17. ALDIZKARIA - 2009ko otsailaren 9a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

586/2008 EBAZPENA, abenduaren 18koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, zenbait baldintzarekin, Faltzesko Raso de Abajo alderdian zagorra ateratzeko proiekturako, gero Nafarroako Ubidearen ureztatze eremuko IV-3 sektorean erabiltzeko. Proiektua Riegos del Canal ABEEk sustatu du.

2008ko abuztuaren 14an, espediente honen Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu da Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan.

Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko O) letran sartuta dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Proiektuaren arabera zagor naturalen 58.000 m³ atera nahi dira Faltzesko 18. poligonoko 472. lurzatitik, lurzati horren 16.000 m² okupatuz, hau da, ia lurzati osoa. Sarbidearen eta ondoko lurzatiaren inguruko bazterretatik ez da aterako zagorrik. Bertan utzita dauden hormigoizko egitura batzuk desmuntatu eta txikitu eginen dira, sortzen diren hutsunean bertan bildu eta hedatzeko, lehengoratu aurretik.

Gero, hutsunea landare lurreko geruza egoki batez beteko da lurzatia laborantzarako prest uzteko, sarbide aldeko eta hegoaldeko (ondoko lurzatien inguruan) ezpondak izan ezik, han bertako belarkiak eta mulu-eiteko landareak ereingo baitira.

Altxonbidean barna izanen du sarbidea (5. iraganbidearekin bat heldu da), eta egokitzeaz batera 5 m-tara zabalduko da, Nafarroako Ubidearen sektore hori ureztalur bihurtzeko obren barnean.

Proiektua estepako hegaztien eremu batean garatu nahi da. Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak, 2008ko martxoaren 16an, Nafarroako Ubideko eremu ureztagarrien IV-3 sektorea ureztalur bihurtzeari buruzko ingurumen ukipenen azterlana egin zuen. Harekin bat, ez da aurreikusi fauna horrenganako ukipen garrantzizkorik, non ez den basoilo txikiaren eta basoilo handiaren umatze garaian. Horregatik, ustiapen aldi labur bat ezarri da, uztailaren 15etik apirilaren 1era bitarte, umatze garaitik kanpo.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuko 33. artikulua eta hurrengoak betez, espedientean ingurumen ukipenen azterlana sartu da, eta bertan biltzen da proiektuaren eta ingurune hartzailearen deskribapena, bai eta ingurumen integraziorako aurreikusi diren kontrol, zuzenketa, lehengoratze eta jarraipen neurrien zerrenda ere.

Proiektuak Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren aldeko txostena du, non adierazten baita obrak hasi baino lehen sustatzaileak beharrezkoak diren baimenak eskuratu beharko dituela, jarduerak ukitzen ahal dituen azpiegiturei dagokienez.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere bilduko duela. Horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Foru dekretu horren 36. artikuluan ezarrita dago Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz, eskaera aurkezten denetik lau hilabeteko epean.

Osoa eta nahikoa den espedientean dauden txostenak ikusita eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, zenbait baldintzarekin, Faltzesko Raso de Abajo alderdian zagorra ateratzeko proiekturako, gero Nafarroako Ubidearen ureztatze eremuko IV-3 sektorean erabiltzeko. Proiektua Riegos del Canal ABEEk sustatu du.

2. Baimena izateko, sustatzaileak proposatu dituen neurriak bete beharko dira, baita neurri zuzentzaile hauek ere:

-Aurkeztu den ingurumen ukipenen azterlanean aurreikusitako jarraipen arkeologikoa eginen da.

-Estepako hegaztien umatze garaiko geldialdia luzatzen ahalko da, baldin eta umatzen ari diren halako hegaztiak ageri badira ustiapenaren inguruan, nahiz eta hasieran aurreikusitako garaitik kanpo izan.

-Zagorra ateratzeko lanak hasi aurretik, Plangintza eta Laguntza Atalari kontsulta eginen zaio altxonbidea erabiltzeari eta haren bide bazterren azken egoerari buruz, halako abelbideen mantentzea eta zortasunak direla-eta.

-Lanak egiteko aurreikusi den epea kontuan harturik, sustatzaileak hutsunean material inerteak, hondakinak eta zaborrak botatzea galaraziko du.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 11.293 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu, horiek konpondu edo murriztuko direla bermatzeko, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Foru dekretu horrek Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

4. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez dio administrazio bideari bukaera ematen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

6. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

7. Ebazpen hau sustatzaileari, Riegos de Navarra S.A.ri, Aguacanali, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Basozaintzari eta Faltzesko Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko abenduaren 18an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0819852