17. ALDIZKARIA - 2009ko otsailaren 9a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.1. Lurraldearen antolamendua eta hirigintza

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2008ko urtarrilaren 19an hartua. Horren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegiturei buruzko Lurralde Planaren aldaketaren espedientea jendaurrean jartzeko tramitea ebatzi da. Espediente hori Telefónica Móviles España, S.A.k aurkeztu du.

I.-Aurrekariak.

Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez-gidatuen bidezko telekomunikazioko oinarrizko estazioak antolatzeko maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legeak zehazten duenez, operadoreek Azpiegiturei buruzko Lurralde Plan bat aurkeztu behar dute, onesteko. Plan horrek lehendik dauden estazio finkoak, ezartzekoak direnak eta sare osoaren garapena bilduko ditu.

Nafarroako Gobernuaren 2008ko apirilaren 28ko erabakiaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegiturei buruzko Lurralde Planaren aldaketa, Telefónica Móviles España, S.A.k aurkeztua, jendaurrean jarri zen eta, aldi berean, eraginpean dauden udalei entzunaldia eman zitzaien. Erabaki hori 2008ko maiatzaren 21eko 63. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen.

II.-Aurkeztutako alegazioak.

Jendaurreko aldi horretan 4 alegazio idazki aurkeztu dira. Haien eduki laburtua eta erantzuna ondoren azaltzen dira.

-Alegazio idazkiak:

1. Ignacio Iriarte Marco jauna, Lergako Udalaren ordezkari gisa.

-Edukia:

Lehenengoz zera alegatu da: jendaurrean jarri den agiriak eta tramitatzen ari diren gainerako operadoreen gainerako espedienteek ez dute betetzen Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioaren E-GSM Plana. Azkenik, eta Lergako oinarrizko estazioa izeneko kokalekuari dagokionez, zera alegatu da: toki erakunde horri ez zaio entzunaldirik eman, eta Nafarroako gainerako udalerriek bezala estaldura izateko eskubidea duen aldetik, aldaketa horretan baimenduta dauden azpiegituren artean aipatu estazioa sartzeko betebeharra dagoela adierazi da.

-Erantzuna:

Alegatu den Lergako oinarrizko estazioa, LERGA EB izendapena duena, ez da aldaketa espediente honen xedea. Telefónica Móviles España, S.A.k Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegiturei buruzko Lurralde Planaren aldaketari buruzko beste espediente batean aurkeztu zuen 2008. urtean.

2. María Victoria Castillo Floristán andrea, Tuterako Udalaren ordezkari gisa.

-Edukia:

Lehenengoa.-Iberdrolak Tuteran duen azpiestazioan ezarri nahi den kokalekuari dagokionez -N-121-C errepidearen 1. puntu kilometrikoa- zera alegatu da: Tuterako HAPOaren Hirigintzako Araudi Partikularraren aurkakoa da, ez da adierazi instalazioaren kokaleku zehatza, eta ez da egia kokaleku horren inguruan arretazko erabilerako lekuak daudenik -E.T.I., Valle del Ebro Institutua, Atalaya Zentroa eta etorkizuneko Tuterako NUP-.

Bigarrena.-Zera azaldu dute: Udalerri honetako Udalaren osoko Bilkurak 2001eko apirilaren 27an hartu erabakiaren bitartez, irrati bidezko komunikazioetarako azpiegitura batzuk instalatzeko moratoria onetsi zen, kutsatuta dauden gune edo eremuak zehaztu eta mugatu arte nahiz sektorea arautu eta antolatu beharko duten ordenantzak onetsi arte.

Hirugarrena.-Udalaren iritziz, egokia da Europako Kontseiluaren 1999ko uztailaren 12ko 1999/19/EE Gomendioa, jendea eremu elektromagnetikoen eraginpean jartzeari buruzkoa. Horren arabera, erabat beharrezkoa da Erkidegoko herritarrak babestea eremu elektromagnetikoen eraginpean jartzeak osasunean eragin ditzakeen kalteen aurka, kalteak egon daitezkeela jakina baita.

Laugarrena.-Indarreko araudia aplikatuz, kokaleku horri dagokionez Azpiegituren Lurralde Planaren aldaketa zehatz hori ez onesteko eskatu nahi da.

