161. ALDIZKARIA - 2009ko abenduaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ROCAFORTE

Ordenantza fiskala, Herriko jabari publikoan interes orokorreko hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresen aprobetxamendu bereziaren tasa arautzen duena. Behin betiko onespena

Rocaforeko Udalak, 2009ko urriaren 27an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Herriko jabari publikoan interes orokorreko hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresen aprobetxamendu bereziaren tasa arautzen duen ordenantza. 2009ko 137. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 6an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraituz, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Rocaforten, 2009ko abenduaren 7an.-Alkate kontzejuburua, Javier Itoiz Martinez.

Ordenantza fiskala, Herriko jabari publikoan interes orokorreko hornidura zerbitzuak ustiatzen
dituzten enpresen aprobetxamendu bereziaren
tasa arautzen duena

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 100. artikuluaren eta hurrengoen babespean, ordenantza honen helburua da Kontzejuko eremu publikoko zoru, zorupe eta hegalkinean hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresen aprobetxamendu bereziaren edo erabilera pribatiboaren tasa arautzea, zerbitzu horiek interes orokorrekoak direnean edo herritar guztiei edo frankori eragiten dietenean.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Tasa honen zergapeko egintza dira Kontzejuaren eremu publikoko zoru, zorupe eta hegalkinean hornidura zerbitzuen enpresa edo enteek egiten dituzten erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziak, zerbitzu horiek interes orokorrekoak direnean edo herritar guztiei edo frankori eragiten dietenean.

Bereziki, zerbitzu horien barruan ur, gas, argindar, telefonia finko eta mugikor eta beste komunikabide moten hornidurak egonen dira, Kontzejuaren jabari publikoa okupatzen duten sare edo antena finkoen bitartez, osorik nahiz partez, ematen badira.

Subjektu pasiboak

3. artikulua. 1.-Tasa horren subjektu pasiboak dira aurreko ataleko hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten zerbitzu enpresak, bai hornidurak egiteko erabiltzen diren sareen titularrak badira, bai, sare horien titularrak izan gabe, sareak erabiltzeko, haietara iristeko edo elkar lotzeko eskubideen titularrak badira.

Horri dagokionez, zerbitzu horiek ustiatzen dituzten enpresak dira banatzen eta merkaturatzen dituzten enpresak.

2.-Zergei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 34. eta ondoko artikuluetan xedatuari jarraituko zaio zerga arloko erantzukizunaz den bezainbatean.

Zerga-oinarria

4. artikulua. Ordenantza honetan arautzen diren tasak finkatzeko oinarriak dira kasuan kasuan paratzen diren elementuen motak eta ezaugarriak, haiek paratzen diren eremu publikoaren kategoria, hala behar badu, aprobetxamenduak zenbat irauten duen eta lizentziaren ondorioz okupatzeko baimentzen den azalera edo benetan okupatzen dena. Aprobetxamendu horren ondoriozko onurak merkatuan izanen lukeen balioa ere erreferentziatako hartuko da erreferentziatako.

Tributu-kuota

5. artikulua. Tasa horren zenbatekoa, hurrengo atalean jorratuko den telefonia mugikorreko kasuan izan ezik, Kontzejuaren mugapearen barnean enpresek urtero lortzen duten fakturazioaren diru-sarrera gordinen %1,5ekoa izanen da, tasa horri lotuta badaude.

Ondorio horietarako, diru-sarrera gordinen artean ez dira sartuko egindako zerbitzuak kargatzen dituzten zeharkako zergak, ezta hirugarrenen kontura kobratutako kontu-sail edo zenbatekoak, tasaren zenbatekoa zehazteko araubide hau aplikatzen zaion entitatearen diru-sarrera berariazkoak ez badira. Orobat, Ekonomia Ministerioaren Energia elektrikoa sortzeko instalazioen administrazio erregistroaren 1. edo 2. ataletan energia sortzeko beharrezko lehengaitzat hartutako instalazioetan (araubide berezi honetan tributatzekoak) erabiltzen diren hornidura zerbitzuen zenbatekoak ez dira fakturazioaren diru-sarreren barnean hartuko.

Hornidurak egiteko kanpoko sareak erabiltzen dituzten enpresek bertze enpresa batzuei haien sareak eskuratzeagatik edo haiekin lotzeagatik ordaindu dizkieten zenbatekoak kenduko dituzte beren fakturazioko diru-sarrera gordinetatik. Sare horien titulartasuna duten enpresek kontzeptu horregatik eskuratzen dituzten zenbatekoak sartu beharko dituzte beren fakturazioko diru-sarrera gordinetan.

Erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakartenean toki erakundearen jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, onuraduna, behar den tasaren ordainketa ukatu gabe, aipatu horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostu osoa ordaintzera beharturik dago, baita aurretik zenbateko hori gordailutako uztera ere.

Kalteak konponezinak badira, suntsitutako ondasunek zenbat balio duten edo kaltetutakoen baliogalera norainokoa den, horrenbertze emanen du ordainetan onuradunak.

6. artikulua. Telefonia mugikorreko enpresek tasa zehazteko araubide orokorra hartu beharko dute bere gain jabari publikoaren erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziarengatik. Horretarako, erabileratik edo aprobetxamendutik eratorritako onurak merkatuan izanen lukeen balioa hartuko da oinarri, ukitutako ondasunak jabari publikokoak ez balira.

Tasa zehazterakoan, gainera, ondoko irizpide hauek hartuko dira kontuan: aprobetxamenduaren iraupena eta operadore bakoitzari egotz dakiokeen berariazko koefizientea merkatu-kuotaren arabera. Hala, tasa lortuko da merkatuaren balorea iraupenarekin eta operadore bakoitzaren berariazko koefizientearekin biderkatuz.

Kudeaketa

7. artikulua. Udal jabari publikoko ondasunetan edozein aprobetxamendu berezi paratzeko, baita erabilpen pribatibo edo aldaketa, berritze, handitze edo murrizte baten ondoriozko zera edo elementuetarako, nahitaezkoa izanen da Kontzejuko administrazioari behar den lizentzia eskatzea, hura gabe ez baita deus paratzerik ez aldatzerik ez berritzerik ez handitzerik ez murrizterik. Lizentzia hori ez da inola ere emanen lehenago ordaindu ez badira ordenantza honetan arautzen diren tasak eta aplikatu beharreko zerga eta tasak.

8. artikulua. Tasa honi loturiko zera edo elementuak kendu ondotik, interesdunek baja aitorpena aurkeztu beharko dute Kontzejuan. Adostasuna emanez gero, zer hilabetetan aurkeztu den, hurrengoan izanen du indarra aitorpen horrek. Hala egiten ez badute, dagokien tasa aplikatzen segituko zaie, haiek erreklamatzeko edo itzultzeko eskatzeko aukerarik gabe.

9. artikulua. Erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziak jadanik baimenduak eta luzatuak direnean, eta haietan aldatzen denean pertsona onuradunaren titulartasuna, bai lehengo titularrak bai berriak aditzera eman beharko diote Kontzejuari aprobetxamenduan baja eta alta egin dutela, datu pertsonalak eta onuradun berriaren helbidea barne, baita ordenantza honetan arautzen diren tasak behar bezala kobratzeko behar diren datu guztiak ere.

10. artikulua. Tasa ordaintzera beharturik dauden zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresek hiruhilero aurkeztu beharko dute Kontzejuaren mugapean erdietsi diru-sarrera gordinen aitorpena, aurreko hiruhilekoari dagokiona hain zuzen ere.

Aipatu aitorpen horretan tasaren zenbatekoa kalkulatu beharko da, arau honetan ezarritakoaren arabera.

Aitorpena aurkeztearekin batera, dagokien tasaren zenbatekoa ordaindu beharko dute enpresek.

11. artikulua. Ordenantza honetan arautzen den tasa independientea izanik, bateragarria da zerbitzuak edo toki erakundearen eskumeneko jarduerak egiteagatik ezar daitezkeen bertze tasa batzuekin, salbu eta erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziarekin ikusteko duten tasekin, horiexek baitira ordenantzaren berezko xedeak.

12. artikulua. Tasa hau kudeatzeko, toki entitate honek bertze entitate batzuekin bat egiten ahalko du hitzarmenen bidez, kudeaketa eta likidazioa errazagoak eta arinagoak izan daitezen.

Sorrarazpena

13. artikulua. Tasa urte guztietako urtarrilaren 1ean sorraraziko da, eta zergaldia urte naturalekoa izanen da erabilera pribatiboa hasteko edo uzteko kasuetan izan ezik, urte naturalaren zenbatekoa proportzionalki banatuko baita.

14. artikulua. Tributu gaietako arau-hauste eta zehapenen kalifikazioari dagokionez, ordenantza honetan aurreikusiari ez ezik, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 93. eta hurrengo artikuluetan eta aplikatzen ahal diren gainerako arauetan xedatuari jarraikiko zaio.

Azken xedapena

Bakarra.-Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 262.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean.

Iragarkiaren kodea: L0928425