17. ALDIZKARIA - 2009ko otsailaren 9a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

MILAGRO

Deialdia, Milagroko Udaleko administrari laguntzaile izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez eta lan-kontratu finkoarekin betetzeko

Tokiko Gobernu Batzarrak 2008ko ekainaren 30ean hartutako erabakiaren bidez onetsi zen Milagroko Udaleko administrari laguntzaile izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez eta lan-kontratu finkoarekin betetzeko deialdia, oinarri hauek dituena:

1. oinarria.-Arau orokorrak.

1.1. Milagroko Udaleko administrari laguntzaile izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzea du xede deialdi honek.

1.2. Izendapenaren ondorioz hautatua gertatzen dena Milagroko Udaleko lan-kontratudun finko bihurtuko da, ondorio guztietarako, karguaz jabetzen den egunetik hasita, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean alta emanen zaio.

1.3. Lanpostuak D mailako lansariak izanen ditu, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua arautzen duen Foru Legean eta 1984ko uztailaren 4ko Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan ezarri bezala.

1.4. Lanaldia udal bulegoetako gainerako funtzionarioek duten bera izanen da eta zerbitzuaren beharretara egokitzen ahalko da; beraz, organo eskudunek edozein unetan aldatzen ahalko dute.

1.5. Bere lan eta eginkizunak deialdiko maila eta kategoriari eta eskaturiko ikasketei dagozkienak izanen dira, bertzeak bertze barne direla ordenagailuak eta pantaila terminalak erabiltzea, testu-lanketak eta kontabilitate programak barne, eta, oro har, berezkoak dituen eginkizunen artetik agintzen zaizkion lan guztiak.

2. oinarria.-Izangaien betebeharrak.

2.1. Proba honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Espainiako nazionalitatea, edo Europar Batasuneko beste edozein estatutakoa, edukitzea eta adinez nagusi izatea.

b) Gutxienez, eskola graduatuko edo lehen mailako lanbide heziketako titulua edukitzea, edo horien baliokideren bat.

c) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

d) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaiturik edo gabeturik ez egotea, eta administrazio publikoaren zerbitzutik baztertua ez izana zehapen espedientearen bitartez.

2.2. Azterketa gainditu eta lanpostua eskuratzen duen izangaiak aipatu baldintza horiek betetzen dituela frogatu beharko du, deialdi honetako oinarrietan ezartzen diren epean eta moduan. Baldintzak bete beharko ditu, hain zuzen ere eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, eta horien jabe beharko du izan hautapenaldiak dirauen bitartean eta izendapena egiten den arte.

3. oinarria.-Eskabideak.

3.1. Deialdi honetan parte hartu ahal izateko eskabideak Udaleko erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira, 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita, azken eguneko 14:00ak baino lehen. Eskabideak I. eranskinean azaltzen den ereduaren araberakoak izanen dira.

3.2. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) NANaren fotokopia egiaztatua.

b) Izangaiak lehiaketaldian baliarazi nahi dituen merezimenduen jatorrizko egiaztagiriak, edo, horrela egiaztatu ezin den bestelakorik bada, tituluen, ikastaroetan parte hartu izanaren ziurtagirien eta kontuan hartzea nahi liratekeen gainerakoen kopia kautotuak.

c) Azterketarako eskubideak izateko, Udalaren kontuan edo Udal Diruzaintzan 6 euro ordaindu izanaren gordekina.

3.3. Ezintasuna dutenek eskabidean azaldu beharko dute zein den eta, halaber, probak egiteko denboraren zein bitartekoen aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatu ere.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

4. oinarria.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Udaleko alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

Izangai bazterturik ez bada, izangaien zerrenda behin betikoa bilakatuko da eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko.

4.2. Izangai baztertuek 10 egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiei erantzun ondotik, alkateak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

5. oinarria.-Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Mahaiburua: Esteban Garijo Pérez, Milagroko Udaleko alkatea.

Mahaiburuaren ordezkoa: Rafael Abad Callejas, lehen alkateordea.

1. mahaikidea: Antonio Esparza Rubio, Barne Araubidearen Batzordeko kidea.

Ordezkoa: titularrak izendatzen duena.

