161. ALDIZKARIA - 2009ko abenduaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Castel Ruiz enpresa entitate publikoaren
prezio publikoak arautzen dituen ordenantza,
2010eko urtarrilaren 1ean indarra hartuko baitute.
Behin betiko onespena

Udalak, 2009ko urriaren 30ean egin osoko bilkuran, aipatu ordenantza onetsi zuen hasiera batean, eta argitaratu, berriz, 2009ko azaroaren 16ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen. Jendaurreko epea erreklamazio, kexa eta oharrik gabe iragan denez, aipatu ordenantza behin betiko onetsita gelditu da eta, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/2008 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, osorik argitaratzen da. Hona hemen:

ATARIKO TITULUA

1. artikulua. Xedea

Ordenantza honen xedea da Castel Ruiz Enpresa Entitate Publikoaren (hemendik aurrera Castel Ruiz EEP) baliabideen araubide juridikoa arautzea prezio publikoei dagokienez, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 1 eta 5. artikuluetan eta Castel Ruiz Enpresa Entitate Publikoaren estatutuetan xedatuarekin bat.

2. artikulua. Prezio publikoaren kontzeptua

Castel Ruiz EEPren prezio publikotzat hartuko dira ondoko diruzko kontraprestazio hauek, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 5. artikuluan xedatuaren arabera:

a. Jarduerak egitea.

b. Zerbitzuak ematea.

c. Ondasunak edo produktuak merkaturatzea.

Prestazio horiek zuzenbide publikoaren araubidean emanen dira, sektore pribatuak egindakoekin batera, administratuek borondatez eskatuta emanen baitira.

3. artikulua. Aurrekontuko atxikipena.

Ordenantza honetan arautzen diren baliabideak Castel Ruiz EEPren kutxa orokorrean sartuko dira, eta haien errendimendu osoa erakundearen diru-sarreren aurrekontuan aplikatuko da. Ezin izanen da kenketarik edo beheititzerik egin, salbu eta itzuli behar direnean.

I. TITULUA

Prezio Publikoen antolamendu orokorra

4. artikulua. Prezio publikoak.

Honako hauek dira Castel Ruiz EEPren prezio publikoak:

a. Ordenantza honetan arautzen direnak.

b. Castel Ruiz EEPri egotz dakizkiokeenak legezko edo erregelamenduzko edozein xedapenen bidez.

5. artikulua. Aplikatzekoak diren arauak.

1) Castel Ruiz EEPren prezio publikoak ordenantza honetan xedatuaren arabera eskatuko dira.

2) Ordenantza honetan espresuki aurreikusi ez den orotan Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Legean eta aplikatu beharreko gainerako araudian xedatutakoari jarraituko zaio.

3) Legezko edo erregelamenduzko xedapen bidez Castel Ruiz EEPri egozten zaizkion prezio publikoei dagokienez, arau horietan xedatuari jarraituko zaio.

6. artikulua. Prezio publikoak sortu, aldatu eta ezabatzea.

1. Tuterako Udaleko Osoko Bilkurari dagokio, Castel Ruiz EEPk eskatuta, beste prezio publiko batzuk sortzea, baita daudenak aldatzea eta ezabatzea ere.

2. Beste prezio publikoak sortzeko erabakian honako elementu hauek egon behar dute, gutxienez:

a) Zein zerbitzu edo jardueragatik eskatzen den.

b) Nor dagoen behartua ordaintzera.

c) Tarifak.

d) Sorrarazpenaren unea.

Prezio publikoak aldatzeko erabakiek ondoko hauek izan behar dituzte: ukitutako arauen idazketa berria eta haiek onesteko eta aplikatzen hasteko datak.

3. Ordenatza honetarako ezarritako tramitazio bera izanen dute prezio publikoak sortu, aldatu eta ezabatzeari buruzko erabakiek. Kasu guztietan, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko dira, eta ezarritako datatik aurrera hartuko dute indarra.

7. artikulua. Prezio publikoen tarifak.

