155. ALDIZKARIA - 2009ko abenduaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GARINOAIN

Ordenantza. Behin betiko onespena

Garinoaingo Udalak, 2008ko irailaren 26an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Zakur arriskutsuak eta bestelakoak edukitzea arautzen duen ordenantza. Testua jendaurrean egon zen eta horretarako iragarkia argitaratu zen 2008ko 127. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 17an, alegazioak aurkez zitezen. Jendaurrean egon den epean alegaziorik aurkeztu ez denez, testua behin betiko onetsitzat jo da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, argitara ematen da aipatu ordenantza.

UDAL ORDENANTZA, ANIMALIA ARRISKUTSUAK ETA BESTELAKOAK EDUKITZEA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Garinoaingo udalerrian arautu eta aplikatzea abenduaren 23ko 50/1999 Legea eta hura garatzen duen martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretua, arriskutsu gerta daitezkeen animaliak eta bestelakoak edukitzeko araubide juridikoari buruzkoa.

2. artikulua. Definizioa.

Animalia arriskutsutzat hartuko dira, 50/1999 Legean eta 287/2002 Errege Dekretuan aipatzen direnez gain, ondotik zehazten diren hauek:

1. Izatez basa direnetakoa izanik, etxeko gisa erabiliz, edo lagun egiteko, pertsonei nahiz bertze animalia batzuei lesioak eragin edo heriotza eman diezaiekeen espezie edo arrazatakoa dena, eta ondasunei kalte egin ahal diena, erasokorra izan ala ez.

2. 2.-Honako arraza hauetako zakurrak: american staffordshire terrierra, Mallorcako ausiki zakurra, Kanarietako ausiki zakurra, artzanor napolitarra, bullmastiffa, dobermanna eta tosa japoniarra. Horietaz gain, oro har, arraza horien ondorengoak izanik, beren ezaugarri etnikoak dituztenak eta beren gurutzatzeak.

3. Edozein espezietakoa izanik, eraso eta defentsarako berariaz erakutsi edo heziak izan den animalia.

4. Edozein espezietakoa izanik, behin bederen pertsonaren bati eraso egin diona.

Animaliak dituztenek haiek identifikatzeko dokumentazioa izan beharko dute, osasun egoera nahiz inmunizazioak ere bertan aipatzen direla, eta Udalaren zerbitzuei erakutsi beharko diete, eskatzen baldin bazaie.

3. artikulua. Lizentzia.

1. Ordenantza honetan oinarriturik, arriskutsu gerta daitezkeenen artean sartzen den animalia baten jabe edo edukitzaileak lizentzia berezi bat izan beharko du. Animalia eskuratu baino lehen eskatu beharko da lizentzia, aurreko artikuluko 1, 2 eta 3. ataletako kasuetan, eta 4. ataleko kasuan, berriz, 5 eguneko epearen barrenean, animaliak pertsonaren bati eraso egin dionetik hasita.

2. Lizentzia eskuratzeko, honako baldintza hauek beharko dira:

a) Adinez nagusi izatea eta ez egotea ezindurik animalia behar bezala zaintzeko.

b) Ez izatea inoiz kondenatua honako delitu hauetakoren batengatik: homizidioa, lesioak, torturak, askatasunaren edo osotasun moralaren aurkakoak, sexu-askatasunaren eta osasun publikoaren aurkakoak, lotura talde armatu batekin edo droga salerosketarekin. Ildo beretik, arriskutsu gerta daitezkeen animaliak edukitzeko eskubideaz gabetua ez egotea epaile baten ebazpenagatik.

c) Animalia arriskutsuak edukitzearen inguruko arau-hauste larriengatik edo oso larriengatik zehatua ez izana, lizentzia aldi baterako eteteko zehapena izan ezik, hura osorik bete bada.

d) Ahalmen fisikoaren eta gaitasun psikologikoaren agiria, arriskutsu gerta daitezkeen animaliak edukitzeko.

f) Kasuan kasuko ordenantzetan onartzen den udal tasa ordaintzea.

3. Lizentzia eskatzera beharturik daude arriskutsu gerta daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileak, baldin eta Mendigorrian bizi badira edo haiek salerosi nahiz trebatzeko jarduera Garinoainen egiten bada. Era berean, lizentzia hau eskatu beharko dute animalia arriskutsuen jabe edo edukitzaileek, animaliak hiru hilabetez bederen Garinoainen egon behar badu.

