17. ALDIZKARIA - 2009ko otsailaren 9a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

66/2009 FORU AGINDUA, urtarrilaren 26koa, Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunak emana, Espainiatik kanpo dauden nafar biltokiei laguntzak emateko 2009ko deialdia onesten duena.

Nafarroako Foru Komunitateak beste herrialde batzuetan dauden nafar biltokiekin lankidetza harremanak ditu, hango ekintzak bultzatzeko diru-laguntzen bidez, argitalpenak igorriz eta bestelako jarduera egitarauen bidez.

Nafar biltokiek Espainiatik kanpo egiten dituzten jarduerak mantendu eta bultzatzea gizarte interesekoa denez, bidezkoa da nafar biltokiei diru-laguntzak emateko beste deialdi bat onestea, horrela kultura eta gizarte jarduerak, inbertsioak, funtzionamendu gastuak eta bestelakoak finantzatzeko.

2009. urterako Nafarroako Aurrekontu Orokorrean badaude horretarako kontu-sail berariazkoak.

Horrenbestez, Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 120/2007 Foru Dekretuan aitortutako ahalmenak erabiliz eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearekin bat,

AGINDU DUT:

1. Espainiatik kanpo dauden nafar biltokiei laguntzak emateko 2009ko deialdia onestea. Diru-laguntzak honako foru agindu honen eranskinean bildu diren oinarrietan ezarritakoari jarraikiz emanen dira.

2. Laguntza horien kopuruak 2009ko Gastuen Aurrekontuko kontu-sail hauen kontsignazioa izanen du muga:

Atzerrian dauden nafar biltokientzako laguntzak: B20003-B2220- 4819-144100 kontu-saila: 115.000 euro (ID 1450).

Nafar biltokien egoitzak eta ekipamenduak erosi eta hobetzea: B20003-B2220-7819-144100 kontu-saila: 75.000 euro (ID 1451).

3. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aitzina, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57.2.a) artikuluan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 144. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari dagokionez, ezarrita dagoenarekin bat.

4. Foru agindu hau igortzea Erakundeekiko Harremanetarako zuzendari nagusiari, Protokolo Zerbitzuari, Nafar Biltokien, Erkidegoen Etxeen eta Elkarteen Atalari, Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuko Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuari, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko urtarrilaren 26an.-Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eleduna, Alberto Catalán Higueras.

ERANSKINA

ESPAINIATIK KANPO DAUDEN NAFAR BILTOKIEI LAGUNTZAK EMATEKO 2009KO DEIALDIAREN OINARRIAK

1. Xedea eta helburua.

Deialdiaren xedea da Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuak Espainiatik kanpo dauden nafar biltokiei ematen dizkien laguntzen kontzesioa emateko araubidea ezartzea, horien kultur eta gizarte jarduerak, inbertsioak, funtzionamendu gastuak eta antzekoak finantzatze aldera.

Zehazki, laguntza horien helburuak hauek izanen dira:

a) Nafar biltokiek eskatzailearen herrialdean, Espainian edo nafar biltokiak dauzkaten beste herrialde batzuetan egiten dituzten kultur, kirol eta gizarte jarduerak.

b) Entitatearen ohiko jardueraren ondoriozko funtzionamendu gastuak, lokalen erabileraren eta alokairuen ondoriozkoak eta finantza gastuak.

c) Egoitza soziala izanen diren lokalak eta kultur, kirol eta gizarte jardueretarako altzariak eta ekipamendua erosi edo berritzea, eta ekipamendu informatikoak erostea.

d) Nafar biltokiek bultzatutako kultur, hezkuntza edo laguntza proiektuak, beraiek eginak edo beste entitate publiko zein pribatu batzuekin elkarlanean.

2. Aurrekontua.

Deialdirako zenbatekoa 190.000 eurokoa da. Honela banatuko da:

115.000 euro, "Atzerrian dauden nafar biltokientzako laguntzak" izeneko B20003-B2220-4819-144100 kontu-sailaren kargura.

75.000 euro, "Nafar biltokien egoitzak eta ekipamenduak erosi eta hobetzea" izeneko B20003-B2220-7819-144100 kontu-sailaren kargura.

Diru-laguntza horietarako dirua bukatuz gero, beste herrialde batzuek Nafarroan dituzten biltokiei, Espainiako beste erkidego batzuek Nafarroan dituzten etxeei eta Espainiako beste lurralde batzuetan dauden nafar txoko, biltoki eta etxeei diru-laguntzak emateko 2009ko deialdietan sobratzen den dirua erabiltzen ahalko da.