1. Prezio publikoen tarifak ezartzea eta aldatzea Tuterako Udaleko Osoko Bilkurari dagokio, betiere onetsi beharreko tarifa oinarritu eta justifikatzen duen memoria ekonomikoa aldez aurretik aurkeztuta.

8. artikulua. Kudeaketa eta likidazioa.

1. Castel Ruiz EEPko gerentziak eginen ditu prezio publiko bakoitzaren kudeaketa eta likidazioa.

9. artikulua. Aldez aurreko ordainketa.

1. Oro har, zerbitzua eman edo jarduera egin aurretik ordainduko dira prezio publikoak. Izan ere, ordainketa hori ezinbesteko baldintza izanen da zerbitzua emateko edo jarduera egiteko. Hala ere, ondasunen edo produktuen salmentetan, ordainketa eginen da salmentarekin batera.

2. Adostasunik ez dagoenean prezio publikoen bidezkotasunari edo zenbatekoari buruz, ezinbestekoa izanen da hura zainpean jartzea edo fidantza ematea zerbitzua emateko edo jarduera egiteko.

10. artikulua. Gerorapena eta zatikako ordainketa.

1. Zorra kitatzeko gerorapena eta zatikako ordainketa baimentzen ahalko dira, betiere behartuek eskatu ondoren, haien ekonomia eta finantza egoerak zorrak kitatzea galarazten diela irizten bada.

2. Gerentziari dagokio zatikako ordainketen eskaerak ebaztea.

3. Hala balegokio, irizpide hauei jarraikiz baimenduko da zatikako ordainketa:

a) Bi alditan, gehienez ere, egin beharko dira ordainketak.

b) Geroratutako zenbatekoek legez ezarritako interesa sorraraziko dute.

4. Artikulu honetan espresuki xedatu ez den orotan, Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketari buruzko Erregelamenduan ezarritakoari jarraituko zaio (uztailaren 2ko 177/2001 Foru Dekretua).

11. artikulua. Aldizkako ordainketa eta gordailuak.

1. Prezio publiko bat aldizka sorrarazten denean etengabeko zerbitzuak emateagatik eta subjektu pasiboek eskatuta, hileroko likidazioak egiten ahalko dira, epe horretan sorrarazitako prezio publikoak bere barnean hartzen dituztenak.

2. Aurreko atalean araututako kasuetan, aldez aurreko gordailua eratzeko eskatzen ahalko da. Gordailu horren zenbatekoa kalkulatuko da subjektu pasiboak hiru hilabeteko zerbitzuengatik ordaindu beharko lituzkeen prezio publikoen zenbatekoaren balorapen ekonomikoaren arabera. Gordailu hori bankuko abalaren bidez egiten ahalko da.

3. Castel Ruiz EEPren gerentziari dagokio hileroko likidazio horiek baimentzea, baita gordailuak eratzeko eskatzea ere.

12. artikulua. Kobrantza.

1. Prezio publikoen kobrantza eginen da entitatearen kontu murriztuak erabiliz, horretarako propio ezarriak, edo erakunde horren kutxa orokorrean.

13. artikulua. Itzulketa.

1. Ordaintzera behartuta dagoenari leporatu ezin zaizkion arrazoiak direla-eta zerbitzua edo jarduera egiten ez bada, dagokion zenbatekoa itzuliko zaio, ordainduta dagoela egiaztatu ondoren.

2. Castel Ruiz EEPk saldu aurretik kalterik duen edo saltzerakoan akatsik duen produkturen bat salduz gero, erosleak itzultzen ahalko du eta antzeko beste bat, edo, guztira zenbateko bera egiten duten beste batzuk emanen zaizkio.

14. artikulua. Premiamendua.

Borondatezko ordainketa egiteko epea amaitutakoan, ondoriozko zorrak premiamenduzko prozedura bidez eskatuko dira eta legez eskatzen ahal diren errekarguak eta berandutza korrituak gehituko zaizkie.

