155. ALDIZKARIA - 2009ko abenduaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

338/2009 FORU AGINDUA, azaroaren 12koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, ezgaitasunak dituzten pertsonen arloko gizarte ekimeneko entitateei diru-laguntzak emateko deialdia onesten duena, 2010erako, autonomia sustatu eta mendekotasunari aurrea hartzeko programak gauzatzeko.

Gizarte zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 2. artikuluak ezartzen duenez, botere publikoen jarduketek funtsezko helburu hauek izanen dituzte, besteak beste, gizarte zerbitzuen arloan: pertsona guztien bizi kalitatea hobetzea eta haien normalizazioa, partaidetza eta integrazioa bultzatzea gizartean, politikan, ekonomian, lan arloan, kulturan eta hezkuntzan; autonomia pertsonala, familiarra eta taldeena bultzatzea; kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea; pertsonen eta taldeen bazterketa egoerei aurrea hartzea eta haietaz arduratzea; eta mendekotasunak eta oinarrizko baliabide ezak eragindako premiei erantzutea. Gainera, xedatzen du Gizarte Zerbitzuen Zorroan ezarriko direla gizarte zerbitzuen sistema publikoaren prestazioak.

Agindu hori Nafarroako Foru Komunitateak gizarte laguntzaren arloan duen eskumen esklusiboaren arabera eman zen. Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.17 artikuluarekin lotu behar da, hark ematen baitio Foru Komunitateari ezgaitasunak dituzten pertsonen arloko eskumen esklusiboa, bai eta Espainiako Konstituzioaren 49. artikuluarekin ere, zeren, horren arabera, botere publikoek urritu fisiko, zentzumenezko eta psikikoak tratatu, errehabilitatu, integratu eta haien arazoei aurrea hartzeko politika eginen baitute.

Ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren bidez, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onetsi zen. II. eranskinean, "Bermatu gabeko prestazioak" izenekoan, 14. puntuan, diru-laguntzak ezartzen ditu ezgaitasunak dituzten pertsonen arloko gizarte zerbitzuetako entitateentzat eta, horretaz gainera, xedatzen du baliabidearen helburua dela ezgaitasunak dituzten pertsonen autonomia pertsonala bultzatzeko eta mendekotasunari aurrea hartzeko programak indartzea, bai eta horretan ari diren irabazi asmorik gabeko entitateen arteko elkarteak sustatzea ere.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak diru-laguntzei aplikatu beharreko araubide juridiko orokorra ezartzen du, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kontura ematen direnean onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko. Arau horren 17. artikuluak norgehiagokako araubidea ezartzen du. Horren arabera, honakoa joko da norgehiagokatzat: diru-laguntzak emateko aurkezten diren eskaerak alderatzea, lehentasunaren arabera ordenatzeko, oinarri arautzaileetan eta deialdian ezarri diren balorazio irizpideei jarraituz, eta irizpide horien arabera balorazio onena lortu duten eskaerei diru-laguntza esleitzea, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarriarena gainditu gabe. Salbuespenez, oinarri arautzaileetan hala aurreikusiz gero, diru-laguntzetarako jarritako gehieneko zenbateko osoa diru-laguntzaren onuradunen artean hainbanatzea proposatzen ahalko da.

Irailaren 10eko 184/2007 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Mendekotasun Agentziaren estatutuak onetsi ziren eta erakunde horri eman zitzaizkion deialdi honen xedeko arloari buruzko eginkizunak.

Espedienteari lotutako txosten teknikoak eta juridikoak ikusita, agerian daude deialdi hau onetsi izanaren egokitasuna eta onura publikoa, baita haren nahiz oinarri arautzaileen legezkotasuna ere.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskudantzien arabera,

AGINDU DUT:

1. Ezgaitasunak dituzten pertsonen arloko gizarte ekimeneko entitateei diru-laguntzak emateko deialdiko oinarriak onestea, 2010erako, autonomia sustatu eta mendekotasunari aurrea hartzeko programak gauzatzeko. Foru agindu honen I. eranskinean ageri dira.

2. 854.314 euroko gastua baimentzea, "Diru-laguntzak, ezgaitasunak dituzten pertsonen arloko entitateen programetarako" izeneko 2010eko gastuen aurrekontuaren kontura, edo ekitaldi horretarako sortzen den 2009. urteko aurrekontuko kontu-sail baliokidearen kontura ("Diru-laguntzak, ezgaitasunak dituzten pertsonen arloko entitateen programetarako" izenekoa eta 920005-91810-4819-231310 zenbakikoa), horretarako baldintza izanik bertan dirua izatea.

3. Foru agindu hau igortzea Nafarroako Mendekotasun Agentziako Programen Atalari, baita Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Aurrekontuen Kudeaketarako Atalari ere, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko azaroaren 12an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

I. ERANSKINA

Oinarriak, ezgaitasunak dituzten pertsonen arloko entitateen programetarako diru-laguntzak emateko, 2010erako

1.-Xedea eta modalitateak.

