161. ALDIZKARIA - 2009ko abenduaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

350/2009 FORU AGINDUA, abenduaren 2koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, irabazi asmorik gabeko entitateentzako diru-laguntzen 2010. urteko deialdia onesten duena, gutxiengo etnikoen sustapenerako jarduerak egin ditzaten.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak ezartzen duenez, botere publikoen jarduketek funtsezko helburu hauek izanen dituzte, besteak beste, gizarte zerbitzuen arloan: pertsona guztien bizi kalitatea hobetzea eta haien normalizazioa, partaidetza eta integrazioa bultzatzea gizartean, politikan, ekonomian, lan arloan, kulturan eta hezkuntzan, autonomia pertsonala, familiarra eta taldeena bultzatzea, kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea, pertsonen eta taldeen bazterketa egoerei aurrea hartzea eta haietaz arduratzea, eta gizarteak behar sozialak konpontzen parte har dezan bultzatzea.

Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroaren arabera (ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretua), gizarteratzearen arlorako dauden bermatu gabeko prestazioen artean, gizartetik baztertuta daudenekin lan egiten duten gizarte ekimeneko entitateentzako diru-laguntzak daude.

Arau horretako aurreikuspenek bat etorri behar dute Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legekoekin. Foru lege horretan onura publikoko edo interes sozialeko jarduerak sustatzeko Nafarroako Aurrekontu Orokorretatik emandako diru-laguntzei dagokien araubide juridiko orokorra ezarri da. Diru-laguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko ditu, halako jarduerak egiten dituztenek eta deialdiaren xedeko egoeran daudenek diru-laguntza eskuratzeko aukera izan dezaten.

Deialdi honek xedea du irabazi asmorik gabeko entitateei diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea, 2010. urtean gutxiengo etnikoak sustatzea xede duten jarduerak antolatzeko.

Deialdi honek bide ematen die entitate interesdun guztiei berdintasunez parte har dezaten eta era berean bermatzen du diru-laguntzak irizpide objektiboei jarraituz emanen direla. Irizpide horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gizarte politika orokorraren esparruan ezartzen dituen jarraibideekin bat lehenetsiko dira, Nafarroako Parlamentuak 1999ko otsailean onetsi zuen Gizarte Bazterketaren aurkako Planaren edukiaren arabera.

Espedienteko txosten teknikoek eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, diru-laguntza hauek egokiak eta interes publikokoak direla eta deialdia eta haren oinarri arautzaileak legezkoak direla.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Irabazi asmorik gabeko entitateentzako diru-laguntzen 2010. urteko deialdia onestea, gutxiengo etnikoen sustapenerako jarduerak egin ditzaten.Oinarri arautzaileak foru agindu honen eranskinean daude.

2. 278.975,00 euroko gastua baimentzea, 2009ko aurrekontuko "Gutxiengo etnikoen sustapenerako diru-laguntzak" izeneko 900003 91600 4819 231603 kontu-sailaren kargura, edo ekitaldi horretan gaitzen den antzeko kontu-sailaren kargura, behar besteko kreditua badago betiere.

3. Foru agindu hau igortzea Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko Gizarteratze Zerbitzura, Aurrekontuen Kudeaketarako Ataleko Kontabilitate Zentrora eta Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora.

4. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko abenduaren 2an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

I. ERANSKINA

Irabazi asmorik gabeko entitateei gutxiengo
etnikoen sustapenerako diru-laguntzak emateko 2010eko
deialdiaren oinarriak

1.-Xedea.

Deialdi honen xedea da gutxiengo etnikoen sustapenean ari diren irabazi asmorik gabeko entitateei diru-laguntzak emateko 2010. urteko araubidea ezartzea.

Diru-laguntza horien bidez, langileen, funtzionamenduaren eta jardueren gastuak finantzatuko dira, entitateek gutxiengo etnikoen sustapen sozialaren eremuan jarduketak egin ditzaten, eranskin honen 7. oinarrian ezarritako modalitate eta tipologien arabera.

2.-Jarduketa eremua eta helburua.

Diru-laguntzen xede diren jarduketak Nafarroako Foru Komunitatean eginen dira eta gutxiengo etnikoen sustapen soziala izanen dute helburu.