Arriskutsu gerta daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileek betebehar hori izatea alde batera utzirik, edozein herritarrek jakinarazi ahalko dio Garinoaingo Udalari mota honetako animaliak dituzten pertsonak badirela, Udalak legeen arabera bidezkoak diren urratsak eman ditzan.

4. Lizentziak 4 urteko iraupena izanen du, eta indarrik ez galtzeko beharrezkoa izanen da hura eskuratzeko eskatu ziren betebeharrei eustea denbora horretan guztian.

Erranak erran, Udalak egiaztatzen ahalko du, ofizioz edo salaketaren ondorioz, arriskutsu gerta daitekeen animaliaren jabe edo edukitzaileak eusten ote dien lizentzia eskuratzeko betebeharrei, eta, ikuskapena egin ondotik, egiaztatzen bada arriskutsu gerta daitekeen animaliaren jabe edo edukitzaileak ez duela betetzen baldintzetakoren bat, kontsideratuko da ez duela lizentziarik animalia edukitzeko eta hasiera emanen zaie behar diren legezko ekintzei.

4. artikulua. Arriskutsu gerta daitezkeen animalien jabe, hazle eta edukitzaileen betebeharrak.

Arriskutsu gerta daitekeen animaliaren jabe, hazle eta edukitzaileak honako betebehar hauek ditu:

a) Arriskutsu gerta daitekeen animalia edukitzeko lizentzia eskuratzea, ordenantza honetan zehazten den epean.

b) Ordenantza honetako 3. artikuluko 2. atalean aipatzen diren lizentzia eskuratzeko baldintzei eustea eta haiek galdu direla jakinaraztea.

c) Erregistroan sartzea arriskutsu gerta daitezkeen beren animalia guztiak, ordenantza honetan ezartzen den epearen barrenean.

d) Udalari jakinaraztea animaliaren lapurreta edo galera, gertatzen denetik bortz eguneko epean, baita hura bertze inori utzi edo saldu zaiola ere, edo hil egin dela, hamabortz eguneko epean, identifikaziorako datuak emanda.

e) Animalia eskuratzeko unean, bertze jabe baten izenean zentsaturik baldin badago, jabe berriak, eskuratu aitzin, arriskutsu gerta daitekeen animalia edukitzeko lizentziaren jabe izan beharko du, eta Udalari jakinarazi beharko dio, eskuratzen duenetik hasi eta bortz eguneko epean, gehienez ere, animaliaren jabe aldaketa gertatu dela.

f) Erregistroko datuetan gertatzen den bertze edozein aldaketa ere jakinarazi beharko da, gehienez ere hamabortz eguneko epean.

g) Animalia zikiratu edo antzutu dela jakinarazi beharko du, hala jabeak eskaturik gertatzen denean nola administrazio nahiz epaitegiko agintariaren ebazpen edo aginduaren ondorioz egiten bada.

h) Arriskutsu gerta daitezkeen animalien erregistroan aurkeztu beharko ditu, urtea amaitu baino lehen, albaitariaren urteroko azterketa egiaztatzen duen agiria eta mota honetako animaliak edukitzeak dakartzan arriskuetatik babesteko formalizatzen den aseguruaren nahiz erantzukizun zibileko sariaren kopia konpultsatuak.

i) Arriskutsu gerta daitekeen animalia bat Garinoainera ekartzen bada, mugarik gabe edo hiru hilabetetik goitiko denbora baterako, jabea beharturik egonen da arriskutsu gerta daitezkeen animalien erregistroan sartzera. Animaliaren egonaldia hiru hilabetetik beheitikoa bada, edukitzaileak egiaztatu beharko du bere ohiko bizilekuan betetzen duela arriskutsu gerta daitezkeen animalien gaineko araudia, eta higiene nahiz osasun aldetik eta herritarren segurtasunerako behar diren neurriak hartu beharko ditu.

j) Oro har, animaliak edukitzeari buruz zerikusia duten beharkizun guztiak bete beharko ditu.

Betebehar horietarako epea kasu bakoitzean zehaztuko da, eta, eperik zehazten ez bada, hamabortz egunekoa izanen da.

5. artikulua. Erregistroa.

