161. ALDIZKARIA - 2009ko abenduaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ERRIBERRI

Ordenantza, Herriko jabari publikoan telefonia mugikorreko zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresen erabilera pribatibo edo bereziaren tasa arautzen duena. Behin betiko onespena

Erriberriko Udalak, 2009ko azaroaren 3an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Herriko jabari publikoko zoru, zorupe eta hegalkinean, telefonia mugikorreko hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresen aprobetxamendu berezien tasak arautzen dituen ordenantza fiskala.

Hasierako onespena 2009ko 142. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 18an, eta jendaurreko epea iragan denez, aurkeztutako alegazioak ebatzi ondoren, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, delako ordenantza fiskala behin betiko onetsitzat jo da eta, hortaz, haren testu osoa ematen da argitara, indarra har dezan.

Erriberrin, 2009ko abenduaren 29an.-Alkatea, Carmen Ochoa Canela.

Ordenantza fiskala, Herriko jabari publikoan
telefonia mugikorreko zerbitzuak ustiatzen
dituzten enpresen erabilera pribatibo
edo aprobetxamendu bereziaren tasak
arautzen dituena

1. artikulua. Ordenantza honen xedea.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100.4. artikuluari jarraikiz ezarri da ordenantza honen tasa, martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legeak emandako idazketaren arabera.

2. artikulua. Zergapeko egintza.

1. Tasaren zergapeko egintza dira herriko jabari publikoan, udal eremu publikoko zoru, zorupe eta hegalkinean, telefonia mugikorreko hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresen erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziaren tasa, interes orokorrekoak izan edo herritar guztiei edo frankori erabiten dietenean.

2. Jabari publikoaren aprobetxamendu berezia gertatuko da baldin eta, hornidura zerbitzuak egitearen ondorioz, Udalaren eremu publikoko zorua, zorupea eta hegalkina okupatzen duten antena, instalazio edo sareak erabili behar badira, azpiegitura horien titularra nor den kontuan hartu gabe.

3. artikulua. Subjektu pasiboak.

Subjektu pasiboak dira telefonia mugikorreko zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresa edo entitateak, bai Udalaren eremu publikoko zorua, zorupea eta hegalkina okupatzen duten instalazio edo sareen titularrak, bai zerbitzu horiek banatu edo merkaturatzen dituzten enpresak, nornahi dela ere haien titularra.

4. artikulua. Zerga-oinarria eta tributu-kuota.

Udalaren jabari publikoaren erabilera pribatibo edo aprobetxamendu berezia egiteagatik telefonia mugikorreko zerbitzuek ordaindu beharreko tasaren zenbatekoa zehaztu eta kalkulatzeko, telefonia finkoaren udalerri honetako sarea erabili behar dutenean, formula hauek erabiliko dira:

a) Zerga-oinarria: honela kalkulatzen da zerga-oinarria, telefonia mugikorreko zerbitzuak jabari publikoan egiten duen aprobetxamendu bereziaren zenbatespenetik:

ZO = Ktb * Tk + (BK * Ksb)

Izanik:

Ktb = batez besteko kontsumo telefonikoa, hiriko unitate bakoitzeko, telefonia mugikorraren partaidetzari egotzitako koefizientearen bidez zuzenduta.

Tk= udalerrian instalaturik dauden telefono finkoen kopurua.

BK = Udalerrian erroldaturiko biztanleen kopuruaren %95.

Ksb = batez besteko kontsumo telefonikoa eta zerbitzuena, sakelakotik sakelakorako deietan.

b) Oinarrizko kuota: Oinarrizko kuota osoa zehazteko, %1,4 aplikatuko zaio zerga-oinarriari.

OK = ZOren %1,4

c) Tributu kuota / operatzailea = KO * OK

Izanik:

KO = Operadore bakoitzari egozten ahal zaion koefizientea, merkatuan duen partaidetza kuotaren arabera, barne direla aurretiaz nahiz ondoren ordaintzeko erak.

d) Operadoreen araberako egozpena:

Merkatuan operadore bakoitzak duen partaidetzaren ehunekoaren araberakoa izanen da, barne izanik aurretiaz nahiz ondoren ordaintzeko erak.

KO koefizientea zehazterakoan, subjektu pasiboek frogatzen ahal diote Udalari ekitaldi bakoitzeko partaidetzako koefiziente egiazkoa desberdina izanen dela, Administrazioak hartu duenarekin alderatuta.bestelakoa izan dela Hala izanez gero, hiruhilekoetako autolikidazioak egokituko dira, tributudunak egiaztaturiko koefizientea aplikaturik.

5. artikulua. Aitorpena eta diru-sarrera.