Beren estatutuen arabera nagusiki kulturan eta aisian diharduten entitateak diru-laguntzen deialdi honetatik kanpo daude.

Halaber, berariaz beste deialdi publiko batzuen bidez finantzatzen diren proiektu eta jarduketak eta/edo beste administrazio publiko batzuek garatzen dituztenak deialdi honetatik kanpo daude.

3.-Entitate eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

Beren estatutuen arabera, lehen oinarrian aipatzen den jarduketa eremuan esku hartzen ahal duten entitateak izan daitezke diru-laguntza hauen onuradun.

Aurkezten diren entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean, Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako Departamentuko Gizarte Zerbitzuen Erregistroan edo erregelamenduz dagokien erregistroan inskribatuta egotea.

b) Irabazi asmorik ez izatea.

c) Sozietatearen helbidea edo haren ordezkaritza iraunkorraren helbidea Nafarroako Foru Komunitatean izatea.

d) Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko eta haren erakunde autonomoekiko zorrak kitatuak izatea.

e) Diru-laguntzen onuraduna izateko Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan aipatutako gainerako debeku egoeretan ez egotea.

Aipatutako baldintza horiek guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eta diruz lagundutako jarduerak irauten duen bitartean bete beharko dira.

4.-Jarduketek bete beharreko baldintzak.

Diru-laguntza jasotzeko, jarduketek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko Gizarteratze Zerbitzuak deialdian aipatzen den esparrurako ezarri dituen helburuekin bat etortzea. Proiektuak 2010. urtean gauzatu behar dira, eta 2010eko urtarrilaren 1ean hasten ahalko dira.

b) Oinarrizko egokitzapena egiteko eta altzariak erosteko diru-laguntzaren xede diren lokalek norberarenak, utziak edo alokatuak izan beharko dute, eta egoera hori dokumentu bidez justifikatuko da.

5.-Eskaerak aurkeztea.

5.1. Eskaerak non eta noiz aurkeztu.

Nafarroako Gobernuaren eskabide orokorrarekin batera, entitate interesdunek eskabide bat aurkeztu beharko dute, horretarako prestatu den ereduaren araberakoa. Eredua Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko bulego nagusietan (González Tablas, 7, 31005 Iruña) eta erakunde beraren web gunean (www.cfnavarra.es/BienestarSocial) eskuratzen ahalko da.

Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak aurkeztuko dira Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko Erregistroan (González Tablas kalea, 7, 31005 Iruña), Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38.4 artikuluan ezarritako tokietako edozeinetan; azken kasu horretan, Gizarteratze Zerbitzuari egun berean jakinaraziko zaio, faxez (948 240108) , eskaera igorri dela. Dena dela, eskaerak aurkezteko epea amaitu eta 10 egun natural iraganik dokumentaziorik jaso ez bada, ez da inola ere onartuko.

Postetxeetan aurkezten diren eskaerak gutun-azal irekietan sartuko dira, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean onartu zeneko eguna eta abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan, posta zerbitzuak arautzen dituen horretan, aipatzen diren gainerako zehaztapenak adieraz daitezen. Gainera, entitate interesdunak, egun berean, telefax baten bidez jakinarazi beharko dio Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiari eskaera igorri duela.

5.2. Aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaerak horretarako prestatutako ereduaren araberakoak izanen dira eta entitatearen ordezkariak behar bezala sinatuko ditu. Nafarroako Gobernuaren eskabide orokorrarekin batera aurkeztu beharko dira. Horiekin batera agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:

a) Entitatearen estatutuak.

b) Helbidea Nafarroan daukala edo, bestela, Foru Komunitatean ordezkaritza iraunkorra daukala frogatzen duen agiria.

c) Entitatea erregelamenduz dagokion erregistroan inskribatuta dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

d) Identifikazio fiskaleko txartela.

e) Erantzukizuneko aitorpena, entitatearen ordezkariak emana, adierazten duena ez entitatea, ez administratzaileak eta ez ordezkariak ere ez daudela diru-laguntzen onuradun izateko debekuetan. Debeku horiek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ageri dira.

f) Erantzukizuneko aitorpena, entitatearen ordezkariak emana, Gizarte Segurantzarekiko eta Nafarroako Zerga Ogasunarekiko betebeharrak eguneratuak dituela eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko edo haren erakunde autonomoekiko zorrak kitatuak dituela dioena.

