155. ALDIZKARIA - 2009ko abenduaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

2/2009 LEGEGINTZAKO FORU DEKRETUA, azaroaren 23koa, Tributu Harmonizazioari buruzkoa, Zerga Bereziei buruzko abenduaren 30eko 20/1992 Foru Legea aldatzen duena.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak 54. artikuluko 1. idatz-zatian xedatzen du ezen Hitzarmen Ekonomikoarekin bat, tributu araubide erkidearen aldaketa batek behartzen badu Estatuan unean-unean indarra duten arau berdin-berdinak, hots, funtsez eta formaz berdinak, Foru Komunitatean aplikatzera, Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Parlamentuak haren esku utzirik, behar diren foru legeen mailako arauak ematen ahalko dituela tributu arloko foru legeak aldatzeko.

Aipatu legegintza eskuordetua erabiliz, Nafarroako Gobernuak onesten dituen xedapen horiei Tributu Harmonizaziorako Legegintzako Foru Dekretuaren izena emanen zaie.

Bestalde, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 35.4 artikuluak ezartzen du ezen, Foru Komunitateari dagozkion zerga bereziak ordainarazteko orduan, unean-unean Estatuko lurraldean indarra duten oinarrizko printzipio, funtsezko arau eta arau formal berak erabiliko dituela. Hala ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak aitorpena egin eta dirua pagatzeko ereduak onesten ahalko ditu, gutxienez ere araubide erkideko lurraldeko datu berak jasoko dituztenak, eta likidazioaldi bakoitzerako pagatzeko epeak finkatzen ahalko ditu, Estatuko Administrazioak ezartzen dituenetatik sobera bereiziko ez direnak.

Higiezinen Merkatuko Inbertsioko Sozietate Anonimo Kotizatuak arautzen dituen urriaren 26ko 11/2009 Legeak, zortzigarren azken xedapenean, Zerga Bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Legea aldatu du Zenbait garraiobideren gaineko zerga bereziari dagokionez eta, zehazki, motozikletei aplikatu beharreko zerga-tasen zehaztapenari dagokionez. Horrek guztiak 2009ko urriaren 28tik aurrera ditu ondorioak.

Motozikletei aplikatu beharreko zerga-tasen aldaketa horretan, eta aintzat hartuta Zenbait garraiobideren gaineko zerga bereziaren tributazioa CO2-ren isurien maila zehatzen arabera eginen dela, aldaketak sartu dira zerga-tasa horiei buruzko artikuluko 6. epigrafetik 9.era bitarte, biak barne.

Horregatik guztiagatik, beharrezkoa da, lehen aipatutako legegintzarako eskuordetza erabiliz, tributu harmonizaziorako legegintzako foru dekretu baten bidez Zerga Bereziei buruzko abenduaren 30eko 20/1992 Foru Legea aldatzeko behar diren arauak ematea, abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 54.1 artikuluarekin bat, Estatuarekin sinatutako Hitzarmen Ekonomikoaren 35. artikuluaren arabera Nafarroako Foru Komunitateak Estatuko lurraldean indarra duten arau berdin-berdinak -bai funtsari bai formari dagokionez- aplikatu behar dituen kasuak egokitzeko.

Bestalde, Zerga Bereziei buruzko Foru Legearen 42.1.d) eta 43.1.I) artikuluetan zeuden bi aipamen akastun zuzentzen dira.

Hori horrela, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2009ko azaroaren 23an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.-Zerga Bereziei buruzko abenduaren 30eko 20/1992 Foru Legea aldatzea.

Zerga Bereziei buruzko abenduaren 30eko 20/1992 Foru Legearen agindu hauek aldatu eta ondoren azaldu bezala geldituko dira:

Bat. 42.1.d) artikulua.

"d) Aurreko letretan aipatutako garraiobideen zirkulazioa edo erabilera Espainiako lurraldean, Espainian horien behin betiko matrikulazioa eskatu ez denean, foru agindu honen hirugarren xedapen gehigarriarekin bat, horiek erabiltzen hasi eta hurrengo hogeita hamar eguneko epean, betiere matrikulazioa Nafarroan egiten bada. Epe hori hirurogei egunekoa izanen da baldin eta titularraren ohiko helbidea Espainiako lurraldera aldatu izateagatik erabiltzen badira garraiobideak Espainiako lurraldean, betiere aplikatzen ahal bada foru lege honen 43. artikuluko 1.l) idatz-zatian jasotako kenkaria."

Bi. 43.1 I) artikuluaren 4. zenbakia.

"4. Matrikulazioa foru lege honen 42.1.d) artikuluan aurreikusitako epean eskatu beharko da.

Hiru. 47.1 artikuluaren 6., 7., 8. eta 9. epigrafeak.

"6. epigrafea. 9. epigrafearen c) letran sartzen ez diren motozikletak, horien CO2-ren isuri ofizialak 100 g/km-tik gorakoak ez badira.

7. epigrafea. 9. epigrafearen c) letran sartzen ez diren motozikletak, horien CO2-ren isuri ofizialak100 g/km-tik gorakoak eta 120 g/km-koak edo beherakoak badira.

8. epigrafea. 9. epigrafearen c) letran sartzen ez diren motozikletak, horien CO2-ren isuri ofizialak 120 g/km-tik gorakoak eta 140 g/km-tik beherakoak badira.

9. epigrafea.

a) Epigrafe honen c) letran sartzen ez diren motozikletak, horien CO2-ren isuri ofizialak 140 g/km-koak edo gorakoak badira.

b) Epigrafe honen c) letran sartzen ez diren motozikletak, horien CO2-ren isuri ofizialak frogatzen ez badira.

c) 74 kW-eko edo hortik gorako EEE potentzia (100 zp) duten motozikletak eta gehieneko potentzia garbia, ibilgailuaren masa martxan dagoelarik, 0,66 kW/kg-koa edo hortik gorakoa dutenak, CO2-ren isuri ofiziala edozein izanda ere."

AZKEN XEDAPENA

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Tributu harmonizazioari buruzko legegintzako foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra, eta haren Hirugarren atalak 2009ko urriaren 28tik aurrera izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2009ko azaroaren 23an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Álvaro Miranda Simavilla.

Iragarkiaren kodea: F0927095