17. ALDIZKARIA - 2009ko otsailaren 9a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

67/2009 FORU AGINDUA, urtarrilaren 26koa, Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunak emana, Nafarroan egoitza duten herrialdeetako biltokiei laguntzak emateko 2009ko deialdia onesten duena.

Nafarroako Foru Komunitatean badira jatorria beste herrialde batzuetan duten herritarrak biltzeko eta adiskidantza garatzeko zenbait kultur eta josteta elkarte. Elkarte horiek egiten dituzten jardueren bidez, beste herrialde batzuetan jaio baina lan, familia edo beste inguruabar batzuengatik Nafarroan bizi direnek beren jatorrizko tokietako nortasunaren ezaugarriei eusten diete.

Nafarroako Gobernuak entitate horien jarduerak egiteko eta horien funtzionamendurako laguntzak ematen ditu, eta 2009ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorrean badira xede horretarako kontu-sail zehatzak.

Beste herrialde batzuetako biltokiek Nafarroan egiten dituzten jarduerak mantentzea eta horiek sustatzea gizarte interesekoa denez, bidezkoa da etxe horiei laguntza ekonomikoak emateko beste deialdi bat onestea. Laguntza horien bidez, besteak beste, kultur eta gizarte jarduerak, inbertsioak eta funtzionamenduko gastuak finantzatuko dira.

Horrenbestez, Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 120/2007 Foru Dekretuan aitortutako ahalmenak erabiliz eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearekin bat,

AGINDU DUT:

1. Nafarroan egoitza duten herrialdeetako kultur elkarteei laguntzak emateko 2009ko deialdia onestea. Diru-laguntzak honako foru agindu honen eranskinean bildu diren oinarrietan ezarritakoari jarraikiz emanen dira.

2. Laguntza horien kopuruak 2009ko Gastuen Aurrekontuko lerro hauetako gehieneko dirua izanen du muga:

-Nafarroan egoitza duten herrialdeetako elkarteentzako laguntzak: B20003-B2220-4819-144111 kontu-saila. Gehienez ere 50.996 euro (ID 1454).

-Nafarroan egoitza duten herrialdeetako elkarteentzako lokalak eta ekipamendua erosi eta hobetzea: B20003-B2220-7819-144103 kontu-saila. Gehienez ere 19.570 euro (ID 1455).

3. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aitzina, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57.2.a) artikuluan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 144. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari dagokionez, ezarrita dagoenarekin bat.

4. Foru agindu hau igortzea Erakundeekiko Harremanetarako zuzendari nagusiari, Protokolo Zerbitzuari, Nafar Biltokien, Erkidegoen Etxeen eta Elkarteen Atalari, Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuko Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuari, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko urtarrilaren 26an. Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eleduna, Alberto Catalán Higueras.

ERANSKINA

NAFARROAN EGOITZA DUTEN HERRIALDEETAKO KULTUR ELKARTEEI LAGUNTZAK EMATEKO 2009KO DEIALDIAREN OINARRIAK

1. Xedea eta helburua.

Deialdiaren xedea da Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuak Nafarroan egoitza duten herrialdeetako kultur elkarteei ematen dizkien laguntzen kontzesioa emateko araubidea ezartzea, horien kultur eta gizarte jarduerak, inbertsioak, funtzionamendu gastuak eta antzekoak finantzatze aldera.

Zehazki, laguntza horien helburuak hauek izanen dira:

a) Kultur jarduerak, hala beraien jaietan antolatzen dituztenak nola kultur jarduera arruntak, 2009. urtean egin beharrekoak edo aurreko ekitaldian egin direnak.

b) Funtzionamendu edo finantza gastuak.

c) Egoitzak erosi, hobetu edo ekipamenduz hornitzeko gastuak.

2. Aurrekontua.

Deialdirako zenbatekoa 70.566 eurokoa da. Honela banatuko da:

50.996 euro, "Nafarroan egoitza duten herrialdeetako elkarteentzako laguntzak" izeneko B20003-B2220-4819-144111 kontu-sailaren kargura.

19.570 euro, "Nafarroan egoitza duten herrialdeetako elkarteentzako lokalak eta ekipamenduak erosi eta hobetzea" izeneko B20003-B2220-7819-144103 kontu-sailaren kargura.

Diru-laguntza horietarako dirua bukatuz gero, Espainiatik kanpo dauden nafar biltokiei, Espainiako beste erkidego batzuek Nafarroan dituzten etxeei eta Espainiako beste lurralde batzuetan dauden nafar txoko, biltoki eta etxeei diru-laguntzak emateko 2009. deialdietan sobratzen den dirua erabiltzen ahalko da.