II. TITULUA

Castel Ruiz enpresa entitate publikoaren prezio publikoak

I. KAPITULUA

Prezio publikoak kultur jarduerengatik

15. artikulua. Xedea.

Kultur jarduerak antolatzeagatik prezio publikoaren xedea ondoko kontzeptu hauek osatuko dute:

Entitateak publikoarentzat jarduerak antolatzea, hala nola agertokiko ikuskizunak, ikastaroak, tailer didaktikoak eta mintegiak.

16. artikulua. Ordaintzera behartuak daudenak.

Prezio publikoa ordaintzera behartuta daude entitateak antolatutako jardueretarako sarrerak eskuratzen dituzten edo aurreko artikuluan zehaztutako zerbitzuetan izena emateko eskatzen duten pertsona fisikoak edo juridikoak, publikoak edo pribatuak, haien kabuz edo legezko ordezkarien bidez.

17. artikulua. Zor galdagarria.

1. Ordenantza honen I. eranskinean ezarritako tarifen aplikazioak zehaztuko du zor galdagarriaren zenbatekoa.

18. artikulua. Sorrarazpena.

Prezio publikoak sorraraziko dira antolatzen diren egintzetarako eta jardueretarako sarrerak eskatzen direnean edo ordenantza honen 16. artikuluan zehazten diren zerbitzuetan matrikulazioa/inskripzioa eskatzen denean.

II. KAPITULUA

Prezio publikoak zerbitzuak emateagatik

19. artikulua. Xedea.

Zerbitzuak emateagatik prezio publikoaren xedea ondoko irizpide hauek osatuko dute:

a) Kudeaketa administratibotik sortzen diren zerbitzuak, hala nola, erreprografia, agirien edo espedienten fotokopiak, dokumentazio eta bibliografia bilaketak etab.

b) Erakusketa aretoak, gelak eta Castel Ruiz EEPenak diren beste leku batzuk erabiltzea (langileen eta garbiketaren gastuak eskatzaileen kontura izanen dira).

c) Aldi baterako uztea erakusketa-muntaketak, aulkiak eta beste material batzuk. Zerbitzu hau doakoa izanen den arren, kasu bakoitza eta eskatutako materialaren helburua eta kopurua kontuan hartuta, bidezkoa juzgatzen den fidantza ezarriko da.

20. artikulua. Ordaintzera behartuak daudenak.

Prezio publikoa ordaintzera behartuta daude aurreko artikuluan zehaztutako zerbitzuak eskatzen dituzten pertsona fisikoak edo juridikoak, publikoak edo pribatuak, haien kabuz edo legezko ordezkarien bidez.

19. artikuluaren b) letran dauden zerbitzuengatik, enpresa entitate publikoak salbuesten ahalko du zorraren kitapena, baldin eta, entitate eskudunaren iritziz, egin beharreko egintza edo jarduera interes orokorrekoa eta irabazi asmorik gabekoa bada. Hala ere, kasu guztietan, langileen zein garbiketaren gastuak eskatzailearen kontura izanen dira.

21. artikulua. Zor galdagarria.

1. Ordenantza honetan ezarritako tarifen aplikazioak zehaztuko du, kasuz kasu, zor galdagarriaren zenbatekoa.

Horri dagokionez, aurreko artikuluan xedatua hartuko da kontuan ordainketatik salbuetsita geratzeko.

22. artikulua. Sorrarazpena.

Prezio publikoak sorraraziko dira zerbitzuak ematen hasten direnean edo, ordenantza honen 20. artikuluan zehaztutako zerbitzuen kasuan, beharrezko baimen formala eskuratzen denean.

23. artikulua. Kudeaketa arauak.

1. Ordaintzera behartuak batera eskatzen dituen zerbitzu guztiengatik likidatuko dira prezio publikoak.

2. Ordenantza honen 19. artikuluaren b) eta c) letretan dauden zerbitzuen kasuetan, interesdunak eskaera formal bat eginen du idatziz, entitatearen bulegoetan tramitatuko dena. Entitatearen ebazpena ezagutzera eman ondoren, eskatzaileari jakinaraziko zaio.

