I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
30/2009 FORU AGINDUA, urtarrilaren 23koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, 2006ko uztailaren 11ko 255/2006 Foru Agindua aldatzen duena. Horren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean hazitarako patataren ekoizpena arautu zen.
1989ko maiatzaren 24ko Ministerio Aginduaren bidez, Hazitarako patata kontrolatu eta ziurtatzeko Erregelamendu Teknikoa onetsi zen. 4. ataleko 1. puntuak ezartzen duenez, hazitarako patataren ekoizpena autonomia erkidegoetako organo eskudunek baimendutako eskualdeetan eginen da, edo Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak baimendutakoetan, baldin eta eskualdeen eremuak autonomia erkidego bat baino gehiago hartzen badu.
2006ko uztailaren 11ko 255/2006 Foru Aginduak Nafarroako Foru Komunitatean hazitarako patata ekoizteko araudia onetsi zuen. Hazitarako patata ekoizteko baimena duten eskualdeak eta herriak agertzen dira agindu horretan.
Hazitarako patata ekoizteko entitateak, OPPOSAk, eskaera aurkeztu du, aipatu den foru aginduan sartuta ez dauden zenbait herritan hazitarako patata ekoizteko baimena eman dadin. Herri horietako batzuk Izarbeibarko ureztaketa eremukoak dira.
Nafarroako Ubidearen ureztaketa eremu berrietan bestelako laborantzak proposatzea bereziki interesgarria da, nekazaritza, ekonomia eta gizarte arloetan haiekin bat datorren garapena lortzeko.
2007an eta 2008an hazitarako patata ekoizteko Izarbeibar aldearen egokitasuna ebaluatu da. Ebaluazio horren emaitzak bikainak izan dira.
Orvaláiz kooperatibak, eremu horretan diharduenak, interesa du hazitarako patataren ekoizpenean.
Bidezkoa da Nafarroako Foru Komunitatean hazitarako patataren ekoizpena arautu zuen 2006ko uztailaren 11ko 255/2006 Foru Agindua aldatzea, Izarbeibar sartzeko, udalerri hauek, alegia: Adios, Añorbe, Eneritz, Legarda, Muruzabal, Obanos, Gares, Tirapu, Ukar eta Uterga. Kodes aldeko laborantza sistemarekiko antza dela-eta, Izarbeibar eremu irekitzat jotzea komeni da.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,
AGINDU DUT:
Artikulu bakarra.-2006ko uztailaren 11ko 255/2006 Foru Aginduaren 2. artikulua aldatzea. Horren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean hazitarako patataren ekoizpena arautu zen. Testu hau izanen du:
"2. Ekoizpen esparruak.
Nafarroan hazitarako patata ekoizteko baimena duten esparruak eta alde nagusi horiek osatzen dituzten udalerriak hauek dira:
-Pirinio aldea: Abaurregaina, Abaurrepea, Auritz, Aurizberri, Ezkaroze, Garaioa, Garralda, Hiriberri Aezkoa, Jaurrieta, Otsagabia eta Orontze.
-Kodes aldea: Cabredo, Genevilla eta Marañón.
-Izarbeibar aldea: Adios, Añorbe, Eneritz, Legarda, Muruzabal, Obanos, Gares, Tirapu, Ukar eta Uterga.
Pirinio aldea esparru itxi deklaratzen da, eta debekaturik dago bestelako pataten ekoizpena.
Kodes eta Izarbeibar aldeak esparru ireki deklaratzen dira, eta baimendurik dago kontsumorako patataren ekoizpena, I. eranskinean adierazten diren baldintzetan.
Dena dela, alde guztietan etxeko kontsumorako patata ere erein ahalko da, II. eranskinean adierazitako baldintzetan betiere.
Kontsumorako patata ekoizteko, bai eta etxerako denean ere, laborantza-adierazpena aurkeztu beharko da, III. eranskinean ageri den ereduari jarraikiz."
Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.
Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta 2009ko otsailaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.
Iruñean, 2009ko urtarrilaren 23an.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.
Iragarkiaren kodea: F0901870