2. ALDIZKARIA - 2009ko urtarrilaren 5a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ATETZ

Atezko Udalaren herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Atezko Udalak, 2008ko irailaren 4an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Atezko Udalaren herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza.

Delako ordenantzaren hasierako onespenaren eta erregelamenduzko jendaurreko epearen iragarkia argitara eman zen 2008ko 116. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, irailaren 22an, eta Udalaren iragarki oholean.

Jendaurreko epean erreklamazioak aurkeztu ziren hasierako testuaren aurka. Haiek kontuan hartu ditu eta zati batean onetsi ditu Osoko Bilkurak 2008ko abenduaren 4an, baita behin betiko testua onetsi ere.

Legean aurreikusitako ondorio juridikoak izan ditzan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoa bete dadin, aipatu ordenantzaren testu osoa ematen da argitara.

Atetzen, 2008ko abenduaren 5ean.-Alkatea, Carmen Ciganda Ibarrola.

ATEZKO UDALAREN HERRILURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honek arauak ezartzea du xede, Atezko Udalaren herrilurretako ondasunen administrazioa, erabilera, zainketa, berreskuratzea eta aprobetxamendua erregulatzeko.

2. artikulua. Herrilurretako ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herrilurretako ondasunak besterenduezinak, preskribaezinak eta bahitezinak dira, eta ez dute tributurik ordainduko.

4. artikulua. Herrilurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, orain arte izan dituen aldaketak eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herrilurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren atalean xedatutakoa deusetan galarazi gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Herri ondasunen gaineko ahalmenak, dela haien erabileraz, dela administrazioaz, dela aprobetxamenduaren araubideaz, dela antolamenduaz den bezainbatean, Atezko Udalaren herrilurretako ondasunei dagozkie, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri ondasunen inguruan Atezko Udalak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aitzinetik, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Atezko Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek lehentasuneko aukerak baitira.

Herrilurretako ondasunak desafektatu ondotik beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Atezko Udalaren ondarera itzuliko lirateke herrilurretako ondasun gisa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/90 Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herrilurretako ondasunak defendatu eta berreskuratzea

7. artikulua. Atezko Udala herri ondasunak zaindu, defendatu eta hobetzen ahaleginduko da eta kontra eginen die horientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saiori edo bestelako ekintzari, bere legezko eginkizunak betetzeko.

8. artikulua. Atezko Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahal du herrilurretako ondasunen jabetza, aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, ekintza zibilak sustatuko ditu, herri ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari Atezko Udalak, lursailen inmatrikulazioa edo herrilurrekin mugakide diren lursailen gehiegizko hedadura dela eta. Udalak hartuko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. artikulua. Atezko Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren transakziorik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Atezko Udalak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo bertze zernahiren kariaz herrilurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Atezko Udalak, herrilurretako ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua. Atezko Udalak herrilurretako ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena abiatzen ahal da zehaztuko den moduan. Horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie herritarrei Udalak.

IV. TITULUA

Herrilurretako ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Ordenantza honek aprobetxamendu hauek arautzen ditu:

1. Herrilarreen aprobetxamendua.

2. Etxerako egurraren aprobetxamendua.

3. Herrilurretako bestelako aprobetxamenduak.

15. artikulua. Orokorrean, herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusi izatea, edo bere kontu bizi den adingabea izatea nahiz judizialki gaitua.

b) Atezko Udalaren Biztanle Erroldan bizilagun bezala inskribatua egotea bi urteko antzinatasunez.

c) Aprobetxamenduak zein haranetako herritan dauden, urtean bederen bederatzi hilabetez eta jarraian bizi izatea bertan.

d) Atezko Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

Familia unitateko kideak etxe berean bizi diren guztiak izanen dira. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, familiakoekin bizi arren; betiere, haien diru-sarrerak lanbidearteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

Artikulu hau eta aurrekoa interpretatzerakoan izan daitezkeen zalantzak Atezko Udalak argituko ditu.