1.1. Xedea.

Deialdi honen xedea da 2010eko ekitaldirako diru-laguntzak emateko araubide bat sortzea, ezgaitasunak dituzten pertsonen arloko gizarte ekimeneko entitateentzat, irabazi asmorik ez badute eta Nafarroan kokaturik badaude, betiere gizarte gaien esparruan autonomia pertsonala sustatu eta mendekotasunari aurrea hartzeko programak gauzatzen badituzte.

Diru-laguntza hauen bidez entitate horien proiektuak bultzatu nahi dira, ezgaitasunen bat duten pertsonen behar berariazkoei arreta emateko ekintzak sustatzeko, bai eta pertsona horien independentzia sustatzeko eta mendekotasunari aurrea hartzeko ere.

1.2. Modalitateak.

a) Programetan egituratutako eskaera. Gehienez ere 10 programa lagunduko dira.

b) Programa orokor batean egituratutako eskaera, hots, entitatearen jarduera guztiak programa bakar batean bilduz.

Modalitate hauetarako eskaerak bateraezinak dira elkarren artean.

1.3. Programen tipologia.

Aurkezten diren programak eta programa orokorreko jarduerak ezagaitasunen bat duten pertsonen autonomia sustatzea eta mendekotasunari aurrea hartzea izanen dute helburu, eta tipologia hauetako batean sartuko dira:

-Ezgaitasuna duen pertsonari banakako laguntza ematea.

-Familiari banan-banako arreta ematea.

-Komunitatean integratzea eta komunitatearentzako laguntza.

-Autogestioa eta bizitza independentearen sustapena.

-Ezagutza eguneratzea (prestakuntza).

-Lanerako prestakuntza.

-Lanerako prestatu eta lan munduan sartzea.

-Aisia eta astialdia.

-Egokitutako kirolaren sustapena.

-Kalitatea kudeatzea.

2.-Aurrekontuko dirua.

854.314 euro erabiliko dira helburu horietarako, 2010. urteko gastuen aurrekontuko "Diru-laguntzak, ezgaitasunak dituzten pertsonen arloko entitateen programetarako" izeneko kontu-sailaren kontura, edo ekitaldi horretarako aurrekontuetan sortzen den antzeko kontu-sailaren kontura, horretarako baldintza izanik bertan dirua izatea.

3.-Betebeharrak.

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak jaso ahal izateko, entitateek betebehar hauek bete beharko dituzte:

3.1. Entitate eskatzaileen betebehar orokorrak.

a) Legez eratutako pertsona juridikoa izatea eta bidezkoak diren erregistroetan inskribatua egotea:

-Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren mendeko Elkarteen Erregistroa.

-Entitatearen izaera juridikoagatik dagozkion bestelakoak.

b) Helbide soziala Nafarroako Foru Komunitatean izatea. Hori oinarri honetako 3.1.a) puntuan aipatzen den erregistroko inskripzioaren bidez frogatuko da.

c) Irabazi asmorik ez izatea.

d) Erakundearen helburua ezgaitasunen bat duten pertsonentzako jarduerak egitea dela agertzea estatutuetan.

e) Helburuak lortu ahal izateko egitura egokia eta langile eta baliabide nahikoak izatea eta proposatutako helburuak lortzeko behar den esperientzia eta esku hartzeko gaitasuna frogatzea.

f) Beste finantzabide bat edukitzea, funts berekietatik eta/edo bestelako diru-laguntza publiko edo pribatuetatik.

g) Zergei buruzko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko eta haren erakunde autonomoekiko zorrak kitatuak izatea, edo, bestela, entitate horiekin ordainketa geroratu edo zatikatzeko itun bat lortu dela frogatzea.

h) Diru-laguntzen onuraduna izateko Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan aipatutako gainerako debeku egoeretan ez egotea.

Aipatutako baldintza horiek guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eta diruz lagundutako jarduerak irauten duen bitartean bete beharko dira.

3.2. Diru-laguntzaren xede diren programen betebeharrak:

a) Deialdiaren printzipio, helburu eta xedeekin bat etortzea, deialdia onesten duen foru aginduan eta deialdi honen 1. oinarrian xedatutakoaren arabera.

b) Beste finantzabide bat edukitzea, funts berekietatik eta/edo bestelako diru-laguntza publiko edo pribatuetatik.

c) Entitate bakoitzaren eskaera 10 programatan zatikatzen ahalko da, gehienez.

d) Programa horietako bakoitzean zehaztuko da eskatutako diru-laguntzaren zer zenbateko dagokion programari.

e) Nafarroako Mendekotasun Agentziari diru-laguntza lehenbizikoz eskatzen dioten entitateek eta iaz eskatu ez zutenek programa bakar baterako diru-laguntza eskatzen ahalko dute eta, eskabidea aurkezturik ere, diru-laguntzarik hartu ez duten entitateek ere bai.

4.-Eskaerak aurkeztea.

4.1. Eskaerak non eta noiz aurkeztu.

Entitate interesdunek eskaera bat aurkeztu beharko dute, horretarako prestatu den eskabide ereduaren arabera. Eredua Nafarroako Mendekotasun Agentziako bulego nagusietan (González Tablas kalea, 7) eta erakunde beraren web orrian eskuratzen ahalko da.

