155. ALDIZKARIA - 2009ko abenduaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

2321/2009 EBAZPENA, azaroaren 17koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Ingurumen baimen integratua ematen duena, eta Ingurumen eraginaren adierazpena egiten, Mendigorriko udal mugapeko zerrikumeen instalazio baterako eta hondakin organikoen biometanizazio instalazio baterako. Titularrak Granja El Saso, S.L. eta Bioenergía Mendi, S.L. dira.

Espediente mota: Ingurumen baimen itegratua (aldaketa funtsezkoa).

Espedientearen kodea: 0001-00038-2009-000005 / 0333/09 (AAI).

Aplikazio araua: Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legea.

Eranskina eta epigrafea: 2B - 9.1d.

Jarduera: zerrikumeen produkzioa.

Sustatzaileak: Granja El Saso, S.L. - Bioenergía Mendi, S.L.

Zentroaren zenbakia: 3116704020.

Udalerria: Mendigorria.

Proiektua: Biometanizazio eta kogenerazio instalazioa.

Eskaeraren data: 2009-7-17.

Instalazio hori Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legearen 2B eranskineko 9.1 d) epigrafean dago jasota, "Hegaztien edo behi nahiz zerri aziendaren hazkuntza intentsiborako instalazioak, umetarako zerramentzat 750 toki baino gehiago dituztenak" izenekoan; beraz, Ingurumen baimen integratuaren eta nahitaezko Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren araubidearen mende dago.

Bestalde, instalazio hori Kutsaduraren Aurkako Aurreneurri eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen I. eranskineko 9.3 b) epigrafean jasota dago, "Hegaztien edo zerrien hazkuntza intentsiborako instalazioak, umetarako zerramentzat 750 toki baino gehiago dituztenak" izenekoan.

Bestetik, instalazioa Proiektuen Ingurumen Eragina Ebaluatzeari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren I. eranskineko 1. taldeko e.4) atalean sarturik dago.

Ingurumen, Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariaren azaroaren 27ko 440/2006 Foru Aginduaren bidez Ingurumen baimen integratua eman zen eta Ingurumen eraginaren adierazpena egin, aldekoa, Mendigorriko udal mugapeko zerri-aziendaren ustiategi proiektuaren gainean. Granja La Serna, S.A.k sustatu zuen. Gero instalazioaren titulartasuna Granja El Saso, S.L.ra aldatu zen.

2009ko uztailaren 17an, instalazioaren aldaketa funtsezkoa egiteko eskaera egin zen, instalazio bat eraikitzeko, zerri-aziendaren ustiategiak sortutako mindak anaerobikoki tratatzeko eta instalazio horretan lortutako biogasarekin energia elektrikoa ekoizteko (kogenerazioa).

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legean xedatutakoarekin bat tramitatu da espedientea, eta prozeduran sartu dira urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuan aurreikusi diren ingurumen ebaluazioaren arloko jarduketak.

Industria establezimendua ez dago ekainaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan. Dekretu horrek istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen, gai arriskutsuak tarteko diren kasuetarako.

Egindako tramitazio administratiboaren laburpena ebazpen honen VI. eranskinean dago. Ez da proiektuari buruzko alegaziorik aurkeztu jendaurrean egon den artean.

Ingurumenaren arloko eskumenak Ingurumenaren eta Uraren zuzendariari, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariari eta Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendariari eskuordetzen dizkien urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehena.-Ingurumen baimen integratua ematea zerri-aziendaren ustiategiak eta biometanizazio eta kogenerazio instalazioak osatutako multzoari. Mendigorriko udal mugapean dago, eta Granja El Saso, S.L. eta Bioenergía Mendi, S.L. dira titularrak.

Bigarrena.-Ingurumen eraginaren adierazpena egitea zerri-aziendaren ustiategirako eta hori handitzeko proiekturako, biometanizazio eta kogenerazio instalazioa egiteko. Ingurumenari dagokionez proiektua bideragarritzat jo da.