II. KAPITULUA

Herrilurretako larreen aprobetxamendua

1. ATALA

Larreen aprobetxamendua

16. artikulua. Aprobetxamenduen ondorioetarako, Atezko Udalak kudeatzen dituen herri larreak dira Udal Katastroak izaera eta titulartasun horiekin agerrarazten dituen lurrak.

Herri larre horiek lurzatika edo atalka aprobetxatuko dira, nahikoa handiak badira, edo bestela, lurzati edo atal horiek multzotan antolatuta, larrearen aprobetxamendua errentagarria izateko adinako hedadura izan dezaten; hori guztia Atezko Udalaren irizpidearen arabera.

17. artikulua. Herri larreen aprobetxamendua ondoko modalitate eta lehentasunaren arabera eginen da:

a) Herritarrei zuzenean esleituz.

b) Enkante publikoan esleituta.

Ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familiaunitateen titularrak izanen dira herrilarreen aprobetxamenduaren herritarrentzako zuzeneko esleipenaren onuradunak. Horretarako, lurzatiak zein udalerritan dauden, bertan egon beharko dira erroldatuta; halaber, aziendak Atezko Udalaren katastroan izan beharko dituzte, urte osoan udalerriaren mugapean egon beharko dira, eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda eduki beharko dituzte, eta ustiapenaren liburuan agertarazi. Titularrak, gainera, toki entitatearen baimena beharko du, bere aziendari dagokion jardueran aritzeko.

18. artikulua. Herriko abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta ez da zilegi haien azpierrentamendua edo lagapena.

Herritarrei zuzenean esleitzeko epea zortzi urtekoa izanen da.

Atezko Udalaren kalkuluen arabera, azienda larriko unitate bat da (ALU = behi bat) herri larreek jasan dezaketen batez besteko azienda-karga, hektarea bakoitzeko.

Azienda moten arteko baliokidetasun hauek erabiliko dira:

a) Behi bat, zaldi bat adina da.

b) Behi bat, zazpi ardi adina da.

Herri larreak erabiltzen dituen aziendak Azienden Osasun Babesari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legea bete beharko du. Aipatu legean eta bere erregelamenduetan ezarritako baldintzak bete beharko ditu aziendak.

19. artikulua. Debekatua dago ahuntzak eta txerriak larratzea.

Erabat debekatuta dago Foru Araudiaren eskakizun eta baimenak bete gabe erretzen diren lurretan mota guztietako aziendak larratzea. Lur horiek larratzeko mugatuta egonen dira, eta adierazitako zehapena ezarriko zaie bertan sartzen den abere guztiei.

Halaber, erabat debekatuta dago mota guztietako azienda larratzea baso-berritzeko itxitako lurretan, Udalaren organo eskudunak zehazten dituen urteetan, adierazita zehapenak ezarriko baitira.

20. artikulua. Udalak herrilurren aprobetxamendu horietarako urteko kanona ezarriko du ustiapenaren hasieran.

Udalak onetsitako esleipen prezioa urtero berrikusiko da, abeltzainek jasotzen dituzten prezioen goiti-beheitien arabera egokitzeko, Nafarroako -edo bestela, Estatuko- erakunde ofizial eskudunak onesten dituen indizeak kontuan hartuz.

Urte bakoitzari dagokion kanonaren zenbatekoa epe bakarrean ordainduko da, ekitaldi bakoitzaren hasieran.

Ordenantza honetan ezarritako larratze kuotak aldatzen ahalko dira Udalak egokitzat jotzen duenean, teknikari eskudun batek larreen benetako balioa eta egiten ahal diren azpiegitura edo hobekuntzak amortizatzeko kostua baloratu ostean, eta betiere aldatzeko adostu den urte naturala amaitu baino lehen, tarifa berriak hurrengo urtearen hasieran indarrean jar daitezen. Nolanahi ere, kanona benetako balio horren %80 eta %90 artean egonen da, 6/90 Foru Legearen 150. artikuluak adierazten duenaren arabera.

