155. ALDIZKARIA - 2009ko abenduaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

336/2009 FORU AGINDUA, azaroaren 12koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, mendekotasuna duten adinekoei, ezgaitasuna duten pertsonei eta buru-eritasuna duten pertsonei laguntzeko aldi baterako egonaldi zerbitzuez nola baliatu arautzen duena Nafarroako Foru Komunitatean.

Nafarroako Foru Komunitateak, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44. artikuluaren bidez, eskumen osoa du gizarte zerbitzuen arloan. Horren arabera, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legea eman du, funtsezko helburua, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, herritarren gizarte ongizatea lortzea duena, gizarte zerbitzuetarako eskubide unibertsala bermatuta. Horretarako, gizarte zerbitzuen sistema bat eratu du.

Foru lege hori garatzeko, ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren bidez, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onetsi zen. Horren bidez, gizarte zerbitzuen sistema publikoko laguntza guztiak zehazten dira. Haien aplikazio esparrua Nafarroako Foru Komunitate osoa da.

Aldi baterako egonaldi zerbitzua honela definitzen da aipatu foru dekretuaren I. eranskineko B, C, D eta E letretan eta II. eranskineko A eta B letretan: zaintzaile nagusiaren aldi baterako egoerei (eritasunak, ospitaleratzea edo beste beharrizan edo betebehar pertsonal batzuk) zein erabiltzailearen egoerei (ebakuntza kirurgiko baten ondoren suspertzea, eritasun larria, eriondoko aldi baterako egonaldiak) erantzuteko sortutako zerbitzua, kontuan hartuta egonaldi horiek egun bat eta hogeita hamar egun bitartekoak direla zaintzailearen atsedenagatik, eta gehienez hiru hilabetekoak onuraduna suspertzeagatik edota zaintzailea ospitaleratzeagatik.

Horren harian, Autonomia Pertsonala Sustatzeko eta Mendetasuna duten Pertsonei Laguntzeko abenduaren 14ko 39/2006 Legeak ezartzen du beharrezkoa dela mendekotasuna duten pertsonei laguntza integrala, integratua eta pertsonalizatua ematea eta beharrezko baldintzak bultzatzea, ahalik eta autonomia handienarekin bizi daitezen, eta saiatzea, aukera dagoen aldiro, bizitza egiten duten ingurunean jarrai dezaten.

Bestalde, urtarrilaren 19ko 6/2009 Foru Dekretua onetsi da, mendekotasuna baloratu eta aitortzeko eta mendekotasuna duten pertsonentzako banakako arreta programa prestatzeko prozedurak arautzen dituena.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluak eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuak eman dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Aplikazio esparrua.

Mendekotasuna duten adinekoei, ezgaitasuna duten pertsonei eta buru-eritasuna duten pertsonei laguntzeko aldi baterako egonaldi zerbitzuei aplikatuko zaie foru agindu hau.

2. artikulua. Aldi baterako egonaldi zerbitzuen modalitateak.

1. Bi modalitatetan banatzen dira 1. artikuluan aipatu pertsonentzako aldi baterako egonaldi zerbitzuak:

a) Aldi baterako egonaldi zerbitzua, zaintzaile ez-profesionalei laguntzeko. Zaintzaileen egoera iragankorrei erantzutea du helburu, beren premia edo eginbehar pertsonalak bete ahal ditzaten.

b) Aldi baterako egonaldi zerbitzua, erabiltzaileei arreta emateko. Erabiltzaileen egoera iragankorrei (ebakuntza kirurgiko edo eritasun larrietatik suspertzea, istripu edo gaixotasunen osteko eriondoa, edo zaintzailearen eritasun larria edo ospitaleratzea) erantzutea du helburu.

2. Salbuespenez, bidezko arrazoiak izanez gero, bestelako egoera larri edo bereziei erantzunen zaie (maizter-botatzeak, hondamendi naturalak eta antzeko egoerak). Horrelakoetan, aldi baterako egonaldi zerbitzua emateko edo ukatzeko ebazpena eginen da.

3. artikulua. Aldi baterako egonaldi zerbitzuen iraupena.

Gizarte Zerbitzuen Zorroan aurreikusten da aldi baterako egonaldi zerbitzuen iraupena, modalitate bakoitzerako.

Urtean egonaldi bat baino gehiago egiteko eskubidea duten pertsonek ezin izanen dute gainditu, egonaldi guztiak baturik, ezarritako gehieneko iraupena, salbu eta arrazoi larri eta justifikatuengatik bidezkoa denean. Aldez aurretik, baimena beharko da.

4. artikulua. Aldi baterako egonaldi zerbitzuez baliatzeko baldintzak.

