17. ALDIZKARIA - 2009ko otsailaren 9a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

2008ko abenduaren 18ko EBAZPENA, Nafarroako Comptos Ganberako lehendakariak emana, Erakundean dauden datu pertsonalen fitxategi batzuk aldatu eta beste fitxategi berri batzuk sortzen dituena.

Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariaren 2006ko martxoaren 22ko ebazpenaren bidez, abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren lehenengo xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, erakundearen ondoko fitxategi automatizatu hauek sortu ziren: "Erregistro orokorra", "Langileen kudeaketa" eta "Kontabilitatea eta ekonomia eta finantzen kudeaketa". Fitxategi horiek 2006ko 47. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ziren, apirilaren 19an, baita 2006ko 37. Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean ere, apirilaren 21ean. Halaber, Datuak Babesteko Espainiako Agentziari behar bezala eman zitzaion horien berri.

Iragan apirilaren 19an indarrean jarri zen abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuaren arabera, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa garatzeko Erregelamendua onetsi zen, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez, askatasun publikoak eta pertsona fisikoen oinarrizko eskubideak eta batez ere ohorea eta pertsonen nahiz familien intimitatea bermatu eta babesteko.

Eraginpean dauden oinarrizko eskubideak behar bezala bermatzeko eta duela gutxi onetsi araudia betetzearekin zerikusia duten jarduerak moldatzeko, bidezkoa da "Langileen kudeaketako fitxategia" eta "Kontabilitateko eta ekonomia eta finantzen kudeaketako fitxategia" aldatzea eta "Sarbidearen kontroleko fitxategia" eta "Fiskalizazio fitxategia" sortzea.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoa garatzeko Erregelamenduaren 52. artikuluak eta hurrengoek adierazten dutenez, datu pertsonalen fitxategiak sortu edo aldatzeko, dagokion aldizkari ofizialean argitaratu beharreko xedapen edo erabakia egin beharko da. 54. artikuluak datu pertsonalen fitxategi publikoak sortu edo aldatzeko xedapen edo erabakiaren gutxieneko edukia zehazten du. Halaber, Erregelamendu horren 55. artikuluak titulartasun publikoko datu pertsonalen fitxategiak jakinarazi eta inskribatzeko prozedura zehazten du.

Horrenbestez, Nafarroako Comptos Ganberari buruzko abenduaren 20ko 19/1984 Foru Legeak eman ahalmenak erabiliz, Lehendakaritza honek,

EBATZI DU:

Lehenengoa.-Aldatu eginen dira "Langileen kudeaketa" eta "Kontabilitatea eta ekonomia eta finantzen kudeaketa" izeneko fitxategiak, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren Erregelamendua onesten duen abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuaren 54.2 artikuluan aurreikusita dagoenaren arabera.

"Langileen kudeaketako fitxategia" honela aldatuko da: bertan dauden datuen ezaugarrietan administrazio arloko arau-hausteei eta lizentzia eta baimenei buruzko informazioa txertatuko da.

"Kontabilitateko eta ekonomia eta finantzen kudeaketako fitxategia" honela aldatuko da: bere xedearen eta aurreikusi erabileren deskribapena gaur egungo egoeraren arabera moldatuko dira. Erabilera horien artean dago Nafarroako Comptos Ganberaren ekonomia, aurrekontu nahiz kontabilitate arloko kudeaketa. Halaber, fitxategi horretan dauden datuei, lanbide esperientziari buruzko datuak gehituko zaizkie, lanbideari buruzko datuen artean. Beste alde batetik, informazioaren gizartearen aurrerapenekin bat eginez, datuak biltzeko prozeduren deskribapenean datu horien transmisio elektronikoa edo Internet bidezko transmisioa sartuko dira.

Bigarrena.-"Sarbidearen kontroleko fitxategia" eta "Fiskalizazio fitxategia" izeneko fitxategiak sortzea onetsiko da, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren Erregelamendua onesten duen abenduaren 21eko 720/2007 Errege Dekretuaren 54.1 artikuluan aurreikusita dagoenaren arabera.