3. Diru-laguntzak emateko prozedura.

Deialdian aipatzen diren diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagoka bidez tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak alderatuz, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17. artikuluko 1. idatz-zatian xedaturikoarekin bat.

4. Entitate eskatzaileen betebeharrak.

Deialdian ezartze diren laguntzak jasotzen ahalko dituzte Espainiatik kanpo dauden nafar biltokiek.

Aurkezten diren entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Elkartea edo entitatea legez eratua izatea eta dagokion erregistro ofizialean erregistraturik egotea.

b) Irabazi-asmorik ez edukitzea eta sozietatearen xedea kultur, kirol eta gizarte jarduerak antolatzea izatea.

c) Entitatearen izen ofizialean "Nafarroa" hitza izatea edo, bestela, horretatik eratorritako beste hitz bat, edo Nafarroako Foru Komunitatearekin soilik eta garbi lotutako beste adierazpen bat.

d) Behar bezala onetsitako barne estatutuak izatea.

e) Entitatearen ordezkariak hautatzean eta barreneko funtzionamenduan esku-hartze demokratikoa ziurtatua egotea.

f) Gutxienez 30 bazkide aktibo eta ordaintzen dutenak izatea.

g) Bazkideen diru ekarpenak jasotzea, aurretik finkatutako eta benetan emandako kuoten bidez.

h) Diru-laguntzen onuraduna izateko Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako debekuetan ez egotea.

i) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak betetzea.

5. Laguntza motak eta laguntza jaso dezaketen gastuak.

Deialdi honen babesean, laguntza hauek eskatzen ahalko dira:

a) Nafar biltokiek eskatzailearen herrialdean, Espainian edo nafar biltokiak dauzkaten beste herrialde batzuetan egiten dituzten kultur, kirol eta gizarte ekintzen antolaketa finantzatzeko laguntzak. Atal honetan gastu hauek hartuko dira aintzat: hizlarien, artisten edo artista taldeen esku-hartze eta emanaldietako gastuak (emanaldi horiek ordaintzea, garraioa eta ostatua, publizitatea, lokalen alokairua, etab.), bertako artista taldeen funtzionamendu gastuak, kultur eta josteta arloko lehiaketak eta bestelako kultur eta gizarte jarduerak antolatzea.

Atal honetatik kanpo daude entitatearen beraren artista taldeen emanaldietarako ordainketak, salbu eta bidaietarako, ostatuetarako edo abarretarako gastuak izan eta beste finantzabiderik ez badute.

b) Entitatearen ohiko jardueraren ondoriozko funtzionamendu gastuak, lokalen erabileraren eta alokairuen ondoriozkoak, eta finantza gastuak. Funtzionamendu gastuen atalean, laguntzaren %50 gehienez erabiltzen ahalko da ospakizun sozialetarako, otamenetarako, ordezkarien bidaietarako eta gisakoetarako.

c) Nafar biltokien egoitzak eraiki edo hobetzeko lanak, baita egoitza janzteko gastuak ere, eta kultur, kirol edo gizarte jardueretarako ekipamendua eta ekipamendu informatikoak erosteko gastuak ordaintzeko laguntzak.

d) Biltokiaren egoitzarako edo beste instalazio batzuetarako lokalak edo lurrak eskuratzeko laguntzak.

e) Nafar biltokiek bultzatutako kultur, hezkuntza edo laguntza proiektuak, beraiek eginak edo beste entitate publiko zein pribatu batzuekin elkarlanean.

f) Salbuespen gisa, lehiaketak, erakusketak eta kultur jarduerak antolatzeko edo ohiz kanpoko inbertsio, funtzionamendu edo finantza gastuak ordaintzen laguntzeko. Halaber, aurreko ekitaldian egindako jardueretakoak izanik, diruz lagundu ez ziren beste gastu batzuk ordaintzeko erabiltzen ahal da diru hori.

Edonola ere, diruz laguntzen ahalko dira inolako zalantzarik gabe jarduera lagungarriren ezaugarriak biltzen dituzten eta ezarritako epearen barnean egiten diren gastuak.

Laguntzen kopuruak aurrekontuan horretarako dagoen diruaren arabera ezarriko dira.

