155. ALDIZKARIA - 2009ko abenduaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Ebazpena jakinaraztea

Iruñeko Udaleko Toki Ogasuneko Alorreko zuzendaritzak 2009ko azaroaren 24an erabaki zuen 2010eko zerga ikuskapenaren plana onestea. Tributei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 137. artikuluan xedatuari jarraikiz, plan horren gaineko irizpide orokorrak argitara ematen dira:

2010eko udal tributuak ikuskatzeko planaren gaineko irizpide orokorrak

Udalaren zerga ikuskaritzari dagokio subjektu pasiboen eta gainerako tributudunen zerga egoera ikuskatzeko eginkizuna, Udalarekiko zerga betebeharrak eta eginbeharrak zehazki konplitzen dituzten ala ez egiaztatzeko, eta, hala balegokio, beharrezko erregularizazioa egiteko.

Udalaren zerga ikuskaritzak egin beharreko jardueren norainokoa eta edukia honako legeetan daude zehaztuta: Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean eta ekainaren 11ko 152/2004 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko tributuak ikuskatzeko Erregelamenduan.

Organo eskudunak onetsitako kasuan kasuko ikuskapenaren planetara egokituko dira Udalaren zerga ikuskaritzaren berezko eginkizunak.

Ikuskapenaren plan bakoitzean zehaztu behar dira kontuan hartuko diren irizpideak subjektu pasiboak hautatzeko eta bertan sartzeko.

Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen dira zerga ikuskapenaren planaren gaineko irizpide orokorrak, Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 137. artikuluan ezarritako betebeharra eta Nafarroako Foru Komunitateko tributuak ikuskatzeko Erregelamendua onesten duen ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren 10.4 artikuluan ezarritakoa betez.

1. Planaren xedea.

Ikuskapenaren plan honen xedea da subjektu pasiboen zerga egoera egiaztatzea udal zerga guztiei dagokienez. Salbuespena jarduera ekonomikoen zerga izanen da, bere ikuskapenaren plana baitauka. Ondoko tributu hauek izanen dute lehentasuna:

Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga.

Lizentziak emateko eta hirigintzako jarduketak egiteko tasak.

Udal eremu publikoko zoru, hegalkin eta zorupean hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresen aprobetxamendu bereziaren tasa.

2. Lehentasuneko eremuak.

Eraikinak, instalazioak edo obrak saltzeko eta/edo alokatzeko edo beren ibilgeturako sustatu eta/edo egin dituzten pertsonak, batez ere aurrekontu handia badute eta bukatuta badaude.

Hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresak, udal zoru, zorupe edo hegalkinean aprobetxamendu berezia egiten badute.

Iruñean, 2009ko abenduaren 10ean.-Toki Ogasuneko Alorreko zuzendaria, Iñigo Huarte Huarte.

Iragarkiaren kodea: L0928022