Ordenantza honetako sistemetako edozeinen bitartez aprobetxamenduaren esleipen-hartzaile direnek konpromisoa hartuko dute errentamenduak irauten duen bitartean aprobetxamenduaren itxiturak, atakak eta berezko elementuak ezin hobe edukitzeko.

21. artikulua. Herri larreen azalera esleipena duten abeltzainen artean banatuko da, haietako bakoitzaren taldearen tamainaren arabera. Larreen azalera banatzeko irizpidea, larratzen den ALU bakoitzeko hektarea bat larre esleitzea izanen da, jasan daitekeen azienda-kargara heldu arte.

Herritarrei zuzenean esleitu ondoren azaleraren bat soberan geratu bada, Udalak hala erabakita lurra erreserba modura geratzen ahalko da beste eskabide batzuk estaltzeko, edo bestela, enkante publikoa eginen da, Atezko Udalak erabakitzen dituen urteetarako, indarrean dagoen araudiaren arabera.

2. ATALA

Larreak herritarrei esleitzeko prozedura

22. artikulua. Toki Korporazioaren erabakiaren bitartez, epe bat emanen da eskubidea dutela uste dutenek larreen esleipena eska dezaten, betiere Udalaren iragarki oholean ediktua atera ondoren.

23. artikulua. Eskabideekin batera aurkeztuko dira 15. artikuluak aipatzen dituen agiriak, abelburu kopurua egiaztatzeko zerga-eskakizunaren egiaztagiria, eta indarreko araudiak -azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legeak- aipatzen duen osasun ziurtagiria.

24. artikulua. Udalak behin-behinekoz eginen du esleipena, gorabehera hauek kontuan harturik:

a) Lehentasuna emanen zaie guztira diru-sarrera txikienak dituzten familia unitateei.

b) Lurrak esleitzean jasan dezaketen batez besteko azienda-karga (Ordenantza honen 18. eta 21. artikuluetan agertzen dena) kontuan hartuko da.

25. artikulua. 1. Behin-behineko esleipena eginda, erakundearen oholean iragarkia jarriko da eta epe bat emanen da erreklamazioak aurkezteko.

2. Adierazi epea iragan eta erreklamaziorik jaso ezean, behin-behineko esleipena behin betikoa izanen da.

Bestelako kasuetan, Toki Entitateak aurkeztu diren erreklamazioak ebatziko ditu eta behin betiko esleipenari buruz bidezkoa dena erabakiko du.

3. Herritarren arteko zuzeneko esleipenaren bidez ez badira herri larre guztiak esleitzen, soberan gelditu direnak enkante publikoaren bidez esleituko dira, zortzi eta hamabost urte bitarteko denborarako.

III. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

26. artikulua. Mendian nahikoa izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu ondoren, Atezko Udalak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateei, baldin erroldako helbidea Eguarasko herrian badute.

Horretarako, Oihan Administrazioak loteak seinalatuko ditu jasotako eskabide kopuruaren arabera, eta esleipena interesdunen artean zozketatuko du.

27. artikulua. Atezko Udalak urtero finkatuko du familia unitateei esleitu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Udalari egoki iruditzen zaion denborarako.

28. artikulua. Egur loteak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.

Etxerako egurraren aprobetxamendua ateratzeko epeak entregatzeko egunetik urte bereko abenduaren 31ra arte iraunen du, gutxienez 4 hilabete. Udalak epe hori luzatzeko eskubidea izanen du klimatologia, loteak entregatzeko eguna, edo bidezkotzat jotzen dituen beste arrazoi batzuk kontuan hartuta. Epe hori igarotakoan loteak aztertuko dira. Aprobetxamendua zati batean soilik egiteagatik, edo ez egiteagatik, Udalak zehapena ezarriko du.

29. artikulua. Epaitzen aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko kanona urtero finkatuko du Atezko Udalak aurrekontu arruntean.

30. artikulua. Onuradunak behartuta daude egurra bildu ondotik hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendi pistetan, ezta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere Udaleko edo Nafarroako Gobernuko Oihanak Kudeatzeko Ataleko Zaintzak ematen dituzten jarraibideei kasu eginen diete. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei hiru urtez ukatuko zaie aprobetxamendua.