Kasu bakoitzean beharrezkotzat jotzen den fidantza ezarriko da ezusteko gertaerei aurre egiteko, eta zentroaren bulegoetan utziko da Castel Ruiz EEPren espazioak edo elementuak erabili edo laga aurretik.

3. Aplikatu beharreko tarifak izanen dira sorrarazterakoan indarra dutenak.

I. ERANSKINA

Prezio publikoak

Antolatutako jarduerak:

-Teatro y Más:

  • Sarrerak:
  • Haurtxoak: 5 euro 3 urtetik goitikoentzat. 3 urtetik beheitikoak: dohainik.
  • Haurrak/helduak: 7 euro.
  • Abonamenduak:
  • Haurra: 10 euro.
  • Helduak: 10 euro.

-Irakurtzearen sustapena:

  • Errezitaldia, kontzertua edo antzekoa: 5 eta 10 euro bitarte, kostuaren arabera.
  • Idazketa tailerra edo antzekoa: 30 euro.

-Muestra Cine:

  • Sarrera: 4,5 euro.
  • Abonamendua: 12 euro.

-Opera Prima:

  • Sarrera: 4,5 euro.
  • Abonamendua: 25 euro.

-Besta aurreko kontzertua:

  • Sarrera: 15 euro.

-Gitarra ikastaroa

  • Kontzertuetako sarrera: 3 eta 5 euro bitarte.
  • Ikastaroa:
  • Ikasleak: 180 euro.
  • Entzuleak: 90 euro.

-Kantautoreak:

  • Abonamendua: 35 euro
  • Sarrera: 5 eta 15 euro bitarte, ordainsariaren arabera.

-Moncayo zinemako sarrerak:

  • Zinema independientearen zikloa: 4,50 euro/sarrera.
  • Bestelako zikloak: 3,50 euro/sarrera.

-Gaztambide antzokian garatzeko jarduerak: kontzertuak, balleta, etab.:

  • 5 eta 60 euro bitarteko prezioak, emanaldiaren gastuen eta ordainsariaren arabera.

-Bestelako jarduerak

Beste jarduera batzuk eginez gero, ezarri beharreko prezio publikoa antzeko jarduerena izanen da, eta jardueraren kostuaren araberako proportzioan.

II. ERANSKINA

Prezio publikoak zerbitzuengatik

Zerbitzuak:

-Materialak lagatzea:

  • Aulkiak eta astoak
  • Oholak
  • Erakusketa panelak

Doakoa. Lagatzearen xedea aztertuko da eta bidezkoa juzgatzen den fidantza ezarriko da.

-Dokumentazio bilaketaren eta informazio bilketaren zerbitzua: 19 euro/ordua.

-Fotokopiagailua:

  • DIN-A4 tamainako fotokopiak: zuri-beltzean: 0,10 euro. Koloretan: 0,20 euro.
  • DIN-A3 tamainako fotokopiak: zuri-beltzean: 0,12 euro. Koloretan: 0,22 euro.

-Moncayo zinema erabiltzea. (tokiaren lagapena besterik ez): 160 euro/eguna.

-Gaztambide antzokia erabiltzea. (tokiaren lagapena besterik ez): 1.750 euro/eguna.

-Erakusketa aretoa, ekitaldi aretoak, etab. erabiltzea.

Doakoa. Haren kultur garrantziaren, zabalkunde publikoaren eta entitatearen xedeekiko loturaren arabera lagako da, baita kultura edo merkataritza xedeen nagusitasunaren arabera ere. Bidezkotzat jotzen bada, fidantza bat uzteko beharra ezartzen ahalko da.

Erabaki/ebazpen/dekretu honen kontra, errekurtso hauetariko bat aurkez daiteke, hautara:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki/ebazpen/dekretu hau jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki/ebazpen/dekretu hau jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

Tuteran, 2009ko abenduaren 24an.-Ogasun Alorreko zinegotzi delegatua, José María Navarro Fandos.

Iragarkiaren kodea: L0928170