Telefonia mugikorreko zerbitzuetan aritzen diren enpresa operatzaileek apirilean, uztailean, urrian eta abenduan aurkeztu beharko dute autolikidazioa eta ordenantza honen 4. artikuluan ezarritakoa aplikatu ondoko urteko kuotaren laurdenarena.

6. artikulua. Kudeaketa.

Kudeaketari, likidazioari, dirubilketari, ikuskailetzari, arau-hausteei eta zehapenei dagokienez, ordenantza honetan ikusi gabe orotan, honako hauek jarraikiko zaie: Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea, Nafarroako Tributuei buruzko Foru Lege Orokorra, Nafarroako Foru Komunitateko Dirubilketako Erregelamendua, Kudeaketaren, dirubilketaren eta ikuskatzailetzaren ordenantza eta aplikatzekoa den gainerako arauak.

7. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

1. Tasaren autolikidazio zuzenetik heldu den tributu zorra ordenantza honetan ezarritako epeen barnean ez ordaintzea tributu arloko arau-haustea izanen da, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 94.2 artikuluan tipifikatua.

2. Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrean, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legean eta Kudeaketaren, dirubilketaren eta ikuskatzailetzaren ordenantza orokorrean aurreikusiari jarraikiz tipifikatu eta zehatuko dira tasa hau kudeatu, ikuskatu eta biltzeko prozeduretan egiten ahal diren tributu arloko gainerako arau-hausteak.

Xedapen gehigarriak

Lehena.-Kuotak zehazteko, beharrezko parametroei dagozkien balioak. Ordenantza honetako 4. artikuluak aipatzen dituen parametroak (Ktb, Tk, BK eta Ksb) kalkulatzeko behar diren datuak Telekomunikazioen Merkatuko Batzordeak onetsitako azken txostenetik aterako dira.

Hortaz, 2010. urterako, eta akatsa edo ez-agertzea ez bada, aipatu parametroak kalkulatzeko behar diren datuak Telekomunikazioen Merkatuko Batzordeak 2008. ekitaldiari dagokion txostenetik aterako dira. Hona hemen:

Ktb = batez besteko kontsumo telefonikoa, hiriko unitate bakoitzeko, telefonia mugikorraren partaidetzari egotzitako koefizientearen bidez zuzenduta. 58,96 eurokoa da urtean 2010eko ekitaldirako.

Tk = Udalerrian lehendin instalaturik dauden telefeno finkoen kopurua; 2010ean 1.649 dira.

BK = Udalerrian erroldaturiko biztanleen kopuruaren %95; 2009an 3.475 dira.

Ksb = batez besteko kontsumo telefonikoa eta zerbitzuena, sakelakotik sakelakorako deietan. 279,37 eurokoa da urtean 2010eko ekitaldirako.

Orobat, lehenago aipatu txostenean, 2010. urterako operadore bakoitzari egozten ahal zaion koefizientearen balioari, alegia, merkatuan duen partaidetza kuotaren arabera, barne izanik aurretik nahiz ondoren ordaintzea (KO), honako hau izanen da haietako bakoitzarentzat:

OPERADOREA

KO

Telefónica Móviles

%45

Vodafone

%30,5

Orange

%22,5

Yoigo

%0,9

Euskaltel

%0,5

Gainerako OMV

%0,6

Bigarrena.-Parametroen eguneratzea. Hurrengo ekitaldietarako ordenantza fiskalak eguneratzen ahalko dituzte Ktb, Tk, BK eta Ksb parametroen balioak, betiere lehen xedapen gehigarrian aipatzen den txostenak erakusten duenari jarraikiz, horrela erabakitzen bada.

Bitartean, eta aipatu parametroak eguneratzeari ekiten ez bazaio, azkenekoz eguneratu direnak mantenduko dira indarrean.

Hirugarrena.-Ordenantzako aginduak eta indarra duen araudiaren aipamenak aldatzea, arau berriak aldarrikatzen direnean.

Ordenantza fiskal honetako agindu batzuek, arrazoi sistematikoak direla medio, indarra duen legeriaren alderdiak edo horiek garatzeko arauak errepikatzen dituzte, eta gero etorriko diren beste agindu batzuek ordenantza honen aginduen aipua eginen dute eta haietara joko. Beraz, lege edo erregelamendu horiek aldatzen diren puntuan, besterik gabe aldatutzat eta/edo ordezkatutzat joko dira horiek guztiak.

Azken xedapenak

Lehenbizikoa.-Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan Kudeaketaren, dirubilketaren eta ikuskatzailetzaren ordenantza orokorra aplikatuko da.

Bigarrena.-Ordenantza honek 2010eko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L0928111