31. artikulua. Lotean adierazitako zuhaitz guztiak aprobetxatuko dira. Lotea behar bezala aprobetxatzeko, markatuta ez dagoen zuhaitzen bat bota behar bada, Nafarroako Gobernuko Oihan Administrazioari eta Udaleko oihanzainei eginen zaie kontsulta. Udalaren adostasuna beharko da ez bada zehapenik nahi.

32. artikulua. 32. artikulua. Haizeak botatako zuhaitzak, zuhaitz ihartuak edo obren ondorioz eraitsiak etxerako egurretarako aprobetxatzen ahalko dira salbuespen gisa, baldin eta egurra beste erabilera batzuetarako aprobetxatzeko susmorik ez badago. Betiere, Oihan Administrazioaren berariazko baimena eta Udalaren onespena beharko da. Udalak zeregin hori duen langileen txostena edukiko du. Eskaeren ordenaren arabera eman eta banatuko da aprobetxamendua herritar interesdunen artean, balorazio kanona ordaindu ondotik. Epaitza horiek bateragarriak izaten ahal dira urteko epaitza arruntekin, baldin eta nahikoa egur badago. Ezin izanen dute etxerako egurraren aparteko aprobetxamendu hori egin aurreko urteetako egurra atera ez duten herritarrek.

33. artikulua. Udalak urtero epaitzak eskatzeko epea irekiko du. Aldez aurretik, aurreko urteko epaitzen nondik norakoa aztertuko da, eta dagozkien herritarrei zehapenak aplikatuko zaizkie, bidezko bada. Eskabideen eta oihanean dagoen egurraren arabera markatuko dira epaitzak mendian. Gerora, jaso diren eskabideen artean zozketatuko dira.

34. artikulua. Guztiz debekatua dago zaborra, bidoiak eta edozein hondakin mendian uztea.

IV. KAPITULUA

Herrilurretako bestelako aprobetxamenduak

35. artikulua. Ehiza aprobetxamendua, ehiza barrutiak herrilurrak sartuz eratu badira, indarrean dagoen Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legean eta haren osagarri direnetan ezarritakoari segituz arautuko da.

36. artikulua. Atezko Udalak prestatzen dituen baldintza agirien arabera eginen da ondareko uren kontzesioa, herrilurren okupazioa, herrilurretako harrobien ustiatzea eta herrilurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza. Gainera, 15 egunean gutxienez jarri beharko da jendaurrean eta Nafarroako Gobernuak onetsi beharko du.

37. artikulua. Ordenantza honen 40. artikuluan aipatzen diren baimenak Udalak emanen ditu, edo bestela berak eskuordetzen duen beste erakunde batek. Jabeak urtean ordaindu beharreko kopuru bat ezarriko du izendatutako talde bakoitzarentzat, eta horietako bakoitzaren barrenean hainbat eredu ezartzen ahalko dira merkataritzazko edo jostetazko erabilera duten kontuan hartuta. Baimenak eman izana eta eskatutako diru kopuruak ordaindu izana justifikatzeko, txartel batzuk eginen dira, aprobetxamendu mota eta ereduaren arabera.

V. KAPITULUA

Hobekuntzak herrilurretan

38. artikulua. Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu proiektuen eraginpean dauden herrilurren gaineko aprobetxamenduen esleipenak, indarreko araudian ezarrita dagoenaren arabera, zehazki Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamendua onesteko urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 217.etik 224.era bitarteko artikuluetan.

V. TITULUA

Oihan bideen eta herrilurretako finketara sartzeko bideen erabilera

39. artikulua. Atezko herrilurretan dauden bideak nola erabili eta nola baliatu arautzen da. Araudi ezak, gehiegikeriak eta erabilera txarrak ekarri dute arauketa; izan ere, Udalaren betebeharra da haien kontserbazio egokia.