g) Aurretik ordaintzeko eskaera, hala eskatzen duten entitateen kasuan, ordainketa horren beharra xehetasunez azalduta.

h) Diru-laguntzaren eskaera sinatzen duen pertsonaren ordezkaritza frogatzen duen agiria eta pertsona horren nortasun agiri nazionala.

i) Dirua transferentziaren bidez jasotzeko eskaera, Nafarroako Gobernuari diru-laguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia baldin bada edo aurreko urteetan diru-laguntzak jasotzeko emandako bankuko kontua aldatu bada.

Aurkeztu beharreko agiriak jatorrizkoak izanen dira edo, bestela, notario batek edo administrazioak berak kautoturiko fotokopiak.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 8. idatz-zatian eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legearen 9. artikuluko 4. idatz-zatian xedatutakoarekin bat, agiriak Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar badituzte edo administrazio honen esku dauden datuak badira, ez da beharrezkoa izanen a), b), c), d), h) eta i) letretan eskatzen diren agiriak aurkeztea. Kasu horretan, eskatzaileak zilegi izanen du agiri horiek ez aurkeztea, baina idatzita adierazi beharko du noiz eta zein organo edo bulegotan aurkeztu zituen, betiere bost urte baino gehiago igaro ez badira espediente hura bukatu zenetik. Kasu horietan, agirietan aldaketarik izan ez bada, berriz aurkeztu beharrean, entitatearen ordezkariaren aitorpen bat egin daiteke, inguruabar hori azaltzeko.

Aurreko paragrafoan ezarritakoari begira, entitateek egiaztatutako antzinatasuna errespetatuko da, baldin eta aurkezteko nortasun juridikoa baizik aldatu ez badute, betiere hori entitatearen estatutuetan frogatzen bada.

Eskaera prestatutako eredu normalizatuan ezarritakoaren arabera aurkeztu beharko da eta, hura osatzeko, interesgarritzat jotzen dituen beste agiri batzuk aurkezten ahalko ditu entitate interesdunak.

5.3. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Eskaerak ezarri diren betebeharrak bete ezean edo harekin batera aginduzko agiriak aurkeztu ezean, instrukzio organoak entitate interesdunari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala eta adieraziko dio, horrela egin ezean, haren eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko aginduko da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 42. artikuluan xedatu bezala.

6.-Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak.

Deialdi honen ondorioetarako, diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko Gizarteratze Atalari esleitu zaizkio. Oinarri arautzaile hauetan "instrukzio organoa" aipatzen delarik, atal horretaz ari da.

Instrukzio organoak ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, oinarri arautzaile hauetan ezarritako irizpide, modu eta lehentasunak kontuan hartuz, eta ebazpen proposamena emanen du, txosten batekin batera, non adieraziko baitu onuradunek diru-laguntzak hartzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Laguntzak emateko prozeduraz ebazteko eskumena Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiak izanen du.

7.-Balorazioa.

Diru-laguntza eskaerak baloratzeko, ezaugarrien eta edukien arabera, hiru modalitate hauek bereizi dira:

7.1. A modalitatea. Programak:

Programak jarduketa jarraituak dira eta entitateak deialdi honek hartzen duen denbora tartean zehar gauzatzen ditu. Hauek dituzte tipologiak:

A.1. Gutxiengo etnikoaren kolektiboarekiko harrera programak, norbanakoei informazioa/orientazioa eta aholkularitza eskaintzeko eta baliabide komunitarioei (zentroak, zerbitzuak, elkarteak, etab.) sostengua emateko.

Hor sartzen dira programa horretako jardueren tramitazioa eta kudeaketa, deialdia argitaratzen denetik aitzina entitateak prestatzen dituen eta diruz lagundu daitezkeen jarduketak gauzatzea, bai eta entitateak bereak dituen funtzionamenduko eta mantentze-lanetako jarduerak ere.

A.2. Gutxiengo etnikoaren kolektiboarentzako prestakuntza programak. Deialdiak hartzen duen ekitaldiaren barrenean egin beharreko ikastaroak dira. Bizigune ahuleneko biztanleentzat prestatuko dira eta premia handikoak diren esku-hartze arloak jorratu beharko dituzte.