Arriskutsu gerta daitezkeen animalien jabeek, Erregistroan sartu nahi badituzte, Garinoaingo Udalari jakinarazi beharko dizkiote honako datu hauek:

a) Animaliaren espeziea.

b) Animaliaren identifikaziorako zenbakia, hala behar badu.

c) Arraza. Gurutzatu ondoko lehenbiziko belaunaldikoa bada, jatorriko arrazak aipatuko dira.

d) Sexua.

e) Jaioteguna.

f) Animaliaren ohiko bizilekua, zehazturik gizakiekin batera edo bertzela biziko ote den, alegia, zaintza, babes edo aipatzen den halako bertze xede baterako den.

g) Jabearen izena, helbidea eta NANa.

h) Animaliaren haztegiaren edo sorlekuaren datuak.

i) Albaitari kolegiatu baten urteroko azterketak, zeinetan egiaztatuko baita animalia osasunez nola dagoen, bereziki arriskutsu bihurtuko duen eritasun edo nahasterik ez duela, ez eta borroketan nahiz bertzelako jarduera debekatuetan erabilia izatearen ondoriozko lesio edo orbainik ere.

j) Hezi duten zentroko datuak, halakorik bada.

k) Eraso kasuak.

l) Mikrotxip identifikagarria paratua duela dioen agiria.

Datu horiek denak Erregistroan sartuko dira eta aldaketarik gertatzen bada, jabeak haren berri eman beharko du, erregistroan sartu behar den aldaketa gertatu ondoko hamabortz eguneko epean, eraso kasuetan izan ezik, halakoetan berehala jakinarazi behar baita.

6. artikulua. Segurtasun neurriak.

1. Eremu publikoetan, higiezin kolektiboetako eremu komunetan, garraio publikoetan eta, oro har, erabilera publikorako diren toki eta eremuetan, ordenantza honetan aipatzen diren zakurrak gehienez ere bi metroko luzera duen katearekin edo uhal luzaezinarekin lotuta eta muturrekoa jantzia dutela (homologatua eta zakurraren arrazari egokitua) eramanen dira. Inoiz ere ezin izanen dira eraman pertsona bakoitzeko zakur hauetako bat baino gehiago eta adin txikikoek ezin izanen dituzte inola ere eraman.

2. Arriskutsu gerta daitezkeen zakurren instalazioek ezaugarri hauek izan beharko dituzte, animaliak handik atera eta hirugarrenei kalterik egin ez diezaieten:

a) Hormek eta hesiek behar adinako altuera eta sendotasuna izan beharko dute. Orobat, tinko egon beharko dute, animaliaren pisuari eta presioari eusteko.

b) Instalazioetako ateek inguruko gainerakoa bezain sendoak eta eraginkorrak izan beharko dute, eta haien diseinuaren bidez saihestu beharko da animaliek beraiek segurtasun mekanismoak erauzi edo ireki ahal izatea.

c) Barrutiak behar bezala seinalatua egon beharko du, mota horretako zakurrak daudela ohartaraziz.

7. artikulua. Bertze arau batzuk.

1. Ordenantza honetako 2. artikuluan sartzen ez diren zakurrei arau hauek aplikatuko zaizkie:

a) Adinagatik beharturik badaude, zakur guztiek txertaturik eta txip bidez identifikaturik egon behar dute.

b) Hiri lurzoruan (Udal Planak horrela sailkatu duena) zakur guztiek uhalarekin loturik ibili behar dute, luzagarria izan daitekeena, gehienez ere bortz metro egiteraino. Orobat, gidatzen edo laguntzen dituen pertsonarekin joan beharko dute beti.

2. Zakur batek edo bertze edozein animaliak bide publikoan, plazetan, espaloietan, lorategietan edo bertze edozein eremu publikotan kaka egiten badu, paseatzen duenaren egin beharra da hura istantean garbitzea.

3. Debekaturik dago arriskutsu gerta daitezkeen animaliak, zakurrak, zaldiak, ardiak, ahuntzak eta arrazaz edo espeziez horien gisakoak direnak ikastetxeetara, aisia edo josteta lekuetara, parke publikoetara eta eraikin publikoetara sartzea.

4. Halako batean lotu gabe eta laguntzailerik gabe dauden zakurrak bildu eta animaliak babesteko entitate baten eskuetan utziko dira.

5. Zakurrak hirugarrenei egiten ahal dizkien kalteak estaliko dituen erantzukizun zibileko asegurua kontratatzea aholkatzen zaie zakurren jabeei.

8. artikulua. Arau-hausteak.