40. artikulua. Bideak erabil daitezke udalerrian ezarrita dauden nekazaritzako, abeltzaintzako, oihangintzako, industriarako edo aisiarako jarduera guztietan, betiere ordenantza hauetako gainerako artikuluetan ezarritako mugekin.

41. artikulua. Behar diren mugak ezartzen ahal zaizkio ibilgailu motordunen pisuari; batez ere, lurzoruaren egoera, ur bideen gaineko pasabideak eta drainatzeko azpiegiturak kontuan hartuta. Kasu bakoitzean, gehieneko tona kopuru bat ezarriko da.

42. artikulua. Hezetasunagatik eta lurzoruaren egoeragatik, bideak zer urte sasoitan erabili mugatu daiteke, ez daitezen hondoratu eta desegin. Horri dagokionez, bideak erabiltzeagatik hondatzeko arriskua badute, Nafarroako Gobernuko Oihanzaintzaren eta Udaleko oihanzain zeregina duten langileen oharrei jarraituko zaie.

43. artikulua. Bide eta pistetatik kanpo herrilurretan barna ibilgailu motordunek debeku dute zirkulatzea, salbu eta nekazaritzako, abeltzaintzako edo oihangintzako jardueratarako ibilgailuak badira.

44. artikulua. Debeku dira ibilgailu motordunetan zernahi lehiaketa, lasterketa edota jarduera turistiko, salbu eta Udalak baimena ematen badu.

45. artikulua. Erakunde eta entitate publikoetako ibilgailuek ez dute baimenik behar, haien eginkizunak betetzen dituztenean.

46. artikulua. Jarduerarik egin nahi izanez gero, eta hori kapitulu honetan ezarritako mugen aurka baldin badoa, baimena eskatu beharko zaio Udalari. Halaber, baimena eskatu beharko dio Udalari bere jardunean bidearen erabilera intentsiboa edo berezia egin behar duenak.

Kasu bakoitzean, eta jarduera, bideak erabiltzeko urte sasoia, baimendu behar diren ibilgailuak, etab. nolakoak diren, Udalak egoki iruditzen zaizkion muga osagarriak eta fidantzak ezarriko ditu.

47. artikulua. Baimena eskatu behar duenak eskabidea bete beharko du eta bertan adierazi lana eginen duen enpresaren edo partikularraren izena, lan mota, erabili nahi dituen bideak, ibilgailuen tona gehienekoak eta banaz bertzekoak, eta zenbat denboratarako den.

48. artikulua. Eskabideak ikusita, Udalak onartu edo ukatu eginen du baimena, erabili beharreko bideetan sortzen ahal diren arriskuen arabera.

Baimenak urtebeterako dira edo esleitutako lanak iraun bitarte.

Baimen guztiek fidantza edo abal bat jartzea ekarriko dute; Udalak bideen gain zenbatesten duen arriskuaren arabera kalkulatuko du, eta itzuliko da bidea kalterik gabe lehengoratu dela frogatzen denean. Pasatzeko kuota ere ezartzen ahal du Udalak, bideen erabilera eta amortizazioa kontuan hartuta, eta haren berri emanen dio, aldez aurretik, erabiltzaileari.

Ez dute berariazko baimenik beharko Ordenantza honen 14. artikuluan agertzen diren aprobetxamenduetako baten esleipen-hartzaileek. Dena dela, aprobetxamenduak erabiltzeko ezarri diren arauak bete beharko dituzte.

49. artikulua. Bide guztietan barna ibiltzeko, gehieneko abiadura 30 kilometro/ordua da, hiru ardatzeko edo gehiagoko ibilgailuetarako, eta 40 kilometro/ordua, gainerako ibilgailuendako. Nolanahi ere, abiadura mantsotu beharko da tartean oinezkorik, aziendarik, etab. agertzen bada, istripuak eta eragozpenak sor ez daitezen.

Beti dute lehentasuna nekazari, abeltzain eta oihanzainen ibilgailuek eta, haien artean, karga gehien daramanak.

