155. ALDIZKARIA - 2009ko abenduaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

2687/2009 EBAZPENA, azaroaren 18koa, Enpresako zuzendari nagusiak emana, toki entitateei bizikletak alokatzeko sistema publikoak ezartzeko 2009-2010 kanpainarako diru-laguntzen deialdia onesten duena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta Energiaren Dibertsifikazio eta Aurrezpenerako Institutuak, 2008ko otsailaren 26an, lankidetzarako esparru hitzarmen bat sinatu zuten 2008-2012rako, Energia Aurrezteko eta Eragimenez Erabiltzeko Estrategiaren 2008-2012 urteetarako Ekintza Planean (PAE4+) aurreikusitako jarduketak zehaztu eta abian jartzeko.

Hori horrela, energiaren arloko jarduketak egin nahi dira, energiaren kontsumoa murrizteko eta intentsitate energetikoa (energia kontsumoaren eta barne produktu gordinaren arteko erlazioa) gutxitzeko. Neurri horien artean dago diru-laguntzen deialdi hau, iaz egindakoaren jarraipena dena. Deialdiaren helburua hiri barruko joan-etorrietan eragina izatea da, garraiobiderik eraginkorrenetako bat, hots, bizikleta, gehiago erabiltzeko. Horretarako, Nafarroako toki entitateei diru-laguntzak emanen zaizkie, bizikletak alokatzeko sistema publikoak ezarri eta daudenak zabaltzeko.

Adierazitakoarekin bat eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Toki entitateei bizikletak alokatzeko sistema publikoak ezartzeko diru-laguntzen 2009ko deialdia onestea.

2. Diru-laguntzak emateko ebazpen honen I. eranskinean dauden oinarri arautzaileak eta bizikletak alokatzeko ezarritako sistema publikoen ezaugarriak, II. eranskinean biltzen direnak, onestea.

3. 40.000 euroko gastua baimentzea, ebazpen honen ondoriozko konpromisoak finantzatzeko, 2009ko gastuen aurrekontuko "Energia aurrezpen eta eragimenerako toki entitateentzako transferentziak" izeneko 810003-81140-7609-425200 kontu-sailaren baliokidea izanen den 2010eko gastuen aurrekontuko kontu-sailaren kargura.

Halaber, 2010eko ekitaldian kontu-sail horretan aurrekontu erabilgarririk bada deialdian hasieran aurreikusitakoari gehitzen ahalko zaio.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta horren aurka interesa duten administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan adierazitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2009ko azaroaren 18an.-Enpresako zuzendari nagusia, Begoña Urien Angulo.

I. ERANSKINA

Toki entitateei bizikletak alokatzeko sistema publikoak ezartzeko 2009-2010 kanpainarako diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea.

Diru-laguntza hauen helburua hiri barruko joan-etorrietan eragina izatea da, garraiobiderik eraginkorrenetako bat, hots, bizikleta, gehiago erabiltzeko.

Horretarako, Nafarroako toki entitateei diru-laguntzak emanen zaizkie, bizikletak alokatzeko sistema publikoak ezarri eta daudenak zabaltzeko.

2. oinarria. Diru-laguntza jaso dezaketen kostuak eta horiek egiteko epea.

1. Hauek dira diruz laguntzen ahal diren kostuak:

a) Nafarroako toki entitateek bizikletak alokatzeko sistema publikoak ezartzea, eta horiek 2010eko abuztuaren 31 arte mantendu eta kudeatzea. Deialdiaren II. eranskinean zehazten dira ezarritako sistemek bete behar dituzten baldintzak.

Diru-laguntzaren onuradun diren toki entitateek sistemaren hornidura eta horretarako laguntza kontratatu beharko dituzte, Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

Eragimenaren eta Energia Berriztagarrien Atalak "Espainian bizikleta publikoetarako sistemak ezartzeko gida metodologikoa" jarriko du hala eskatzen duten toki entitateen eskura; gida hori Energiaren Dibertsifikazio eta Aurrezpenerako Institutuak (IDAE) argitaratu du.

b) Bizikletak alokatzeko arian diren sistema publikoak handitzea, ez, baina, sistema baten ordez beste bat paratzea. Kasu horretan, bizikleten eta bizikleta geltokien zifrak sistema handitzeari dagozkio.

Arian den sistema bat toki entitate mugakide batean abian jartzea handitzetzat joko da.