1. Adinekoak, ezgaitasuna duten pertsonak eta buru-eritasuna duten pertsonak aldi baterako egonaldi zerbitzuez, laguntza bermatu gisa, baliatzeko, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren I. eranskineko B, C, D eta E letretako baldintzak bete behar dira eskaera aurkezten den unean eta zerbitzuak irauten duen bitartean.

2. Adinekoak, ezgaitasuna duten pertsonak eta buru-eritasuna duten pertsonak aldi baterako egonaldi zerbitzuez, bermatu gabeko laguntza gisa, baliatzeko, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren II. eranskineko A eta B letretako baldintzak bete behar dira eskaera aurkezten den unean eta zerbitzuak irauten duen bitartean.

5. artikulua. Erabiltzaileen parte-hartzea zerbitzuaren kostuan.

Egoitzan aldi baterako sartzeko zerbitzuaren edozein modalitatetan, foru dekretu bidez arautuko da onuradunek zerbitzuaren kostuan izanen duten parte-hartzea. Foru dekretu horren bidez onuradunen ahalmen ekonomikoa zehazteko modua eta onuradunek Nafarroako Foru Komunitateko prestazioen finantzabidean izanen duten ekarpenerako irizpideak finkatuko dira.

6. artikulua. Beste prestazio eta laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Prestazio hau Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroan agertzen diren prestazio bermatu eta bermatugabe guztiekin bateragarria da, salbu eta egoitzako prestazio iraunkorrekin eta eguneko arretarekin.

7. artikulua. Aldi baterako egonaldi zerbitzuaz baliatzeko prozedura.

1. Aldi baterako egonaldi zerbitzua eskuratzeko prozedura, zerbitzu hori Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroaren I. eranskineko B-15, B-16, B-17 eta B-18 ataletan aurreikusitako prestazio bermatu gisa baliatzen denean, urtarrilaren 19ko 6/2009 Foru Dekretuan ezarritakoa izanen da, horren bidez arautu baitziren Nafarroako Foru Komunitatean mendekotasuna baloratu eta egiaztatzeko eta Mendekotasuna duten pertsonendako Banakako Arreta Programa prestatzeko prozedurak.

2. Eskatzaileari familia-egoerak bere ohiko inguruan bizitzen segitzea eragozten diola-eta prestazioa bermatua denean, balorazio zerbitzuak familia egoera balora dezala eskatu behar da egoitzako plaza bat eskuratu ahal izateko eta halakotzat aitortua eta baloratua izateko.

3. Zerbitzua I. eranskineko C-2, C-3, D-7 eta E-8 ataletako laguntza bermatua edo II. eranskineko A-7, A-8, B-5 eta B-6 ataletako laguntza bermatugabea izanez gero, prozedura alderdi batek eskatuta hasiko da, eskabidea aurkeztuta, hain zuzen ere.

Eskabide orokorraren bidez egiten ahal da eskaera; bestela, zerbitzuaz baliatzeko eskaera egiteko dagoen inprimaki normalizatuaren bidez. Inprimaki horiek Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren bulego nagusietan (González Tablas kalea, 7, Iruña) ematen zaizkie interesdunei, baita Foru Komunitateko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetan ere.

Eskabideak, behar bezala beteak eta eskatutako agiriekin batera, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren erregistroan aurkeztuko dira edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako lekuetako batean.

Eskaerak foru agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, eskatzaileari errekerimendua eginen zaio 10 eta 15 egun baliodun bitarteko epean, akatsa zuzen dezan edo behar diren agiriak ekar ditzan. Halaber, ohartaraziko zaio ezen, horrela egin ezik, eskaera bertan behera utzi duela ondorioztatuko dela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 42. artikuluan ezarritakoari jarraikiz emanen den ebazpenaren bidez.

Eskaera aurkeztearekin batera, Administrazioari baimena ematen zaio bidezko diren egiaztapen lanak egin ditzan, interesdunek emandako informazioa benetakoa ote den eta eskatutako baldintzak betetzen ote dituzten egiaztatzeko.

Eskabideei agiri orokor hauek erantsi beharko zaizkie:

a) Nortasun agiri nazionalaren edo, Espainiako nazionalitatea ez duten pertsonendako, bizileku txartela.

b) Erroldatze-agiria, eskaera egin aurreko bi urteetan Nafarroako Foru Komunitatean etengabe bizi izan dela egiaztatzeko.

c) Eskatzaileak ordezkari baten bidez badihardu, ordezkariaren nortasun agiri nazionalaren fotokopia eta ordezkaritza frogatzen duen agiria.

