2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ODIETA
Ordenantza fiskala. Behin betiko onespena
"Ordenantza fiskala, Odietako Udalaren jabari publikoko zoruan, hegalkinean eta zorupean hornidura zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresen aprobetxamendu berezien tasak arautzen dituena".
Odietako Udalak, 2009ko irailaren 24an egin bilkura berezian, hasiera batean onetsi zuen Odietako Udalaren jabari publikoko zoruan, hegalkinean eta zorupean hornidura zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresen aprobetxamendu berezien tasak arautzen dituen ordenantza fiskala.
Onesteko erabakia 2009ko 129. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 19an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan eta harekin bat datozenetan xedatuari jarraikiz.
Odietan, 2009ko azaroaren 23an.-Alkatea, Alberto Urdaniz Elizondo.
ORDENANTZA FISKALA, ODIETAKO UDALAREN JABARI PUBLIKOKO ZORUAN, HEGALKINEAN ETA ZORUPEAN HORNIDURA ZERBITZUAK USTIATZEN DITUZTEN ENPRESEN APROBETXAMENDU BEREZIEN TASAK ARAUTZEN DITUENA
1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 12. artikuluaren eta hurrengoen babespean, ordenantza honen helburua da udalerriko bide publikoetako lurzoru, zorupe eta hegalkinen aprobetxamendu berezia edo erabilpen pribatiboa egiteko tasak arautzea zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresen alde, herritar guztiei edo frankori eragiten badiete.
2. artikulua. Tasa honen zergapeko egintza dira Odietako udalerriaren eremu publikoko lurzoru, hegalkin eta zorupearen erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziak, enpresek edo entitateek jabari publikoa interes orokorreko zerbitzuak egiteko erabiltzen badute, edo herritar guztiei edo frankori eragiten badiete.
Bereziki, zerbitzu horien barrenean ur, gas, argindar, telefonia finko eta mugikor eta bertze komunikabide moten hornidurak egonen dira, udalaren jabari publikoa okupatzen duten sare edo antena finkoen bitartez, osorik nahiz partez, ematen badira.
3. artikulua. Tasa horren subjektu pasiboak dira aurreko ataleko hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten zerbitzu enpresak, bai hornidurak egiteko erabiltzen diren sareen titularrak badira, bai, sare horien titularrak izan gabe, sareak erabiltzeko, haietara iristeko edo elkar lotzeko eskubideen titularrak badira.
Horri dagokionez, zerbitzu horiek ustiatzen dituzten enpresak dira banatzen eta merkaturatzen dituzten enpresak.
4. artikulua. Tasa horren zenbatekoa, hurrengo atalean jorratuko den telefonia mugikorreko kasuan izan ezik, Odietako udal mugapearen barnean enpresek urtero lortzen duten fakturazioaren diru-sarrera gordinen %1,5ekoa izanen da, tasa horri lotuta badaude.
Ondorio horietarako, diru-sarrera gordinen artean ez dira sartuko egindako zerbitzuak kargatzen dituzten zeharkako zergak, ezta hirugarrenen kontura kobratutako kontu-sail edo zenbatekoak, tasaren zenbatekoa zehazteko araubide hau aplikatzen zaion entitatearen diru-sarrera berariazkoak ez badira. Orobat, Ekonomia Ministerioaren Energia elektrikoa sortzeko instalazioen administrazio erregistroaren 1. edo 2. ataletan energia sortzeko beharrezko lehengaitzat hartutako instalazioetan (araubide berezi honetan tributatzekoak) erabiltzen diren hornidura zerbitzuen zenbatekoak ez dira fakturazioaren diru-sarreren barnean hartuko.
Hornidurak egiteko kanpoko sareak erabiltzen dituzten enpresek bertze enpresa batzuei haien sareak eskuratzeagatik edo haiekin lotzeagatik ordaindu dizkieten zenbatekoak kenduko dituzte beren fakturazioko diru-sarrera gordinetatik. Sare horien titulartasuna duten enpresek kontzeptu horregatik eskuratzen dituzten zenbatekoak sartu beharko dituzte beren fakturazioko diru-sarrera gordinetan.
Erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakartenean toki erakundearen jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, onuraduna, behar den tasaren ordainketa ukatu gabe, aipatu horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostu osoa ordaintzera beharturik dago, baita aurretik zenbateko hori gordailutako uztera ere.
Kalteak konponezinak badira, suntsitutako ondasunek zenbat balio duten edo kaltetutakoen baliogalera norainokoa den, horrenbertze emanen du ordainetan onuradunak.
5. artikulua. Telefonia mugikorreko enpresek tasa zehazteko araubide orokorra hartu beharko dute bere gain jabari publikoaren erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziarengatik. Horretarako, erabileratik edo aprobetxamendutik eratorritako onurak merkatuan izanen lukeen balioa hartuko da oinarri, ukitutako ondasunak jabari publikokoak ez balira.
Tasa zehazterakoan, gainera, ondoko irizpide hauek hartuko dira kontuan: aprobetxamenduaren iraupena eta operadore bakoitzari egotz dakiokeen berariazko koefizientea merkatu-kuotaren arabera. Hala, tasa lortuko da merkatuaren balorea iraupenarekin eta operadore bakoitzaren berariazko koefizientearekin biderkatuz.
6. artikulua. Tasa urte guztietako urtarrilaren 1ean sorraraziko da, eta zergaldia urte naturalekoa izanen da erabilera pribatiboa hasteko edo uzteko kasuetan izan ezik, urte naturalaren zenbatekoa proportzionalki banatuko baita.
7. artikulua. Zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresetan tasa ordaintzera beharturik daudenek hiruhilero aurkeztu beharko dute Odietako udal mugapean erdietsi diru-sarrera gordinen aitorpena, aitzineko hiruhilekoari dagokiona hain zuzen ere.
Aipatu aitorpen horretan tasaren zenbatekoa kalkulatu beharko da, arau honetan ezarritakoaren arabera.
Aitorpena aurkeztearekin batera, dagokien tasaren zenbatekoa ordaindu beharko dute enpresek.
8. artikulua. Ordenantza honetan arautzen den tasa independientea izanik, bateragarria da zerbitzuak edo toki erakundearen eskumeneko jarduerak egiteagatik ezar daitezkeen bertze tasa batzuekin, salbu eta erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziarekin ikusteko duten tasekin, horiexek baitira ordenantzaren berezko xedeak.
9. artikulua. Tasa hau kudeatzeko, toki entitate honek bertze entitate batzuekin bat egiten ahalko du hitzarmenen bidez, kudeaketa eta likidazioa errazagoak eta arinagoak izan daitezen.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Bakarra.-Indarrik gabe utzi dira, ez baliorik ez eraginik ez dutela, ordenantza hau osoki betetzeari kontra edo traba egiten dioten udal mailako lehenagoko xedapen guztiak.
AZKEN XEDAPENA
Bakarra.-Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 262.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean.
Odietan, 2009ko azaroaren 23an.-Alkatea, Alberto Urdaniz Elizondo.
Iragarkiaren kodea: L0927166