2010. urteko urtarrilean aurkeztu beharko da eskaera, entitate interesdunaren legezko ordezkariak sinaturik, edo, deialdi hau urtarrilaren 1a baino geroago argitaratzen bada, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Eskaerak Nafarroako Mendekotasun Agentziaren erregistroan (González Tablas kalea, 7, 31005 Iruña), Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38.4 artikuluan ezarritako tokietako edozeinetan aurkezten ahalko dira.

Postetxeetan aurkezten diren eskaerak gutun-azal irekietan sartuko dira. Horrela, onartu zeneko eguna adieraziko da lehenbiziko orrialdeko goiko aldean, bai eta posta zerbitzuak arautzeko abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan aipatzen diren gainerako zehaztapenak ere.

Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi hau agintzen duten oinarriak onartzea.

4.2. Entitate eskatzaileak aurkeztu beharreko agiri orokorrak.

a) Elkarte edo entitatearen estatutuak.

b) Kasuan kasuko inskripzioa bidezko diren erregistroetan egin dela frogatzen duten agiriak:

-Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren mendeko Elkarteen Erregistroa.

-Entitatearen izaera juridikoagatik, dagokion beste edozein inskripzio.

c) Diru-laguntzaren eskaera sinatzen duen pertsonaren ordezkaritza frogatzen duen agiria eta pertsona horren nortasun agiri nazionala.

d) Entitatearen identifikazio fiskaleko txartela.

e) Ordainketa transferentzia bidez jasotzeko eskaera.

f) Erantzukizuneko aitorpena, entitatearen ordezkariak emana, adierazten duena ez entitatea, ez administratzaileak eta ez ordezkariak ere ez daudela diru-laguntzen onuradun izateko debekuetan. Debeku horiek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan ageri dira.

g) Hala behar izanez gero, eta oinarri arautzaile hauen 13.1.a) atalean xedatutakoari dagokionez, diru-laguntzaren helburuak betetzeko diru-funtsak aurretiaz behar direla justifikatzeko txostena.

h) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak luzaturiko ziurtagiria, frogatzen duena indarra duten xedapenek Gizarte Segurantzarekiko ezartzen dizkion eginbeharrak eguneraturik dituela, gehienez ere hiru hilabeteko aldeaz egindakoa.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 8. idatz-zatian eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legearen 9. artikuluko 4. idatz-zatian xedaturikoarekin bat, ez dago a), b), c), d), e) eta h) letretan eskatzen diren agiriak aurkeztu beharrik, baldin eta horiek Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar badituzte edo Administrazioak dagoeneko dauzkan datuak badira. Kasu horietan, agirietan aldaketarik izan ez bada, berriz aurkeztu beharrean, entitatearen ordezkariaren aitorpen bat egin daiteke, inguruabar hori azaltzeko.

4.3. Entitate eskatzailearen dokumentazioa.

a) Entitatearen memoria teknikoa, eskaeraren aurreko urtean eginiko jarduera eta/edo programak laburki azaltzen dituena.

b) Entitateak eskaeraren aurreko urtean izandako diru-sarrera eta gastuen balantzea.

c) Entitatearen proiektua, eskaeraren urtean garatu asmo dituen jarduera eta/edo programak laburki azaltzen dituena.

d) Entitateak kasuan kasuko urterako duen diru-sarrera eta gastuen aurrekontu orokorra.

4.4. Diru-laguntzaren xedeko programei buruzko dokumentazioa.

a) Diru-laguntzaren xede izan daitekeen programa bakoitzeko memoria tekniko eta ekonomikoa, aurreko urteari buruzkoa. Memoria hori eranskin honen 14. oinarrian xedaturikoarekin bat prestatuko da.

Eskaera aurkeztu aurreko urteari buruzko agiriek, 4.3 eta 4.4 puntuetan eskatzen direnek, kasuan kasuko urteko deialdi guztietarako balio dute. Ez da beharrezkoa agiri horiek aurkeztea baldin eta aurreko ekitaldiko diru-laguntza justifikatzeko ezarritako epean aurkeztu badira, edo kasuan kasuko urteko deialdi batean, hau baino lehen. 4.3 puntuko c) eta d) letretan eskatzen diren agiriak ez dira aurkeztu beharko baldin eta urte bereko deialdi batean, hau baino lehen, aurkeztu badira.

Kasu horietan, agirietan aldaketarik izan ez bada, berriz aurkeztu beharrean, entitatearen ordezkariaren adierazpen bat egiten ahalko da, inguruabar hori azaltzeko eta noiz aurkeztu zen zehazteko.

b) Zein programatarako eskatzen den diru-laguntza, haien deskripzioa, hauxe zehazturik:

-Izena.

-Helburuak.

-Eginen diren jarduerak.

-Jardueretarako egutegi eta ordutegiak.

-Giza baliabideak (zehaztu langile kontratudunak, boluntarioak etab.).

-Finantza baliabideak (diru-sarreren eta gastuen aurrekontua, aurreikusitako finantzabideak).