Ezarritako sistemak handituz gero, handitze horrek osorik bateragarria izan beharko du aurreko edo toki entitate mugakideko sistemarekin (kontrol eta kudeaketa sistema bera erabiliz), herritarrek errazki erabil ahal dezaten.

c) BEZa, 2009ko uztailaren 1a baino lehen egindako gastuak eta 2010eko irailaren 1az geroztik sistema mantentzeko kostuak ez dira kostu hautagarritzat joko.

d) Hurrengo oinarrian ezarritako gehieneko kostu hautagarriaren barruan, bizikleta geltokien kokagune hoberena eta toki entitate eskatzaileari hobekien doakion sistema zehazteko behar diren ikerlanak sartzen ahalko dira. Hala ere, kasu hori ezin izanen da izan kalkulatzeko formularen ondoriozko kostu hautagarri osoaren %10 baino gehiago eta kanpoko zerbitzuak kontratatzeko erabili beharko da.

2. Sistemak edo haren handitzeak 2010eko abuztuaren 31 baino lehen egon beharko du ezarrita eta jardunean.

3. oinarria. Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Bizikletak alokatzeko sistema publikoa ezartzeko kostuaren %100ekoa izanen da diru-laguntza. Gehieneko kostu hautagarria formula honen arabera zehaztuko da, eurotan:

90.000*(N/100) 0,6 + 16.000*B 0,6 (N = bizikleta kopurua eta B = bizikleta geltokien kopurua), alegia, N bizikleta kopurua zati 100 eta ber 0,6 bider 900, gehi B bizikleta geltokien kopurua ber 0,6 bider 16.000 (adibidez: 97.172,89 euro, 60 bizikleta eta 3 geltokiko sistemarako).

Diru-laguntza hori Energiaren Dibertsifikazio eta Aurrezpenerako Institutuak emandako funtsei dagokie, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin sinatutako lankidetza hitzarmenari jarraikiz. Sistema ezartzeko kostuak aurreko formula erabiliz kalkulatua gainditzen badu, soberakina toki entitate onuradunek hartu beharko dute beren gain.

4. oinarria. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Diru-laguntza hauen onuradun izanen dira:

a) Nafarroako toki entitateak edo legez osatutako udal elkarteak.

Eskaera udal elkarte batek eginez gero, agiri bat aurkeztu beharko da, elkartea osatzen duten toki entitateek bizikletak alokatzeko sistema publikoa ezarri eta kudeatzeko eskumena udal elkartearen esku dutela adierazten duena.

b) Entitate edo udal elkarte eskatzaileek 10.000 bizilagun baino gehiago izan beharko dituzte.

Ondorio horietarako, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak otsailaren 23an emandako 26/2009 Foru Aginduan xedatutakoa hartuko da kontuan. Foru agindu horrek Nafarroako kontzejuetako biztanleen zifrak, 2008ko urtarrilaren 1ari dagozkionak, ofizialtzat jotzen ditu.

5. oinarria. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Eskaera Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko Erregistroan aurkeztuko da (Tomás Caballero parkea, 1, 31005 Iruña) edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetako edozeinetan.

Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean egin beharko da, lehenengo orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti) agertu ahal izateko. Datu horiek guztiak gordekinean ere azalduko dira.

2. Eskabideak ereduaren arabera beteko dira. Hona hemen non atzeman daitezkeen:

-Nafarroako Gobernuaren web orriko laguntzen katalogoan.

-Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko Erregistroan (Iruñeko Tomás Caballero parkeko 1ean).

Eredu horretan, eskabidearekin batera aurkeztu behar den dokumentazioa zehazten da.

6. oinarria. Diru-laguntza emateko irizpide objektiboak.

Hona hemen diru-laguntza eskaerak baloratzeko irizpideak:

a) Sistema erabil dezaketen bizilagunak. Honelaxe kalkulatuko dira, toki entitate (edo udal elkarte) eskatzaileko bizilagunak, toki entitate mugakideetako bizilagunen erdiak gehiturik:

-40.000 bizilagun baino gehiago: 10 puntu.

-20.000 bizilagunetik 39.999 bizilagunera: 7 puntu.

-10.000 bizilagunetik 19.999 bizilagunera: 4 puntu.

b) Bizikletaren sustapena aztertzeko duen ikerlan edo plan zuzendari bat edukitzea:

-Bukatua: 10 puntu.

-Egiten ari bada: 5 puntu.

c) Oraingo sistema handitzea:

-Toki entitate edo udal elkarte eskatzailean berean: 10 puntu.

-Toki entitate mugakide batean: 5 puntu.

-Eskabidearekin batera aurkeztutako memoriaren balorazio teknikoa: 10 puntu bitarte.

7. oinarria. Diru-laguntza ematea.

Eragimenaren eta Energia Berriztagarrien Atalak oinarri hauetan ezarritako irizpideei jarraikiz ebaluatuko ditu eskaerak. Horretarako, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Garraioen Plangintza eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuaren lankidetza eta txostena eskatzen ahalko ditu.