6. Eskaeren aurkezpena.

6.1. Eskaera non eta noiz aurkeztu.

Deialdian ezarritako laguntzak jaso nahi dituzten entitateek dagokion eskabidea eta eskaera aurkeztuko dituzte Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38. artikuluko 4. idatz-zatian ezarritako lekuetako batean.

Eskaera 20 eguneko epean aurkezten ahalko da, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera, eta Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuko Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiari zuzendu beharko zaio.

6.2. Aurkeztu beharreko agiriak.

Laguntza eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Elkartea legez eratu izanaren ziurtagiria eta dagokion erregistro ofizialean inskribatua egotearena (ez dago berriro aurkeztu beharrik lehen aurkeztu baditu eta harrezkero aldaketarik izan ez badute).

b) Indarra duten estatutuak (ez dago berriro aurkeztu beharrik lehen aurkeztu baditu eta harrezkero aldaketarik izan ez badute).

c) Lehendakariak edo idazkariak sinatutako ziurtagiria, kotizatzen duten bazkide aktiboen izen-deituren zerrenda eta ordaindutako kuotak jasotzen dituena.

d) Zuzendaritza batzordearen osaera eta eraketa eguna; batzorde hori estatutuen arabera hautaturik egonen da, eta hori ere lehendakariak edo idazkariak ziurtatuko du.

e) Nafarroako Zerga Ogasunaren indarreko ziurtagiria edo, bestela, onuradunak zerga betebeharrak non dituen, hango administrazio publikoaren organo eskudunarena, eskatzaileak bere zerga betebeharrak eguneratuak dituela adierazten duena.

f) Erantzukizuneko aitorpena, entitatearen ordezkariak sinatua, entitatea, administratzaileak eta ordezkariak diru-laguntzen onuradun izateko debekuetan ez daudela dioena. Debeku horiek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ageri dira.

g) 2009ko ekitaldiko gastuen eta diru-sarreren urteko aurrekontu arrunta.

h) Banku kontuaren zenbakia, titular bakarra entitatea duena, laguntzarik emanez gero horren bidez ordaintzeko, bai eta bankuaren helbidea eta kontuaren IBAN eta SWIFT direlakoak ere.

Foru agindu honen 5. oinarriko d), e), f) edo g) letretan adierazitako laguntzak eskatzen dituzten entitateek, halaber, diru-laguntza eskatzen deneko proiektua azaltzen duen memoria bana aurkeztu beharko dute, gutxienez honakoak bilduko dituena:

-Proiektuaren motibazioa.

-Proiektuaren ezaugarrien azalpen zehatza.

-Gastuen aurrekontua.

-Aurreikusi den finantzabidea. Beste diru-ekarpen batzuk, Nafarroako Gobernuaren laguntzaz gain.

-Proiektua gauzatzeko egutegia.

Nolanahi ere, aurkeztu beharreko agiriak jatorrizkoak izanen dira edo bestela notario batek edo administrazioak berak kautoturiko fotokopiak.

7. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Eskabideak ez baditu eskatzen diren baldintzak betetzen edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezten ez badira, organo instruktoreak entitate interesdunari gehienez ere hamar egun balioduneko epean akatsak zuzentzeko eskatuko dio, eta ohartaraziko dio, horrela egin ezean, eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko agindu eta horren berri emanen da.

8. Prozeduraren instrukzioa.

Eskaera Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiak eginen du, eta Nafar Biltokien, Erkidegoen Etxeen eta Elkarteen Atala izendatuko da organo instruktore.

9. Eskaeren balorazioa.

Erakundeekiko Harremanetarako zuzendari nagusiak, Protokolo Zerbitzuko zuzendariak eta Nafar Etxeen, Erkidegoen Etxeen eta Elkarteen Ataleko buruak osatutako batzordeak eskaerak baloratuko ditu eta laguntzak emateko proposamena eginen du.

Diru-laguntzak emateko, balorazio irizpide hauei jarraituko zaie:

a) Jatorriagatik, gaiagatik, interpreteengatik edo esanahiagatik berez Nafarroakoak diren kultur jardueren proiektuek lehentasuna izanen dute.

b) Gazteek sustatzen dituzten proiektuek edota gazteentzakoek lehentasuna izanen dute.

c) Halaber, lehentasuna izanen dute nafar biltokien arteko harremanak eta lankidetza bultzatzen dituzten kultur, kirol eta gizarte jardueren proiektuek.

d) 5.f) oinarrian ezarritako ekimenak lehentasunez baloratzen ahalko dira, horien apartekotasuna justifikatu eta balorazio batzordeak onespena eman eta gero.