-Nafarroako Mendekotasun Agentziari eskatutako zenbatekoa.

-Ebaluazioaren aurreikuspena (adierazleak, etab.).

4.5. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Eskabidearekin batera aginduzko agiriak aurkeztu ezean, instrukzio organoak entitate eskatzaileari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala eta adieraziko dio horrela egin ezik haren eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko aginduko da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 42. artikuluan ezarri bezala.

5.-Antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

Deialdi honen ondorioetarako, diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak Programen Atalari esleitu zaizkio. Oinarri arautzaile hauetan "instrukzio organoa" aipatzen delarik, ulertzen da atal horretaz ari dela.

Nafarroako Mendekotasun Agentziako zuzendari kudeatzaileak izanen du kontzesio prozedura ebazteko eskumena.

6.-Diru-laguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidez tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak konparatuz, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

7.-Diruz lagun daitezkeen kontzeptuak eta gehieneko zenbatekoak.

7.1. Diruz lagun daitezkeen kontzeptuak.

Entitateek aurkeztutako programa bakoitzeko langile eta jardueren berariazko gastuen aurrekontua egiten ahalko dute.

Funtzionamenduaren eta langileen oinarrizko gastuak, "Elkartegintzaren sustapena" deialdian aipatzen direnak, ezin izanen dira aurkeztu.

7.2. Diruz lagun daitezkeen gehieneko zenbatekoak.

a) Programa bakoitzari dagokion aurrekontu onartua ezartzeko, proiektuan sartutako kostu ekonomikoen ebaluazioa eginen da. Aurreikusitako gastuak goitituak daudela ikusiz gero, diru-laguntza eman aitzin, programaren kostu ekonomikoaren beste balorazio bat eginen da prezio errealak erabiliz. Betiere, aurrekontu onartuak ez du programan aurreko urtean eginiko gastuaren %5a gaindituko, salbu eta, salbuespen gisa, espedientean gehitze handiago baten beharra erabat justifikaturik adierazten bada.

b) Sortu berriak diren entitateak eta/edo programak edo aurreko urtean diru-laguntzarik jaso ez dutenak eta programa orokor batean egituratutako proiektuak:

Gehieneko diru-laguntza 6.500 eurokoa izanen da.

c) Kalitatea ezartzeko programa:

Kalitate sistemak ezartzeko kasuan, diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa 6.500 eurokoa izanen da. Diru-laguntza hori entitate bakoitzarendako kontzesio bakarrekotzat joko da.

8.-Balorazioa.

Balorazioa bi fasetan eginen da: lehen fasean entitatea diru-laguntzaren xedeko proiektuaren gauzatzailea izanen den aldetik baloratuko da, alegia, gauzatzeko duen balizko gaitasuna. Bigarrenean, aurkezturiko programa baloratuko da.

Bi faseak zein bere aldetik baloratuko dira, hurrengo oinarrian aipatzen diren irizpide eta puntuazioak erabilita. Fase bakoitzean gehienez ere 100 puntu lortzen ahal dira.

Lehenbiziko fasea baztertzailea da. Beraz, bigarren fasera pasatzeko, entitateek puntuazio hauek lortu beharko dituzte:

a) "Programetan egituratutako proiektua" aurkeztu duten entitateak: 60 puntu gutxienez.

b) "Programa orokor batean egituratutako proiektua" aurkeztu duten entitateak: 40 puntu gutxienez.

Bigarren fasean, ontzat hartua izateko, programa bakoitzak puntuazio hauek lortu beharko ditu:

a) Programetan egituratutako proiektuak: aurkeztutako proiektu bakoitzean, 60 puntu gutxienez.

b) Programa orokor batean egituratutako proiektuak: aurkeztutako proiektu bakoitzean, 40 puntu gutxienez.

Diru-laguntza jasotzeko, programa bakoitzak, bi faseen artean, gutxienez 120 puntu lortuko ditu denera, "Programetan egituratutako proiektua" modalitatean, eta 80 puntu "Programa orokor batean egituratutako proiektua" modalitatean.

9.-Balorazio irizpideak.

9.1. Lehen fasea: entitatea proiektuaren gauzatzaile gisa baloratzea.

a) Azpiegitura (25 puntu):

-Proposatzen diren helburuak beteko direla bermatzeko azpiegitura aski izatea.

-Egitura, curriculuma, gaitasun teknikoa eta ekonomikoa, lokaletan sartzeko erraztasunak etab. aztertuko dira.

b) Entitateen koordinazioa (10 puntu):

-Aretoen erabilera partekatzea eta entitateen elkartzea.

c) Barne koherentzia (25 puntu):

-Baloratuko dira baliabide tekniko eta ekonomikoetara egokitzeko gaitasuna, ukituriko pertsonen beharren eta horiek asetzeko entitateak duen gaitasunaren arteko erlazioa, bazkide kopurua eta, entitatearen egiazko gaitasuna kontuan hartuz, zein neurritaraino dagoen prest proiektuan aldaketak egiteko.