Prestakuntza ekintzek kolektiboaren sustapen soziala bilatuko dute. Enplegurako baliabide publikoek herritar guztientzat eskaintzen dituzten prestakuntza ekintzak ez dira onartuko.

A.3. Programa komunitarioak: atal honetan sartzen dira kolektiboaren sustapen soziala lantzen duten sentsibilizazio, zabalkunde eta antzeko jarduerak, eta entitateak kolektiboaren eta bere kulturaren alde egiten dituen jarduerak.

Duten garrantzia dela eta programa berariazkotzat hartu behar diren jarduerak atal honetan sartuko dira.

Oro har, A1, A2 eta A3 modalitateetako eskaerek ezin izanen dute %10 baino gehiago gainditu aurreko urteko aurrekontua aurreko urtean egindako jardueren antzekoetarako.

Diruz laguntzen ahal diren gastuak jardueretan aritzen diren oinarrizko langile kualifikatuen ordainketak eta jarduerei zuzenean lotutako gastuak izanen dira.

Eskatzen den zenbatekoaren %30era arte ekintzek sortzen dituzten zeharkako gastuak finantzatzeko bideratu daiteke, hots, entitatearen mantentze-lanetako eta funtzionamenduko funtsezko eta oinarrizko gastuetarako. Egoitza bat duten entitateek gastu horren %50era arte erabil dezakete horretarako, egoitza hori programa garatzeko beharrezkoa baldin bada.

7.2. B modalitatea. Gizarte sustapeneko proiektuak.

Kolektiboaren hurrengo jarduketa eremuetara bideratuko dira proiektuak:

B.1. Gizarte eta hezkuntza arloan esku hartzeko proiektuak, horien helburua adingabeko guztien eskolatzea, ikasketetan arrakasta lortzeko aurrerapausoak ematea eta hezkuntza sistemako goi mailako etapetara iristea izanik.

B.2. Kolektiboaren berariazko premia sozialak betetzeko proiektuak, populaziogune ahulenentzat eta kolektiboaren barrenean behar handiena duten esku-hartze arlo edo sektoreentzat zuzenduak.

Oro har, B modalitateko eskaerek ezin izanen dute %10 baino gehiago gainditu aurreko urteko aurrekontua aurreko urtean egindako jardueren antzekoetarako.

Diruz laguntzen ahal diren gastuak jardueretan aritzen diren oinarrizko langile kualifikatuen ordainketak eta jarduerei zuzenean lotutako gastuak izanen dira, A modalitateko programak garatzeko behar diren langile berariazkoak kenduta.

Oro har, zenbatekoaren %10era arte eskatzen ahalko da ekintzek sortzen dituzten zeharkako gastuak finantzatzeko, hots, mantentze-lanetako eta funtzionamenduko funtsezko eta oinarrizko gastuak.

7.3. C modalitatea. Kolektiboaren gizarte sustapenera bideratutako jarduerak.

Munta txikiko ekintzak edo jarduera puntualak dira.

Oro har, C modalitateko eskaerek ezin izanen dute %20 baino gehiago gainditu aurreko urteko aurrekontua aurreko urtean egindako jardueren antzekoetarako.

Diruz laguntzen ahal diren gastuak jardueretan aritzen diren oinarrizko langile kualifikatuen ordainketak eta jarduerei zuzenean lotutako gastuak izanen dira, A modalitateko programak garatzeko behar diren langile berariazkoak kenduta.

Oro har, zenbatekoaren %10era arte eskatzen ahalko da ekintzek sortzen dituzten zeharkako gastuak finantzatzeko, hots, mantentze-lanetako eta funtzionamenduko funtsezko eta oinarrizko gastuak.

Instrukzio organoak banatuko ditu modalitate bakoitzean eskatutako diru-laguntzak eta, puntuazioa eman aurretik, atal honetan ezarritako kostuak doituko ditu, bai kualifikatutako oinarrizko langileei dagokienean, bai eta funtzionamenduari eta ekintzei dagokienean ere.

