154. ALDIZKARIA - 2009ko abenduaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

2275/2009 EBAZPENA, azaroaren 11koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Ingurumen baimen integratua ematen duena, eta Ingurumen eraginaren adierazpena egiten, Caparrosoko udal mugapean jarriko diren esne-behien abeletxe baterako eta hondakin organikoen biometanizazio planta baterako; titularrak Valle de Odieta, S.C.L., HTN, S.L. eta Corraliza Tomillar, S. Coop. dira.

Espediente mota: Ingurumen baimen integratua.

Espedientearen kodea: 0193/09 (AAI).

Aplikazio araua: Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legea.

Eranskina eta epigrafea: 2B-9.1 f).

Jarduera: esne ekoizpena eta hondakin organikoen kogenerazio bidezko biometanizazioa.

Sustatzaileak: Valle de Odieta, S.C.L., HTN, S.L. eta Corraliza Tomillar, S. Coop.

Zentroaren zenbakia: 3106503374.

Udalerria: Caparroso.

Proiektua: esne-behien abeletxe berria eta kogenerazio bidezko biometanizazio planta.

Eskaeraren data: 2009/05/19.

Instalazio hori Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legearen 2B eranskineko 9.1 f) epigrafean dago jasota, "Hegaztien edo behi edo zerri aziendaren hazkuntza intentsiborako instalazioak, 250 esne-behi baino gehiago dituztenak" izenekoan; beraz, Ingurumen baimen integratuaren eta nahitaezko Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren araubidearen mende dago.

Bestetik, instalazioa Proiektuen Ingurumen Eragina Ebaluatzeari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren I. eranskineko 1. taldeko e.6) atalean sarturik dago.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legean xedatutakoarekin bat tramitatu da espedientea, eta prozeduran sartu dira urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuan aurreikusi diren ingurumen ebaluazioaren arloko jarduketak.

Industria establezimendua ez dago ekainaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan. Dekretu horrek istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen, gai arriskutsuak tarteko diren kasuetarako.

Ebazpen honen VI. eranskinean, orain arte egin den tramitazio administratiboaren laburpena ageri da. VII. eranskinak, berriz, proiektua jendaurrean egoteko aldian aurkeztutako alegazioak eta bakoitzari emandako erantzuna biltzen ditu.

Proiektu honek Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren otsailaren 3ko 287/2009 Ebazpenaren bidez Ingurumen baimen integratua eskuratu zuen proiektua ordezten du; ebazpen haren bidez, halaber, Ingurumen eraginaren adierazpena egin zen. Horretaz gainera, Caparrosoko udal mugapean jarriko den esne-behien abeletxe baterako eta hondakin organikoen biometanizazio planta baterako proiektua da; titularrak Valle de Odieta, S.C.L., HTN, S.L. eta Corraliza Tomillar, S. Coop. dira. Sozietateok egungo sozietate titularren esku utzi dute proiektuaren jabetza; lehengo sozietateak egungo sozietateen parte dira.

Ingurumenaren arloko eskumenak Ingurumenaren eta Uraren zuzendariari, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendariari eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariari eskuordetzen dizkien urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehena.-Ingurumen baimen integratua ematea Caparrosoko udal mugapean jarriko diren esne-behien abeletxe baterako eta kogenerazio bidezko biometanizazio planta baterako; titularrak Valle de Odieta, S.C.L., HTN, S.L. eta Corraliza Tomillar, S. Coop. dira.

Bigarrena.-Instalazio hori egiteko proiektuari dagokion Ingurumen eraginaren adierazpena egitea. Proiektua bideragarritzat jotzen da ingurumenaren aldetik.

Hirugarrena.-Instalazio horri lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena ematea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean xedaturikoaren arabera.

Laugarrena.-Jarduera hori Ingurumen baimen integratuaren eskaeraren oinarrizko proiektuan eta 0193/09 (AAI) espediente administratiboko gainerako agirietan aipatzen diren baldintzei jarraikiz gauzatu beharko da, betiere ebazpen honen II., III., IV. eta V. eranskinetako neurriak betez.

