161. ALDIZKARIA - 2009ko abenduaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BIURRUN

Kontzejuko jabari publikoko zoru, zorupe eta hegalkinean zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresen aprobetxamendu berezien tasak arautzen dituen ordenantza fiskala. Behin betiko onespena

Biurrungo Kontzejuak, 2009ko abenduaren 29an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea zoru, zorupe eta hegalkinean eginiko aprobetxamenduak arautzen dituen udal ordenantza. Iragarkia 2009ko 92. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, uztailaren 27an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurreko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Biurrunen, 2009ko abenduaren 1ean.-Kontzejuko burua, José Antonio San Martín San Martín.

ORDENANTZA FISKALA, KONTZEJUKO JABARI PUBLIKOKO
ZORU, ZORUPE ETA HEGALKINEAN ZERBITZUAK USTIATZEN DITUZTEN ENPRESEN APROBETXAMENDU BEREZIEN
TASAK ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua. Esparru juridikoa.

Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehen tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera, lege beraren 12. artikuluan ezarritakoari dagokionez.

2. artikulua. Zergapeko egintza.

Zergapeko egintza dira toki entitateko jabari publikoko zoru, zorupe edo hegalkinaren erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziak, hala nola hariak, hodiak eta galeriak, argi indarra, ura, gasa edo bertze edozein fluido eramateko; lineetarako zutoinak; kableak, horma-besoak, lotura, banaketa edo erregistrorako kaxak, transformadoreak, burdin-barrak, baskulak, salmenta automatikorako makinak eta gisakoak, zerbitzua egitearekin ikustekoren bat badute eta interes orokorreko horniduren zerbitzu publikoen enpresa ustiatzaileek egiten badituzte, herritar guztiei edo ugariri eragiten dieten ala ez kontuan hartu gabe.

Jabari publikoko aprobetxamendu berezia gertatuko da baldin eta, hornidura zerbitzuak egitearen ondorioz, zorua, zorupea edo hegalkina okupatzen duen sarea edo azpiegitura erabili behar bada, okupazio hori modu esklusiboan egin ala ez, eta azpiegitura horien titularra nor den kontuan hartu gabe.

3. artikulua. Tasaren sortzapena.

Tasa urtarrilaren 1ean sortuko da urtero, eta zergaldia urte naturala izanen da, salbu eta aprobetxamendua urte hartan hasi edo bukatu egin den kasuetan, orduan zergaldia horren arabera moldatuko baita eta kuota hainbanatuko.

Erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia hasi dela ulertuko da horretarako baimena ematean, lizentzia edo baimena behar denetan; bertzenaz, eskatzen duten herritarrei zerbitzua egiazki egiten zaienean.

4. artikulua. Subjektu pasiboak.

Enpresa ustiatzaileek, zergadun gisa, tasa ordaindu behar dute, baldin eta Kontzejuko jabari publikoko zoru, hegalkin eta zorupearen erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia egiten badute, uraz, gasaz, argi indarraz, telekomunikazioaz (telefonia finko eta sakelakoa, nahiz beste edozein) hornitzeko zerbitzuak edo gisako bertze edozein zerbitzu ustiatu beharrez.

Orobat ordaindu behar dute komunikazio sareak ustiatzen dituzten enpresek, entitateek edo administrazioek, baldin eta horretarako erabiltzen badituzte zuntz optikoko sistemak, kable bidezko telebista edo toki erakundearen jabari publikoan pasatzen diren edo paraturik dauden sareak edo muntadurak behar dituen bertze edozein teknika.

Tasa honi dagokionez, garraio, banaketa nahiz merkaturatze lanetan ari diren enpresak hartzen dira zerbitzuaren enpresa ustiatzailetzat.

Betiere, erabiltzen diren sareen edo azpiegituren titularrak nahiz horiei dagokienez erabilpen, sarbide edo lotura eskubidea duten titularrak izanen dira subjektu pasiboak.

5. artikulua. Zerga-oinarria: Tasak eta tarifak.

Kuota emanen digun tasa aplikatzeko oinarria enpresek udal mugapearen barnean urtean lortutako fakturazioak emandako diru-sarrera gordinen arabera kalkulatuko da.

Halakotzat hartuko dira entitate bakoitzari egozten ahal zaizkion diru-sarrera gordinak, enpresa ustiatzaileek erran den denboran eskuratu dituztenak udal mugapean egindako hornidura zerbitzuen ordain. Horien barnean daude, bertzeak bertze, aipatu zerbitzuak egitean erabiltzen diren kontagailu, ekipo eta muntadurak, enpresenak edo erabiltzaileenak direnak, alokatze, abiarazte, zaintze, aldatze, konektatze, deskonektatze eta ordezkatzetik heldu direnak. Halakotzat hartuko dira, orobat, orokorrean enpresa hornitzailearen berezko jardueraren ondoriozko zerbitzuengatik, hirugarrenei dohainik ematen zaien horniduragatik, kontsumo berariazkoengatik eta diruz ordaintzen ez direnengatik egiten den fakturazioari dagozkion diru-sarrerak. Azken horiek beren klaseko antzekoei dagokien banaz bertzeko prezioaren arabera fakturatuko dira.