Sortu berriak diren entitateek eta, orobat, gizarte zerbitzuen arloko eskumena duen departamentuak ijitoen gizarte sustapenaren arloan lan egiten duten entitateentzat sustatzen dituen diru-laguntzen deialdietan azkeneko bost urteotan parte hartu ez duten entitateek C modalitaterako proiektuak baizik ezin izanen dituzte aurkeztu, eta horietako proiektu bakoitzaren aurrekontua ez da 5.000 eurotik gorakoa izanen.

Programa eta/edo proiektu berriak ez dira 10.000 eurotik gorakoak izanen aurrekontuan.

7.4. Diru-laguntzak emateko, honako irizpide hauei jarraikiz eginen da balorazioa:

a) Entitatearen barne koherentzia (20 puntu).

Entitatearen jarduera nagusia zein den eta deialdiaren xedeari nola egokitzen zaion.

Diru-laguntzaren xede diren jarduketetan entitate eskatzaileak izandako ibilbidea eta deialdiaren xede den arloan lehenago izandako esperientzia.

Proposatzen diren helburuak beteko direla bermatzeko azpiegitura aski izatea.

Aretoak konpartitzea eta beste entitate batzuekin elkarlanean aritzea.

Proiektua entitatearen gaitasun teknikoarekin bat etortzea. Era berean, aurreko urteko koherentzia ekonomikoa baloratuko da.

b) Proiektuen eta programen ezaugarriak (45 puntu).

Proiektuen eta/edo programen alderdi teknikoak (egokitasuna, koherentzia eta doikuntza ondokoetan: oinarriak, helburuak, jarduerak, lortu nahi diren emaitzak, langileak eta baliabideak, ebaluazioko adierazleak, eta abar).

Halaber, aurkezpena, idazkera eta azalpenaren argitasuna ere baloratuko da, bai eta aurrekontua deialdiaren atalen arabera sailkaturik aurkeztea ere.

Esku-hartzearen originaltasuna eta alderdi berritzaileak, gauzatu nahi diren proiektuek behar ez den bikoizketarik ez ekartzeko.

Entitateak proiektua eta/edo programa aurrera eramateko beste entitate batzuekin eta gizarte baliabide publikoekin duen osagarritasun maila eta koordinazioa: Oinarrizko Gizarte Zerbitzuekin, Osasun Etxeekin, Adimen Osasuneko Sarearekin, Espetxeko Gizarte Zerbitzuarekin eta abar. Koordinazio horren prozedura.

c) Lehenagoko ekitaldietan hasitako jarduketak sustatzea, haien eragina frogatu bada eta, zuzendua dagoen kolektiboarentzat duten errentagarritasun soziala dela kausa, haien iraupena komeni bada. (30 puntu).

Aurreko urteko antzeko jarduketen eraginkortasuna baloratuko da. Horretarako, jarritako berariazko helburuen eta lortutako emaitzen arteko konparazioa eginen da, eta egindakoaren eta aurreikusitakoaren arteko aldea neurtuko.

Aurreko urteko ekintzen egiazko gastuaren eta aurtengo aurrekontuaren arteko koherentzia ere aztertuko da.

A modalitateko jarduketetan, aurreko urteko aurrekontuarekin alderatuta, ohiz kanpoko arrazoiengatik %10etik gorako igoera aurreikusten bada, igoera hori justifikatzen duen berariazko txosten teknikoa aurkeztu beharko da.

d) Jarduketetarako kofinantziazioa izatea, alegia, entitateak (bazkideek, parte-hartzaileek eta/edo entitate publiko edo pribatuek) dirua jartzea. (5 puntu).

Diru-laguntza hartu ahal izateko, jarduketek gutxienez ere 55 puntu lortu beharko dituzte. Horietarik 25 puntu gutxienez ''b" atalean.

Instrukzio organoak noiznahi ere eskatzen ahalko dio entitate eskatzaileari aurkeztutako proiektua kasuan kasuko balorazioaren modalitatera egokitu dezan. Eskaera hobeki baloratzeko beste edozein argibide ere eskatzen ahalko dio entitateari.

8.-Diru-laguntzaren zenbatekoaren esleipena.

Deialdian aipatzen diren diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagoka bidez tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak konparatuz, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

278.975,00 euro jarriko dira, 2010eko aurrekontuko "Gutxiengo etnikoen sustapenerako diru-laguntzak" izeneko 900003 91600 4819 231603 kontu-sailaren kargura, edo ekitaldi horretan gaitzen den antzeko kontu-sailaren kargura, behar besteko kreditua badago betiere.

