17. ALDIZKARIA - 2009ko otsailaren 9a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

591/2008 EBAZPENA, abenduaren 22koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Zizur Nagusiko udalerrian (Nafarroa) 66/13,2 kV-eko banaketarako transformazio azpiestazioa eraikitzeko eta, hura "Cordovilla-Orkoien" 66 kV-eko linearekin lotzeko asmoz, 66 kV-eko lur azpiko linea egiteko, Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U.k sustaturik.

2008ko irailaren 23an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen transformazio azpiestazio horri dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. 2007ko uztailaren 23an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen transformazio azpiestazio horretarako linea elektrikoari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera.

Lanen helburua Zizur Nagusiko 2. poligonoko 1175. lurzatian 66/13,2 kV-eko banaketarako transformazio azpiestazio bat egitea da, Iruñeko eta inguruko biziguneetako egungo eta etorkizuneko eskaerari erantzuteko, batez ere Zizur Nagusian tentsio ertaineko eskaerari erantzuteko. Horrez gainera, azpiestazio hori "Cordovilla-Orkoien 2 eta 3" 66 kV-eko linearekin lotzeko linea elektrikoa eginen da, 200 metro ingurukoa, linea haren 00.27 euskarritik, lur azpitik kanalizatuz.

Proiektuak abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko I) atalean sartuta daude. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko araubidean ezarritakoaren pean jartzen dira batera. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Foru dekretu horren 36. artikuluan ezarririk dago Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz, eskaera aurkezten denetik lau hilabeteko epean.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U.ri Zizur Nagusiko udalerrian (Nafarroa) 66/13,2 kV-eko banaketarako transformazio azpiestazioa eraikitzeko eta, hura "Cordovilla-Orkoien" 66 kV-eko linearekin lotzeko asmoz, 66 kV-eko lur azpiko linea egiteko.

2. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, jarraian adierazten diren baldintzekin. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da:

-Egin nahi den jarduerak uki ditzakeen edo horren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak egiten hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetan.

3. Ebazpen honek ez dio administrazio bideari bukaera ematen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

4. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea Ingurumen ukipenetarako baimenaren ondorioetarako.

5. Ebazpen hau igortzea Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Basozaintzari, Zizur Nagusiko Udalari eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko abenduaren 22an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0819855