Aldiz, hauek ez dira diru-sarrera gordintzat hartuko: a) egindako zerbitzuak kargatzen dituzten zeharkako zergak, eta b) hirugarrenen kontura kobratutako kontu-sail edo zenbatekoak, kuantifikazio araubide hau aplikatzen zaion entitatearen diru-sarrera berariazkoak ez badira.

6. artikulua. Zerga-tasa.

Aplikatuko den tasa %1,5 da hornidurako zerbitzuen enpresa ustiatzaileek eskuratzen dituzten diru-sarrera gordinen gainean.

Tasa hauek bateragarri izanen dira toki erakundeen eskumeneko zerbitzuak edo jarduerak egiteagatik ezar daitezkeenekin. Aipatu enpresek izan beharko dute haien subjektu pasiboak.

7. artikulua. Kudeaketa arauak.

Hornidura zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresek erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziren bat egin behar dutenean, hori egiteko behar den lizentzia eskatu beharko dute.

8. artikulua. Erabilera edo aprobetxamendu hori egin ahal izateko obra egin behar denean, enpresek behar den obra lizentzia eskatu beharko dute.

9. artikulua. Erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakartenean toki erakundearen jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, onuraduna aipatu horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostua ordaintzera beharturik dago, bai eta aitzinetik zenbateko hori gordailutako uztera ere.

Gordailu hori ukituta gerta daitezkeen ondasun eta instalazio guztien balioaren arabera finkatuko da, hura zenbakietara ekartzeko Kontzejuko teknikariak txostena eginda.

Egindako kalteak konponezinak badira, enpresa ustiatzaileak kalte-ordaina ordainduko dio Kontzejuari, desegindako ondasunen edo egindako andeatzearen balioa zenbat eta horrenbertze, udal teknikariak hura zenbakietara ekartzeko irizpena eginda.

Enpresek aprobetxamenduak nola edo halako jarraikortasun eta aldizkakotasun batez egiten badituzte, Kontzejutik kanpo izanda ere, kudeaketa administratiboa erraztu beharrez, gordailu oso bat ezar dezaten itun daiteke, itunean ezarri aldietan berrikusten ahal dena. Gordailuaren zenbatekoa aipatu aldietako aprobetxamenduetan egiten diren ustezko kalteen araberakoa izanen da.

Gordailua lot daiteke indarra duen arautegia edo lizentziaren baldintzak ez betetzeagatik ezarritako zehapenekin. Gordailua berreskuratu ahal izateko aldeko txostena beharko da, indarra duen arautegia eta lizentzia hartzeko baldintzak hertsiki bete eta lurzorua behar bezala konpondu dela egiaztatzen duena.

10. artikulua. Tasa ordaintzera beharturik badaude, hornidurako zerbitzu publikoen enpresa ustiatzaileek hiruhileko bakoitzean aurkeztu beharko dute udalerrian, Kontzejuan alegia, erdietsi dituzten diru-sarrera gordinen aitorpena, behin betiko aitorpen-likidazioaren kontura.

Hiruhileko bakoitzean egiten den aitorpenaren zenbatekoa kalkulatzeko, %1,5 aplikatu beharko zaio diru-sarrera gordin guztien zenbatekoari, arau honetan ezarritako erregelen arabera.

Aldi berean, ordainketa egin behar duten enpresek dagokien tasen diru-sarrera egin beharko dute, Udalean berean edo, bertzenaz, hiruhileko bakoitzaren ondoko hilean kasu bakoitzean zehazten den entitatearen bitartez.

11. artikulua. Ordaindu behar dutenek kasuan kasuko urte natural bakoitzeko uztailaren 30a baino lehen aurkeztu beharko dute behin betiko aitorpen likidazioa, eta harekin batera aurkeztuko dute enpresako auditoreek egitate zehatzen gainean egiten duten ziurtagiria; hartan zergapean dagoen ekitaldiko diru-sarrera gordinak adierazi beharko dira. Balantzearen kopia baimendua eta ekitaldiaren memoria ere aurkeztu beharko dira.

Zenbatekoa zehazteko, %1,5 aplikatuko zaio, ordenantza honen arabera, diru-sarrera gordin guztien zenbatekoari; azkenean ateratzen den zenbatekoaren eta kontura egindako ordainketen artean alderik badago, huraxe ordainduko da.

Ateratzen den saldoa negatiboa bada, enpresa ustiatzaileak Kontzejuari ordaindutako soberakina etortzen lehen likidazioan edo edo hurrengoetan konpentsatuko da. Nolanahi ere, tasa ordaindu behar duen enpresak ordainketari ihes egiteko jarrera erakusten badu, Kontzejuko Administrazioak ahalmena izanen du ordainarazpena tramite gehiagorik gabe likidatu eta kobratzeko, bertze bide batzuetatik lortzen ahal dituen datuetan oinarriturik, are aurkeztu gabeko zenbatekoak zenbatespen objektiboen bidez finkatzeko ere.

12. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Tributuaren ikuskapenari, tributu arloko arau-hausteei eta kasu bakoitzean tokatzen diren zehapenei dagokien orotan, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean, Nafarroako Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean eta haiekin bat heldu diren arauetan xedatutakoari jarraituko zaio.

Azken xedapena

Ordenantza fiskal honek 12 artikulu ditu eta indarra izanen du harik eta indargabetzeko edo aldatzeko erabakia hartzen den arte.

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L0928370