-Halaber, hasierako aurrekontuaren eta aurreko urteko azken balantzearen arteko koherentzia baloratuko da.

d) Kofinantzaketa (25 puntu):

-Kofinantzaketa hauxe da: entitatearen, bazkide eta/edo erabiltzaileen eta beste entitate batzuen diru-sarrerak izatea.

e) Boluntarioak (15 puntu):

-Entitatean boluntarioak izatea, eta haien inplikazio maila.

9.2. Bigarren fasea: programetan egituratutako proiektuen balorazioa eta programa orokor batean egituratutako proiektuen balorazioa.

-Programaren alderdi teknikoak baloratuko dira, hots, koherenteak izatea eta elkarrekin bat etortzea oinarriak, helburuak, jarduerak, egutegia, espero diren emaitzak, ebaluzioaren adierazleak, egiaztapenetarako iturriak, baliabide tekniko eta ekonomikoak eta abar. Puntuazioa honela banatuko da:

a) Aurkezpena (10 puntu).

-Aurkezpena, idazketa, datu ekonomikoen azalpena, kalitatearen adierazleak eta egiaztatzeko aldagaiak hartuko dira kontuan.

b) Programaren bat etortzea (15 puntu).

-Aurkezten den programaren eta eranskin honetako 1.3 oinarrian aipatzen den programa tipologiaren arteko egokitasuna baloratuko da, bai eta zer lotura duen autonomia pertsonalaren sustapenarekin, ezgaitasunak dituzten pertsonen mendekotasunaren prebentzioarekin eta gizarte gaiekin ere.

c) Programaren izaera (15 puntu).

-Honako hauek hartuko dira kontuan: Foru Komunitatean hirugarren adinaren arloan egindako beste programen osagarria izatea eta haiekin integratzea, gauzatuko den jardueraren ezaugarriak, gizartean izanen duen eragina, eskariaren jatorria eta autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari aurrea hartzeko helburua betetzeko bideraturik egotea.

d) Programetako parte-hartzea (15 puntu).

-Programaren hartzaileak kontuan hartuz programak izan dezakeen balioa baloratuko da.

e) Kofinantzaketa (15 puntu).

-Kofinantzaketa hauxe da: entitatearen, bazkide eta/edo erabiltzaileen eta beste entitate batzuen diru-sarrerak izatea.

f) Eskatzailearen eskarmentua diru-laguntza jaso nahi duten programetan (25 puntu).

-Aurreko urteko antzeko proiektuaren edo proiektuen eraginkortasuna baloratuko da. Proiektuan jarritako helburuen eta lortutako emaitzen arteko konparazioa eginen da, eta egindakoaren eta aurreikusitakoaren arteko aldea neurtuko.

-Halaber, aurten proposatutako helburuak eta aurreko urtean lortutako emaitzak eta aurreko urteko programaren benetako gastua eta kasuan kasuko urterako aurrekontua elkarrekin bat etortzea baloratuko da.

g) Eragina lurraldean (5 puntu).

-Entitateak programa Foru Komunitateko herrietan ezartzeko duen gaitasuna kontuan hartuko da.

10.-Diru-laguntzaren zenbatekoaren esleipena.

Diru-laguntzaren zenbatekoa lortzen diren puntuen eta aurrekontuan dagoen diruaren arabera banatuko da.

10.1. Sortu berriak diren entitateak eta/edo programak edo aurreko urtean diru-laguntzarik jaso ez dutenak, kalitate sistemak ezartzeko programak eta programa orokor batean egituratutako proiektuak:

Gehieneko diru-laguntza 6.500 eurokoa izanen da.

Diru-laguntzaren zenbatekoa lorturiko puntuen arabera esleituko da, ezarritako gehieneko diru-laguntzatik abiatuta, portzentaje tarte hauek aplikatuz:

TARTEAK

ZENBATEKOA

80 puntu baino gutxiago

0,00

80tik 85era bitarte

2.275,00

86tik 90era bitarte

4.550,00

91tik 95era bitarte

5.525,00

96tik 100era bitarte

6.175,00

100dik gora

6.500,00

Aurreko lerroaldean ezarritakoaren ondorioetarako, entitateek aldaketarik baldin badute, antzinatasuna errespetatuko da baldin eta elkargo edo fundazioen forma juridikoan bakarrik aldatu badira, edo entitatearen izena bakarrik aldatu bada, betiere gorabehera hori estatutuetan jasotzen baldin bada.

Dagokion diru-zenbatekoa behin betikoa izanen da eta eranskin honen 10.2 oinarriari dagozkion esleipenak egin aurretik kalkulatuko da.

10.2. Programetan egituratutako proiektuak.

Onartutako programa orotan lortutako puntuazioaren eta diru-laguntzaren eskaeraren arabera eginen da diru-laguntzaren zenbatekoaren esleipena, eta ondoko portzentajeak ezarriko dira gehieneko diru-laguntza gisa entitateak aurkeztutako eta instrukzio organoak onartutako aurrekontuaren gainean (foru agindu honen 7 oinarrian ezarritako irizpideak):

Gehieneko diru-laguntzaren portzentaje taula:

PUNTUAZIOA

DIRU-LAGUNTZAREN PORTZENTAJEA

AURREKONTUAREKIKO (%)

120 baino gutxiago

%0

120tik 179ra bitarte

(Lortutako puntuazioa - 120) = aplikatu beharreko portzentajea

180tik 200era bitarte

%80

Balorazio ekonomikoaren ondoriozko zenbateko osoa aurrekontuetan dagoen dirua baino handiagoa bada, kasuan kasuko baremoen aplikazioaren ondoriozko zenbatekoak hainbanatuko dira.

