155. ALDIZKARIA - 2009ko abenduaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

3/2009 LEGEGINTZAKO FORU DEKRETUA, azaroaren 23koa, Tributu Harmonizazioari buruzkoa, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legea aldatzen duena.

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 32. artikuluak xedatzen duenez, Nafarroako Foru Komunitateak, balio erantsiaren gaineko zergaren esparruan tributuak ezartzeko ahalmena erabiliz, Estatuan unean-unean indarra duten oinarrizko printzipio, funtsezko arau eta arau formal berak aplikatu behar ditu. Horregatik, Foru Komunitateak Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legeari dagozkion aginduak Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko araudiak araubide erkidean izan duen aldaketara egokitu behar ditu.

Higiezinen Merkatuko Inbertsioko Sozietate Anonimo Kotizatuak arautzen dituen urriaren 26ko 11/2009 Legeak zenbait alderditan aldatu du Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 37/1992 Legea.

Lehenik, jasanarazitako kuotei dagozkien kredituak osorik edo partez kobraezinak direnean zerga-oinarria murrizteari dagokionez, bi zehaztapen sartu dira: eperako edo prezio geroratuko eragiketen kasuan, urtebeteko epea zenbatuko da ordaindu gabeko epea edo epeak amaitzen direnetik aurrera; eta, gainera, nahikoa izanen da zordunari epe horietako bat kobratzeko erreklamazioa egina izatea auzibidean.

Bigarrenik, "subjektu pasiboaren inbertsioa" duten egoerei (eragiketak enpresaburuentzat edo profesionalentzat egiten direnean eta haiek direnean subjektu pasiboak), xedetzat berotegi-efektuko gasak isurtzeko eskubideak dituzten zerbitzu-emateen kasuak gehituko zaizkie.

Hirugarrenik, %7ko tasa murriztuan sartuko dira etxebizitzetara soilik bideratutako eraikinak edo eraikinen zatiak erosteko aukera duten errentamenduak, eta %4ko tasa murriztuan, errentamendu horiek berak baldin eta administratiboki araubide bereziko babes ofizialeko etxebizitzaren edo sustapen publikokoaren kalifikazioa duten etxebizitzetara soilik bideratzen badira.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak 54.1 artikuluan xedatzen duenez, Hitzarmen Ekonomikoarekin bat tributu araubide erkidearen aldaketa batek behartzen badu Foru Komunitatean Estatuan unean-unean indarra duten arau berdin-berdinak, hots, funtsez eta formaz berdinak, aplikatzera, Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Parlamentuak haren esku utzirik, tributu arloko foru legeak aldatzeko behar diren foru legeen mailako arauak ematen ahalko ditu. Legegintzarako eskuordetza Estatuko tributuen aldaketak argitaratzearekin batera egiten dela ulertzen da.

Hori guztia dela eta, legegintzarako eskuordetza hori erabiliz, beharrezkoa da tributu harmonizazioari buruzko legegintzako foru dekretu baten bidez Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legea aldatzeko behar diren arauak ematea, abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 54.1 artikuluarekin bat.

Hori horrela, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2009ko azaroaren 23an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.-Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legea aldatzea.

Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen agindu hauek aldatu eta ondoren azaldu bezala gelditu dira:

Bat. 24.1 artikuluaren 2. bis zenbakia.

"2. bis. Obrak egiten direnean, materialak ekarri zein ez, onuradunak administrazio publikoak izanik, horiek jasotzen direnean, Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 136. artikuluan ezarritakoarekin bat edo, kasua bada, ekainaren 16ko 2/2000 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko Testu Bateginaren 147. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Bi. 28. artikuluko 4. atala.

"4. Zerga-oinarria proportzionalki murriztu ahalko da, orobat, kargaturiko eragiketengatik jasanarazitako kuotei dagozkien kredituak, osorik edo partez, kobraezinak direnean.

Horren ondorioetarako, kreditu bat osorik edo partez kobraezina dela ondorioztatuko da baldintza hauek betetzen baditu:

1. Jasanarazitako zerga sortu zenetik urtebete igarotzea haren ondoriozko kreditua osorik edo partez kobratu gabe.

Nolanahi ere, eperako edo prezio geroratuko eragiketen kasuan, urtebete igaro beharko da ordaindu gabeko epea edo epeak amaitzen direnetik zerga-oinarria proportzionalki murriztu ahal izateko. Ondorio horietarako, eperako edo prezio geroratuko eragiketatzat hartuko dira kontraprestazioa ordainketa bakarraren edo hurrenez hurrenekoen bidez beteko dela itundu diren horiek, betiere, jasanarazitako zerga sortzen denetik azken ordainketa edo ordainketa bakarra egiteko epea amaitzen den arte urtebete baino gehiago igaro bada.