VI. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

50. artikulua. Arau-hauste administratiboak dira ondoren adierazita dauden egitateak, eta honela zehazten diren zehapenak ezarriko zaizkie:

a) Erabilera behar den bezala, zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

Larreen aprobetxamenduan: aprobetxamendu horretarako eskubidea galtzea hiru urtean.

Etxerako egurraren aprobetxamenduan: horretarako eskubidea galtzea urtebetean, araua zati batean urratu bada, eta hiru urtean araua gehiegi urratu bada. Gainera, isun ekonomikoa ezartzen ahal da: lotearen balorazioa halako bost, gehienez ere.

b) Aprobetxamenduen kanonak Udalak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.

Hilabeteko epea emanen da %20ko errekarguarekin ordaintzeko. Epe horretan ordaindu ezean, aprobetxamendurako eskubidea galduko da.

Ondorio horretarako, gordailuzainak dauden zordunen idatzizko zerrenda aurkeztuko du, borondatez ordaintzeko aldiaren amaieran zein errekarguarekin ordaintzeko epearen amaieran.

c) Aprobetxamendua nabarmen gaizki edo osorik ez egitea.

Etxerako egurraren aprobetxamenduan: hartarako eskubidea galtzea urtebetean, araua zati batean urratu bada, eta hiru urtean araua gehiegi urratu bada. Gainera, isun ekonomikoa ezartzen ahal da: lotearen balorazioa halako bost, gehienez ere.

d) Esleipenetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.

30 euroko isuna, epea gainditzen den egun bakoitzeko.

e) Ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen ez dituen titular baten azienda larratzea.

Azienda eskubiderik gabe Udalaren herrilurretan larratzen den aldi bakoitzagatik, 60 euroko zehapena behi edo zaldi bakoitzeko, eta 30 eurokoa ardi bakoitzeko. Kopuru horiei azienda dena delako lekutik eramateagatiko gastuak (araua hautsi duen titularraren konturakoak, osorik) eta sortutako kalte eta galeren ordaina gehituko zaizkie.

f) Herrilurretan zaborra eta bestelako hondakinak uztea.

Zabor edo hondakin unitate bakoitzeko 30 euroko zenbatekoa ordaintzea. Kopuru horiei zaborra dena delako lekutik eramateagatiko gastuak (araua hautsi duen titularraren konturakoak, osorik) eta sortutako kalte eta galeren ordaina gehituko zaizkie.

Hildako abereak bertan uzteagatik zehapena ezarriko da; hain zuzen, Udalak legearen araberako baldintzetan abereak jaso eta garraiatzeagatik ordaindu behar duen kostua, eta gainera, 30 euroko zehapena abelburu xehe bakoitzeko eta 60 eurokoa abelburu larri bakoitzeko.

g) Nafarroako Gobernuko Oihanzaintzak eta Udaleko oihanzain zeregina duten langileek Ordenantza hau urratzen duten ekintzen berri emanen dute.

Ordenantza honetan xedatuta dagoena urratzen duten edo herri jabetzetan kalteak edo gehiegikeriak ekartzen dituzten beste egitate edo ekintza guztiei, eta zehapena ekartzen duten ekintza guztiei, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 178. artikulua aplikatzen ahalko zaie, zehazki ondoko hau:

-Zehapenak produktuen balioa halako bost eta hamar bitartean izanen dira. Aprobetxatu denaren edo sortutako kaltearen balioa kalkulatu ezin denean, zehapena 60 eta 12.000,02 euro bitartekoa izanen da.

-Lehenago xedatu dena gorabehera, kalteak ordaindu beharko dira eta egon daitezkeen erantzukizunei aurre egin beharko zaie; halaber, bidezkoa bada, legez kanpo lortu diren produktuak eta arau-haustean erabili diren bitarteko edo tresnak bahituko dira.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra.-Ordenantza honek indarra hartzen duenetik hura gabe geldituko dira, baliorik ez ondoriorik ez dutela, kontra egiten dioten xedapen, erregelamendu edo ordenantza guztiak, maila berekoak edo beheragokoak badira.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.-Ordenantza honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L0818838