11.-Prozeduraren ebazpena, jakinarazpena, publizitatea eta errekurtsoak.

Eskaerak ebaluatu ondoren, puntuazioa eman eta behin betiko balorazioa eginen da, aurreko oinarrian adierazi bezala.

Instrukzio organoak proposamen-txostena eman aurretik, interesdunei entzuteko tramitea egiten ahalko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 84. artikuluari jarraikiz.

Proposatzen den diru-laguntzaren zenbatekoa aurkeztutako eskaeran ageri dena baino txikiagoa izanez gero, entitate eskatzaileak eskaera aldatzen ahalko du, jakinarazten denetik gehienez ere hamar egun naturaleko epean. Betiere, bermatu beharko da aldatutako proiektuak jatorrizko proiektuaren xede eta ezaugarri berak errespetatzen dituela.

Halaber, aldatutako proiektuaren aurrekontua ez da txikiagoa izanen proposatutako diru-laguntzaren zenbatekoaren eta hasiera batean aurreikusitako kofinantzaketaren batura baino, salbu eta kudeaketa organoak onartutako aurrekontura doitzen bada.

Instrukzio organoak egindako ebazpen proposamena ikusita, Nafarroako Mendekotasun Agentziako zuzendari kudeatzaileak ebazpena emanen du diru-laguntzetarako.

Ebazpena entitate interesdunei jakinaraziko zaie eta bertan hura emateko arrazoiak, diru-laguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta, halakorik bada, beste eskaerak ukatzeko arrazoiak adieraziko dira. Emanez gero, diru-laguntzaren helburua, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta gastuak justifikatzeko modua eta epea adieraziko dira.

Aurrekoa deusetan galarazi gabe, ematen diren diru-laguntzen gaineko ebazpena Nafarroako Mendekotasun Agentziaren iragarki oholean argitaratuko da (González Tablas, 7, Iruña). Argitalpen horretan, deialdia, programa, diru-laguntzak finantzatzeko aurrekontuko kreditua, onuradunak, emandako zenbatekoa eta diru-laguntzaren helburua adieraziko dira.

Ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita. Epe hori bukatuta, interesdunek eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Berariazko edo ustezko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiari zuzendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean xedatutakoarekin bat.

12.-Bateragarritasuna.

Deialdi honetan araututako diru-laguntzak xede bera duten beste edozein diru-laguntzarekin edo diru-laguntzekin bateragarriak dira. Hala ere, diru-laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo berezko baliabide batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

13.-Diru-laguntza ordaintzea.

13.1. Diru-laguntza aldez aurretik ordaintzeko hurrengo baldintza hauek bete beharko dira:

a) Entitateak frogatu beharko du diru-laguntzaren xedeak betetzeko funtsak behar dituela. Horretarako, eskabidearekin aurkeztu beharreko beste agiriekin batera, entitateak txosten bat aurkeztuko du, behar hori frogatuko duena.

b) Beharrezkoa izanen da Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren baimen berariazkoa, Foru Ogasunak aitortutako betebeharrei aurre egiteko funts likidoen egoeraren arabera emana.

Baldintza horiek bete ezik, diru-laguntza ordainduko da Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 32. artikuluan ezarritakoarekin bat, hiru hilabetetik hiru hilabetera zatikatua, oinarri arautzaile hauen 13.2 atalean xedaturikoarekin bat jarduera egin dela frogatu ondoren.

13.2. Aurreko atalean eskatutako baldintzak betez gero, aurrerakinak honela pagatuko dira:

Diru-laguntzak, arau orokor gisa, zatika ordainduko dira. Entitate bakoitzari emandako zenbateko osoaren %25 aurreratuko da gehienez.

Diru-laguntza emateko onetsitako ebazpena sinatzearekin batera eginen da lehen ordainketa zatitua.

Bigarren eta hurrengo ordainketak egiteko, aldez aurretik lehenago pagatutako zenbatekoaren gastuak justifikatu beharko dira; hain zuzen ere dagozkien kontzepturako erabili direla justifikatu beharko da.

Ordainketaren ondoren justifikatu gabeko zenbatekoak ezin izanen du inoiz emaniko zenbatekoaren %25 gainditu.

Salbuespenez, 5.000 euroko edo hortik gorako diru-laguntzak ordainketa bakarrean eginen dira.

Entitate onuradunak bankuaren abala edo legeetan aipatzen den beste berme bat aurkeztuz gero, emaniko diru-laguntzaren %25etik gorako aurrerakinak egiten ahalko dira, baldin eta diru-laguntza betetzeko funtsen beharra frogatzen bada. Kasu horretan, aurkezten den bermea aurreratu beharreko zenbateko osoaren adinakoa izanen da.

