155. ALDIZKARIA - 2009ko abenduaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GABARDERAL

Ur horniduraren ordenantza. Hasierako onespena

Gabarderalgo Kontzejuko Batzarrak, 2009ko abuztuaren 6an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Ur horniduraren prezioak arautzen dituen ordenantza fiskala.

Jendaurreko aldia iragan da, iragarkia 2009ko 131. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 23an, argitaratu ondoan, eta inork ez du erreklamaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsita gelditu da, Nafarroako Toki Administraziori buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 325. artikuluarekin bat.

Gabarderalen, 2009ko azaroaren 25ean.-Alkatea,José Manuel González Castronado.

UR HORNIDURAREN PREZIO PUBLIKOAK ARAUTZEN
DITUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babespean ezarri da ordenantza hau.

2. artikulua. Edateko uraren hornidura zerbitzua erabilgarri izan edo benetan erabiltzea da zergapeko egintza.

3. artikulua. Ez da salbuespenik eginen ordainarazpen honi dagokionez.

4. artikulua. Zergadun diren aldetik, ordainarazpen honen subjektu pasiboak dira pertsona fisiko eta juridikoak eta izaera juridikorik gabeko entitateak, unitate ekonomiko bat izan edo ondare bereizia eduki eta edateko uraren etxeko hornidura zerbitzua eskatu dutenak edo hartaz baliatzen direnak.

Kasuan kasuko etxeko jabeak hartuko dira zergadunaren ordezkotzat. Horiek onuradunei kobratzen ahalko dizkiete kuotak, halakorik bada.

5. artikulua. Zerbitzuaren tarifak honako kontzeptuengatik izanen dira:

a) Hornidura zerbitzua eskura izateagatik eta mantentze lanengatik: 8,00 euro/lauhilekoa.

b) Etxeko beharretarako hornidura, kontsumitutako metro kubiko bakoitza: 0,60 euros /m.3

c) Industrian edo ureztapenean erabiltzeagatik, kontsumitutako metro kubiko bakoitza: 0,70 euros /m.3

d) Hornidurarako hargunea jartzeagatik:

Etxebizitza: 21,75 euro.

Industria:

1 hazbeteraino, hura ere barne: euro.

2 hazbeteraino, hura ere barne: 212,00 euro.

Gainerakoak: 260,00 euro.

e) Suteetarako hargunea paratzeagatik:

1 hazbeteraino, hura ere barne: 163,00 euro.

2'5 hazbeteraino, hura ere barne: 212,00 euro.

Gainerakoak: 260,00 euro.

6. artikulua. Ordenantza honetako prezio publikoaren zenbatekoa aurreko artikuluko tarifak aplikatzearen emaitza izanen da, aipatzen diren kontzeptuen arabera.

7. artikulua. Prezio publikoa eta ordaindu beharra kontzeptu hauengatik sortzen da:

a) Zerbitzua eskura izan eta mantentzeagatik, hornidura sarearekin lotura ezartzen denetik hasita.

b) Kontsumoagatik, ura erabiltzen hasten denetik.

c) Harguneagatik, haren irekiera, lizentzia edo baimena ematen denean sorrarazi eta ordainaraziko da.

Kudeaketa arauak

8. artikulua. Bai kontagailua erosteko gastuak bai instalaziorako eta hornitzeko behar diren materialei eta eskulanari dagozkien gastuak sarera lotzeko edo hornidura emateko eskatzen duenaren bizkar joanen dira.

9. artikulua. Aurreneurri moduan, etxe edo instalazio barrenean ur-galera dakarten matxurak dituen hargunearen titularrari ur-hornidura mozten ahalko zaio.

10. artikulua. Erabiltzaileak behin ere ez dio urik ematen ahalko bertze pertsona bati, eta ez die erabiltzen utziko horretarako eskubiderik ez dutenei. Utzikeriagatik izan litekeen iruzur oro saihestu beharko du. Horrelakorik gertatuz gero, erabiltzailea izanen da errudun bakarra.

11. artikulua. Erabiltzaileak behartuak daude ura banatzeko sare nagusiko matxura baten ondorioz gertatutakoak toki entitateari lehenbailehen jakinaraztera.

12. artikulua. Erabiltzaileari dagokio kontagailua eta paso-giltza dauden tokia behar den bezala egon dadin zaintzea eta toki entitateak ematen dituen jarraibideak betetzea.

13. artikulua. Ordenantza honetan aipatzen diren ordainarazpenetako bat ordaindu beharra duten zergadunak behartuak daude kontagailua dagoen tokira sartzen uztera irakurketa egiten duen langile kreditatuari, kontagailuaren irakurketa egin dezan, edo toki entitateko edozein langileri, baldin eta zerbitzuko beharrengatik edo gisako beste zerbaitengatik zergadunaren etxera edo lokalera sartu beharrean badaude.

14. artikulua. 1. 5. artikuluko a), b) eta c) atalean aipatzen diren ordainarazpenak lauhilean behin ordainduko dira.

2. Artikulu bereko d) atalean aipatzen den tasa sortzen den unean ordainduko da.

15. artikulua. Honako hauek iruzurtzat hartuko dira:

a) Entitateko langileei sartzen ez uztea, behar bezala kreditaturik joanda.

b) Kontagailuen irakurketa edo ordenantza honetan araututako zerbitzuekin ikustekoa duten frogapenak eragoztea.

c) Toki entitateak paraturiko prezintu, sarraila edo aparatuak maneiatzea.

d) Toki entitateak kontsumoa neurtzeko aparatuen aldaketaz edo ordezkatzeaz ematen dituen jarraibideak ez betetzea.

e) Kontagailuaren irakurketa maltzurkeriaz aldatzeko asmoz, baimenik gabeko mekanismoak ezartzea.

16. artikulua. Arau-hauste edo zehapenen gainerako kontuetarako, Ordenantza Fiskal Orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio, bai eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta horrekin bat datozen gainerako arauetan xedatutakoari ere.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, toki entitate honek onetsitako Ordenantza fiskal orokorra eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aplikatuko dira.

Bigarrena.-Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Iragarkiaren kodea: L0927257