161. ALDIZKARIA - 2009ko abenduaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERBINTZANA

Ordenantza fiskala, Herriko jabari publikoan interes orokorreko hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresen
aprobetxamendu bereziaren tasa arautzen duena.
Behin betiko onespena

Berbintzanako Udalak, 2009ko urriaren 8an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Herriko jabari publikoan interes orokorreko hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresen aprobetxamendu bereziaren tasa arautzen duen ordenantza.

Onespenaren erabakia 2009ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 28an, eta jendaurreko epea iragan denez haren kontrako alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onetsita gelditu da Herriko jabari publikoan interes orokorreko hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresen aprobetxamendu berezia arautzen duen ordenantza fiskala, hori guztia Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraikiz; hortaz, ondotik ematen da argitara aipatu ordenantzaren testu osoa:

Ordenantza fiskala, Herriko jabari publikoan interes orokorreko hornidura zerbitzuak ustiatzen
dituzten enpresen aprobetxamendu bereziaren
tasa arautzen duena

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 100. artikuluaren eta hurrengoen babespean, ordenantza honen helburua da udal eremu publikoko zoru, zorupe eta hegalkinean hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresen aprobetxamendu berezi edo erabilera pribatiboaren tasa arautzea, zerbitzu horiek interes orokorrekoak direnean edo herritar guztiei edo frankori eragiten dietenean.

2. artikulua. Tasa honen zergapeko egintza dira Udalaren eremu publikoko zoru, zorupe eta hegalkinean hornidura zerbitzuen enpresa edo enteek egiten dituzten erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziak, zerbitzu horiek interes orokorrekoak direnean edo Berbintzanako herritar guztiei edo frankori eragiten dietenean.

Bereziki, zerbitzu horien barrenean ur, gas, argindar, telefonia finko eta mugikor eta bertze komunikabide moten hornidurak egonen dira, udalaren jabari publikoa okupatzen duten sare edo antena finkoen bitartez, osorik nahiz partez, ematen badira.

3. artikulua. Tasa horren subjektu pasiboak dira aurreko ataleko hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten zerbitzu enpresak, bai hornidurak egiteko erabiltzen diren sareen titularrak badira, bai, sare horien titularrak izan gabe, sareak erabiltzeko, haietara iristeko edo elkar lotzeko eskubideen titularrak badira.

Horri dagokionez, zerbitzu horiek ustiatzen dituzten enpresak dira banatzen eta merkaturatzen dituzten enpresak.

4. artikulua. Tasa horren zenbatekoa, hurrengo atalean jorratuko den telefonia mugikorreko kasuan izan ezik, udal mugapearen barnean enpresek urtero lortzen duten fakturazioaren diru-sarrera gordinen %1,5ekoa izanen da, tasa horri lotuta badaude.

Ondorio horietarako, diru-sarrera gordinen artean ez dira sartuko egindako zerbitzuak kargatzen dituzten zeharkako zergak, ezta hirugarrenen kontura kobratutako kontu-sail edo zenbatekoak, tasaren zenbatekoa zehazteko araubide hau aplikatzen zaion entitatearen diru-sarrera berariazkoak ez badira. Orobat, Ekonomia Ministerioaren Energia elektrikoa sortzeko instalazioen administrazio erregistroaren 1. edo 2. ataletan energia sortzeko beharrezko lehengaitzat hartutako instalazioetan (araubide berezi honetan tributatzekoak) erabiltzen diren hornidura zerbitzuen zenbatekoak ez dira fakturazioaren diru-sarreren barnean hartuko.

Hornidurak egiteko kanpoko sareak erabiltzen dituzten enpresek bertze enpresa batzuei haien sareak eskuratzeagatik edo haiekin lotzeagatik ordaindu dizkieten zenbatekoak kenduko dituzte beren fakturazioko diru-sarrera gordinetatik. Sare horien titulartasuna duten enpresek kontzeptu horregatik eskuratzen dituzten zenbatekoak sartu beharko dituzte beren fakturazioko diru-sarrera gordinetan.

Erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakartenean toki erakundearen jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, onuraduna, behar den tasaren ordainketa ukatu gabe, aipatu horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostu osoa ordaintzera beharturik dago, baita aurretik zenbateko hori gordailutako uztera ere.

Kalteak konponezinak badira, suntsitutako ondasunek zenbat balio duten edo kaltetutakoen baliogalera norainokoa den, horrenbertze emanen du ordainetan onuradunak.

5. artikulua. Telefonia mugikorreko enpresek tasa zehazteko araubide orokorra hartu beharko dute bere gain jabari publikoaren erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziarengatik. Horretarako, erabileratik edo aprobetxamendutik eratorritako onurak merkatuan izanen lukeen balioa hartuko da oinarri, ukitutako ondasunak jabari publikokoak ez balira.

Tasa zehazterakoan, gainera, ondoko irizpide hauek hartuko dira kontuan: aprobetxamenduaren iraupena eta operadore bakoitzari egotz dakiokeen berariazko koefizientea merkatu-kuotaren arabera. Hala, tasa lortuko da merkatuaren balorea iraupenarekin eta operadore bakoitzaren berariazko koefizientearekin biderkatuz.

6. artikulua. Tasa urte guztietako urtarrilaren 1ean sorraraziko da, eta zergaldia urte naturalekoa izanen da erabilera pribatiboa hasteko edo uzteko kasuetan izan ezik, urte naturalaren zenbatekoa proportzionalki banatuko baita.

7. artikulua. Zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresetan tasa ordaintzera beharturik daudenek hiruhilero aurkeztu beharko dute udal mugapean erdietsi diru-sarrera gordinen aitorpena, aitzineko hiruhilekoari dagokiona hain zuzen ere.

Aipatu aitorpen horretan tasaren zenbatekoa kalkulatu beharko da, arau honetan ezarritakoaren arabera.

Aitorpena aurkeztearekin batera, dagokien tasaren zenbatekoa ordaindu beharko dute enpresek.

8. artikulua. Ordenantza honetan arautzen den tasa independientea izanik, bateragarria da zerbitzuak edo toki erakundearen eskumeneko jarduerak egiteagatik ezar daitezkeen bertze tasa batzuekin, salbu eta erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziarekin ikusteko duten tasekin, horiexek baitira ordenantzaren berezko xedeak.

9. artikulua. Tasa hau kudeatzeko, toki entitate honek bertze entitate batzuekin bat egiten ahalko du hitzarmenen bidez, kudeaketa eta likidazioa errazagoak eta arinagoak izan daitezen.

10. artikulua. Ordenantzen behin betiko onespenaren kontra, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean, udal ebazpenen aurka egiteko orokorrean ezarri diren errekurtsoak aurkezten ahal dira, ordenantzak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen direnetik hasita.

11. artikulua. Aurreko artikuluan ezarritakoagatik ere, indarrean egonen da beti interesdunen eskubidea errekurtsoa aurkezteko Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/95 Foru Legean edo ordenantzetan ezarritakoa hausten duten ordainarazpenen gaineko xedapenak aplikatzen dituzten udal erabakien kontra, Udalaren ebazpenen kontrako errekurtsoak aurkezteko ezarrita dagoen prozedura orokorrari jarraikiz.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera behin betikoz onetsitakoan, ordenantza fiskal honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko guztiak izanen ditu, Nafarroako Aldizkari Ofizialean testua oso-osorik argitara emandakoan.

Bigarrena.-Toki Entitate honek onetsitako ordenantza hau aldatzeko, onespenerako jarraitu diren tramite berak eginen dira, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen IX. tituluko lehen kapituluko hirugarren atalean xedatutakoaren arabera.

Hirugarrena.-Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan aplikagarri izanen dira Ordenantza fiskal orokorrean, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta udal erabakiak baino goragoko xedapen guztietan xedatzen direnak, araututako arloei aplikatzeko modukoak diren heinean.

Iragarkiaren kodea: L0928424