Diru-laguntzaren zenbatekoa lortutako puntuen arabera zehaztuko da. Eskatutako diruaren gaineko portzentaje tarteak ezarriko dira, taula honen arabera:

TARTEAK

PORTZENTAJEA (%)

55etik 59,99ra bitarte

60

60tik 64,99ra bitarte

65

65etik 69,99ra bitarte

70

70etik 74,99ra bitarte

75

75etik 79,99ra bitarte

80

80tik 84,99ra bitarte

85

85etik 89,99ra bitarte

90

90etik 94,99ra bitarte

95

95etik 100era bitarte

100

Balorazio ekonomikoaren ondoriozko zenbateko osoa aurrekontuetan dagoen dirua baino handiagoa bada, kasuan kasuko baremoen aplikazioaren ondoriozko zenbatekoak hainbanatu eginen dira.

Instrukzio organoak proposamen txostena eman aurretik, interesdunei entzuteko tramitea egiten ahalko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 84. artikuluari jarraikiz.

Proposatzen den diru-laguntzaren zenbatekoa aurkeztutako eskaeran ageri dena baino txikiagoa izanez gero, entitate eskatzaileak eskaera aldatzen ahalko du, gehienez ere hamar egun naturaleko epean, jakinarazten zaionetik hasita. Betiere, bermatu beharko da aldatutako proiektuak jatorrizko proiektuaren xede eta ezaugarri berak izanen dituela.

Proiektua onartu ahal izateko, aldatutako proiektua hasiera batean egindako balorazioko tarte berean sartzeko aukera izan beharko da. Bestela, entitateak proiektua hasierako proposamenari hertsiki lotuz burutu beharko du.

Halaber, aldaketaren aurrekontua ez da izanen proposatutako diru-laguntzaren zenbatekoaren eta hasiera batean baldintza antzekoetan aurreikusitako kofinantziazioaren batura baino txikiagoa.

9.-Prozeduraren gaineko ebazpena, publizitatea eta errekurtsoak.

Eskaerak baloratu ondoren, instrukzio organoak aurkeztutako ebazpen proposamena ikusita, Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiak ebazpena emanen du diru-laguntzen gainean.

Ebazpena entitate interesdunei jakinaraziko zaie eta bertan hura emateko arrazoiak, diru-laguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta, halakorik bada, beste eskaerak ukatzeko arrazoiak adieraziko dira. Emanez gero, diru-laguntzaren helburua, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta gastuak justifikatzeko modua eta epea adieraziko dira.

Aurrekoa galarazi gabe, Nafarroako Gobernuaren web gunean argitaratuko da. Argitalpen horretan, deialdia, programa, diru-laguntzak finantzatzeko aurrekontuko kreditua, onuradunak, emandako zenbatekoa eta diru-laguntzaren helburua adieraziko dira.

Ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita. Epe hori bukatuta, interesdunek eskaera ezetsitzat jo beharko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Berariazko edo ustezko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean xedatutakoarekin bat.

10.-Bateragarritasuna.

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak Espainiako edo atzerriko beste administrazio publiko, norbanako edo erakunde publiko zein pribatu batzuek jarduera garatzeko ematen dituztenekin batzen ahal dira, deialdi honetako 2. oinarrian ezarritakoa ezertan ukatu gabe.

Hala ere, zenbatekoak, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo berezko baliabide batzuekin baturik, ez du behin ere gaindituko entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

11.-Diru-laguntzaren ordainketa eta justifikazio ekonomikoa.