3. Diru-laguntzak emateko prozedura.

Deialdian aipatzen diren diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagoka bidez tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak alderatuz, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17. artikuluko 1. idatz-zatian xedaturikoarekin bat.

4. Entitate eskatzaileen betebeharrak.

Deialdian ezarritako laguntzak jasotzen ahalko dituzte Nafarroan egoitza duten herrialdeetako kultur elkarteek.

Aurkezten diren entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Elkartea legez eratua izatea eta dagokion erregistro ofizialean erregistraturik egotea.

b) Irabazi-asmorik ez edukitzea eta sozietatearen xedea kultur, kirol eta gizarte jarduerak antolatzea izatea.

c) Behar bezala onetsitako barne estatutuak izatea.

d) Entitatearen ordezkariak hautatzean eta barreneko funtzionamenduan esku-hartze demokratikoa ziurtatua egotea.

e) Gutxienez 50 bazkide aktibo eta ordaintzen dutenak izatea.

f) Bazkideen diru ekarpenak jasotzea, aurretik finkatutako eta benetan emandako kuoten bidez.

g) Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak beteak izatea.

h) Diru-laguntzen onuraduna izateko Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako debekuetan ez egotea.

i) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan eta Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoan ezarritako betebeharrak betetzea.

5. Laguntza motak eta laguntza jaso dezaketen gastuak.

Deialdi honen babesean, laguntza hauek eskatzen ahalko dira:

a) Kultur ekitaldien antolaketa finantzatzeko laguntzak. Atal honetan gastu hauek hartuko dira aintzat: jatorrizko herrialdeko talde artistikoen emanaldietako gastuak (emanaldi horiek ordaintzea, garraioa eta ostatua, publizitatea, lokalen alokairua, etab.), bertako talde artistikoen funtzionamendu gastuak, kultur eta josteta arloko lehiaketak eta bestelako kultur eta gizarte jarduerak.

Atal honetatik kanpo daude entitatearen beraren talde artistikoen emanaldietarako ordainketak, salbu eta bidaietarako, ostatuetarako edo abarretarako gastuak izan eta beste finantzabiderik ez badute.

b) Funtzionamendu eta finantza gastu arruntetarako laguntzak. Funtzionamendu gastuen atalean, laguntzaren %50 gehienez erabiltzen ahalko da ospakizun sozialetarako, otamenetarako, ordezkarien bidaietarako eta gisakoetarako.

c) Egoitza soziala izanen diren lokalak erosi edo konpontzeko eta, orobat, elkarteak erabiliko dituen altzariak eta ekipamendu informatikoak erosi eta konpontzeko laguntzak.

d) Salbuespen gisa, lehiaketak, erakusketak eta kultur jarduerak antolatzeko edo ohiz kanpoko inbertsio edo funtzionamendu gastuak ordaintzen laguntzeko. Halaber, aurreko ekitaldian egindako jardueretakoak izanik, diruz lagundu ez ziren beste gastu batzuk ordaintzeko erabiltzen ahal da diru hori.

Edonola ere, diruz laguntzen ahalko dira inolako zalantzarik gabe jarduera lagungarriren ezaugarriak biltzen dituzten eta ezarritako epearen barnean egiten diren gastuak.

Laguntzen kopuruak aurrekontuan horretarako dagoen diruaren arabera ezarriko dira.

6. Eskaeren aurkezpena.

6.1. Eskaera non eta noiz aurkeztu.

Deialdian ezarritako laguntzak jaso nahi dituzten Nafarroan egoitza duten herrialdeetako elkarteek dagokion eskabidea eta eskaera aurkeztuko dituzte Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38. artikuluko 4. idatz-zatian ezarritako lekuetako batean.

Eskaera 20 eguneko epean aurkezten ahalko da, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera, eta Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuko Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiari zuzendu beharko zaio.