-Erantzuna:

Lehenengoa.-Alegatu den kokalekuaren fitxak -kokaleku horrek espedientean Tutera/Azpiestazioa du izena- estazioa non dagoen zehazki agerrarazten du -planoetan eta UTM koordenatuetan X: 6147788 eta Y: 4656635-, baina kokaleku hori aldatu egin da sustatzaileak bidali duen beste fitxa batean. Kokaleku berria (UTM koordenatuak X: 614788 eta Y: 4656635) Nafarroako Unibertsitate Publikoaren etorkizuneko Campusetik 100 metro baino gutxiagora dago. Ondorio horietarako, sustatzaileak, era berean, zuzendu du dagokion fitxa, aurreikusten diren esposizio mailen berariazko kalkulua txertatuz.

Bigarrena.-Azpiegiturei buruzko lurralde planak onestea maiatzaren 10eko 10/2002 Foru Legean ezarri eskakizunak betetzen dituzten etorkizuneko kokalekuetarako aurreikuspena egitea da; dena dela, udalak bere eskumenak erabiliko ditu lizentzia egokiak berariazko udal araudiaren arabera emateko.

Hirugarrena.-Osasun Publikoaren Institutuak bere iritzia eman du jada herritarren osasunak jasanen dituen eraginei buruz, eta espedientearen aldeko txostena eman du.

3. Manuel Romero Pardo jauna, Aranguren ibarreko Udalaren ordezkari gisa.

-Edukia:

Espedientean "Gongora/Zabortegia" izena duen Oinarrizko Estazioari dagokionez, adierazi da Zabortegiaren ondoan dagoen "Santa Cruz Mendia" izeneko alderdian hobeto egonen litzatekeela, altuera aldetik leku horrek baldintza hobeak dituelako, ibarreko herri guztien estaldura hobea egiteko aukera ematen duelako eta ondoko herrietaraino distantzia luzean dagoelako. Ondorioz, Udalak egin proposamena onesteko eta Estazioaren kokalekua aldatzeko eskatu nahi da.

-Erantzuna:

Telefónica Móviles Españak dioenez, Gongora/Zabortegia izeneko mikrozelularen helburua ez da Aranguren ibarreko herriei estaldura ematea, baizik eta Iruñerriko Mankomunitateko bulego/instalazio guztiei estaldura ematea. Mikrozelula izeneko ekipoak txikiak dira telefonia mugikorreko oinarrizko estazio arruntekin alderatuta eta orokorrean enpresen kanpoaldean instalatzen dira haiei estaldura emateko. Hala ere, horrek ez du esan nahi Mankomunitatearen instalazioen ondoko alderen batean zerbitzua apur bat hobetuko denik, hain zuzen beren kokalekuagatik, eta beren azken helburua estaldura izateagatik.

"Santa Cruz Mendian" oinarrizko estazioa instalatzeko proposamenari dagokionez, operadoreak Udalaren eskaintza hartu du, baina adierazi duenez, badirudi kokalekuak ez duela beharrezkoa den azpiegitura, esate baterako inguruan elektrizitate harguneak egotea. Azken auzi hori gorabehera, adierazi duenez, dagokion azterketa teknikoa eginen dute.

4. José Larumbe Ander jauna, Artetako Kontzejuko alkate-kontzejuburu den aldetik.

-Edukia:

Nafarroako Azpiegiturei buruzko Lurralde Planak Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegiturei buruzko Planaren barruan beste instalazio bat aurreikusi du, Ollo/Belnature izenekoa. Aurreikusita dagoen telefonia mugikorreko mikrozelula horrek, espedientean adierazi denez, barneko GSM/GPRS estaldura zein 112 Larrialdi Zerbitzuarena emanen dio Belnature enpresari eta hurbileko inguruneari, Olloibar osoari estaldura eman behar dion behin betiko telefonia mugikorreko oinarrizko estazioa instalatzeko aukera dagoen arte.

Proiektua jendaurrean jarri denez, instalazio horren aurka erabat dagoela adierazi nahi du, eta planetik kentzeko eskatu, ondoko gogoeta hauek kontuan hartuta:

-Maiatzaren 11ko 164/1998 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Gobernuak herrilur zati bat desafektatzea onetsi zuen, gero horren erabilera hain zuzen Belnature konpainiari lagatzeko, lurzoru desafektatuan ura botilaratzeko planta bat instalatzeko. Lagapenaren epea 50 urtekoa da, eta luzatu ahal da.