2. mahaikidea: Santos Cerdán León, Barne Araubidearen Batzordeko kidea.

Ordezkoa: titularrak izendatzen duena.

3. mahaikidea: Eduardo García Hernández, Milagroko Udaleko kontu hartzailea.

Ordezkoa: titularrak izendatzen duena.

4. mahaikidea: Idazkaria: Alfredo Hernández Oscóz, Milagroko Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: titularrak izendatzen duena.

5.2. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratuko da epaimahaia. Ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, bere kideen gehiengo osoa bederen agertu gabe.

5.3. Bertaratutako kideen gehiengoz hartuko dira erabakiak, eta berdinketa suertatzen bada, mahaiburuaren kalitatezko botoak erabakiko du.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sortzen diren afera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6. oinarria.-Oposizio-lehiaketaren hasiera eta garapena.

6.1. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean adieraziko du Udalak oposizioa zein toki, egun eta ordutan hasiko den.

6.2. Lehiaketaldia eginen da lehendabizi eta ondotik oposizioaldia, oinarri hauetan ezarritako moduan.

6.3. Alegatutako merezimenduen balorazioa. Epaimahaiak balorazio hau III. eranskinean ageri den baremoaren arabera eginen du. Merezimenduen frogagiriak eskabidearekin batera aurkeztuko dira. Balorazioa 30 puntukoa izanen da, gehienez.

Lehiakideek alegatutako merezimenduen gaineko azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahal ditu epaimahaiak noiznahi. Izangaiak deialdia argitaratzen den egunean dituen merezimenduak bakarrik hartuko dira kontuan, espedientean agirien bidez frogatuta egonez gero.

Baremoko multzo berean sartutako zerbitzuak batera egin badira, ez dira bi aldiz kontatuko. Baloratu behar den urte kopurua osoa ez bada, proportzioan dagokiona emanen zaio.

6.4. Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak argitara emanen ditu Udalaren iragarki oholean izangaiek lortutako puntuazioak.

6.5. Oposizioa plika itxien sistema erabiliz eginen da eta gehienez ere 70 puntu lortzen ahalko dira.

Epaimahaiak erabakiko du proben iraupena zenbatekoa den, haiek hasi aurretik; ariketa hauek egin beharko dira:

Lehen ariketa.

A1. Teorikoa.-Idatziz erantzun beharko da II. eranskineko gaiei buruzko galdera laburrez edo test modukoez osaturiko galdetegia. Zuzen erantzundako galdera bakoitzeko 0,50 puntu emanen dira. Gaizki erantzundako galdera bakoitzeko 0,165 puntu kenduko dira. Gehienez ere, 20 puntu. Hurrengo ariketa egin ahal izateko, gutxienez 10 puntu beharko dira.

A2. Matematika.-Eskola graduatuaren mailako zenbait problema argitu beharko dira. Gehienez ere, 10 puntu. Hurrengo ariketa egin ahal izateko, gutxienez 5 puntu beharko dira.

B) Zati praktikoa.-Bi agiri edo gehiago egin beharko dira, toki entitate bateko administrari laguntzaileek egin ohi dituztenen gisakoak. Ariketa honek, gehienez ere, 20 puntu izanen ditu. Baztertu eginen dira gutxienez 10 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Bigarren ariketa.

Informatikako proba.-Ariketa praktiko bat edo gehiago egin beharko dira, toki administrazioan erabili ohi diren aplikazio informatikoez baliatuz. Ariketa honetan, gehienez ere, 20 puntu lortzen ahalko dira, eta bazterturik geldituko dira 10 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.

6.6. Ariketa bakoitza zuzendu ondotik, epaimahaiak Udalaren iragarki oholean jarriko du izangaien zerrenda, bakoitzak lortu dituen puntuekin.

6.7. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiek aldean nortasun agiri nazionala eraman beharko dute.

6.8. Hautaprobak egiteko, denbora eta baliabide aldetik egokitzapenak eginen dira eskabidean horren eskaera egiten duten ezinduentzat. Epaimahaiak ezinduei beren egoera froga dezaten eskatzen ahalko die, organo eskudunak emandako ziurtagiria, alegia.

