17. ALDIZKARIA - 2009ko otsailaren 9a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

585/2008 EBAZPENA, abenduaren 18koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, zenbait baldintzarekin, Nafarroako Ubideko 19 B tarteko obretan soberan geratzen diren materialak Erriberriko Monte Encinar alderdian botatzeko proiekturako. Proiektua Canal de Navarra T19B ABEEk sustatu du.

2008ko irailaren 18an, espediente honen Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu da Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan.

Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko O) letran sartuta dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Proiektuan azaltzen da soberan geratzen diren lurren 10.000m³-tik 25. 000m³-ra bitarte hein batean lehengoratuta dagoen legar-hobi baten hutsunean bota nahi dela, hain zuzen ere Erriberriko 13. poligonoko 525 M. eta 535. lurzatien bazter batean, legar-hobi zahar horren eremuko 4.382 m² okupatuz. Hutsune hori nahiko andeatuta dago gaur egun eta hondeaketako ezpondak ageri-agerian daude AP-15 autobidetik begiratuta.

Obratik hutsunerainoko sarbidea obrako zerbitzu bidea, Corraliza de Paulinoko alderdiko bidea eta AP-15aren pareko bidea erabiliz eginen da.

Betelanerako bi aukera izanen dira, obran soberan geratzen den material kopuruaren arabera. Bi aukera horiek hutsunea erdialdean betetzea proposatzen dute, barneko drainatzea egiteko bi lerrorekin, bata iparralderanzko eta ekialderanzko sarbidetik eta bestea lubaki moduan hego-mendebaldean. Beraz, ez da aurreikusi lurrak gaur egungo hondeaketa ezpondaren kontra bermatzea.

Ustiapenaren hasieran, bukaerako landareztatzea egiteko egokiak diren lurrak kenduko dira, alegia, hein batean lehengoratutako plazan daudenak. Bukaeran, lur horiek berriz zabaldu eta hidroereintza eginen da, bertako belarkiak eta mulu-eiteko landareak nahasiz, betelan berriak zuzenean ukitzen dituen eremuetan sortzen diren ezpondetan eta plazan.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuko 33. artikulua eta hurrengoak betez, espedientean ingurumen ukipenen azterlana sartu da, eta bertan biltzen da proiektuaren eta ingurune hartzailearen deskribapena, bai eta ingurumen integraziorako aurreikusi diren kontrol, zuzenketa, lehengoratze eta jarraipen neurrien zerrenda ere.

2008ko irailaren 24an, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren txostena eskatu zen. Proiektuak Erriberriko Udalaren aldeko txostena du; txosten hori 2008ko azaroaren 10ean sartuko Nafarroako Gobernuko erregistroan.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere bilduko duela. Horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Foru dekretu horren 36. artikuluan ezarririk dago Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz, eskaera aurkezten denetik lau hilabeteko epean.

Osoa eta nahikoa den espedientean dauden txostenak ikusita eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, zenbait baldintzarekin, Nafarroako Ubideko 19 B tarteko obretan soberan geratzen diren materialak Erriberriko Monte Encinar alderdian botatzeko proiekturako. Proiektua Canal de Navarra T19B ABEEk sustatu du.

2. Baimena izateko, sustatzaileak proposatu dituen neurriak bete beharko dira, baita neurri zuzentzaile hauek ere:

-19 B tarteko obretako lurrak soilik botatzen ahalko dira. Aldaketarik egin nahi izanez gero, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiko Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuarekin kontsultatu beharko da.

-Lanak egiteko epea eta biltegi eremuan botako diren materialak noizbehinka erabiliko direla kontuan izanda, sustatzaileak zuloan material inerteak, hondakinak eta zaborrak botatzea galaraziko du.

-Lur metaketaren azpiko urak nola drainatu aztertu beharko da, AP-15aren pareko bidea honda ez dadin, urak arekarik edo hodirik gabeko gune batean biltzearen ondorioz.

-Lurrak dagoen hutsuneko hondeaketa ezponda aldera pilatzeko aukera aztertu beharko da, ahalik eta gutxien nabarmen daitezen.

-Lehengoratutako betelanaren basoberritzea 19 B tartea basoberritu eta paisaiaren integrazioa lortzeko proiektuaren barnean sartzen ahal den aztertu beharko da; horretarako erabiliko liratekeen espezieen eiteak ezponda ezkutatzeko modukoa izan beharko luke, landa bideetatik eta AP-15etik ez ikusteko. Espezie hauek gomendatzen dira: Aleppo pinua, artea, isatsa eta milazka.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 2.453 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu, horiek konpondu edo murriztuko direla bermatzeko, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

4. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez dio administrazio bideari bukaera ematen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

6. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea sustatzaileari, Canal de Navarra, S.A.ri, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Basozaintzari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta Erriberriko Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko abenduaren 18an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0819854