6.2. Aurkeztu beharreko agiriak.

Laguntza eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Elkartea legez eratu izanaren ziurtagiria eta dagokion erregistro ofizialean inskribatua egotearena (ez dago berriro aurkeztu beharrik lehen aurkeztu baditu eta harrezkero aldaketarik izan ez badute).

b) Indarra duten estatutuak (ez dago berriro aurkeztu beharrik lehen aurkeztu baditu eta harrezkero aldaketarik izan ez badute).

c) Lehendakariak edo idazkariak sinatutako ziurtagiria, kotizatzen duten bazkide aktiboen izen-deituren zerrenda eta ordaindutako kuotak jasotzen dituena.

d) Zuzendaritza batzordearen osaera eta eraketa eguna; batzorde hori estatutuen arabera hautaturik egonen da, eta hori ere lehendakariak edo idazkariak ziurtatuko du.

e) Nafarroako Zerga Ogasunaren indarreko ziurtagiria edo, bestela, onuradunak zerga betebeharrak non dituen, hango administrazio publikoaren organo eskudunarena, eskatzaileak bere zerga betebeharrak eguneratuak dituela adierazten duena.

f) Gizarte Segurantzaren indarreko ziurtagiria, adierazteko gizarte segurantzaren sisteman inskribatua dagoela, langileak afiliatu dituela eta alta eman diela, kotizazio agiriak aurkeztu dituela eta indarreko xedapenen arabera Gizarte Segurantzarekin dituen betebeharrrak eguneratuak dituela.

g) Erantzukizuneko aitorpena, entitatearen ordezkariak sinatua, entitatea, administratzaileak eta ordezkariak diru-laguntzen onuradun izateko debekuetan ez daudela dioena. Debeku horiek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ageri dira.

Halaber, eta eskatzen den laguntza mota kontuan hartuta, interesdunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

Funtzionamendu eta finantza gastuetarako laguntzak eskatzen dituzten biltokiek, adierazi diren agiriez gain, hauek ere aurkeztu behar dituzte:

a) 2009ko ekitaldiko gastuen eta diru-sarreren urteko aurrekontu arrunta.

b) Aurrekontuan sartu diren kontzeptuak azaltzen dituen memoria.

Kultur jarduerak egiteko laguntza eskatzen duten biltokiek, horiez gain, hauek ere aurkeztu behar dituzte:

a) 2009. urtean egin gogo den programazioa azaltzen duen memoria.

b) Gastuen aurrekontu xehatua.

c) Biltokiak aurreko hiru urteetan egin dituen kultur jardueren eta horien balorazio ekonomikoaren gaineko memoria laburtua. Ez da beharrezkoa izanen lehenbiziko bi urteetako erreferentziak ematea, baldin eta aurreko urteetako deialdietan aurkeztu badira.

d) Aurreko urtean diru-laguntzak hartu zituzten jardueretako materialak (egitarauak, kartelak eta abar), non Nafarroako Gobernuaren ikurra edo haren aipamena agertuko baita, deialdian eskatzen denarekin bat, salbu eta aurreko ekitaldian aurkeztu badira.

Azkenik, aparteko laguntzak eskatzen dituzten biltokiek beren proiektua azaltzen duen txostena aurkeztu beharko dute, eta txosten horretan aurrekontua eta eskatzen duten laguntza adieraziko dituzte. Egin diren gastu handiagoetarako laguntzak eskatzeko, gertatu diren inguruabarrak eta eskaeraren arrazoiak adieraziko dira.

Nolanahi ere, aurkeztu beharreko agiriak jatorrizkoak izanen dira edo bestela notario batek edo administrazioak berak kautoturiko fotokopiak.

7. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Eskabideak ez baditu eskatzen diren baldintzak betetzen edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezten ez badira, organo instruktoreak entitate interesdunari gehienez ere hamar egun balioduneko epean akatsak zuzentzeko eskatuko dio, eta ohartaraziko dio, horrela egin ezean, eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko agindu eta horren berri emanen da.

8. Prozeduraren instrukzioa.

Eskaera Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiak eginen du, eta Nafar Biltokien, Erkidegoen Etxeen eta Elkarteen Atala izendatuko da organo instruktore.

9. Eskaeren balorazioa.

Erakundeekiko Harremanetarako zuzendari nagusiak, Protokolo Zerbitzuko zuzendariak eta Nafar Etxeen, Erkidegoen Etxeen eta Elkarteen Ataleko buruak osatutako batzordeak eskaerak baloratuko ditu eta laguntzak emateko proposamena eginen du.

