17. ALDIZKARIA - 2009ko otsailaren 9a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

DEIALDIA, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak urtarrilaren 26ko 189/2009 Ebazpenaren bidez onetsia, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko Koordinazioko operadore laguntzaile izateko 29 lanpostu huts lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko. Horietarik 9 lan araubideko lanpostuak dira, lanaldi partzialeko kontratuarekin aritzeko.

Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren urtarrilaren 26ko 189/2009 Ebazpenaren bitartez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko Koordinazioko operadore laguntzaile izateko 29 lanpostu huts lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdia onetsi da. Horietarik 9 lan araubideko lanpostuak dira, lanaldi partzialeko kontratuarekin aritzeko. Honako hauek dira deialdiaren oinarriak:

1.-Xedea

1.1. Deialdia iragartzen da lekualdatze lehiaketa bereziaren bidez Koordinazioko operadore laguntzaileen 29 lanpostu huts betetzeko. Lanpostuak D maila edo taldekoak dira, Nafarroako Larrialdietarako Agentziari atxikita daude, euskara merezimendu gisa baloratuko da eta destinoa Iruñean izanen dute: 20 lanpostu funtzionario araubidekoak (plantillako 4145, 4149, 4152, 4157, 4273, 4276, 4582, 5792, 5794, 5795, 5796, 6495, 6496, 7984, 8167, 8168, 8169, 8170, 8171 eta 8172 zenbakiak; eta gainerako 9ak lan araubidekoak, lanaldi partzialeko kontratuarekin aritzeko (plantillako 8354, 8355, 8356, 8357, 8358, 8359, 8360, 8361 eta 8362 zenbakiak).

1.2. Koordinazioko operadore laguntzaileei dagozkien eginkizunak, 8.1.c) oinarrian aipatzen den proba praktikoaren xede direnak, maiatzaren 4ko 150/1998 Foru Dekretuaren 14. artikuluan zehaztuta daude, horren bidez Ekintza Koordinaziorako Zentroa arautu baitzen (1998ko 65. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, ekainaren 1ekoa).

2.-Aplikatzekoak diren arauak

Lekualdatze lehiaketa hau arau hauen mende egonen da: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena; Lanpostuak betetzeari buruzko Erregelamenduaren 10. artikulua eta gainerako arau aplikagarriak (Erregelamendu hori azaroaren 6ko 215/285 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen); Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak emandako abuztuaren 12ko 130/1998 Foru Agindua, merezimenduen baremoei buruzkoa, aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honetako oinarriak.

3.-Betebeharrak

3.1. Indarra duen araudian xedatutakoaren arabera, deialdi honetan parte hartu ahal izateko ondoko betebeharrak bete behar dira eskabideak aurkezteko epearen azken egunean eta izendapenaren egunetik esleitutako lanpostuaz jabetu arte:

a) Nafarroako Foru Komunitateko edo haren erakunde autonomoetako langile finkoa izatea eta jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egotea.

b) D maila edo taldekoa izatea.

Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren zortzigarren xedapen gehigarrian xedatutakoari jarraikiz, deialdiaren baldintzak betetzen dituzten Nafarroako Parlamentuko funtzionarioek ere parte hartzen ahalko dute lekualdatze lehiaketa honetan.

3.2. Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du ekarriko parte hartu aitzin lehiatzaileek zuten araubide juridikoa aldatzea. Gainera, lehiatzaileek eskubide pasiboen eta osasun laguntzaren araubide berean jarraituko dute.

Baldintza horretatik salbuetsita daude Estatuko Administraziotik Foru Komunitatera transferitutako funtzionarioak, MUFACEn afiliatuta eta, beraz, Estatuko Klase Pasiboen Araubidearen mende daudenak. Horiek, deialdiko lanpostua hartuz gero, araubide hori utziko dute eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira.

4.-Ordainsariak

Lekuz aldatzen den langileak indarra duten xedapenek ezarritako ordainsariak jasoko ditu.