7. oinarria.-Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

7.1. Ariketa bakoitzaren kalifikazioa burutu eta plikak jendaurrean ireki ondotik, epaimahaiak probak gainditu dituzten izangaien zerrenda jarriko du Herriko Etxeko iragarki oholean eta, orobat, hurrengo ariketa egiteko eguna, tokia eta ordua zehaztuko ditu.

7.2. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da eta izangaiek Nortasun Agiri Nazionala aldean dutela agertu beharko dute eta, hala eskatzen bazaie, erakutsi egin beharko dute; bertzenaz, kanporatuak edo baztertuak gertatuko dira, salbu eta zuzenbidean onarturiko bertze moduren batean nortasuna aski frogatzen badute egintza horretan bertan.

7.3. Azkeneko kalifikazioa lortzeko, oposizio-lehiaketako puntuazio guztiak batuko dira.

7.4. Azken ariketaren kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak jendaurreran emanen du, Udalaren iragarki oholean, gainditzen dutenen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta, eta puntu gehien lortu duen izangaia izendatzeko proposamena eginen dio Udalari. Proposamen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da.

7.5. Izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta 30 egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Udalean:

a) Jaiotze aktaren ziurtagiria edo NANa.

b) Eskatzen den titulazioaren fotokopia egiaztatua.

c) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izanaren zinpeko aitorpena.

d) Osasun ziurtagiria, karguaren eginkizunetan aritzeko galarazten dion eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik ez duela erakusten duena.

7.6. Aipatu epean eta ongi frogatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituztenak edo aurreko paragrafoko e) ataleko merezimenduak modu frogagarrian egiaztatzen ez dituztenak ezin izanen dira izendatu eta baliorik gabe geldituko dira haien jarduketa guztiak, deialdian parte hartzeko eskabidean egin faltsukeriagatik etor lekiekeen erantzukina deusetan ukatu gabe.

7.7. Arestiko atalean azaldutakoa gertatuz gero, 7.4 oinarriak aipatzen duen zerrendan ondotik heldu den izangaiak beteko du hutsunea, eta harekin ere aurreko ataletako prozedura bera erabiliko da.

8. oinarria.-Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Hautapen prozesua buruturik, eta izangaiek 7.5 oinarrian aipatutako agiriak aurkeztu ondotik, alkateak, ebazpen bidez, proposatutako izangaia Milagroko Udaleko funtzionario izendatuko du, administrari laguntzaile gisa aritzeko.

8.2. Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

8.3. Izendatutako izangaiak lanpostuaz jabetu beharko du, izendapena jakinarazi eta hilabeteko epearen barrenean. Epe horretan, eta aski arrazoituriko kasuak izan ezik, lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, Milagroko Udaleko administrari laguntzaile izateko eskubide guztiak galduko ditu. Horrelakorik gertatuz gero, 7.7 oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

9. oinarria.-Errekurtsoak.

Deialdiaren, oinarrien eta horiengatik eta hautapen organoen jarduketen ondoriozko egintza administratiboen kontra, errekurtso hauek aurkezten ahalko dira:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Berraztertzeko errekurtsoa, aukerakoa, egintza honen organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo bertzenaz,

c) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari, hilabeteko epean, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Milagron, 2008ko ekainaren 30ean.-Alkatea, Esteban Garijo Pérez.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ................, adinez nagusia, NAN zenbakia.: .................., sorteguna: .........., sorlekua: ....................., bizilekua: ..............., karrika: ...................., zenbakia: ........., solairua: ....., telefonoa: ......... Zure aitzinera agertzen naiz eta azaltzen dut:

Milagroko Udaleko administrari laguntzaile izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dudala.

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.

Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik.

Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Badudala deialdiko 2. oinarrian adierazten den titulazioa.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala.

Ezintasuna dudala eta, beraz, eransten den egokitzapena eskatzen dudala, adierazten diren arrazoiengatik.

Ez dudala minusbaliorik.

Horrenbertzez:

Eskabide hau onartu eta Milagroko Udaleko administrari laguntzaile izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dut.

Milagron, 2009....(e)ko ..............aren .....(e)an

II. ERANSKINA

1. gaia.-Espainiako 1978ko Konstituzioa. Egitura eta edukia. Printzipio orokorrak.