Agiri hauek ere eskatuko dira I. eranskineko C-2, D-7 eta E-8 ataletan aurreikusitako zerbitzuaz baliatu ahal izateko:

a) Eskatzailea, ezarritako baremoaren arabera, familia gatazka larria duen edo/eta familia-sostengu egokirik ez duen pertsona dela dioen ziurtagiria.

Agiri hauek ere eskatuko dira I. eranskineko C-3 atalean aurreikusitako zerbitzuaz baliatu ahal izateko:

a) Eskatzailea, ezarritako baremoaren arabera, familia gatazka larria duen edo/eta familia-sostengu egokirik ez duen pertsona dela dioen ziurtagiria.

b) Buru-eritasunekin edo/eta dementziekin (alzheimerra, dementzia degeneratiboa, baskularra edo bestelakoa) lotutako defizit kognitiboak edo/eta portaera arazoak egiaztatzen dituzten txosten medikoak.

Agiri hauek ere eskatuko dira II. eranskineko A-7 atalean aurreikusitako zerbitzuaz baliatu ahal izateko:

a) Nafarroako Mendekotasun Agentziak emandako egokitasun txostena.

Agiri hauek ere eskatuko dira II. eranskineko A-8 atalean aurreikusitako zerbitzuaz baliatu ahal izateko:

a) San Francisco Javier Zentroko balorazio taldeak emandako egokitasun txostena.

b) Buru-eritasunekin edo/eta dementziekin (alzheimerra, dementzia degeneratiboa, baskularra edo bestelakoa) lotutako defizit kognitiboak edo/eta portaera arazoak egiaztatzen dituzten txosten medikoak.

Agiri hauek ere eskatuko dira II. eranskineko B-5 eta B-6 atalean aurreikusitako zerbitzuaz baliatu ahal izateko:

a) Nafarroako Mendekotasun Agentziak emandako egokitasun txostena.

b) Elbarritasunaren ziurtagiria, eskatzailearen %33ko elbarritasuna edo handiagoa egiaztatzen duena.

Aurreko atalean adierazitako dokumentazioa ez da aurkeztu beharrik izanen, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren esku baldin badago. Horrelako kasuetan, eskatzaileek zein espedientetan dagoen adierazi beharko dute eta, gainera, aitorpen bat aurkeztu beharko dute, agiri horietan aldaketarik izan ez dela adierazteko. Era berean, prozeduraren instrukzio organoak behar diren datuak eskatzen ahalko dizkie interesdunei.

Nafarroako Mendekotasun Agentziako organo eskudunak ebatziko ditu eskaerak. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, eskaera eskumena duen organoaren erregistroan tramitatze bidean jartzeko sartzen den egunetik kontatzen hasita.

4. Zaintzaile ez-profesionalei laguntzeko eskaerak honela aurkeztu behar dira:

a) Erabiltzailea Aste Santutik ekainaren 30era bitartean egoitzan sartzea eskatu nahi bada, urtarrilaren 2tik otsailaren 28ra bitartean aurkeztu behar da eskaera.

b) Erabiltzailea udan sartzea eskatu nahi bada, urtarrilaren 2tik apirilaren 15era bitartean aurkeztu behar da eskaera.

c) Gainerako kasuetan, eskaera urte osoan aurkez daiteke.

8. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

Hauek dira onuradunen betebeharrak:

a) Foru agindu honetan eskatzen diren betebehar eta baldintzak betetzen dituztela frogatzea.

b) Gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuak egin ditzakeen egiaztapenak onartu, horretarako eskatzen zaizkion agiri eta ziurtagiriak aurkeztu eta, prestazioa emateko kontuan hartu ziren inguruabarrak aldatzen badira, haien berri ematea.

c) Zerbitzuaren kostuan parte hartzea, araudiari jarraituz.

Xedapen indargabetzaile bakarra.-Indargabetutako arau eta manuak. Indarrik gabe uzten dira foru agindu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko arau guztiak. Bereziki, indargabetuta dago abenduaren 18ko 7069/2002 Ebazpena, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, eskaerak tramitatzeko epeak finkatzen dituena adinekoentzako zentroetan egonaldiak egiteko, lagundutako pertsonekin bizi diren ahaideen atsedenerako, delta testaren bidezko balorazioaren arabera.

Xedapen gehigarri bakarra.-Hiru urteko epean, ez da Banakako Arreta Programa berrikusi beharrik izanen prestazio hau eskuratzeko, ez baldin badira aldatu mendekotasun gradua edo maila eta hura eragin zuten inguruabarrak.

Azken xedapen bakarra.-Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2009ko azaroaren 12an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

Iragarkiaren kodea: F0926478