5.-Eskabidea aurkezteko epea eta tokia

5.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Erregistro Orokorrean (Karlos III.aren etorbidea, 2, 31002 Iruña) edo erregistro orokorreko beste edozein bulegotan (zerrenda 2008ko 14. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, urtarrilaren 30ean) aurkeztu behar dira edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/2008 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hamabost egun naturaleko epean.

Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian eginen da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.

5.2. Eskabideak deialdi honen eranskinean dagoen ereduari lotu behar zaizkio eta, haietan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela. Eredu hori Nafarroako Gobernuaren edozein erregistro bulegotan dago eskuragarri. Internet bidez ere lortzen ahal da, www.navarra.es helbidean, bai argitaratzen deneko aldizkari ofizialetik abiatuta bai aipu honetatik abiatuta: "Zerbitzuen Katalogoa", "Enplegu publikoa".

5.3. Eskaerarekin batera ondoko agiriak aurkeztuko dira:

a) Deialdi honetan ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimendu guztien frogagiriak, jatorrizkoak edo behar bezala konpultsatutako fotokopiak, administrazio publikoetan egindako zerbitzuen frogagiriak barne.

6.-Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda

Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko, ohartaraziz, hurrengo bost egun naturaleko epean baztertuek erreklamazioak egin ditzaketela eta, akatsik baldin badago, haiek zuzendu.

Ezarritako epean eskaerarik aurkezten ez bada, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzeko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da.

Lehiatzaile bazterturik ez bada, behin betiko zerrenda zuzenean onetsiko da eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko.

Erreklamazioak egiteko epea bukatu eta haiek ebatzitakoan, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

7.-Epaimahaiaren osaera

Honako hauek osatuko dute epaimahaia:

-Mahaiburua: José Miguel Oláiz Zoroquiáin jauna, Nafarroako Larrialdietako Agentziako SOS Nafarroaren Arloko burua.

Ordezkoa: Javier Vergara Falces jauna, Nafarroako Larrialdietako Agentziako Larrialdien Zuzendaritza eta Koordinaziorako Arloko burua.

-Mahaikideak:

1. Langileen ordezkari bat, Langileen Batzordeak proposatua.

Ordezkoa: langileen ordezkari bat, Langileen Batzordeak proposatua.

2. Iñaki Goñi Urrizola jauna, Nafarroako Larrialdietako Agentziako Administrazio Publikoko Arlo Juridikoko teknikaria, idazkari lana ere eginen duena.

Ordezkoa: Begoña Martínez Barrado andrea, Nafarroako Larrialdietako Agentziako Gai Ekonomiko-administratiboen eta Langileriaren Kudeaketaren Arloko burua.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoko bost eguneko epean eratuko da epaimahaia.

Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren arauak aplikatzeko moduaz sortzen diren arazo guztiak.

Administrazio prozeduraren arauetan aipaturiko arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta horren berri eman deialdia egin duen organoari. Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

Lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruzko proba praktikorako aholkulari espezialistak biltzen ahalko ditu epaimahaiak. Aholkulari horiek beren espezialitatean baizik ez dira ariko eta horretan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

8.-Lehiaketaren osagaiak.

8.1. Alderdi hauek baloratuko dira, hurrenez hurren:

a) Merezimenduak:

-Administrazio Publikoetan emandako zerbitzuak: 35 puntu bitarte.

-Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk: 25 puntu bitarte.

-Hizkuntzak jakitea: 20'50 puntu bitarte.

Erantsitako baremoari jarraituz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak lehiatzaileek alegatu eta frogatutako merezimenduak.

Alegatutako merezimendu guztiak agirien bidez frogatu beharko dira, izangaiek lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkezten duten unean. Hala egin ezean, ez aurkeztutzat joko dira.

Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, ezta atal bakoitzean aipatutako gehieneko puntuazioa baino altuagorik eman ere.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiatzaileek alegatutako merezimenduen gainean.

b) Txosten psikoteknikoa: 15 puntu bitarte.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak, egoki diren probak egin ondoren, txosten psikotekniko bat emanen du lehiatzaile bakoitzari buruz. Horretan, izangaiak deialdiaren xede den lanpostuaren izaera eta ezaugarrietara nola egokitzen diren baloratuko da. Zerbitzu horrek txosten psikoteknikoan izangai bakoitzari ematen dion puntuazioa loteslea izanen da epaimahaiarentzat.

c) Lanpostuko edukiari eta eginkizunei buruzko proba praktikoa: 25 puntu bitarte.

Lehiaketako epaimahaiak egoki baderitzo, proba praktikoa tresna informatikoen bidez egitea eta izangai bakoitzak ahoz azaldu eta defendatzea erabaki dezake. Agerraldi horretan, orobat, aurkeztu diren merezimenduei buruzko galderak eta lehiaketaren xede den lanpostuaren ezaugarrietara noraino egokitzen den jakiteko galderak egiten ahal dira.

Proba hori baztergarria izanen da. Gutxienez ere 12,50 puntu behar dira gainditzeko.

Proba praktikoa ahoz azaldu eta defendatzeko ekitaldira agertzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da, besterik gabe.

Proba hau gainditzen duten izangaiek lorturiko puntuazioa lehiaketako gainerako ataletako puntuazioari batuko zaio, bakoitzak guztira lorturiko puntuazioa ateratzeko.

Lehiaketako osagaien balorazioa bukatu ondoren, epaimahaiak parte hartzaileek lorturiko puntuazioak paratuko ditu Nafarroako Gobernuko iragarki oholean, eta bost eguneko epea emanen du, interesdunek beren eskubidearen arabera komeni zaiena alega dezaten balorazio horri buruz.

Lehiatzaileek lehiaketan guztira lortzen dituzten puntuetan berdinketarik bada, Administrazio Publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Eta berdinketak badirau, lanpostuaren edukiei eta eginkizunei buruzko proba praktikoan puntuaziorik altuena lortzen duen izangaiaren alde joko da.

9.-Izangaien zerrenda, erdietsitako puntuazioaren araberakoa, eta prestakuntza ikastaroa

Aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoren, epaimahaiak behin betiko puntuazioak Nafarroako Gobernuko iragarki oholean paratuko ditu, dei egin duen organoari igorriko dio, dokumentazio guztiarekin batera, 8. oinarrian aipatutako proba praktikoa gainditu duten izangaien zerrenda, lehiaketako atal guztiak batu eta lorturiko azken puntuazioaren araberakoa, eta puntuaziorik altuenak lortzeagatik deitutako lanpostuetan sartzen ahal diren izangaiak izendatzeko proposamena eginen du.

Aurreko paragrafoan aipatutako proposamenean sartzen diren izangaiek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak emanen duen prestakuntza ikastaroa egin beharko dute.

Ikastaro hori egiten duten lehiatzaileei "gai" edo "ez gai" kalifikazioa emanen zaie bukaeran. "Ez gai" kalifikazioa hartzen dutenek Koordinazioko operadore laguntzaileen lanpostuetan aritzeko eskubide guztiak galduko dituzte.

10.-Lanpostu hutsak hautatzea

Lehiatzaileek lanpostu hutsak lorturiko puntuazioaren arabera aukeratzen ahalko dituzte; horretarako, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak ekitaldi baterako dei eginen du.

Behar bezala arrazoituriko ezinbesteko kasuetan salbu, lanpostua aukeratzen ez duten lehiatzaileek Koordinazioko operadore laguntzaileen lanpostuetan aritzeko eskubide guztiak galduko dituzte.