Hirugarrena.-Instalazio horri lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena ematea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean xedatutakoaren arabera.

Laugarrena.-Jarduera hori gauzatzeko nahitaezkoa izanen da baldintzak betetzea, hots, Ingurumen baimen integratuaren eskaeraren oinarrizko proiektuan eta 0333/09 (AAI) espediente administratiboko gainerako agirietan aipatzen diren baldintzak betetzea, betiere ebazpen honen II., III., IV. eta V. eranskinetako neurriak betez.

Bosgarrena.-Ingurumen baimen integratu honek zortzi urteko indarraldia du. Iraungi baino gutxienez ere hamar hilabete lehenago, titularrak baimena berritzeko eskatu beharko du, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 30. artikuluko administrazio prozedurarekin bat. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Seigarrena.-Jardueran edozein aldaketa egiteko, titularrak aldez aurretik Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari jakinarazi beharko dio. Adierazi beharko du funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea ote den aldaketa, eta arrazoiak eman, kontuan harturik Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua. Aipatutako erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Zazpigarrena.-Instalazioak hondakin arriskugarrien sortzaileen erregistroan duen inskripzioa bere horretan uztea PP/1315/NA/2006 zenbakiarekin, urriaren 13ko 312/1993 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat. Sortzen ahal dituen hondakin arriskugarriak Ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean ageri dira. Hondakin arriskugarrien sorreran egiten diren aldaketak jakinarazi egin beharko dira, erregistratzeko eta, bidezkoa bada, aipatutako III. eranskin horretan sartzeko.

Zortzigarrena.-Instalazioa hondakin ez-arriskugarrien kudeatzaileen erregistroan inskribatzea 15G04167040202009 zenbakiarekin, hondakin ez-arriskugarriak kudeatzen dituen zentro gisa. Ingurumen baimen integratuaren IV. eranskinean ageri dira kudeatzen ahalko dituen hondakin ez-arriskugarriak. Hondakinen kudeaketan egiten diren aldaketa guztiak jakinarazi behar dira, erregistratzeko eta, bidezkoa bada, lehen aipatutako IV. eranskinean sartzeko.

Bederatzigarrena.-Abeltegiko simaurrak sortu eta kudeatzeko plana onestea (IV. eranskina).

Hamargarrena.-Instalazioa irekitzeko baimena eskatu beharko du titularrak, martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 40. artikuluan xedatutakoaren arabera, bai eta ebazpen honen II. eranskinean ezartzen diren baldintzetan xedatutakoaren arabera ere. Aipatutako erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Hamaikagarrena.-Ingurumen baimen integratu hau ematen da. Horrek ez du galarazten, dena dela, instalazioari aplikatzekoak zaizkion gainerako legeetan ezarritako betebeharrak, bereziki hauetan xedatutakoa: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2002ko urriaren 3ko 1774/2002 Erregelamenduan (EE) -gizakien kontsumorako ez diren animalia-azpiproduktuei aplikatzekoak zaizkien osasun arauak ezartzen dituen horretan-, eta ongarriei buruzko uztailaren 8ko 824/2005 Errege Dekretuan.

Hamabigarrena.-Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamairugarrena.-Adieraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela haren kontra, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epe horiek ebazpen honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.

Hamalaugarrena.-Ebazpen hau jakinaraztea Granja El Saso, S.L.ri, Bioenergía Mendi S.L.ri, Mendigorriko Udalari, Nafarroako Larrialdietako Agentziako Babes Zibilerako Zuzendaritzari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Nekazaritza Zerbitzuari, Abeltzaintza Zerbitzuari, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari eta Ingurumen Zaintzari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko azaroaren 17an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (Iruñeko Armada etorbidea, 2, behea, 7. solairua, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren web atarian, hain zuzen ere Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren sailean, "Ingurumen baimenak" kontsulten atalean.

Iragarkiaren kodea: F0926955