155. ALDIZKARIA - 2009ko abenduaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LEOTZ

Ordenantza fiskala, Herriko jabari publikoan interes orokorreko hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresen aprobetxamendu bereziaren tasa arautzen duena. Behin betiko onespena

Leozko Udalak, 2009ko irailaren 25eko osoko bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen Jabari publikoan intereseko hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresen aprobetxamendu berezien tasak arautzen dituen udal ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia 2009ko 129. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 19an. Jendaurreko epean inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, aipatu erabakia behin betiko onetsirik gelditu da eta ordenantzaren testu osoa argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan, Nafarroako Toki Araubidea Gaurkotzeko urriaren 29ko 11/2004 Foru Legeak aldatu zuen hartan, xedatuari jarraikiz.

ORDENANTZA FISKALA, HERRIKO JABARI PUBLIKOAN
INTERES OROKORREKO HORNIDURA ZERBITZUAK USTIATZEN DITUZTEN ENPRESEN APROBETXAMENDU BEREZIAREN TASA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Xedea.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen artikuluen babespean, ordenantza honen helburua da udal eremu publikoko zoru, zorupe edo hegalkinean hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresen aprobetxamendu bereziaren erabilera pribatiboaren tasa arautzea, zerbitzu horiek interes orokorrekoak direnean edo herritar guztiei edo frankori eragiten dietenean.

2. artikulua. Zergapeko egintza.

Tasa honen zergapeko egintza dira Udalaren eremu publikoko zoru, zorupe eta hegalkinean hornidura zerbitzuen enpresa edo enteek egiten dituzten erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziak, zerbitzu horiek interes orokorrekoak direnean edo herritar guztiei edo frankori eragiten dietenean.

Bereziki, zerbitzu horien barrenean ur, gas, argindar, telefonia finko eta mugikor eta bertze komunikabide moten hornidurak egonen dira, udalaren jabari publikoa okupatzen duten sare edo antena finkoen bitartez, osorik nahiz partez, ematen badira.

3. artikulua. Subjektu pasiboak

Tasa horren subjektu pasiboak dira aurreko ataleko hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten zerbitzu enpresak, bai hornidurak egiteko erabiltzen diren sareen titularrak badira, bai, sare horien titularrak izan gabe, sareak erabiltzeko, haietara iristeko edo elkar lotzeko eskubideen titularrak badira.

Horri dagokionez, zerbitzu horiek ustiatzen dituzten enpresak dira banatzen eta merkaturatzen dituzten enpresak.

4. artikulua. Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Tasa horren zenbatekoa, hurrengo atalean jorratuko den telefonia mugikorreko kasuan izan ezik, udal mugapearen barnean enpresek urtero lortzen duten fakturazioaren diru-sarrera gordinen %1,5ekoa izanen da, tasa horri lotuta badaude.

Ondorio horietarako, diru-sarrera gordinen artean ez dira sartuko egindako zerbitzuak kargatzen dituzten zeharkako zergak, ezta hirugarrenen kontura kobratutako kontu-sail edo zenbatekoak, tasaren zenbatekoa zehazteko araubide hau aplikatzen zaion entitatearen diru-sarrera berariazkoak ez badira. Orobat, Ekonomia Ministerioaren Energia elektrikoa sortzeko instalazioen administrazio erregistroaren 1. edo 2. ataletan energia sortzeko beharrezko lehengaitzat hartutako instalazioetan (araubide berezi honetan tributatzekoak) erabiltzen diren hornidura zerbitzuen zenbatekoak ez dira fakturazioaren diru-sarreren barnean hartuko.

Hornidurak egiteko kanpoko sareak erabiltzen dituzten enpresek bertze enpresa batzuei haien sareak eskuratzeagatik edo haiekin lotzeagatik ordaindu dizkieten zenbatekoak kenduko dituzte beren fakturazioko diru-sarrera gordinetatik.

Sare horien titulartasuna duten enpresek kontzeptu horregatik eskuratzen dituzten zenbatekoak sartu beharko dituzte beren fakturazioko diru-sarrera gordinetan.

Erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakartenean toki erakundearen jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, onuraduna, behar den tasaren ordainketa ukatu gabe, aipatu horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostu osoa ordaintzera beharturik dago, baita aurretik zenbateko hori gordailutako uztera ere.

Kalteak konponezinak badira, suntsitutako ondasunek zenbat balio duten edo kaltetutakoen baliogalera norainokoa den, horrenbertze emanen du ordainetan onuradunak.

5. artikulua. Telefonia mugikorreko enpresendako tasaren zenbatekoa.

Telefonia mugikorreko enpresek tasa zehazteko araubide orokorra hartu beharko dute bere gain jabari publikoaren erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziarengatik. Horretarako, erabileratik edo aprobetxamendutik eratorritako onurak merkatuan izanen lukeen balioa hartuko da oinarri, ukitutako ondasunak jabari publikokoak ez balira.

Tasa zehazterakoan, gainera, ondoko irizpide hauek hartuko dira kontuan: aprobetxamenduaren iraupena eta operadore bakoitzari egotz dakiokeen berariazko koefizientea merkatu-kuotaren arabera. Hala, tasa lortuko da merkatuaren balorea iraupenarekin eta operadore bakoitzaren berariazko koefizientearekin biderkatuz.

6. artikulua. Sorrarazpena.

Tasa urte guztietako urtarrilaren 1ean sorraraziko da, eta zergaldia urte naturalekoa izanen da erabilera pribatiboa hasteko edo uzteko kasuetan izan ezik, urte naturalaren zenbatekoa proportzionalki banatuko baita.

7. artikulua. Zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresendako tasak.

Zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresetan tasa ordaintzera beharturik daudenek hiruhilero aurkeztu beharko dute udal mugapean erdietsi diru-sarrera gordinen aitorpena, aitzineko hiruhilekoari dagokiona hain zuzen ere.

Aipatu aitorpen horretan tasaren zenbatekoa kalkulatu beharko da, arau honetan ezarritakoaren arabera.

Aitorpena aurkeztearekin batera, dagokien tasaren zenbatekoa ordaindu beharko dute enpresek.

8. artikulua. Tasaren bateragarritasuna.

Ordenantza honetan arautzen den tasa independientea izanik, bateragarria da zerbitzuak edo toki erakundearen eskumeneko jarduerak egiteagatik ezar daitezkeen bertze tasa batzuekin, salbu eta erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziarekin ikusteko duten tasekin, horiexek baitira ordenantzaren berezko xedeak.

9. artikulua. Tasaren kudeaketa.

Tasa hau kudeatzeko, toki entitate honek bertze entitate batzuekin bat egiten ahalko du hitzarmenen bidez, kudeaketa eta likidazioa errazagoak eta arinagoak izan daitezen.

Azken xedapena.-Indarra hartzea.

Bakarra.-Ordenantza fiskal honek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean aurreikusitako izapideak bete ondoan hartuko du indarra.

Leotzen, 2009ko azaroaren 24an.-Alkatea, Endika Zabalza Murillo.

Iragarkiaren kodea: L0927117