11.-Izendapena, lanpostuen esleipena eta jabetza hartzea

Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak lanpostua egokitu eta prestakuntza ikastaroa gainditzen duten lehiatzaileak Koordinazioko operadore laguntzaileen lanposturako izendatuko ditu, lanpostu hutsak esleituko dizkie eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

Lehiatzaileek lanpostuaren jabetza hartu beharko dute izendapenaren eta esleipenaren Ebazpena jakinarazi ondoko hamar egun naturaleko epean.

Behar bezala justifikaturiko ezinbesteko kasuetan izan ezik, epe horretan lanpostuaz jabetzen ez diren lehiatzaileek esleitu zaien lanpostua betetzeko eskubide guztiak galduko dituzte.

12.-Aurkeztutako agiriak

12.1. Izangaiek, baldin eta erreklamazio edo errekurtsorik jartzen ez bada, aurkeztu dituzten agiriak berreskuratu ahal izanen dituzte halaxe eskatu ondotik. Agiriak berreskuratzeko eskaera hiru hilabeteko epean aurkez daiteke, lanpostuak esleitzeko ebazpena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta beste hiru hilabeteren buruan.

12.2. Aurreko atalean ezarritako epea agiriak eraman gabe bukatzen bada, ulertuko da izangaiak uko egin diola agiriak eskuratzeari, eta horretarako eskubidea galduko du eta agiriak suntsituko dira.

12.3. Erreklamazio edo errekurtsoren bat aurkeztu baldin bada, aurkezturiko agiriak gorde eginen dira, ikuskatu eta aztertzeko. Agiriak eramaten ahalko dira erreklamazioaren edo errekurtsoaren tramitazioak horretarako aukera ematen duenean.

13.-Errekurtsoak

Epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdiaren eta oinarrien kontra eta oinarriak aplikatzeko egintzen kontra, epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik kontatuta.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat, eta urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2009ko urtarrilaren 26an.-Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia, Gregorio Eguílaz Gogorza.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Eskaera, ...................................... izateko ....... lanpostu lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdian parte hartzeko. Deialdia ........zk.ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, ....(e)ko .......................aren .....(e)an.

1.-Datu pertsonalak

Izen-abizenak:

Jaiotze eguna eta tokia: ....................... NANa:

Helbidea: ......................................... PK:

Etxeko telefonoa: .................. Lantokiko telefonoa:

2.-Datu administratiboak

a) Zein lanpostutarako izendatu zuten:

f Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionarioa.

f Estatutik Nafarroako Foru Komunitatera transferitutako funtzionarioa.

f Gizarte Segurantzatik Nafarroako Foru Komunitatera transferitutako estatutupeko langilea.

f Lan-kontratudun finkoa.

f Nafarroako Parlamentuko funtzionarioa.

b) Administrazio egoera

f Jardunean.

f Zerbitzu berezietan.

f Eszedentzia berezian.

f Borondatezko eszedentzian.

f Nahitaezko eszedentzian.

(X batez markatu behar den kontzeptua)

c) Egungo destinoa:

Lanpostua:

Jabetza hartzearen eguna:

Departamentua:

Zerbitzua:

Atala:

Bulegoa:

Erakunde autonomoa:

c) Zein maila edo taldetakoa den:

3.-Nik, sinatzaileak, adierazten dut eskabideak aurkezteko azken egunean eskaturiko baldintza guztiak betetzen ditudala.

4.-Eskabidearekin batera, deialdian parte hartzeko eskatzen diren agiriak eta alegatu ditudan merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu ditut, .......(e)tik ........... (e)ra numeratuak baremoko puntuazio eskemari jarraikiz.

5.-f Adierazten dut euskararen gaitasuna frogatzeko proba egin nahi dudala*.

6.-f Adierazten dut frantses eta ingeles maila frogatzeko proba egin nahi dudala*.

Horrenbestez,

Eskatzen dut deialdi honetan onar nazatela.

Iruñean,........(e)ko .........................aren ............(e)an.

(Sinadura)

(*) Bidezko denean bakarrik.

FUNTZIO PUBLIKOAREN ZUZENDARI NAGUSIA.