Diru-laguntza gutxienez bi epetan ordainduko da: lehenengoa, diru-laguntzaren %60ra bitartekoa, aurretik ordainduko da, laguntza emateko ebazpena sinatzearekin batera. Hurrengo ordainketa edo ordainketak diru-laguntza emateko ebazpenean xedatutakoaren arabera eginen dira. Pagatutako azken dirua justifikatu beharko da aurretik, honako agiri hauek aurkeztuz:

a) Proiektuko diru-sarreren eta gastuen balantzea.

b) Diru-laguntzaren xede den proiektuari aplikatutako gastuen zerrenda, agiri zenbakia, kontzeptua, igorlea, igorri zeneko data, zenbatekoa eta egiazki pagatu zeneko data adieraziz. Zerrenda horrekin batera, kasuan kasuko frogagiriak aurkeztuko dira (jatorrizkoak edo behar bezala konpultsatutako fotokopiak). Frogagiri gisa, banku laburpenak, gordekinak eta fakturak onartuko dira bakar-bakarrik. Horietan, igorlearen eta hartzailearen datuak, data, kontzeptua, prezioa eta ordaintzeko modua adierazi beharko dira, fakturazio betebeharrak arautzeko erregelamendua onetsi zuen maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat. Jatorrizko fakturak Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusian aurkeztu izan balira bezala zigilatuko dira, hartutako diru-laguntza justifikatzearren.

Aurretik ordaintzen den zenbatekoa denez gero, aurrerakin hori emateko beharrezkoa izanen da Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren baimen berariazkoa, Foru Ogasunak aitortutako betebeharrei aurre egiteko funts likidoen egoeraren arabera emana.

Ordainketarako baldintza horiek bete ezik, diru-laguntza Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 32. artikuluan xedatutakoarekin bat ordainduko da, hiru hilabetetik hiru hilabetera zatitua, jarduera egin dela frogatu ondoren.

Gastu onargarritzat hartuko dira, bakar-bakarrik, diruz lagundutako proiektuetan aurreikusitako jarduerak egiteko instrukzio organoak beharrezkotzat jotzen dituenak; diru-laguntzari egozten ahal zaizkio, orobat, proiektutik eratorritako finantza gastuak, kontzesio ebazpenaren data bitartekoak.

Proiektua bukatu eta hilabeteko epean entitateak Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiari aurkeztu behar dio diruz lagundutako proiektuaren justifikazio ekonomikoa, hurrengo ordainketak egiteko oinarri honen aurreko paragrafoetan ezarritako baldintzetan.

Aurreratu beharreko kopurua 60.000,00 eurotik goitikoa bada, entitate onuradunak banku abal bat edo legeetan aipatzen den beste berme bat aurkeztu beharko du, aurreratu beharreko zenbateko osoa estaliko duena.

Jarduerak, diru-laguntzaz gain, berezko funtsekin edo bestelako diru-laguntza edo baliabideekin finantzatuak izan direnean, justifikazioan diru-laguntza horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela.

12.-Entitate onuradunen betebeharrak.

a) Diru-laguntza ematea eragin duten proiektua eta jarduerak deialdi honetako oinarri arautzaileen, baldintzen eta betebehar formal eta materialen arabera gauzatzea eta dirua eman zen helburuetarako baizik ez erabiltzea. Gauzatze horrek, betiere, proiektua osatzen duten jarduerak kudeatu eta gidatzea hartzen du bere baitan, bai eta beharrezkoak diren baliabideak jartzea ere.

b) Oinarri arautzaileotan aipatzen diren frogagiriak, tartekoak eta azkenekoak, aurkeztea.

c) Deialdi honen kargura finantzatutako programen edo jardueren gaineko informazio, dibulgazio eta publizitate jarduketek nahitaez bete behar dute Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak kontratatutako eta/edo diruz-lagundutako jardueren gaineko informazio, dibulgazio eta publizitateari buruzko araudiak xedatutakoa.

d) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen legeriaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapenak onartzea.

e) Lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako eta/edo lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea diru-laguntza eman duen organoari. Egoera hori jakin bezain laster jakinarazi behar da eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

f) Entitatearen izaera dela-eta, eskatzen ahal zaizkion kontabilitate arloko betebeharrak betetzea.

g) Diru-laguntza hartu eta hurrengo urteko urtarrilaren 31 baino lehen diru-laguntzaren xede den programa eta proiektu bakoitzaren betetze mailaren zenbatekoaren eta nolakoaren gaineko datuak ebaluatzen dituen memoria Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusian aurkeztea, horretarako dagoen ereduaren arabera. Eredua Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko bulego nagusietan eta lehen aipatu den web gunean izanen da entitate interesdunen eskura.

h) Nahi izanez gero, entitate onuradunak bestelako agiriak, idatziak edo grafikoak, aurkezten ahalko ditu, diru-laguntzaren xede den proiektua ongi gauzatu dela erakusteko.

i) Jasotako funtsen erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

j) Deialdian eta aplikatzekoak diren legeetan ezarritako kasuetan, hartutako funtsak itzultzea.

k) Diru-laguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

13.-Azpikontratazioa eta hornitzaileen kontratazioa.