"Sarbidearen kontroleko fitxategia", sarbideen kontroleko eta segurtasuneko fitxa normalizatuak biltzen dituen agiri basea da. Nafarroako Comptos Ganberako bulegoetara sartzen diren pertsona fisikoen identifikazio datuak biltzen ditu. Datuak interesatuak berak ematen ditu.

Fitxategiaren xedeak Erakundearen eraikinaren segurtasuna eta sarbideen kontrola dira. Fitxategi honetako datuen ezaugarriak direla-eta, oinarrizko segurtasun maila dauka. Fitxategiaren ardura duen organoa Nafarroako Comptos Ganberako lehendakaria da. Bere aurrean erabiltzen ahal dira datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta kontra egiteko eskubideak.

Fitxategi honetako datuak lagatzea edo transferitzea ez dago aurreikusita.

"Fiskalizazio fitxategiak" Nafarroako Comptos Ganberak bere eskumenak baliatzean egin fiskalizazio edo aholkularitza lanetan agerian jartzen diren datu pertsonalak biltzen ditu. Halaber, kontabilitate arloko epaien instrukzioko espedienteak ere biltzen ditu. Datu pertsonalak Comptos Ganberak egin lanaren ondorioz ager daitezke honela: fiskalizatu den erakundeak agiriak entregatu, paperezko formularioak edo elkarrizketak egin edo informazioa beste euskarri batzuetan edo transmisio elektroniko bidez entregatuta.

Pertsona edo kolektibo hauen datu pertsonalak jaso daitezke: inguruabar baten edo besteren ondorioz -fiskalizazio edo aholkularitzaren xedearen arabera- Ganberak fiskalizatu duen erakunde batekin edo Ganberaren lanaren mendean dagoen erakunde batekin harremanak izan dituzten edo gaur egun dituztenenak.

Fiskalizazio edo aholkularitza lan bakoitzari dagokion fitxategi bakoitzak, lanaren xedearen arabera, modu berezian babestuta dauden datuak biltzen ahal ditu, baita arau-hauste penal zein administratiboei buruzko datuak, identifikazio datuak, datu akademiko eta profesionalak, enpleguaren xehetasunei buruzko datuak, merkataritza arloko datuak, eta datu ekonomiko eta finantzarioak zein transakzioei buruzkoak ere.

Fitxategiaren segurtasun maila, biltzen ahal dituen datuen ezaugarriak kontuan hartuta, handia da.

Fiskalizazioko fitxategi juridikoa hainbat fitxategi logikotan egituratzen da; egin den fiskalizazio edo aholkularitza bakoitzeko fitxategi bat. Fitxategi logikoetako bakoitzerako, biltzen dituzten datuen izaeraren arabera, eta Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoaren Erregelamenduaren 81. artikuluan zehaztuta dagoen mailen definizioaren arabera, dagokion segurtasun neurrien maila aplikatuko da.

Fitxategiaren ardura duen organoa Nafarroako Comptos Ganberako lehendakaria da. Bere aurrean erabiltzen ahal dira datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta kontra egiteko eskubideak.

Fitxategi honetako datuak lagatzea edo transferitzea ez dago aurreikusita.

Hirugarrena.-Datuak Babesteko Espainiako Agentziari emanen zaio ebazpen honetan sortu eta aldatu diren fitxategien berri, inskribatzearen ondorioetarako, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoa garatzeko Erregelamenduan ezarri baldintza eta prozeduraren arabera.

Laugarrena.-Ebazpen honen berri emanen zaie Nafarroako Comptos Ganberako Idazkari Nagusiari eta Administratzaileari eta Nafarroako Aldizkariari eta Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialari, argitarat dadin. Iruñean, 2008ko abenduaren 18an.

Iruñean, 2008ko abenduaren 19an.-Comptos Ganberako Lehendakaria, Luis Muñoz Garde.

Iragarkiaren kodea: F0819574