14.-Justifikazioa.

14.1. Diru-laguntza ordainketa zatituen bidez jasotzen duten entitateek justifikazio partzial bat aurkeztuko dute ordainketa baten gastua justifikatzen duten bakoitzean.

14.2. Justifikazio partzialetarako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Proiektuaren bilakaeraren berri ematen duen erdibideko txosten labur bat.

b) Aurkezpen eguna arte diru-laguntzaren xede diren kontzeptuei egozten zaizkien diru-sarrera eta gastuen zerrenda.

c) Kontzeptu bakoitzerako harturiko diru-laguntzari aplikaturiko gastuen zerrenda, non agiri zenbakia, kontzeptua, igorlea, data eta zenbatekoa zehaztuko diren. Zerrenda horrekin batera kasuan kasuko egiaztagiriak aurkeztuko dira. Horretarako, entitate onuradunak jatorrizko agiriak eta fotokopiak aurkeztuko ditu. Banku-laburpenak, gordekinak eta fakturak, igorlearen eta hartzailearen datuak, data, kontzeptua eta prezioa adieraziko dituztenak onartuko dira bakarrik egiaztagiri gisa, maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan xedaturikoarekin bat. Horren bidez fakturazio eginbeharrak arautzeko Erregelamendua onetsi zen. Jatorrizko fakturak Nafarroako Mendekotasun Agentzian zigilatuko dira, hartutako diru-laguntza justifikatzearren.

14.3. Azkeneko justifikazioa:

Diru-laguntza eman eta hurrengo urteko urtarrilean, entitate onuradunak memoria bat aurkeztuko du jardueraren gauzatzeaz. Bertan honako hauek adierazi beharko dira:

a) Entitatearen jarduera osoaren memoria labur bat, aurreko urteko ekitaldiko diru-sarreren eta gastuen balantze orokorra barne.

b) Diruz lagundutako programen gauzatzeari buruzko txosten teknikoa, atal hauek aipatuko dituena:

-Programaren izena.

-Jardueren ordutegia.

-Programaren eraginkortasuna. Urte hasieran jarritako helburu espezifikoen eta lortutako emaitzen arteko konparazioa, eta egindakoaren eta egin gogo zenaren arteko aldea.

-Eragimena. Lortutako emaitzen ebaluazioa, erabilitako baliabide tekniko eta ekonomikoak eta giza baliabideak kontuan hartuz.

-Eragina. Programak zein ondorio izan dituen ezgaitasuna duten pertsonen esparruan.

-Proiektuaren estrategiaren balorazioa. Proiektuan aurkitutako oztopo eta arazoen aurrean erantzun edo bide egokiena hartu ote den.

-Onuradunen parte-hartzea eta asebetetzea. Foru Komunitatean eragina jaso dutenen, bazkide kopuruaren eta parte-hartzaileen arteko proportzioa ebaluatuko da.

c) Programaren diru-sarreren zerrenda, non diru-sarrera guztiak adieraziko baitira, ondokoak zehaztuz: funts propioak eta Nafarroako Gobernuak, udalek, Lan eta Gizarte Gaien Ministerioak, Europar Batasunak eta beste entitate publiko edo pribatu batzuek emaniko baliabideak. Zerrenda horrek gastu guztiak ere bilduko ditu, honelaxe sailkaturik:

-Langileak.

-Jarduerak.

-Funtzionamendua.

d) Programa bakoitzerako jasotako diru-laguntzari aplikaturiko gastuen zerrenda, oinarri honen 14.2) puntuan adierazi bezalaxe.

Atal honetan aipatzen den eginbeharra aurreko urtean justifikazio partzialen bidez justifikatu ez den diru-laguntzaren zatiari dagokio.

e) Beste edozein dokumentazio grafiko edo idatzi, borondatez eman nahi dena, diruz lagundutako programaren gauzatze edo bilakaera onaren berri emateko.

14.4. Jarduerak, diru-laguntzaz gain, berezko funtsekin edo bestelako diru-laguntza edo baliabideekin finantzatuak izan direnean, justifikazioan diru-laguntza horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela.

Gastuen zerrenda aurkeztuz frogatuko da hori. Nolanahi ere, azkeneko justifikazioan kontabilitateko egoera-orriak aurkeztuz eginen da justifikazio hori.

14.5. Memoria teknikoa eta ekonomikoa aurkezteko, instrukzio organoak oinarrizko agiriak banatuko ditu, eta horiek Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren web gunean argitaratuko dira.