Diru-laguntzak emateko, balorazio irizpide hauei jarraituko zaie:

a) Lehentasuna emanen zaie ekimenaren, gaien, interpretazioaren edo esanahaiaren aldetik jatorrizko herrialdearen beraren kultur jarduerak diren proiektuei.

b) Lehentasuna emanen zaie Nafarroako gizartea ezagutu eta harekin komunikatzeko jardueren proiektuei, hala nola komunitatean integratzera eta herritarren elkarbizitza bultzatzera bideratuak direnei.

c) Berariaz hartuko dira aintzat Nafarroan egoitza duten herrialdeetako elkarteen arteko elkarlotura eta lankidetza ekarriko duten proiektuak.

d) Lehentasuna izanen dute, halaber, aurreko ekitaldietan kultur jarduerak burutzeagatik eta funtzionamenduagatik gasturik handiena izan duten biltokien proiektuek.

e) Halaber, kontuan hartuko da proposamena egin duen biltokiko bazkideen kopurua.

f) Lehentasuna izanen dute elkartearen egoitza eskuratzeko, hobetzeko edo ekipamendurako inbertsioek.

10. Ebazpena.

Aurkezten diren eskaerak baloratu eta gero, batzordeak Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunari proposamena eginen dio, foru agindu bidezko behin betiko ebazpena eman dezan, eskaerak aurkezteko epea amaitu eta gehienez ere hilabeteko epean.

Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertuko da. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Diru-laguntzak aurrekontuan dagoen diruaren arabera emanen dira, eta ukatu eginen dira araudia betetzen ez dutenak.

Edonola ere, interesdunei eskaeren ebazpena jakinaraziko zaie, deialdiaren emaitza Nafarroako Gobernuaren web atarian argitaratuz.

11. Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdiko laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo haren erakunde autonomoetako edozein organok, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo partikularrek helburu beretarako emandako beste laguntza batzuekin.

Hala ere, emandako laguntza, bakarrik edo beste diru-laguntzekin baturik, ez du behin ere gaindituko onuradunak egin beharreko jardueraren kostua. Halakoetan, deialdiko laguntza murriztuko da.

12. Gastuen justifikazioa eta diru-laguntzaren ordainketa.

Diru-laguntza jasotzeko, entitate onuradun bakoitzak egindako gastua justifikatu beharko du, jatorrizko fakturak edo gastua frogatzen duten bestelako agiriak aurkeztuz; horiei gastuen ordainagiriak gehituko zaizkie. Halaber, egindako eta diruz lagundutako jardueren (kostua eta guzti) memoria edo txosten xehatua aurkeztuko dute, aurreikusitako helburuen betetzearen balorazioa barne.

Agiri horiek 2009an aurkeztuko dira, ahal dela bi epe hauetan: ekainaren 15a baino lehen eta abenduaren 15a baino lehen. Egun horretatik aurrera ez da faktura gehiagorik onartuko.

Edonola ere, benetan egindako gastutzat joko da deialdian ezartzen den justifikazio epea bukatu baino lehen ordaindu dena.

Laguntzak frogagiriak onartu ondoren ordainduko dira, horiek aurkeztu eta 30 eguneko epean.

Gastuen azken aurkezpenean laguntza hartzen duen entitateko idazkariaren ziurtagiria erantsi beharko da, lehendakariaren oniritziarekin, non entitateak ekitaldi horretan organo ofizial edo pribatuetatik harturiko bestelako laguntzak adieraziko baitira, horrelakorik bada.

Salbuespen gisa, diru-laguntza onartu ondoren, %50era bitarte ordain daiteke gastuak justifikatu baino lehenago, betiere arrazoibidezko eskaera aurkeztuz gero.

13. Erakunde onuradunen betebeharrak.

a) Diru-laguntza ematearen oinarrian dauden jarduerak oinarri arautzaileei jarraikiz egitea.

b) Diruz lagundutako jardueraren edo proiektuaren publizitate eta hedatze lan guztietan diru-laguntzaren jatorria adieraztea. Ildo horretan, nafar biltokiek sustatu dituzten eta foru agindu honen arabera eman diren laguntzak jaso dituzten programetan eta bestelako argitalpen eta iragarkietan Nafarroako Gobernuak babestuta daudela adierazi beharko da.

c) Organo emaileak egiten ahal dituen egiaztapenak onartzea.

d) Lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako edo lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea diru-laguntza eman duen organoari.

e) Entitatearen ezaugarriak direla-eta eskatzen ahal zaizkion kontabilitate arloko baldintzak betetzea.

f) Jasotako diruaren erabilpenari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

g) Diru-laguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako eginbeharrak.

14.a: Aplikatzekoak diren arauak.

Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan Diru-laguntzei buruzko ekainaren 9ko 11/2005 Foru Legean oro har xedatutakoa aplikatuko da.

15. Errekurtsoak.

Deialdiaren oinarrien kontra eta hori aplikatzeko egintzen kontra zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, aurkatu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik kontatuta.

Iragarkiaren kodea: F0901268