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak

1) Deialdi honetako maila/talde eta titulazioko lanpostuetan, edozein administrazio publikotan egindako zerbitzuak: 1,50 puntu urte bakoitzeko.

2) Edozein administrazio publikotan, aurrekoak ez bezalako lanpostuetan egindako zerbitzuak: 0,37 puntu urte bakoitzeko.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.

2. Honako a) atal honi dagokion puntuazioa gehienez ere 35 puntukoa izanen da.

3. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

4. Deialdia argitaratu ondoan egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

5. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon den edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu den aldietako zerbitzuak, egoera horietan sartzean zuen lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk

1) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolaturiko prestakuntza ekintzetan parte hartzea: 0,10 puntu, kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu), eta gehienez ere 10 puntu.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko prestakuntza ekintzetan, irakastorduen zatikiak proportzionalki kalkulatuko dira.

2. Ikastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki, sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Itunen barruan antolatuak sartuko dira.

5. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, hala unibertsitatekoak nola unibertsitatez kanpokoak, ez dira atal honetan baloratuko.

2) Biltzar edo jardunaldietan txostenak edo komunikazioak aurkeztea, beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea: 3 puntu, gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoa, kontuan hartuz lana edo jarduera bakar batek edo taldean egina den eta biltzarra edo argitalpena zein mailatakoa den, tokikoa, eskualdekoa, naziokoa edo nazioartekoa.

3) Sektore publikoan prestakuntza ekintzak antolatu eta/edo halakoetan irakasle jardutea: gehienez ere 2 puntu, epaimahaiak haien iraupenaren arabera baloratu beharrekoak.

4) Titulazio eta espezialitate akademikoak, deialdian eskatutako mailakoak ez direnak: gehienez ere 4 puntu.

5) Doktore edo lizentziadun maila, deialdian eskatutako titulazioari buruz: gehienez ere 2 puntu.

6) Beste merezimendu batzuk, epaimahaiak baloratu beharrekoak: besteak beste, sektore pribatuko lanak, prestakuntzarako beka edo egonaldiak, edo kontsulta, aholkularitza, partaidetza edo ordezkaritza organoetan parte hartzea: gehienez ere 4 puntu.

Oharrak b) atal osorako

1. Atal honetan aipatutako merezimenduak deialdiko lanpostuarekin zerikusia izanez gero soilik baloratuko dira.

2. Baremoaren b) atal honetako puntuazioa 25 puntukoa izanen da gehienez.

Puntuazio erantsia hizkuntzak jakiteagatik.

-Frantsesa, ingelesa edo alemana jakiteagatik, Europar Batasuneko lan hizkuntzak diren aldetik, hizkuntza horietako bakoitzeko 5 puntu gehienez.

-Euskaraz jakiteagatik: destinoa eremu euskaldunean duten lanpostuetarako 5,50 puntu gehienez, plantilla organikoan euskaraz jakitea nahitaezkotzat hartu ez bada, eta destinoa eremu mistoan dutenetarako 5,25 puntu gehienez, plantilla organikoaren arabera lanpostu horretan aritzeko euskaraz jakitea merezimendu gisa baloratzen baldin bada.

Ondorio horietarako, Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako gaitasun agiria edo ofizialki baliokidea den titulua edukiz gero, aurreko ataletan adierazten den gehieneko puntuazioa emanen da.

Titulurik eduki ezik, Hizkuntza Eskola Ofizialean gainditutako maila bakoitzagatik gehieneko puntuazioaren 1/5 emanen da eta, euskararen kasuan, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzeko 1/12 emanen da.

Lau hizkuntza horietako bakoitzean izangaiak zer dakien baloratzeko, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak espresuki antolatutako azterketak egiten ahal dira; bost zailtasun maila izanen dira, eta hizkuntza bakoitzari ematen ahal zaion gehieneko balorazioaren 1/5 emanen zaio maila bakoitzari.

Iragarkiaren kodea: F0901642