-Aipatu foru dekretuaren 4. artikuluan ondoko zehaztapen hau agertzen da: "Aipatu desafektazioaren onespena Artetako Kontzejuak (Olloibar) gai honetaz onetsitako baldintza plegua hertsiki betetzearen baldintzapean dago, batez ere klausula berezi bat, zeinean adierazten baita herrilur hori herri ondarera itzuli behar dela desafektazioa eragin zuten helburuak desagertzen badira edo betetzen ez badira. Klausula hori kontratua gauzatzen duen agiri publikoan eta, gero, Jabetzaren Erregistroko inskripzioan ere agerraraziko da". Zehaztapen hori gerora Artetako Kontzejuak finkaren erabilera Belnature konpainiari lagatzeko eskritura publikoan txertatu zen.

-Hori kontuan hartuta erabat garbi geratu behar da Artetako Kontzejuaren eta Belnatureren artean sinatu hitzarmenaren helburu bakarra ura botilaratzeko planta bat instalatzea dela eta inola ere ez dela onartu behar kokalekua plantan aurreikusita duen telefonia instalazioa. Izan ere, horrek zalantzarik gabe balio guztia kenduko lieke lagapenaren xede eta helburuei, eta lagapena itzultzeko arrazoia izanen litzateke, Artetako Kontzejuak ez duelako asmorik planta horretan udalerriari hain modu zuzenean eraginen dion instalazio bat onartzeko, azken batean administrazio emakidaren epea amaitzearen mendean dauden herrilurretan instalatuko baita.

-"Belnature, S.L." enpresaren instalazioek ez dute irekiera lizentziarik, eta horrenbestez legez kanpo funtzionatzen ari dira, eta are gehiago, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariaren 2003ko txosten bat dute. Txosten horrek agerian jarri zituen instalazioek dituzten akatsak, hondakin urak arazteko eta ebakuatzeko sistemari dagokionez.

-Inor ere ez da harremanetan jarri Kontzejuarekin, eta alegatzen den erabakiaren zehaztapenak ez dira behar bezain adierazgarriak. Horrenbestez, Kontzeju honek kasualitatez izan du instalazioaren berri, eta hori erabat onartezina da.

-Beste alde batetik, enpresaren arduradun eta ordezkariak jakinarazi dienez, alegatzen den instalazioa ez du inola ere eskatu, ezta baimendu ere, eta Kontzejuari bamena eman zion alegazio idazki honetan hala adierazteko.

-Erantzuna:

Azpiegiturei buruzko lurralde planak onestea maiatzaren 10eko 10/2002 Foru Legean ezarri eskakizunak betetzen dituzten etorkizuneko kokalekuetarako aurreikuspena egitea da; dena dela, udalak bere eskumenak erabiliko ditu lizentzia egokiak berariazko udal araudiaren arabera emateko.

Alegatzen den instalazioaren berririk ez izateari dagokionez, zera adierazi behar da: indarreko legediak ezartzen duenaren arabera, Nafarroako Gobernuaren 2008ko apirilaren 28ko erabakiaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegiturei buruzko Lurralde Planaren aldaketa, Telefónica Móviles España, S.A.k aurkeztua, jendaurrean jarri da eta, aldi berean, udal ukituei entzunaldia eman zaie. Erabaki hori 2008ko 63. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, maiatzaren 21ean, eta Olloibarko Udalari jakinarazi zitzaion. Erabaki horretan adierazi zenez, espedientea ondorio horietarako interesdunen eskura egonen zen Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren bulegoetan (Armada Etorbidea, 2, 3. maila, Iruña).

III.-Erabakiaren zehaztapenak.

Nafarroako Gobernuaren 2008ko apirilaren 28ko erabakiak bere xedapen zatian ondoko zehaztapen hau ezarri zuen:

"2. Espedientea behin betiko onetsi baino lehen, erakunde sustatzaileak departamentuetako txostenetan zein Erabaki honen III. atalean ("Edukia") ohartarazi eta adierazitako gabezia eta akatsetatik datozen aldaketa guztiak biltzen dituen testu bategina aurkeztea, paperean eta euskarri digitalean.

Departamentuetako txostenetan azaldutakoari jarraikiz kokalekuei buruzko dokumentazioa osatzen edo zuzentzen ez bada, horiek planetik kanpo geldituko dira.

