitaterako
f Heziketa zikloaren gaitasun unitateak gainditu izana adierazten duen ziurtagiria.
.....................(e)n, 20...(e)ko ................aren ....(e)(a)n.
Eskatzailearen sinadura
"SANITARIA" BHI-KO ZUZENDARI JAUNA.
1.B) ERANSKINA
Osasun larrialdietako teknikariaren erdi mailako heziketa zikloan sartzeko proban izena emateko eskabidea
I.-Eskatzailearen datuak:
Deiturak eta izena:
NAN:
Jaioteguna:
Helbidea: Herria:
Kalea/Plaza: ............................ zk.:
Posta kodea: ...................... Probintzia:
Telefono zk.:
Eskatzen du:
Osasun larrialdietako teknikariaren erdi mailako heziketa zikloan sartzeko probetan izena eman ahal izatea
f Berariazko zatia egitetik salbuestea. Horretarako, bidezko egiaztagiriak erantsi ditu.
.....................(e)n, 20...(e)ko ................aren ....(e)(a)n.
Eskatzailearen sinadura
"SANITARIA" BHI-KO ZUZENDARI JAUNA.
2. ERANSKINA
Osasun larrialdietako teknikariaren erdi mailako heziketa zikloan sartzeko probaren ebaluazio batzordearen ebaluazio akta
Ikastetxea: "Sanitaria" BHI
Herria: Iruñea
Orria: ...
Akta honetan biltzen dira ..................................... izangai. Zerrendako azkena ............................. da.
....................(e)n, 20...(e)ko ................aren .............(e)(a)n.
O.E.
Batzordeburua Idazkaria Batzordekideak
3. ERANSKINA
Matrikulatzeko eskabidea
I.-Eskatzailearen datuak:
Deiturak eta izena:
NAN:
Jaioteguna:
Helbidea: Herria:
Kalea/Plaza: ............................ zk.:
Posta kodea: ...................... Probintzia:
Telefono zk.:
II.-Matrikulatzeko datuak:
Heziketa zikloa: osasun larrialdietako teknikaria.
Maila: erdi maila
Lanbide arloa: osasuna
Modalitatea:
f A f Ziklo osoa f Moduluak: (aipatu)
f B f Moduluak: (aipatu)
III.-Salbuespenak eta baliozkotzeak.
Behean sinatu duenak honakoa eskatzen du:
f Lantokietako prestakuntzaren modulutik salbuestea.
f Jarraian aipatzen diren moduluak baliozkotzea:
Horretarako, bidezko agiriak aurkeztu ditu.
.....................(e)n, 20...(e)ko ................aren ....(e)(a)n.
Interesdunaren sinadura
"SANITARIA" BHI-KO ZUZENDARI JAUNA.
Iragarkiaren kodea: F0900647
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