2. gaia.-Nafarroako Toki Administrazioa. 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.

3. gaia.-Tokiko ordenantza eta erregelamenduak.

4. gaia.-Udaleko gobernu organoak. Alkatea. Osoko Bilkura: osaera eta eginkizunak. Tokiko Gobernu Batzarra eta alkateordeak. Organo osagarriak.

5. gaia-Udalaren bilkurak eta erabakiak. Aktak. Erabakien argitalpenak, jakinarazpenak, komunikazioak eta ziurtagiriak. Agirien erregistroa.

6. gaia.-Udalaren aurrekontuak eta kontuak: kontzeptua, printzipioak, onespena eta tramitazioa. Aurrekontuaren exekuzioa eta likidazioa.

7. gaia.-Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea.

8. gaia.-Nafarroako Administrazio Publikoen kontratuak: Araubide juridikoa. Administrazio kontratu ohikoenak: Kontzeptua eta motak. Kontratuak esleitu, hobetu, sinatu, bete, aldatu eta iraungitzeko arau orokorrak.

9. gaia.-Administrazio egintza (I): Kontzeptua, motak eta osagaiak.

10. gaia.-Administrazio egintza (II): Administrazio egintzen baldintzak, eraginkortasuna, deuseztasuna eta deuseztagarritasuna.

11. gaia.-Administrazio prozedura erkidea: kontzeptua eta izaera. Hasiera, antolamendua, instrukzioa eta bukaera. Administrazioarekiko errekurtsoak: printzipio orokorrak eta motak.

12. gaia.-Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua: langile motak. Funtzionario publikoak hautatzea. Funtzionario izaera eskuratu eta galtzea.

III. ERANSKINA

1.-Ikasketa tituluak:

Goi mailako titulazio akademikoak: 5 puntu. Erdi mailako titulazio akademikoak: 4 puntu. L.H. II.eko titulazioak edo antzekoak: puntu bat. Atal honetan gehienez ere 5 puntu lortzen ahalko dira.

2.-Zerbitzuak egitea:

2.a.-Nafarroako administrazio publikoetan administrari laguntzailearen lanpostuan egindako zerbitzuengatik: 5 puntu, urtean.

2.b.-Gainerako administrazio publikoetan administrari laguntzailearen lanpostuan egindako zerbitzuengatik: 3 puntu, urtean.

2.c.-Enpresetan administrari laguntzailearen lanpostuan egindako zerbitzuengatik: puntu bat, urtean.

2. atal osorako oharrak:

1.-Egindako urtearen zatiak proportzioan kontatuko dira.

2.-Zerbitzuak egiteagatik gehienez ere 15 puntu emanen dira.

3.-Atal honetan puntuak eskuratzeko, gutienez ere urtebeteko eskarmentua frogatu beharko da administrari laguntzailearen lanpostu batean Nafarroako toki entitateetan.

3.-Prestakuntza ikastaroak:

Udal kudeaketarekin ikusteko duten presstakuntza berariazkoko ikastaroak baizik ez dira baloratuko.

Administrazioa eta mantentze lan orokorrak.

Katastroaren kudeaketa.

Erroldan dauden atzerritarren iraungipenaren kudeaketa.

Espedienteen kudeaketa.

Isunen espedienteen kudeaketa.

Kirol instalazioen kudeaketa.

Uraren kudeaketa.

Gainbalioen zergaren kudeaketa.

Diru-bilketaren kudeaketa (ordainagirien kudeaketa).

Errolda fiskalak.

Biztanleen udal errolda.

Sarrera-irteeren erregistroa.

Ikastaro bakoitzagatik: 2 puntu.

-Gehienez ere 10 puntu emanen dira, osotara, ikastaroengatik.

Merezimendu gisa alegatu eta baremoaren barrenean balorazio zehatza duten titulu akademikoak lortzeko beharrezkoak diren maila apalagoko tituluak ez dira baloratuko.

Lehiaketaldian, gehienez ere, 30 puntu lortzen ahalko dira.

Milagron, 2009ko urtarrilaren 19an.-Alkatea, Esteban Garijo Pérez.

Iragarkiaren kodea: L0900773