15.-Entitate onuradunen betebeharrak.

a) Proiektua entitateak eskaeran eta diru-laguntza emateko baldintzetan zehaztu bezala gauzatzea.

b) Buru-eritasunen bat duten pertsonei zuzendutako jarduerak egiten dituzten entitateen kasuan, helburu bertsuak dituzten zerbitzuetan egiten diren jardueren jarduera osagarriak egin beharko dituzte, ordutegi desberdinetan.

c) Eranskin honen 14. oinarrian aipatzen diren frogagiriak, tartekoak eta bukaerakoak, aurkeztea.

d) Deialdi honen kontura finantzatutako programa edo jardueren gaineko informazio, dibulgazio eta publizitate jarduketek nahitaez bete behar dute Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak kontratatutako eta/edo diruz-lagundutako jardueren gaineko informazio, dibulgazio eta publizitateari buruzko araudiak xedatutakoa.

e) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen legeriaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapenak onartzea.

f) Diru-laguntza jaso duen jardueraren frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

g) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo lortutako beste laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea diru-laguntza eman duen organoari. Egoera hori jakin bezain laster jakinarazi behar da eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

h) Entitatearen izaera dela-eta, eskatzen ahal zaizkion kontabilitate arloko betebeharrak betetzea.

i) Deialdian eta aplikatzekoak diren legeetan ezarritako kasuetan, hartutako funtsak itzultzea.

j) Diru-laguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako eginbeharrak.

16.-Azpikontratazioa eta hornitzaileen kontratazioa.

16.1. Azpikontratazioa.

Deialdi honetan adierazitako ondorioetarako, bidezkoa da azpikontratazioak egitea, alegia, beste batzuekin hitzartzea diru-laguntzaren xede den jardueraren hein bateko gauzatzea. Diru-laguntzaren xede den jarduera onuradunak berak egiten badu, gastu horren kontratazioa kontzeptu horretatik kanpo geldituko da.

Diruz lagundu den jardueraren kostuaren %50era arte azpikontratatzen ahalko du onuradunak. Hirugarrenekin hitzartutako jarduerak diru-laguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen duenean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa denean, azpikontratazioa egin ahal izateko, idatzizko kontratua sinatu beharko da.

16.2. Hornitzaileen kontratazioa.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 28. artikuluaren 3. idatz-zatian xedatutakoarekin bat, diru-laguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa, zerbitzuak aholkularitza edo laguntza enpresek ematen dituztenean, 12.000,00 euro baino handiagoa bada, onuradunak frogatu beharko du, organo emailearen aurrean, hornitzailea eragimen eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela.

Kasu horietan, entitate onuradunak helburua lortzeko gai diren hiru enpresarekin edo gehiagorekin kontsultatu eta negoziatu beharko ditu kontratuaren baldintzak, eta eskaintzarik hoberena egiten duenarekin sinatuko du. Kontsultatzeko izapidearen gaineko dokumentazioa eta eskaintzak gorde beharko ditu entitate onuradunak. Kontu horiek agirien bidez frogatu beharko ditu diru-laguntza ematen duen organoaren aurrean, kontratua burutu bezain laster. Agiri horiekin batera, enpresa hautatzeko arrazoiei buruzko txosten labur bat aurkeztuko du.

Zenbait enpresari kontsulta egitea ez da beharrezkoa izanen, diru-laguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasunagatik, merkatuan hornidura edo zerbitzua ematen duten enpresak behar adina ez direnean.

17.-Baldintzak aldatzea.

Entitate onuradunek, jasotzen dituzten bestelako diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrerez gain, diru-laguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan harturiko baldintzen aldaketa guztiak ere jakinarazi beharko dizkiote Nafarroako Mendekotasun Agentziari.

Salbuespen gisa, diru-laguntzak hartzen dituzten entitateek zilegi izanen dute diruz lagundutako programaren edukia aldatzeko eskatzea, bai eta hura egiteko modua eta epeak ere, programa gauzatzea eragotzi edo zailtzen duten gorabeherak agertuz gero.

Programa aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren gainean behar adina arrazoi eman beharko dira, eta inguruabar horiek gertatu eta berehala jakinarazi beharko dira, betiere diru-laguntzaren xede den programa gauzatzeko epea bukatu baino lehen.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzen aldaketa orok diru-laguntza emateko ebazpena aldarazten ahalko du, Nafarroako Mendekotasun Agentziak onartuta egonda ere, eta, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzultzeko eskatzen ahalko da.

18.-Itzulketa.

Programa burutzen ez bada edo diru-laguntza emateko ezarririko baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatuz gero, edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren eginbeharrak egin ezik, harturiko zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo hein batean. Legeek ezarritako kasuetan, gainera, bidezko izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorturiko berandutza interesak pagatzeko eskatzea.

Dirua itzultzeko prozedurak goian aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio eta hasten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da haren gainean.

Entitate onuradunak ia baldintza guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da, diru-laguntza emateko ezarririko baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

19.-Arau-hausteak eta zehapenak.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzen arloan ezarririko erantzukizunaren eta administrazio arau-hausteei buruzko zehapen araubidearen mende egonen dira deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak.

Diru-laguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

20.-Deialdiaren eta oinarri arautzaileen aurka bidezkoak diren errekurtso administratiboak.

Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra bidezko da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean xedatutakoarekin bat.

21.-Aplikatu beharreko arauak.

Oinarri arautzaileotan ezarrita dagoenaz gain, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak ere dira aplikatzekoak.

Iragarkiaren kodea: F0926479