Diru-laguntzak emateari buruz ebazteko eskumena Enpresako zuzendari nagusiari dagokio. Ebazpena sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe horretan eskatzaileari berariazko ebazpenik jakinarazi ezean, eskaerak administrazioaren isiltasunaren bidez ezetsi direla ulertuko da.

Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka, interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

8. oinarria. Diru-laguntzaren ordainketa eta justifikazioa.

1. Onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea izateko, onuradunak frogatu beharko du bizikletak alokatzeko sistema publikoa abian jarri duela, 2010eko irailaren 30a baino lehen, agiri hauek 5. oinarriaren 1. atalean zehaztu bezala aurkeztuz:

a) Inbertsioari edo diruz lagundutako gastuari dagozkion fakturen fotokopia, eta haiek ordaindu izanaren agiriena.

b) Sistema, haren bizikleta geltokiak eta haren bizikletak kudeatu eta mantentzeko kontratuaren fotokopia. Gutxienez ere 7 urterako izanen da, abian jartzen denetik hasita.

c) Kasua bada, diru-laguntza emateko ebazpenean zehazten den beste edozein agiri.

2. Frogagiriak aztertuta, Eragimenaren eta Energia Berriztagarrien Atalak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Enpresako zuzendari nagusiari. Horrekin batera, onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten eginbeharrak bete dituztela frogatzen duen txostena aurkeztuko da.

9. oinarria. Onuradunen betebeharrak eta haiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntzaren onuradunek betebehar zehatz hauek izanen dituzte:

a) Bizikletak alokatzeko ezarritako sistema publikoa ezin hobeki mantentzea, gutxienez ere 7 urtez, abian jartzen denetik hasita, II. eranskinean xedatzen denarekin bat.

b) Bizikletak alokatzeko sistema publikoaren erabilera sustatzea.

c) Sistemari lotutako ahozko aurkezpen guztietan, Energia Aurrezteko eta Eragimenez Erabiltzeko Estrategiako 2008-2012 urteetako PAE4+ Ekintza Planaren bidez finantzatu dela adierazi beharko da. Plan hori IDAE eta Nafarroako Gobernua gauzatzen ari dira.

2. Onuradunek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.

3. Diru-laguntza emateko ebazpenean, oinarri hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezik, onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharren bat hein batean bete ezik, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, hala behar denean, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

4. Arauak ez betetzeagatik diru-laguntzak kobratzeko eskubidea galdu eta kopuru horiek askatuz gero, aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaeretarako erabiltzen ahalko dira.

10. oinarria. Diru-laguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, jarduketa bererako emandako beste laguntza batzuekin.

11. oinarria. Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Toki entitateek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute oinarri arautzaileen aurka, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

12. oinarria. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Eragimenaren eta Energia Berriztagarrien Atalak Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren web orrian jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak, hauexek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu kredituri egotziko zaien, onuradunak, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

II. ERANSKINA

Bizikletak alokatzeko sistema publikoaren betebeharrak

1. Oinarrizko ezaugarriak.

Bizikletak alokatzeko sistema publikoa bizikletak alokatu edo maileguan uzteko sistema bat da, administrazio publiko batek kudeatua (kasu honetan, toki entitate batek edo udal elkarte batek), zuzenean edo, maizago, kontratu publiko baten bidez.

Haren xedea garraiobide kutsagarrienei alternatiba bat ematea da. Hori dela eta, gehiago jotzen da garraiobide publikotzat, aisiatzat edo kiroltzat baino.

Bizikleta geltokiek eta bizikletek osatutako sistema errazki handitzen ahalko du toki entitate edo udal elkarte eskatzaileak, edo toki entitate mugakideek.

2. Bizikleten ezaugarriak.

Paseoko bizikletak izan beharko dute, asfaltorako eta berezko lurra ez beste zoruetarako prestatuak (hala nola, espaloietarako edo zementuzko bideetarako) eta ezaugarri normalak dituzten pertsonek erabiltzekoak (1,50-1,85 metro luze, 50-100 kilokoak). Hala ere, bizikleta gutxi batzuk tamaina "berezietarako" izaten ahalko dira.

Bizikleta baten egituraz eta osagaiez gain, honako hauek izanen dituzte:

-Zelaren garaiera moldatzen ahalko da.

-Lohi-babesa.

-Katearen babesgailua.

-Argiak aurrean eta atzean.

-Martxa sistema bat, gutxienez ere 38 plater-hortz eta 28 pinoi-hortz izanen dituena, edo baliokidea, erabiltzaile gehien-gehienek %8tik beherako maldetan erabil ahal ditzaten.

-Txirrina.