Espedientea behin betiko onetsi baino lehen, Telefónica Móviles España, S.A.k bere sarearen eskema orokorra aurkeztu beharko du, espediente honetako kokaleku guztiak ez ezik, jada onetsi den Planean agertzen direnak ere biltzen dituena. Halaber, kokaleku horien zerrenda aurkeztu beharko da euskarri informatikoan, guztien UTM koordenatuak adierazita."

Sustatzaileak eskatu zaion azken puntuari erantzuna eman dio, bere sarearen eskema orokorra eta kokaleku guztien zerrenda, UTM koordenatuekin, baina ez du bidali espediente honetako kokalekuen zerrenda, dagozkien UTM koordenatuekin. Zehaztapen hori berretsi egin da.

Jarraian, edukia aztertuko da eta bidezkoa izanez gero, Departamentuetako txostenei erantzuna emanen zaie:

III. 1. Ingurumen Kalitatearen Zerbitzua

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak, 2008ko abenduaren 16an, hau jakinarazi zuen: erabakian ezarri ingurumen arloko zehaztapenei erantzuteko aurkeztu den dokumentazioa egokitzat jo da, baina Telefónica Móviles España, S.A.ri zera ohartaraziko zaio: Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren arabera, Azpiegiturei buruzko Lurralde Planaren aldaketa onetsi ondoren eta obretako udal lizentzia eman baino lehen instalazio bakoitzaren ingurumen ukipenetarako baimen egokia tramitatu beharko da.

Lehenago adierazi dena gorabehera, P/Galerías fitxa osatuko da UTM koordenatuen zuzenketarekin, eta zehaztu ondoren, ekipo eta antenen kokalekuekin.

III. 2. Ingurumenaren eta Uraren Araubide Juridikoaren Atala.

Izabako kokalekuari (Zanpori izenekoa) dagokionez, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean ezarritako Ingurumen ukipenen baimeneko prozedura bete behar zela ezarri zen. Horretarako, ingurumen ukipenen azterlan egokia aurkeztu behar zen.

III. 3. Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzua.

Zerbitzu horrek egin aldeko txostenean ondoko zehaztapena ezarri zen:

-Egin beharreko lur mugimenduek oihanetarako lurzoruari eragiten badiote, Oihanak Kudeatzeko Atalari jakinarazi beharko zaio, obrak hasi baino lehen.

III. 4. Azpiegituren, Instalazioen eta Industria Segurtasunaren Zerbitzua.

Zerbitzu horrek zehaztapen batzuk ezarri zituen telekomunikazioko oinarrizko estazioen erabilera banatzeko prozedura arautzen duen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariaren azaroaren 27ko 1324/2000 Foru Aginduaren eraginpean zeuden kokaleku batzuetarako.

Auzitegi Goreneko Hirugarren Salak, 2007ko abenduaren 27ko epaiaren bidez, "Entidad Airtel Móvil, S.A."k (gaur egun "Vodafone España, S.A.") sustatu zuen 184/2001 zenbakidun administrazioarekiko auzi-errekurtsoa baiestea erabaki zuen, eta aipatu foru aginduaren baliogabetasuna deklaratu zuen. Hori kontuan hartuta adieraz daiteke aipatu zehaztapenak ondoriorik gabe geratu direla.

III. 5. Nafarroako Osasun Zerbitzua-Osasun Publikoaren Institutua.

2007ko uztailaren 30eko eta azaroaren 20ko aldeko txostenetan ez zen zehaztapenik ezarri.

2008ko martxoaren 17an, Zerbitzu honek txostena egin zuen operadoreak bidali azken kokalekuari (Ezkirotz/Poligonoa) buruz. Txosten horren ildoa aurrekoen berbera da.

III. 6. Ondare Historikoaren Zerbitzua.

2007ko otsailaren 21ean eta abenduaren 20an, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak aldeko txostenak egin zituen espedientea tramitatzeko. Txosten horietan sustatzaileari ondoko hau gogorarazi zitzaion:

-Aurreikusita dagoen lan bat egiten den bitartean, zorupean horren berririk izan ez eta aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, obrak bertan behera utzi eta aurkikuntza Ondare Arkeologikoaren Bulegoari berehala jakinarazteko legezko betebeharra daukala, Ondare Historikoaren alorrean indarrean dagoen legediarekin bat (Nafarroako Kultura Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikulua eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko 16/1985 Foru Legearen 42.3 eta 44. artikuluak). Halaber, adierazi den bezala jokatu ezean, Foru Lege horren 101.h artikulua aplikatuta, hori kontuan ez hartzeagatik Ondare Historikoari eragin diezaiokeen edozer arau-hauste larritzat joko da.