Bosgarrena.-Ingurumen baimen integratu honek zortzi urteko indarraldia du. Iraungi baino gutxienez ere hamar hilabete lehenago, titularrak baimena berritzeko eskatu beharko du, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 30. artikuluko administrazio prozedurarekin bat. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Seigarrena.-Jarduera edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari jakinarazi beharko dio. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den ala ez, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduan xedatutakoarekin bat. Aipatutako erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Zazpigarrena.-Instalazioak hondakin arriskugarrien sortzaileen erregistroan duen inskripzioa bere horretan uztea P/154/NA/2009 zenbakiarekin, urriaren 13ko 312/1993 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat. Sortzen ahal dituen hondakin arriskugarriak Ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean ageri dira. Hondakin arriskugarrien sorreran egiten diren aldaketak jakinarazi egin beharko dira, erregistratzeko eta, bidezkoa bada, aipatu III. eranskin horretan sartzeko.

Zortzigarrena.-Instalazioak hondakin ez-arriskugarrien kudeatzaileen erregistroan hondakin ez-arriskugarrien zentro kudeatzaile gisa duen inskripzioa bere horretan uztea (GNP/89/NA/2009 zenbakia). Kudeatzen ahalko dituen arriskurik gabeko hondakinak Ingurumen baimen integratuaren IV. eranskinean ageri dira. Hondakinen kudeaketan egiten diren aldaketa guztiak jakinarazi behar dira, erregistratzeko eta, bidezkoa bada, aurrean aipatutako IV. eranskinean sartzeko.

Bederatzigarrena.-Abeltegiko simaurrak sortu eta kudeatzeko plana onestea (IV. eranskina).

Hamargarrena.-Instalazioa irekitzeko baimena eskatu beharko du titularrak, martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 40. artikuluan eta ebazpen honen II. eranskinean ezartzen diren baldintzetan xedatutakoarekin bat. Aipatutako erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Hamaikagarrena.-Indarrik gabe uztea Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren otsailaren 3ko 287/2009 Ebazpena, Ingurumen baimen integratua ematen duena, eta Ingurumen eraginaren adierazpena egiten, Caparrosoko udal mugapean jarriko diren esne-behien abeletxe baterako eta hondakin organikoen biometanizazio planta baterako; titularrak Ganadería Las Bardenas, S.L.U., Biorenovables, S.L. eta Corraliza Tomillar y Piteo, S. Coop. ziren.

Hamabigarrena.-Ingurumen baimen integratu hau ematen da ezertan ukatu gabe instalazioari aplikatzekoak zaizkion gainerako legeetan ezarritako betebeharrak betetzea, bereziki Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2002ko urriaren 3ko 1774/2002 Erregelamenduan (EE), gizakien kontsumorako ez diren animalia-azpiproduktuei aplikatzekoak zaizkien osasun arauak ezartzen dituen horretan, eta ongarriei buruzko uztailaren 8ko 824/2005 Errege Dekretuan xedatutakoa.

Hamahirugarrena.-Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamalaugarrena.-Adieraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela haren kontra, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epe horiek ebazpen honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.

Hamabosgarrena.-Ebazpen hau jakinaraztea Valle de Odieta, S.C.L.ri, HTN, S.L.ri, Corraliza Tomillar, S. Coop.ri, Caparrosoko Udalari, Nafarroako Larrialdietako Agentziako Babes Zibilerako Zuzendaritzari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Nekazaritza Zerbitzuari, Abeltzaintza Zerbitzuari, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari eta Ingurumen Zaintzari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Jendaurreko epean alegazioak aurkeztu dituzten interesdunei Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez jakinaraziko zaie ebazpena, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59.6 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Iruñean, 2009ko azaroaren 11n.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (Iruñeko Armada etorbidea, 2, behea, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzua, 7. solairua) eta Nafarroako Gobernuaren web atarian, hain zuzen ere Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren sailean, "Ingurumen baimenak" kontsulten atalean.

Iragarkiaren kodea: F0927202