17. ALDIZKARIA - 2009ko otsailaren 9a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

0001/2009 EBAZPENA, urtarrilaren 7koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, zenbait baldintzarekin, Tafallan "La Pedrera" legar-hobia irekitzeko proiekturako, Nafarroako Ubidearen 6, 7A eta 19A tarteetako obrak egiteko, Tafallako La Pedrera alderdian. Sustatatzailea Nafarroako Ubideko 6, 7 eta 19A tarteak egiteko ABEEa da.

2008ko irailaren 18an, Nafarroako Ubidearen 6, 7 eta 19A tarteak egiteko ABEEak aukeren azterlan bat aurkeztu zuen, Nafarroako Ubidearen 7A tarteko obrak, Tafalla parean, egiteko materialak lortu ahal izateko. Ustiapena udalerri horretako "La Pedrera" eremuan egiteko aukeraren alde egin zen. Azterlana aurkezteaz batera, proiektu horren tramitazioari buruzko kontsulta ere egin zuen.

Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko O) letran sartuta dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

2008ko urriaren 17an, proiektuari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan, ingurumen ukipenen azterlan batekin batera.

Proiektuaren arabera lur-materialen 273.000m³ atera nahi dira 23.604 m² inguruko eremu batean, hots, Tafallako 23. poligonoko 206 A, C eta D, 207 A eta 209 lurzatietan; batez besteko ahalmena 10 m-koa izanen da eta gehienekoa 30 m-koa ipar-mendebaldeko muturrean. Maileguak bi fase izanen ditu: lehenengoa lur eremuaren kota naturaleraino iritsiko da, gaur egungo lurzatiaren behe aldean (478 m), eta beste bat 465 m-ko kotaraino, legarra ateratzeko gune itxi bat eratuz; bigarren fase horretan 5 m-ko zabalerako bi berma ezarriko dira, hondeaketako 6 m-ko tarte bakoitzeko bat.

Hutsunea hondeaketako materialekin betez bi urteko epean lehengoratzea aurreikusi da. Horren ondorioz 480 m-ko kotan geratuko da plaza, lurzatiaren ekialderanzko malda pixka batekin, non La Pedrerako bidea baitago. Ipar, hego eta mendebalderantz lur erauzketaren ondoriozko ezpondak sortuko dira, 1H:1V maldakoak; 16 m arteko garaiera izanen dute eta 8 edo 10 m batez beste.

Obratik erauzketa eremura arteko sarbidea obraren zerbitzu bideak erabiliz eginen da, Nafarroako Ubidearen 7A tartearen aldamenean baitago.

Ustiapena hastean, bukaerako landareztatze lanerako egokiak diren lurrak kenduko dira. Aurkeztu den lehengoratze planaren arabera, betelan partziala bukatutakoan hedatuko dira berriz lur horiek. Plaza berriz ere nekazaritzarako erabiltzeko moduan jarriko da, eta kanpoalderanzko ezpondetan zuhaixkak sartu eta hidroereintza eginen da bertako belarkiekin eta mulu-eiteko landareekin.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuko 33. artikulua eta hurrengoak betez, espedientean ingurumen ukipenen azterlana sartu da, eta bertan biltzen da proiektuaren eta ingurune hartzailearen deskribapena, bai eta ingurumen integraziorako aurreikusi diren kontrol, zuzenketa, lehengoratze eta jarraipen neurrien zerrenda ere.

2008ko irailaren 24an, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren txostena eskatu zen. Proiektuak Erriberriko Udalaren aldeko txostena du; txosten hori 2008ko azaroaren 10ean sartu zen Nafarroako Gobernuko erregistroan.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere bilduko duela. Horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Osoa eta nahikoa den espedientean dauden txostenak ikusita eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, zenbait baldintzarekin, Tafallan "La Pedrera" legar-hobia irekitzeko proiekturako, Nafarroako Ubidearen 6, 7A eta 19A tarteetako obrak egiteko, Tafallako La Pedrera alderdian. Sustatatzailea Nafarroako Ubideko 6, 7 eta 19A tarteak egiteko ABEEa da.

2. Baimena izateko, sustatzaileak proposatu dituen neurri zuzentzaileak bete beharko dira, bai eta baldintza hauek ere:

-23. poligonoko 207. lurzatia erabili ezean, erauzketak hedadura eta bolumen txikiagoa izanen du eta, beraz, erauzketa eremuaren ipar-mendebalderako eta iparralderako proposatu diren neurriak ekialderantz eramanen dira, poligono beraren 206. lurzatiaren barnean.

-Lehengoratze laneko betelanean, obretan soberan geratzen diren lurrak soilik erabiliko dira, eta inola ere ez obretako hondakinak eta bestelako hondakinak.

-Legarra ateratzeko hutsunea ongi hesituko da, nekazariek, ehiztariek, txangozaleek edo langileek edo animalia ertain eta handiek istripurik izan ez dezaten. Itxitura horrek balio behar du, halaber, ustiapen eta lehengoratze lanetan hutsunea modu desegokian ez erabiltzeko.

-Erauzketa eta betelan garaian La Pedrerako bidearen tarteko kotak berriz zehaztuko dira eta/edo drainatze obrak edo arekak eginen dira legar-hobiaren plazan putzurik egin ez dadin eta, era berean, isurketa-urak gune batean bilduko dira bidearen ekialdean dauden lurzatietan, bereziki Tafallako 34. poligonoko 850. lurzatian. Aukeretako bat da bide hori 850. lurzatiaren kotaren paretsuan berregitea, aurreikusitako kotan baino txikiagoan hain zuzen ere. Hala eginez gero lehengoratzean betelan txikiagoa beharko litzateke edo lur erauzketen ondoriozko ezponden maldak babestu eta arindu eginen lirateke.

-Baimen honen arabera ukitzekoa den eremua handitu nahi izanez gero edo erauzketaren eta lehengoratzearen parametroetan aldaketaren bat egin nahi bada, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiko Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan tramitatu beharko da.

-Erauzketaren ondorengo lehengoratze lan guztiaren erantzulea sustatzailea da, hau da, Nafarroako Ubideko 6, 7 eta 19A tarteak egiteko ABEEa, non ez duen beste eragile edo enpresaren batek lehengoratze plan zehatz bat aurkezten baimena lortzeko, baldin eta plan horren bidez bere gain hartzen baditu baimen honetan dagozkion baldintzak, eta erabiliko diren materialak, bukaerako profilak, landareztatze neurriak eta aurrekontuak azaltzen baditu.

3. Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 91.501 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu, horiek konpondu edo murriztuko direla bermatzeko, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

4. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez dio administrazio bideari bukaera ematen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

6. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea sustatzaileari, Canal de Navarra S.A.ri, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Basozaintzari eta Tafallako Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko urtarrilaren 7an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0900534