13.1. Azpikontratazioa.

Deialdi honetan ezarritako ondorioetarako, bidezkoa da azpikontratazioak egitea, alegia, beste batzuekin hitzartzea diru-laguntzaren xede den jardueraren hein bateko gauzatzea. Diru-laguntzaren xede den jarduera onuradunak berak egiten badu, gastu horren kontratazioa kontzeptu horretatik kanpo geldituko da.

Diruz lagundu den jardueraren kostuaren %50era arte azpikontratatzen ahalko du onuradunak. Hirugarrenekin hitzartutako jarduerak diru-laguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen duenean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa denean, azpikontratazioa egin ahal izateko, idatzizko kontratua sinatu beharko da.

13.2. Hornitzaileen kontratazioa.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 28. artikuluko 3. idatz-zatian xedatutakoarekin bat, diru-laguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 30.000,00 eurotik gorakoa bada, obraren exekuzioaren kostuaren kasuan, edo 12.000,00 eurotik gorakoa, aholkularitza edo laguntza enpresek ekipamendu ondasunen hornidurak edo zerbitzu emateak egiten dituztenean, onuradunak frogatu beharko du organo emailearen aurrean hornitzailea eragimen eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela.

Kasu horietan, entitate onuradunak helburua lortzeko gai diren hiru enpresarekin gutxienez kontsultatu eta negoziatu beharko ditu kontratuaren baldintzak, eta eskaintzarik hoberena egiten duenarekin sinatuko du. Entitate onuradunak kontsultatzeko izapidearen inguruko dokumentazioa eta eskaintzak gorde egin beharko ditu. Kontu horiek agirien bidez frogatu beharko ditu diru-laguntza ematen duen organoaren aurrean, kontratua sinatu bezain laster. Agiri horiekin batera, enpresa hautatzeko arrazoiei buruzko txosten labur bat aurkeztuko du.

Zenbait enpresari kontsulta egitea ez da beharrezkoa izanen, diru-laguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasunagatik, merkatuan hornidura edo zerbitzua ematen duten enpresak behar adina ez direnean.

14.-Baldintzak aldatzea.

Entitate onuradunek, jasotzen dituzten bestelako diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrerez gain, diru-laguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan hartutako baldintzen aldaketa guztiak ere jakinarazi beharko dizkiote Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiari.

Salbuespen gisa, diru-laguntzak hartzen dituzten entitateek zilegi izanen dute diruz lagundutako programaren edo programen edukia aldatzeko eskatzea, bai eta hura egiteko modua eta epeak ere, programa gauzatzea eragotzi edo zailtzen duten gorabeherak agertuz gero.

Programa aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren gainean behar adina arrazoi eman beharko da, eta inguruabar horiek gertatu eta berehala jakinarazi beharko dira, betiere diru-laguntzaren xede den programa gauzatzeko epea bukatu baino lehen.

Diru-laguntza emateko kontuan harturiko baldintzen aldaketa orok diru-laguntza emateko ebazpena aldarazten ahalko du, administrazioak onarturik egonda ere, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzultzeko eskatzen ahalko da.

15.-Itzultzea.

Proiektuak edo programak burutu ezik edo diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak bete ezik, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatuz gero edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak bete ezik, harturiko zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo hein batean. Legeek ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorturiko berandutza korrituak pagatzeko eskatzea.

Dirua itzultzeko prozedurak goian aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio eta hasten denetik 12 hilabeteko epean eman beharko da haren gaineko ebazpena.

Entitate onuradunak ia baldintza guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

16.-Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzen onuradunak Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 43. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Diru-laguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

17.-Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra bidezkoak diren errekurtso administratiboak.

Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean xedatutakoarekin bat.

18.-Aplikatu beharreko arauak.

Oinarri arautzaileotan ezarrita dagoenaz gain, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak ere aplikatuko dira.

Iragarkiaren kodea: F0927764