Abenduaren 24ko 50/1999 Legean aipatzen direnez gainera, honako hauek ere arau-hauste administratibo larritzat jotzen dira:

1. Arriskutsutzat hartzen den animalia lotu gabe, edota muturrekorik gabe edo adingabe batek daramala erabilera publikoko eremuetan edo toki publikoetan barna ibiltzea.

2. Uztea, esku hartuz edo esku ez hartzeagatik, arriskutsu gerta daitekeen animaliak eraso egin diezaien pertsonei edo bertze animalia batzuei, edota kalte, bertzela, edozein ondasuni, hala eremu publikoan nola leku pribatuetan, erasoaren unean edo aurretik halakorik ez gertatzeko behar diren neurriak hartu gabe.

3. Garinoaingo Udalaren aginduren bat zehazten den epetik kanpo betetzea.

4. Ordenantza honetan ezartzen diren obligazioak epetik kanpo betetzea, non eta portaera hori ez den hartzen 50/1999 Legearen aurkako arau-haustetzat.

Arau-hauste administratibo arintzat hartzen da ordenantza honetako 7. artikuluaren barreneko edozein ataletan xedatzen dena ez betetzea.

9. artikulua. Zehapenak.

50/1999 Legean ezarritako arau-hausteak eta ordenantza honetakoak 30,05 eurotik 150,25 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira.

-Arau-hauste arinak 30,05 eurotik 42,07 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira.

-Arau-hauste larriak 42,08 eurotik 90,15 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira.

-Arau-hauste oso larriak 90,16 eurotik 150,25 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira.

Erantzulea izanen da arriskutsu gerta daitekeen animaliaren jabea edo edukitzailea, hau da, esku hartzeagatik edo ez hartzeagatik arau-haustean parte hartu duena.

Zehapenak ezartzerakoan honako irizpide hauek hartuko dira kontuan, isunen zenbatekoa graduatzeko eta zehapen osagarriak ezartzeko:

-Egindako arau-hausteak gizartean zer eragin izan eta zer kalte egin duen.

-Irabazte asmo bidegabekorik izan den eta arau-haustean zer etekin atera den.

-Arau-hausteak errepikatu edo haietan berrerori ote den.

Arau-haustean berrerori dela ulertuko da, baldin eta animaliari edo animaliaren edukitzaileari zehapena ezarri bazaio bi aldiz gutxienez, animaliak edukitzeari buruzko araudia hausteagatik.

10. artikulua. Datu pertsonalen babesa.

Datu pertsonalei buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera, aditzera ematen da:

Ordenantza honek indarra hartzen duenean, datu pertsonalen fitxategi bat izanen dela, arriskutsu gerta daitezkeen animalien jabeak edo edukitzaileak erregistratzeko.

50/1999 Legean Udalei ematen zaizkien beharkizunak Garinoaingo Udalak betetzea du helburu. Fitxategia Garinoaingo Udalak bakarrik erabiltzen ahalko du.

Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematea nahitaezko betebeharra da.

Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematen dituen pertsonak onartzen du haiek erabil daitezen artikulu honetan zehazten den xedearekin.

Datu pertsonalak emateari uko eginez gero, artxibatu eginen da lizentziaren espedientea.

Artxiboan erregistraturik dauden pertsonek badute eskubidea datuak sartu, zuzendu, deuseztatu eta aurka egiteko.

Datuak deuseztatzeko eskabidea aurkeztuz gero, galdu eginen da animalia arriskutsua edukitzeko lizentziari eusteko eskubidea.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Bakarra.-Arriskutsu gerta daitekeen animalia bat lehendik dutenek sei hilabeteko epea izanen dute, ordenantza honek indarra hartzen duenetik, aipatzen diren baldintzak bete eta dagokien lizentzia eskuratzeko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 15 egun geroago hartuko du indarra.

Bigarrena.-Ordenantza honetan aurreikusi gabeko orotan aplikatuko da Arriskutsu Gerta Daitezkeen Animaliak Edukitzeko Araubide Juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legean eta hura garatzen duen martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretuan xedatua, baita arautzen diren gaietan aplikatzen ahal diren xedapen guztiak ere, Udalaren erabakiak baino maila handiagokoak badira.

Garinoainen, 2009ko irailaren 27an.-Alkatea, Xabier Barrena Mendioroz.

Iragarkiaren kodea: L0926766