10. Ebazpena.

Aurkezten diren eskaerak baloratu eta gero, batzordeak Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunari proposamena eginen dio, foru agindu bidezko behin betiko ebazpena eman dezan, eskaerak aurkezteko epea amaitu eta gehienez ere hilabeteko epean.

Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertuko da. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Diru-laguntzak aurrekontuan dagoen diruaren arabera emanen dira, eta ukatu eginen dira araudia betetzen ez dutenak.

Edonola ere, interesdunei eskaeren ebazpena jakinaraziko zaie, deialdiaren emaitza Nafarroako Gobernuaren web atarian argitaratuz.

11. Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdiko laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo haren erakunde autonomoetako edozein organok, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo partikularrek helburu beretarako emandako beste laguntza batzuekin.

Hala ere, emandako laguntza, bakarrik edo beste diru-laguntzekin baturik, ez du behin ere gaindituko onuradunak egin beharreko jardueraren kostua. Halakoetan, deialdiko laguntza murriztuko da.

12. Gastuen justifikazioa eta diru-laguntzaren ordainketa.

Diru-laguntza jasotzeko, entitate onuradun bakoitzak egindako gastua justifikatu beharko du, jatorrizko fakturak edo gastua frogatzen duten bestelako agiriak aurkeztuz; horiei gastuen ordainagiriak gehituko zaizkie. Halaber, egindako eta diruz lagundutako jardueren (kostua eta guzti) memoria edo txosten xehatua aurkeztuko dute, aurreikusitako helburuen betetzearen balorazioa barne.

Agiri horiek 2009an aurkeztuko dira, ahal dela bi epe hauetan: ekainaren 15a baino lehen eta abenduaren 15a baino lehen. Egun horretatik aurrera ez da faktura gehiagorik onartuko.

Edonola ere, benetan egindako gastutzat joko da deialdian ezartzen den justifikazio epea bukatu baino lehen ordaindu dena.

Laguntzak frogagiriak onartu ondoren ordainduko dira, horiek aurkeztu eta 30 eguneko epean.

Gastuen azken aurkezpenean laguntza hartzen duen entitateko idazkariaren ziurtagiria erantsi beharko da, lehendakariaren oniritziarekin, non entitateak ekitaldi horretan organo ofizial edo pribatuetatik harturiko bestelako laguntzak adieraziko baitira, horrelakorik bada.

Salbuespen gisa, diru-laguntza onartu ondoren, %100era bitarte ordain daiteke gastuak justifikatu baino lehenago, betiere arrazoibidezko eskaera aurkeztuz gero.

Entitateek eska dezakete laguntza jaso duten programetako gastuen artean Espainian sortzen direnak (hegazkin txartelak, ordainsariak, argitalpenak, garraio kostuak, etab.) Nafarroako Gobernuak zuzenean ordain ditzala, horien zenbatekoa eman den diru-laguntzatik kenduta. Horrelako kasuetan, laguntza emateari buruzko foru aginduan zehaztuko da laguntza horren zein zati izanen den Nafarroako Gobernuak zuzenean ordaintzeko Espainian izandako gastuak.

13. Erakunde onuradunen betebeharrak.

a) Diru-laguntza ematearen oinarrian dauden jarduerak oinarri arautzaileei jarraikiz egitea.

b) Diruz lagundutako jardueraren edo proiektuaren publizitate eta hedatze lan guztietan diru-laguntzaren jatorria adieraztea. Ildo horretan, nafar biltokiek sustatu dituzten eta foru agindu honen arabera eman diren laguntzak jaso dituzten programetan eta bestelako argitalpen eta iragarkietan Nafarroako Gobernuak babestuta daudela adierazi beharko da.

c) Organo emaileak egiten ahal dituen egiaztapenak onartzea.

d) Lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako edo lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea diru-laguntza eman duen organoari.

e) Entitatearen ezaugarriak direla-eta eskatzen ahal zaizkion kontabilitate arloko baldintzak betetzea.

f) Jasotako diruaren erabilpenari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

g) Diru-laguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako eginbeharrak.

14.a: Aplikatzekoak diren arauak.

Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan Diru-laguntzei buruzko ekainaren 9ko 11/2005 Foru Legean oro har xedatutakoa aplikatuko da.

15. Errekurtsoak.

Deialdiaren oinarrien kontra eta hori aplikatzeko egintzen kontra zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, aurkatu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik kontatuta.

Iragarkiaren kodea: F0901271