3. Bizikleta geltokien ezaugarriak.

Bizikletak espresuki haietarako diseinatutako geltoki edo instalazio batzuetan egonen dira erabiltzaileen eskura. Bizikleta geltokiek bide emanen dute erabiltzaileak erregistratzeko, lapurretarik ez izateko edo arrazoirik gabeko matxurak saihesteko. Erregistro hori eskuz egiten ahalko da (norberaren laguntzako sistema baten bidez) edo sistema automatiko baten bidez.

Bizikleta geltokiek, esparru edo eraikin itxi batean ez badaude, bizikleta-aparkaleku bat (osorik edo hein batean estalia edo babestua) edukiko dute eta, sistema automatikoa bada, erregistratu eta pagatzeko sistema elektroniko bat. Esparru publikoetan (kiroldegietan edo bestelako instalazioetan) ere uzten ahalko dira.

Joan-etorriak etengabeak diren tokietan kokatuko dira, ahal dela, bizikleta geltokiak: saltokietan, gizarte edo kultura etxeetan, kiroldegietan, tren edo autobus geltokietan eta abarretan.

4. Sistema berrietako gutxienezko bizikleta geltokien kopurua.

Diru-laguntzetarako deialdi honen kargura, bizikleta geltoki hauek kokatuko dira gutxienez eta gehienez:

-Sistema ezarri berriak badira, bizikleta geltokiak toki entitate edo udal elkarte eskatzaileko bizilagunak zati 6.000 izanen dira (gorantz biribildurik), betiere ere 3 bizikleta geltoki gutxienez.

5. Gehieneko eta gutxieneko bizikleta kopurua.

Diru-laguntzetarako deialdi honen kargura, bizikleta hauek kokatuko dira gutxienez eta gehienez:

-Bizikleta geltokiak bider 7 izanen da gutxieneko kopurua (ondoriozko sistema berria dela edo handitua).

-Halaber, bizikleta geltokiak bider 25 izanen da gehieneko kopurua (ondoriozko sistema berria dela edo handitua).

6. Zerbitzuaren gutxieneko eskuragarritasuna.

Bizikleta alokatzeko diru-laguntzaren xede den sistema publikoak, dela berria, dela handitua, gutxieneko eskuragarritasun hau eskaini beharko du:

-Egunak:

Zerbitzua egunero. Aukera izanen da urtean gehienez ere 15 egunean zerbitzurik ez eskaintzeko.

-Ordutegia:

12 ordu eskura, gutxienez.

-Bizikletak:

Kudeaketak eta mantentzeak ziurtatu beharko dute bizikleten %85 eskura daudela irekitzen deneko egun eta orduetan.

Gainera, bizikleta geltokien arteko bizikleta txandaketak ziurtatu beharko du, salbu eta, une zehatz batean bizikleta guztien %75 erabiltzen badira, bizikleta geltokian gutxienez bizikleta bat dagoela eskura edo hori gertatzen ez deneko denbora gehienez bi ordukoa dela.

7. Erabiltzaileak sistema erabiltzeko mugak.

Sistema erabiltzeko (dela berria edo handitua), muga hauek izanen dira:

-Bizikleta erabiltzeko gehienezko denbora: 4 ordu. Denbora gutxiago izaten ahalko da.

-Alokairuen arteko gutxieneko epea: 15 minututik (gomendatzekoa) 30 minutura (gehienekoa) bitarte.

8. Sistemaren kostua erabiltzailearentzako.

Sistema mota honen helburua da berau ahalik eta gehien erabiltzea. Beraz, erabiltzailearentzako kostua, halakorik bada, txiki-txikia izanen da.

Hori horrela, alokatzen den lehen ordua doakoa izanen da (gomendatzekoa) edo gehienez ere 0,50 euro kostako da. Lehen ordutik aurrera, gehieneko kostua euro batekoa izanen da orduko.

Halaber, sistemak izen-ematerik behar baldin badu, doakoa izanen da. Hala ere, berme bat ezartzen ahalko da sistema gaizki erabiltzen denerako.

9. Kudeaketaren eta mantentzearen finantzaketa.

Sistema horien kudeaketa eta mantentzea oso garestiak direnez, toki entitate edo udal elkarte eskatzaileak edonola ere finantzatzen ahalko dituzte, betiere, aurreko puntuan xedatu bezala, erabiltzailearen bizkar ez badira: publizitatea, zirkulazioaren gaineko zerga, aparkaldiak arautzen dituzten ordenantzen ondoriozko diru-sarrerak eta abar.

Hala ere, oinarri arautzaile hauetan xedatutakoaren arabera, deialdi honetako diru-laguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, jarduketa bererako emandako beste laguntza batzuekin.

Iragarkiaren kodea: F0926996