III. 7. Edukia.

Sustatzaileari ondoko hauek aurkezteko eskatu zitzaion: instalazio berriak jartzeko programa eta egutegia, erantzukizun zibileko asegurua eta sarearen eskema orokorra.

Telefónica Móviles España-k 2008ko uztailaren 18an Plana osatu egin zuen eskatu zitzaion guztiarekin.

IV.-Fitxaren zuzenketa.

Sustatzaileak 3100014 Montejurra izeneko kokalekuari buruzko fitxa aldatua bidali du. Kokaleku hori Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren ekainaren 26ko 216/2006 Foru Aginduaren bidez onetsi zen, Telefónica Móviles España, S.A.k aurkeztu zuen Azpiegiturei buruzko Lurralde Planean.

Aldaketa, oinarrizko estazioaren kokalekuari buruzkoa da. Jatorrizko fitxan adierazi zenez, oinarrizko estazioa Deikaztelu udalerriaren lurzoruan zegoen, baina orain entregatu den fitxan adierazi denez, oinarrizko estazioak Aberin udalerriaren lurzoruei ere eragiten die. Fitxa berri hori espediente honetan txertatu da.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen txostenarekin bat etorririk, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Gobernuak Osasuneko kontseilariaren, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariaren eta Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariaren proposamenei jarraituz,

ERABAKI DU:

1. Aurkeztu diren alegazioak erabaki honen azalpen zatian adierazitako moduan ebaztea.

2. Espediente hau telekomunikazioetan eskumena duen Departamentuak jarraian azalduko diren zehaztapenekin onetsiko duela zehaztea; hona hemen zehaztapenok:

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren arabera, obretako udal lizentziak eman baino lehen instalazio bakoitzaren ingurumen ukipenetarako baimen egokia tramitatu beharko da.

P/Galerías fitxa osatuko da UTM koordenatuen zuzenketarekin, eta zehaztu ondoren, ekipo eta antenen kokalekuekin.

Egin beharreko lur mugimenduek oihanetarako lurzoruari eragiten badiote, Oihanak Kudeatzeko Atalari jakinaraziko zaio, obrak hasi baino lehen.

Ondare Historikoaren alorrean indarrean dagoen legediarekin bat (Nafarroako Kultura Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikulua eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko 16/1985 Foru Legearen 42.3 eta 44. artikuluak), aurreikusita dagoen lan bat egiten den bitartean, zorupean horren berririk izan ez eta aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, obrak bertan behera utzi eta aurkikuntza Ondare Arkeologikoaren Bulegoari berehala jakinarazteko legezko betebeharra dago. Foru Lege horren 101.h artikulua aplikatuta, hori kontuan ez hartzeagatik Ondare Historikoari eragin diezaiokeen edozer arau-hauste larritzat joko da.

Telefónica Móviles España, S.A.ri eskatuko zaio hiru hilabeteko epean ondoko hauek bidal ditzala paperean eta formatu digitalean: lehengo zehaztapen horiek bilduko dituen testu bategina, eta aldaketari buruzko espediente honetako kokalekuen zerrenda, guztien UTM koordenatuak adierazita.

3. Erabaki hau Gares, Aranguren, Cabredo, Aberin, Basaburua, Baztan, Beriain, Berriobeiti, Deikaztelu, Lizarra, Galar, Izaba, Txulapain, Larraona, Lesaka, Marañón, Murillo el Cuende (Rada), Noain-Elortzibar, Ollo, Iruña, Gares, Cabredo, Tiebas-Muru Artederreta, Tutera, Bidankoze eta Zizur Nagusiko udalei, sustatzaileari eta alegaziogileei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta ohartaraztea erabaki honek administrazio bidea agortzen duela eta beraren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daitekeela Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Sailari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

Nolanahi ere, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egin ahalko diote Nafarroako Gobernuari, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

4. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiari, Enpresa Zuzendaritza Nagusiko Azpiegituren, Instalazioen eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuari, "Vianako Printzea" Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Ondare Historikoaren Zerbitzuari, Osasun Publikoaren Institutuari eta sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko urtarrilaren 19an.-Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eleduna, Nafarroako Gobernuko idazkariaren ordez, Alberto Catalán Higueras.

Iragarkiaren kodea: F0900896