2. Egoera hori kasuko zergarako behar diren erregistro-liburuetan jasota izatea.

3. Eragiketaren hartzaileak enpresaburu edo profesional gisa jardutea, edo, bestela, eragiketaren zerga-oinarria, balio erantsiaren gaineko zerga kenduta, 300 eurotik gorakoa izatea.

4. Subjektu pasiboak zordunari kobratzeko erreklamazioa egina izatea auzibidean.

1. baldintzan aipatutako eperako eragiketen kasuan, nahikoa izanen da zordunari epe horietako bat kobratzeko erreklamazioa egina izatea auzibidean zerga-oinarria ordaindu gabeko epeari edo epeei dagokien proportzioan aldatzeko.

Aldaketa hiru hilabeteko epean egin beharko da, aurreko lerroaldearen 1. baldintzan aipatzen den urtebeteko epea bukatzen denetik, eta horrez gainera, zerga arloko administrazioari jakinarazi beharko zaio erregelamenduz ezartzen den epean.

Zerga-oinarria murrriztu ondoren, ezin izanen da hura handitu, subjektu pasiboak kontraprestazio osoa edo zati bat kobratzen badu ere, salbu eta hartzaileak ez badu enpresaburu edo profesional gisa jarduten. Horrelako kasuetan, ulertuko da balio erantsiaren gaineko zerga jasotako diru-kopuruetan sartuta dagoela, jasotako kontraprestazioaren proportzio berean.

Aurreko lerroaldean xedatutakoa gorabehera, subjektu pasiboak zorra auzibidean erreklamatzeari uko egiten badio, zerga-oinarria berriz aldatu eta handitu beharko du. Horretarako, erreklamatzeari uko egiten dion egunetik hilabeteko epean zuzenketa faktura bat luzatu beharko du, bidezkoa den kuota jasanarazteko.''

Hiru. 31.1.2 artikuluari d) letra gehitzea.

"d) Zerbitzu-emateen xede direnean berotegi-efektuko gasak isurtzeko eskubideak, isurien murrizketa ziurtatuak eta isuriak murrizteko unitateak. Horiei buruzkoak dira martxoaren 9ko 1/2005 Legea, Berotegi-efektuko Gasen Igorpen Eskubideen Salerosketa arautzen duena, eta uztailaren 20ko 1031/2007 Errege Dekretua, Kiotoko protokoloaren malgutasun mekanismoetan parte hartzeko esparrua garatzen duena."

Lau. 37. Bat. 2. artikuluari beste zenbaki bat (17.a) gehitzea.

"17. Etxebizitzetara soilik bideratutako eraikinak edo eraikinen zatiak erosteko aukera duten errentamenduak, garaje-plazak barne, gehienez ere bi unitate, eta horiekin batera errentan hartzen diren bertako eranskinak."

Bost. 37. Bi. 2. artikulua.

"2. Ondoko zerbitzu-emate hauek:

1. Bigarren atal honen 1.4 idatz-zatiko lehenengo paragrafoan jasotako ibilgailuak eta gurpil-aulkiak konpontzeko zerbitzuak eta autotaxiak eta autoak eta agindu horren beraren bigarren idatz-zatian aipatutako ibilgailu motordunak ezinduentzat egokitzeko zerbitzuak, horien gidaria edonor izanik ere.

2. Etxebizitzetara soilik bideratutako eta administratiboki araubide bereziko babes ofizialeko etxebizitzaren edo sustapen publikokoaren kalifikazioa duten eraikinak edo eraikinen zatiak erosteko aukera duten errentamenduak, garaje-plazak barne, gehienez ere bi unitate, eta horiekin batera errentan hartzen diren bertako eranskinak."

AZKEN XEDAPENA

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Tributu harmonizazioari buruzko legegintzako foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra, eta ondoko atal hauen gainean izanen ditu ondorioak:

a) Bigarren eta hirugarren atalak 2009ko urriaren 28tik aurrera aplikatuko dira.

b) Laugarren eta bosgarren atalak aplikatuko zaizkie etxebizitzak erosteko aukera ematen duten eta 2009ko urriaren 28tik aurrera eskatu ahalko diren errentamendu-kontratuei dagozkien errentei, betiere erosteko aukera hori gauzatu ez bada.

Iruñean, 2009ko azaroaren 23an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Álvaro Miranda Simavilla.

Iragarkiaren kodea: F0927094